119. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

20/2024 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendariak emana, zeinaren bidez deitzen baita bulego horretako lanpostuen zerrendako 7. postua, ikuskatzailea (arlo ekonomikoa), zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzea.

Maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzekoak, 37. artikuluan ezartzen du Administrazioetako funtzionarioek edo/eta horretarako hautatutako langileek beteko dituztela haren lanpostuak, lanpostu bakoitzari esleitutako eginkizunen izaeraren arabera.

Otsailaren 20ko 7/2018 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onestekoak, 31.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, bulegoak, aldi baterako, funtzionarioak hartzen ahalko ditu zerbitzu eginkizunetan.

Gaur egun, hutsik eta noiz beteko zain dago bulegoko ikuskatzailearen (arlo ekonomikoa) lanpostua (haren ezaugarriak ondotiko taulan zehaztuta daude), eta hura betetzea premiazkoa da une honetan zenbait lanpostu huts daudelako eta ikerketa prozedura batzuk instrukzioaren zain daudelako.

LANPOSTUA

HIZKUNTZAREN
EZAGUTZA

SARBIDEA

MAILA

ARAUBIDE
JURIDIKOA

KOP

MAILAKO
OSAGARRIA

ESKLUSIBOTASUNEKO OSAGARRIA

BATERAEZINTASUNEKO
OSAGARRIA

ZUZENDARITZA
LANPOSTUKO
OSAGARRIA

LANPOSTUKO
OSAGARRIA

LANALDIAREN
LUZAPENEKO
OSAGARRIA

ARRISKUKO OSAGARRIA

IKERKETA, IKUSKAPEN ETA ZEHAPEN ARAUBIDEKO ZERBITZUA

Ikuskatzailea (ekonomikoa)

CO

A

F

1

35,00

6,88

Maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzekoak, eta martxoaren 1eko 14/2023 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamendua onestekoak, emandako eskumenak betez,

EBAZTEN DUT:

1. Deitzea administrazio publikoetako funtzionarioek aldi baterako bete dezaten bulego honetako lanpostuen zerrendako 7. lanpostua, ikuskatzailea (arlo ekonomikoa), hutsik dagoena, horretarako premiagatik.

2. Onestea administrazio publikoetako funtzionarioek bulego honetako lanpostuen zerrendako 7. lanpostua, ikuskatzailea (arlo ekonomikoa), hutsik dagoena, horretarako premiagatik, aldi baterako betetzeko deialdiaren oinarriak.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da deialdiaren, haren oinarrien, izendatzeko erabakien eta Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendariak deialdia dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendariari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 20an.–Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendaria, Edurne Eginoa Antxo.

DEIALDIA, HEZKUNTZAKO IKUSKATZAILEAREN LANPOSTUA (ARLO EKONOMIKOA) ZERBITZU EGINKIZUNETAN ALDI BATERAKO BETETZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO

Lehenbizikoa.–Deialdia.

Ikuskatzailearen (arlo ekonomikoa) lanpostua behin-behineko betetzeko zerbitzu eginkizuna deitzen da, honako zeregin hauek gauzatzeko:

a) Jokabide irregularrei buruzko ikerketa egitea, jokabide horiek interes gatazkak eragiten ahal badituzte agintari edo goi-kargudunengan eta administrazio publikoen zerbitzuko langileengan, kode etikoaren kalterako badira edo Nafarroako sektore publikoari zuzenean nahiz zeharka kalte ekonomikoa edo ospe galera ekartzen ahal badiote.

b) Ikertzea ea sektore publikoaren zerbitzuko langileen berezko eginkizunetatik heldu diren informazioak onura pribaturako erabili diren eta ondasun eta baliabide publikoak norberaren nahiz hirugarrenen onurarako baliatu diren.

c) Ikertzea ea berdintasun, merezimendu, publizitate eta gaitasun printzipioak urratu diren, sektore publikoko lanpostuak betetzean, barne direla fundazio eta sozietate publikoak, gehiengodun partaidetzako edo jabari eraginkorrekoak, zuzenbide publikoak nahiz pribatuak arautuak.

d) Jarraipena eta egiaztapena egitea espediente hauen gauzapenaren inguruan: dirulaguntzak ematekoak, ente instrumentalei egindako enkarguak eta 7/2018 Foru Legearen 4. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan adierazitako subjektuetako batek lizitatu eta esleitutako kontratu administratiboak.

e) Bulegoaren zuzendariari ikerketa txostenak eta horien balizko ondorioak proposatzea, azter eta onets ditzan.

f) Bulegoaren zuzendariari helaraztea beren eginkizunak hobeki egiteko beharrezkotzat jotzen dituzten proposamenak.

g) Bulegoaren zuzendariak esleitutako lana planifikatzea.

h) Bulegoaren zuzendariak agintzen dien bestelako zeinahi eginkizun.

Bigarrena.–Baldintza orokorrak eta lanbide-profila.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

–Funtzionarioak izatea, eta hiru urteko antzinatasuna bederen honako titulazio betekizun hauek dituen lanpostuan: Ekonomiako lizentzia edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzia, Enpresa Zientzietako lizentzia, Aktuariotza eta Finantza Zientzietako lizentzia edo aurrekoetakoren baten titulu deklaratu baliokidea, edo ekonomia, enpresa, kontabilitate edo finantza arloko graduko titulazioa.

–Jarduneko zerbitzuan egotea zerbitzu eginkizunak baimentzeko unean.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek eskabide orokorra aurkeztu beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoaren egoitza elektronikoan (www.oana.es), eta eskabide horri honako hauek erantsiko dizkiote: parte hartzeko eskaera (deialdiaren I. eranskina) eta deialdiaren bederatzigarren oinarriaren arabera parte hartzaile bakoitzaren merezimenduak baloratzeko egoki iritzitako agiriak.

Izangaiek dokumentazioaren kopia eskaneatuak aurkeztuko dituzte; hala ere, bulegoak edozein unetan eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkezten den dokumentazioaren jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak.

Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko, hamar egun balioduneko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, administrazioaren, giza baliabideen, kudeaketa ekonomikoaren eta IKTen atalak eskabideak aztertuko ditu. Parte hartzaileek zuzenketarik egin behar badute, onartuen behin-behineko zerrenda igorriko da, eta 3 egun baliodun izanen dituzte egindako akatsak zuzentzeko, onartuen behin-behineko zerrenda jasotzen denetik aurrera zenbatuta. Ez badago deus zuzentzeko beharrik, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendariak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrendak jakitera emateko. Baztertu direnen kasuan, baztertzeko arrazoia zein izan den adieraziko da. Ebazpena bulegoaren web-orrian (www.oana.es) argitaratuko da.

Ondotik, bulegoko administrazioaren, giza baliabideen, kudeaketa ekonomikoaren eta IKTen atalak txostena eginen du parte hartzaile bakoitzaren merezimenduak baloratuta, eta Bulegoko zuzendariari helaraziko dio.

Azkenik, zuzendariak behin betiko zerrenda argitaratuko du, parte hartzaile bakoitzaren puntuazioa zehaztuta, eta puntuaziorik handiena duen pertsona izendatuko du. Aipatu ebazpena argitaratuta, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Interesdunek zerrenda horien aurkako erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, bulegoko administrazioaren, giza baliabideen, kudeaketa ekonomikoaren eta IKTen atalari zuzenduak, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean.

Epe hori bukaturik, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendariak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak jakitera emateko. Baztertu direnen kasuan, baztertzeko arrazoia zein izan den adieraziko da.

Aipatu ebazpena argitaratuta, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Zerbitzu eginkizunetan izendatzeko, izendatutako izangaia kide den Administrazio Publikoaren baimena eskatuko du bulegoko zuzendariak. Baimena eman ezean, hurrengo izangaiak proposatuko ditu, puntuazio-ordenari jarraikiz.

Seigarrena.–Eginkizunaren iraupena.

Zerbitzu eginkizunek urtebeteko iraupena izanen dute; epe hori bi aldi gehiago luzatzen ahal da (bakoitza urtebetekoa gehienez), salbuespenezko kasurik ezean.

Zazpigarrena.–Administrazio egoera.

Zerbitzu eginkizunetan izendatutako pertsona eginkizunok dirauten denboran egonen da jarduneko zerbitzuko administrazio egoeran, dagokion lanpostuan.

Zortzigarrena.–Argitaratzea.

Zerbitzu eginkizunetan izendatzeko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, oinarri hauetan ezarritako administrazio prozedura bukatutakoan.

Bederatzigarrena.–Hautapen sistema.

Parte hartzaileen puntuazioak batuta eginen da hautaketa. Jarraian, irizpide ebaluagarriak eta parte hartzaileek horietako bakoitzean eskuratzen ahal dituen puntuazioak adieraziko dira. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden eta epe horretan aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Baldintza bat frogatzeko aurkezten den dokumentazioa ez da merezimendu gisa baloratzen ahalko.

a) Merezimendu profesionalak:

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 10 punturekin, puntuazio honen arabera:

Puntu batekin baloratuko da antzeko postuan izandako esperientzia urte bakoitza. Hiru urteko esperientzia betekizuna dela kontuan hartuta, hiru urtetik goitiko esperientzia urteak baino ez dira baloratuko.

Oharrak:

1. Esperientzia egiaztatzeko, eskabideari erantsiko zaio betetako zerbitzuen ziurtagiria, dagokion Administrazio publikoko organo eskudunak emana. Ziurtagiri horretan zehatz-mehatz jasoko dira honakook: plantilla organikoaren arabera lanpostuak zer izen duen; kokapen maila, zer zentro edo unitatetan eman ziren; zerbitzu emate bakoitza hasteko eta bukatzeko datak, bai eta egokia den beste edozein datu gehigarri ere.

2. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

3. Apartatu honetako puntuazioa 10 puntu izanen da gehienez ere.

4. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

5. Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

6. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

7. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Prestakuntza: 10 puntu gehienez:

Deialdia argitaratu aurretik gai hauetan hartutako prestakuntza egiaztatua baloratuko da:

a.–Kontratazio publikoa.

b.–Dirulaguntzak.

c.–Hirigintza.

d.–Gardentasuna, informazio publikorako sarbidea eta gobernu ona.

e.–Datu pertsonalen babesa.

f.–Iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako borroka.

g.–Era berean, ikuskatzailearen (arlo ekonomikoa) lanpostuaren eginkizunekin zerikusia dutenak.

Oharrak:

1. Aurreko apartatuko gaietako bateko 15 ordutik goitiko prestakuntza baino ez da puntuatuko, gai desberdinen ziurtagiriak elkarrekin batzeko aukerarik gabe. Adibidea: pertsona batek dirulaguntzei buruzko prestakuntzako 10 ordu eta hirigintzari buruzko prestakuntzako 8 ordu egiaztatzen baditu, ez du punturik eskuratuko prestakuntza horrengatik.

2. Orduak ez dira hainbanatuko. Hau da, pertsona batek 20 orduko prestakuntza bat eta 30 orduko beste bat ziurtatzen baditu, puntu 1 eskuratuko du lehenengoagatik, eta bi puntu bigarrenagatik.

3. Alegatutako merezimenduen egiaztagiriak eskaerari erantsita aurkeztu beharko dira.

Berdinketak hausteko, irizpide hauek erabiliko dira bata bestearen atzetik:

–Prestakuntzagatik puntu gehien lortu duena.

–Prestakuntza ordu gehien duena, bederatzigarren b) oinarrien gaietan ezarritako ordenari jarraikiz.

Kalifikazioen kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, bulegoko administrazioaren, giza baliabideen, kudeaketa ekonomikoaren eta IKTen atalari zuzenduak, argitara eman eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean.

Erreklamazioak ebatzita, bulegoko administrazioaren, giza baliabideen, kudeaketa ekonomikoaren eta IKTen atalak behin betiko kalifikazioak eta esleitutako puntuazioak igorriko dizkio Bulegoko zuzendariari, eta Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoaren web-orrian argitaratuko dira.

Hamargarrena.

Eskainitako lanpostua aldi baterako betetzeko hautatzen ez diren pertsonak kontuan hartuko dira bulegoan hutsik gelditzen diren bestelako lanpostuak betetzeko, betiere horietan ezarritako betekizunak betetzen badituzte, urtebeteko epean deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Eskabide inprimakia (Word).

Iragarkiaren kodea: F2408177