2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ITUREN
Herri lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza; behin betiko onestea
Iturengo Udalak, 2024ko otsailaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Iturengo udal mugapeko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.
Erabakia argitaratu zen 2024ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 5ean, eta jendaurreko aldian inork ez duenez erreklamaziorik aurkeztu, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen da, jarraikiz uztailaren 2ko Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Iturenen, 2024ko apirilaren 26an.–Alkatea, Francisco Javier Bereau Miquelarena.
ORDENANTZA, ITURENGO UDALEKO HERRILURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Iturengo udal mugapeko herrilurretako ondasunen aprobetxamendua egiteko arauak ezartzea.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa; 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuko arauak, ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoa.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Herri-ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Iturengo Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den eran.
Herri ondasunen inguruan Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute soilik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Iturengo Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz; nolanahi ere, horiek lehentasuneko aukerak izanen dira.
Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Herri ondasunak itzuli ondoren, Iturengo Udalaren ondarean sartuko dira berriz, herri ondasun gisa sartu ere.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Iturengo Udala herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.
8. artikulua. Iturengo Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Iturengo Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Osoko Bilkurak.
Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.
10. artikulua. Udalaren katastroko orrietan iraleku bat sartzeak ez du inolako jabetza auzirik aurrez juzgatzen, baina, berez, lurraren jabetzaren eta gainerako aprobetxamenduen froga da, Udalaren aldekoa. Jabetza deklaratzeko judizio arruntean iraungitzen ez den bitartean, jabetzan mantenduko da.
11. artikulua. Iturengo Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste edozein tituluren babesean herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz, aldez aurretik kalte ordaina emanda edo ez, zuzenbidean dagokionaren arabera.
12. artikulua. Iturengo Udalak, herrilurrei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratu horiek interpretatuko ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe jurisdikzio bidean behar den deklarazioa lortzeko kontratistek duten eskubidea.
13. artikulua. Iturengo Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da, 6/1990 Foru Legean zehazten den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.
14. artikulua. Debekatuta dago edozein eraikuntza herrilurretan. Lehendik dauden eraikinetan, Udal Plan Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, Iturengo Udalak baimena eman eta obra lizentzia ordaindu ondoren.
IV. TITULUA.–HERRILURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
15. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:
a) Herri-larreen aprobetxamenduak.
b) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.
c) Baso landaketak herrilurretan
16. artikulua. Iturengo Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta lur horiek duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.
17. artikulua. 1. Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua nahiz epaile bidez gaitua.
b) Eskaera egunaren aurretik, Udalaren erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez 2 urte lehenago.
c) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
18. artikulua. Zuzenean adjudikatutako lur guztiak erregistratzeko liburua eramanen du Iturengo Kontzejuak, eta hartan sartuko ditu aprobetxamenduaren onuradunen izenak, datu pertsonalak, lurraren azalera eta kokapena, bai eta izandako aldaketak ere.
II. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
19. artikulua. Iturengo Udalaren herri-larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute, eta unitate horren barnean sartzen dira udalerriaren titulartasuneko herrilur guztiak.
20. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua modalitate hauetan eginen da.
a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Antzinako ohiturari jarraikiz.
21. artikulua. Ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun, betiere azienda beren izenean alta emanda badute Iturengo Udalean.
22. artikulua. Herri-larreen adjudikazioan, nekazaritza eta gizarte arloko irizpideak erabiliko dira. Lehentasuna emanen zaie nagusiki abeltzaintza-nekazaritzan aritzen diren eta Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren Araubide Berezian alta emanda ari diren nekazariei eta indarra duen foru legeriaren arabera lehentasunezkotzat jotzen diren ustiategiei.
NPE betetzeko behar den larre azalera baino ez da esleituko, eta indarrean dagoen araudian ezartzen diren azienda kargari buruzko xedapenak beteko dira.
Herrilurren banaketa ustiategi bakoitzaren azienda kargaren arabera eginen da. Horretarako, abereen errolda eskatuko da eta bakoitzari dagozkion AzLUen arabera kalkulatuko da.
23. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko. Honi dagokionez, ulertuko da herri-larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen, baldin familia-unitateko titularrek beren azienden baja ematen badute dagokien udalerriko Azienda Aberastasunaren Katastrotik eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistrotik.
24. artikulua. Iturengo Udalak ahalmena izanen du herri-larreen erabileran esku hartzeko, osoko bilkuran hala erabakita, herri-lurra defendatzeko eta behar bezala erabil dadin, honako hauekin lotuta: artzaintza aldia, azienda karga edo herri-lurretan eragina duen beste edozein alderdi.
25. artikulua. Herrilurretako larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak, eta aplikatu beharreko edo haren ordezko izaten ahal den araudia betetzen dituela dioena.
26. artikulua. Debeku da zerri eta ahuntz aziendek larreak erabiltzea.
27. artikulua.
1. Herri-larreen onuradunek 0 euroko kanona ordaindu beharko dute, gehi BEZa, larreen aprobetxamenduagatik, onuradunak nekazaritza eta abeltzaintzako jardueran bakarrik aritzen direnean.
Udalak beste kanon bat ezartzen ahalko du bigarren mailako jarduera edo jarduera osagarria egiten duten onuradunentzat.
2. Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa epe bakarrean eginen da.
3. Iturengo Udalak 0,00 euroko kanona jasoko du hektareako, NPE araua bete behar dutenentzat herri-larreen aprobetxamenduari buruz eman behar duen ziurtagiri bakoitzeko. Kanon hori urtetik urtera aldatzen ahalko da.
28. artikulua. Udalak erabakia hartu eta udaletxeko iragarkien taulan iragarri ondoren, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako larreen adjudikazioa eska dezaten.
29. artikulua. Aprobetxamendu eskaerekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:
a) Iturengo bizilaguna dela erakusten duen ziurtagiria, gutxienez 2 urte lehenagotik herrian bizi dela erakutsiz.
b) Udal honekin dituen zerga betebeharrak ordainduta izatea.
c) Organo eskudunaren ziurtagiria, abelburuen kopuruari eta horien espezieari buruzkoa, dagokion osasun ziurtagiriarekin batera.
30. artikulua. Eskaerak ikusita, Iturengo Udalak, adjudikatu beharreko aprobetxamendu bakoitzean onartu direnen zerrenda onetsiko du behin-behinekoz, aprobetxamenduaren tokia eta lotea adierazita.
31. artikulua. Behin-behineko zerrenda udal honen iragarkien taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, egoki irizten diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da.
32. artikulua. Alegaziorik eta zuzendu beharreko akatsik izanez gero, Iturengo Udalak haien gaineko ebazpena emanen du, eta aprobetxamenduetako adjudikazioen hartzaileen behin betiko zerrenda onetsiko du, aprobetxamenduen tokiak eta loteak adierazita.
III. KAPITULUA.–ZURAREN ETA EGURRAREN APROBETXAMENDUAK
33. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduaren onuradunak izanen dira ordenantza honetako 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten titularren familia-unitateak; horrez gain, aurreko urteetako etxerako egur-epaitzaren kuota ordainduta izan behar da.
Halaber, Iturengo Herriko Ostatuak eta Aurtizko Ostatuak etxerako egurraren aprobetxamenduaren onuradun izaten ahalko dira, erroldatu gabe egonik ere, Iturengo Udalari aldez aurretik eskatuta.
34. artikulua. Udalak ezartzen duen epean aurkeztuko dira aprobetxamendurako eskaerak udal bulegoetan.
35. artikulua.
1. Egurra banatzeko, eskaera adina egur-lote edo epaitza bada, Udalak irizpide hau hartuko du adjudikazioa egiteko: eskaera egin duten eta ordenantza honen 17. artikuluko baldintzak betetzen dituzten guztiei banatzea etxerako epaitza (kamioi erdia).
Udalaren iragarkien taulan jarriko da ikusgai adjudikazioen zerrenda.
2. Haizeak botatako zuhaitzen egurra aprobetxatzeko, baldintzak bete beharko dira eta tramite hauek beteko dira:
a) Zuhaitzak arrazoi naturalengatik erori izanaren berri izanik Udalak, basozainak markatu eta Udalean erregistratuko ditu, haien kokalekua adieraziz, ondoren aprobetxatu ahal izateko.
Udalak enkantean jarriko ditu eta hasierako prezioa basozainak ezartzen duena izanen da.
3. Arrazoi naturalengatik eroritako zuhaitzen egurra aprobetxatzeko kontzesioak ez dira kontuan hartuko etxeko egurrerako aprobetxamendu gisa.
36. artikulua. Mendian egur aski denean, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta basozainek markatu ondoren, Iturengo Udalak etxeko egur-loteak esleituko dizkie ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
37. artikulua. Udalak urtero finkatuko du familia-unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.
38. artikulua. Epaitzak onuradunak berak baliatu beharko ditu, eta ezin ditu, ez eman, ez saldu ere.
39. artikulua. Iturengo Udalak finkatuko du etxerako egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona, lotea zehaztean, kontuan hartuta loteak markatzearen eta bideak konpontzearen kostuak eta lanak sortutako beste kostu batzuk, betiere behar bezala justifikatzen badira eta zuzenean loteei egozten ahal bazaizkie.
40. artikulua. Onuradunek hondakinak bildu eta pilatu egin beharko dituzte egurra kendu ondoren, Udalak adierazten dizkien jarraibideak zorrotz betez. Hondakinak eta egur-lotea ezin pilatuko dira, ez bideetan, ez basoko pistetan, ez karrikan, ez pasabidea eragozten ahal duten lekuetan ere.
Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei urtebetetik hiru urtera bitarte ukatuko zaie aprobetxamendu honen adjudikazioa.
IV. KAPITULUA.–BASO LANDAKETAK HERRILURRETAN
41. artikulua. Baso landaketa egin eta 17. artikuluak ezarritako baldintzak betetzen dituzten Iturengo herritarrek idatziz aurkeztuko diote eskaera Iturengo Udalari.
42. artikulua. Iturengo Udalak bestelako interesdunekin egiten ahalko ditu hitzarmenak, herrilurretan baso landaketak egiteko. Iturengo Udalak onesten ahal dituen klausulen bidez arautuko dira, eta haien onuradun izateko ez da baldintza izanen herrian erroldatuta egotea.
43. artikulua. Esleipenaren onuradunak edo haren ondorengoek lortzen duten salmenta prezio osoaren %10 emanen diote Iturengo Udalari, landaketaren mozkinetako partaidetza gisa. Ehuneko horren gainean ez da inongo deskonturik eginen, ordaindu beharreko zerga guztiak esleipenaren onuradunaren kontura izanen baitira.
44. artikulua. Iturengo Udalak eskaera onetsi ondoren, txosten tekniko bat egiteko aginduko da, landaketa kokatuz (ED 1950 30 koordenatuak, UTM), azalera, espezieak eta landaketa esparrua adieraziz.
45. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen den landaketa zikloaren arabera eta basozainari eskatuko zaion txosten baten arabera, Udalak landaketa moztu beharra erabakitzen ahalko du. Kasu horretan, esleipendunak gehienez 3 urteko epea izanen du landaketa hori mozteko lizentzia eskatu eta kentzeko.
46. artikulua. Debeku da larreetan landaketak egitea, abeltzaintza jarduera babesteko.
V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
47. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Herri-larreak aprobetxatzen dituzten aziendek ez betetzea azienden osasun babesaren gainean indarra duen araudia.
c) Aprobetxamenduen kanonak udalak ezartzen dituen epeetan ez ordaintzea.
d) Herritarrek nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea dena delako aprobetxamendu mota.
e) Herrilurra baliatzea esleipena emateko adierazi ez den jarduera baterako.
f) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
g) Bazkatzeko epeak eta eremuak ez errespetatzea.
h) Edozein eraikuntza mota eraikitzea, egurtegiak eta abere aterpeak izan ezik; horiek ere, eraikuntzarako neurri eta estetikari buruzko araudia bete beharko dute eta 1,66 euro/m²-ko kanona ordaindu.
i) Indarra duen araudian eta ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.
j) Egur-loteak saldu edo ematea.
k) Hondakinak ez biltzea eta pilatzea.
l) Lotea edo hondarrak bide, basoko pista, kale publiko edo pasabidea eragozten ahal duten lekuetan pilatzea.
48. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:
Aprobetxamenduaren eskubidea kentzen ahalko da, ukatu gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak.
49. artikulua. Prozedura.
Zehapen espedientea Alkatetzaren ebazpenaren bidez hasiko da, eta hartan zehaztuko da egindako arau-haustea edo arau-hausteak eta ezar daitekeen zehapena.
Arau-hausleari 10 eguneko entzunaldia eman ondoren, zehapena Alkatetzaren ebazpen bidez ezarriko da, aprobetxamenduaren eskubidea galtzeari buruzkoa izan ezik, hori Udalaren Osoko Bilkurak ezarriko baitu.
AZKEN XEDAPENAK
Lehendabizikoa.–Ordenantza honek arautzen ez duen orotan, 6/1990 Foru Legean eta horrekin bat heldu den indarreko araudian ezarritakoari jarraikiko zaio.
Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
Iragarkiaren kodea: L2408633