1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
237/2024 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Hezkuntza Departamentuko Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez jarraibide batzuk onesten baitira, arautzeko barne-mugikortasuneko prozedura Nafarroako eskualdeetan Hezkuntza Departamentuaren zerbitzura funtzionario, lan-kontratudun finko eta lan-kontratudun mugagabe gisa hezkuntza-laguntzako espezialisten eta fisioterapeuten lanpostuak betetzen dituztenentzat.
Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen eskolatzerako hezkuntza-laguntzako espezialisten plantilla nabarmen haziko da 2024-2025 ikasturtean. Hain zuzen, 110 langile gehiago izanen dira, funtzionarioak eta lanaldi partzialeko lan-kontratudunak, zeinek lanpostu finkoa eskuratu baitute egonkortzeko hautaketa prozeduretan. Orobat, kontuan hartu behar dira epai judizialaren bidez lan-kontratudun mugagabearen aitortza eskuratu duten langileak.
Kontuan harturik egoera horiek eta hezkuntza-laguntzako espezialisten beharrak aldakorrak direla, beharrezkoa da sistema bat ezartzea ikasturte bakoitzean ikastetxea aukeratzeko; horrela, lanpostuak behar duen egonkortasuna eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen arretaren jarraipena bateragarriak izanen dira eskualde barrenean mugitzeko aukerarekin.
Ezarritako prozedura Hezkuntza Departamentuaren zerbitzura ari diren fisioterapeuten lanpostuak betetzen ari direnei ere aplikatuko zaie, izan funtzionarioak, lan-kontratudun finkoak edo lan-kontratudun mugagabeak.
Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 1/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Hezkuntza Departamentuaren zerbitzura, Nafarroako eskualde batean edo ikastetxe jakin batean, funtzionario, lan-kontratudun finko eta lan-kontratudun mugagabe gisa hezkuntza-laguntzako espezialisten eta fisioterapeuten lanpostuak betetzen dituztenen barne mugikortasunaren prozedura arautzen duten jarraibideak onestea, arau hauetan ezarritako prozedurari jarraituz:
Lehena.–Langile finkoen urteko mugikortasuna.
Urtero eta hurrengo ikasturteko langile beharrak zehazturik, mugikortasun egintza bat eginen da langile finkoentzat. Ekitaldi horretan funtzionario eta lan-kontratudun finko hauek parte hartuko dute:
1.–Nahitaez parte hartuko dute mugitu beharreko unean lanerako ikastetxerik esleituta ez duten hezkuntza-laguntzako espezialistek eta fisioterapeutek, bai eta lanean ari diren ikastetxetik alde egin behar dutenek ere, beharra desagertzeagatik edo lanaldiaren portzentajea aldatzeagatik. Dena den, azken kasu horretan, ukitutako pertsonak erabaki dezake ikastetxe horretan jarraitzea, bat etorriz hirugarren jarraibidean ezarritakoarekin.
Ikastetxe eta hizkuntza eredu berean lanpostua duten hezkuntza-laguntzako espezialista eta fisioterapeuta batzuen artean nork alde eginen duen erabaki behar den kasuetan, funtzionarioek izanen dute lehentasuna lanaldi osoko lanpostuak betetzeko.
Arestian aipatutakoa aplikatu eta gero oraindik premia badago ikastetxe eta hizkuntza eredu bereko hezkuntza-laguntzako espezialista edo fisioterapeuta bat mugitzeko eta inork ez badu borondatez alde egin nahi, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen ondotik, berdinketa kasuan:
1. Antzinatasun txikiena funtzionario edo lan-kontratudun finko gisa hezkuntza-laguntzako espezialisten edo fisioterapeuten lanpostuan, Hezkuntza Departamentuan.
2. Antzinatasun txikiena funtzionario edo lan-kontratudun finko gisa hezkuntza-laguntzako espezialisten edo fisioterapeuten lanpostuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.
3. Antzinatasun onartu txikiena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.
Berdinketak badirau, honela lehenetsiko dira izangaiak: zozketa bat eginen da Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuan, eta horretan lortzen den zenbakitik abiatuta zenbaki bat emanen zaie berdinduta dauden izangaiei, lehen deituraren araberako ordena alfabetikoaren arabera, edo, kasua bada, bigarrenaren arabera.
Jarraibide honetan xedatutako ondorioetarako, mugikortasun ekitaldia egiten den ikasturteko maiatzaren 1a arteko zerbitzuak kontatuko dira.
2.–Nahi izanez gero, mugikortasun ekitaldian parte hartuko dute gainerako hezkuntza-laguntzako espezialistek eta fisioterapeutek, baldin eta Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuak berariaz ezarritako epearen barnean adierazten badute hezkuntza-laguntzako espezialisten eta fisioterapeuten beharra duten ikastetxeak aukeratzeko egintzan parte hartu nahi dutela.
Borondatezko mugikortasuna eskaturik, funtzionarioa edo lan-kontratadun finkoa betetzen ari den lanpostua urteko mugikortasunean eskainiko da soil-soilik prozesuan borondatez parte hartu duenak lanerako ikastetxe berri bat lortzen badu.
Bigarrena.–Lanerako ikastetxeak aukeratzea.
1.–Ebazpen honetan aipatzen diren mugikortasun prozesuak eginen dira lehenik eta behin, Iruña, Tutera, Lizarra, Tafalla, Irurtzun, Elizondo eta Irunberriko eskualdeetan destinoa duten funtzionarioei eta lan-kontratudun finkoei dagozkien destinoak esleituz, eta, azkenik, Nafarroako eskualdean destinoa duten funtzionarioenak eta lan-kontratudun finkoenak.
2.–Eskualde bakoitzean hurrengo ikasturteko beharrei erantzuteko eskaintza eginik, hautatzeko lehen taldean sartuko dira dagokion eskualdean destinoa duten lanaldi osoko funtzionarioak eta lan-kontratudun finkoak, baldin eta nahitaez parte hartu behar badute mugikortasun prozesuan.
Lanaldi osoko premiak dauzkaten ikastetxeak aukeratzeko orduan lehentasuna izanen dute funtzionarioek. Langile horiek lanaldi partzialeko premiak betetzea ere eskatzen ahalko dute, baldin eta premia horien lanorduak bat baldin badatoz erregelamendu bidez ezarritako lanaldi murrizketako tarteekin. Dena den, horretarako dagokion murrizketa eskatuta eduki beharko dute.
Lanaldi osoan ari diren lan-kontratudun finkoek dagokion eskualdean lanaldi partzialean eskaintzen diren premiak betetzea eskatzen ahalko dute. Esleituz gero, lan-baldintzak aldatuko zaizkie.
Lanaldi osoko lanpostuak eskuratzeko eskubidea dutenek lanpostuak aukeratuta, bigarren taldekoek –lanaldi partzialeko lan-kontratudun finkoak diren hezkuntza-laguntzako espezialistak eta fisioterapeutak, eta prozesuan nahitaez parte hartu behar dutenak, alegia– aukeratuko dituzte lanpostuak, haiei eskainiko baitzaizkie betetzeke geratu direnak.
Lanaldi partzialeko lan-kontratudun finkoek aurretik zeukaten lanaldiaren portzentajeaz bestelako premiak betetzea eskatzen ahalko dute. Esleituz gero, lan-baldintzak aldatuko zaizkie.
3.–Ebazpen honetan sartzen diren funtzionarioen eta lan-kontratudun finkoen lanpostuak aukeratzeko hurrenkera eskualde eta hautapen talde bakoitzerako zehazteko, honako irizpide hauei jarraituko zaie, bata bestearen ondoren aplikatuko baitira berdinketarik gertatzen bada:
1. Antzinatasun handiena funtzionario edo lan-kontratudun finko gisa hezkuntza-laguntzako espezialisten edo fisioterapeuten lanpostuan, Hezkuntza Departamentuan.
2. Antzinatasun handiena funtzionario edo lan-kontratudun finko gisa hezkuntza-laguntzako espezialisten edo fisioterapeuten lanpostuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.
3. Antzinatasun onartu handiena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.
Berdinketak badirau, honela lehenetsiko dira izangaiak: zozketa bat eginen da Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuan, eta horretan lortzen den zenbakitik abiatuta zenbaki bat emanen zaie berdinduta dauden izangaiei, lehen deituraren araberako ordena alfabetikoaren arabera, edo, kasua bada, bigarrenaren arabera.
Jarraibide honetan xedatutako ondorioetarako, mugikortasun ekitaldia egiten den ikasturteko maiatzaren 1a arteko zerbitzuak kontatuko dira.
4.–Urteko mugikortasunean lehentasuna izanen dute, lanerako ikastetxea aukeratzeko unean, beharra desagertzeagatik edo lanaldia aldatzeagatik tokiz mugitu behar izan duten hezkuntza-laguntzako espezialista eta fisioterapeuta guztiek, lanpostua aukeratzeko ekitaldi publikora beren borondatez parte hartzea eskatu dutenen aurretik.
Talde horien barrenean, jarraibide honen 3. atalean ezarritako irizpideak aplikatuta erabakiko da hautatzeko hurrenkera.
5.–Plantilla organikoan ikastetxe bati atxikita dauden hezkuntza-laguntzako espezialistak eta fisioterapeutak, beharra desagertzeagatik edo ordutegia aldatzeagatik tokiz aldatu behar direnean, beren destinoko ikastetxeari dagokion eskualdetik mugitutako hezkuntza-laguntzako espezialisten eta fisioterapeuten zerrendan sartuko dira.
6.–Iruña, Tutera, Lizarra, Tafalla, Irurtzun, Elizondo edo Irunberriko eskualdeetan destinoa izan eta, beren atxikipen eskualdean behar nahikoa ez izateagatik, bertan destinoa ezin aukera dezaketen zaintzaileak Nafarroako eskualdean destinoa duten hezkuntza-laguntzako espezialistak eta fisioterapeutak zerrendan sartuko dira, dagokien hurrenkeran.
7.–Nafarroako eskualdean destinoa duten hezkuntza-laguntzako espezialistek eta fisioterapeutek dagokien hautapen taldean duten hurrenkeraren arabera aukeratzen ahalko dituzte gainerako eskualdeetatik ateratakoek aukeratu ondoren gelditzen diren lanpostuak.
8.–Destinoa eskualdean duten hezkuntza-laguntzako espezialistek eta fisioterapeutek, mugikortasuna egiten den ikasturtean zerbitzuan aritu diren ikastetxetik mugitu behar badute beharra desagertu delako edo ordutegia aldatu delako, titular diren lanpostuaren hizkuntza eskakizun bera ez duten lanpostuak hautatzen ahalko dituzte, borondatez eskatzen duten hizkuntza eskakizuneko eskualde guztietako hezkuntza-laguntzako espezialistek eta fisioterapeutek aukeratu ondoren. Ondorio horietarako, euskarazko lanpostuak aukeratzeko, E.B2 hizkuntza eskakizuna bete beharko da.
9.–Mugikortasun ekitaldian esleitutako lanpostuari ezin izanen zaio uko egin.
Hirugarrena.–Esleitutako destinoan jarraitzea.
1.–Hezkuntza-laguntzako espezialstek eta fisioterapeutek beren atxikipen eskualdean jarraitzen ahalko dute mugikortasun prozesuetan aukeratzen duten ikastetxe berean, baldin eta hezkuntza plangintzaren arabera ordutegi nahikoa bada bertan aritzeko.
Funtzionarioek ikastetxe berean jarraitzen ahalko dute, baldin eta lanaldi osoko premiaren bat badago edo lanaldi partzialeko bat, bat datorrena erregelamendu bidez ezarritako lanaldi murrizketako tarteren batekin, eta dagokion lanaldi murrizketa eskatzen badu.
Lan-kontratudun finkoek ikastetxe berean jarraitzen ahalko dute, baldin eta ikastetxeak horretarako premia badu. Dena den, eskainitako lanaldia ez badator bat ordura arte betetzen ari zen lanpostuak zeukanarekin, dagokion aldaketa egin beharko zaio lan-baldintzetan.
2.–Hezkuntza-laguntzako espezialistek eta fisioterapeutek mugikortasun prozesuetan aukeratzen duten ikastetxe berean jarraitzen ahalko dute beste atxikipen eskualde batean edo beren atxikipen lanpostuarena ez den hizkuntza eskakizuneko lanpostuetan, baldin eta hezkuntza plangintzaren arabera ordutegi nahikoa bada bertan aritzeko eta eskualde horretan behar adina lanpostu badago destinoa bertan duten funtzionario guztientzat. Bestela, beren atxikipen eskualdera itzuli beharko dute, hartan beharra badago, edo, beharrik ez bada, lekuz aldatu dituztenen moduan hautaketa egin lanpostuak aukeratzeko ekitaldian.
Laugarrena.–Eskualdeak.
Hezkuntza Departamentuari atxikita, hezkuntza-laguntzako espezialisten eta fisioterapeuten lanpostuak betetzen dituzten funtzionarioak eta lan-kontratudun finkoak hurrenkeran jarriko dira, plantilla organikoan atxikirik dituzten eskualdearen eta hizkuntza eskakizunaren arabera lanerako ikastetxeak aukeratzeko ondorioetarako. Ebazpen honen eranskinean jaso dira eskualde horiek eta haien jarduketa eremua.
2.–Hezkuntza-laguntzako espezialisten eta fisioterapeuten mugikortasun ekitaldietan eskaini beharreko lanpostuak aurreko atalean aipatu eskualdeetan dauden Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetan zehaztuko dira.
Bosgarrena.–Lan-kontratudun mugagabe gisa diharduten hezkuntza-laguntzako espezialistak eta fisioterapeutak.
Funtzionario eta lan-kontratudun finkoentzako urteko mugikortasun prozesuak egin eta gero, ebazpen honetan araututa baitaude, esleitzeke geratu diren ikastetxeak aukeratzeko ekitaldi bat eginen da epai judizialaren bidez lan-kontratudun mugagabearen aitortza (eta ez finkoarena) duten hezkuntza-laguntzako espezialista eta fisioterapeutentzat.
Lan-kontratudun mugagabeek, ikastetxea aukeratzean, aurretik betetzen ari ziren lanpostuek zeukaten lanaldi-portzentajeaz bestelakoak dauzkatenak aukeratzen ahalko dituzte. Hori eginez gero, lan-baldintzak aldatuko zaizkie.
Langile horiek irizpide hauen arabera hautatuko dute lanerako ikastetxea:
1. Aurretik lan-kontratudun mugagabe bat egon bada hezkuntza-laguntzako espezialista edo fisioterapeuta gisa destinatua eskaintzen diren premietako batzuk betetzen, langile horrek izanen du lehentasuna ikastetxean jarraitzeko.
Ikastetxe berean egoera horretan kontratatutako izangai bat baino gehiago badago, hurrengo apartatuan ezarritakoaren arabera zehaztuko da nork duen lehentasuna.
2. Antzinatasun aitortu handiena lan-kontratudun mugagabe gisa hezkuntza-laguntzako espezialisten edo fisioterapeuten lanpostuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.
Berdinketarik bada, honela lehenetsiko dira izangaiak: zozketa bat eginen da Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuan, eta horretan lortzen den zenbakitik abiatuta zenbaki bat emanen zaie berdinduta dauden izangaiei, lehen deituraren araberako ordena alfabetikoaren arabera, edo, kasua bada, bigarrenaren arabera.
Seigarrena.–Publizitatea eta ordezkaritza.
Ikastetxeak hautatzeko egintzei buruzko argibide oro –jarraibide hauetan araututakoak, alegia– Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko da: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto.
Esleipen egintzetan, lanpostuak aukeratzen ahalko dituzte interesdunek edo haien ordezkariek, bat etorriz horretarako ezarriko diren jarraibideekin.
2. Indarrik gabe uztea Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 23ko 1447/2018 Ebazpena, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan, Nafarroako eskualdeetan ari diren zaintzaile funtzionarioen barne mugikortasunaren prozedura arautuko duten jarraibideak onesten dituena.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
5. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, dagozkion ondorioetarako, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko Giza Baliabideen Plangintzarako Atalera, Plantillen Atalera eta Langileen Kontrataziorako Atalera, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 31n.–Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria, Isidra Roldán Arróniz.
ERANSKINA
Iruñeko eskualdea.
Antsoain, Arre, Barañain, Beriain, Berriozar, Burlata, Uharte, Imarkoain, Mutiloa, Noain, Olatz, Orkoien, Iruña, Atarrabia, Zizur Nagusia, Añorbe, Arrizabalaga, Zirauki, Eugi, Eguesibar, Lantz, Larraintzar, Mañeru, Elo, Obanos, Gares, Tebas, Zubiri.
Irurtzungo eskualdea.
Altsasu, Arbizu, Areso, Betelu, Etxarri Aranatz, Ezkurra, Goizueta, Irurtzun, Iturmendi, Jauntsarats, Lakuntza, Leitza, Lekunberri, Olazti, Uharte Arakil, Urdiain, Ziordia.
Elizondoko eskualdea.
Almandoz, Amaiur, Arantza, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta, Beintza-Labaien, Bera, Doneztebe, Elizondo, Eratsun, Erratzu, Etxalar, Gartzain, Igantzi, Irurita, Ituren, Legasa, Lekaroz, Lesaka, Narbarte, Oronoz, Saldias, Sunbilla, Urdazubi, Ziga, Zubieta, Zugarramurdi.
Irunberri/Zangozako eskualdea.
Abaurrea, Oibar, Agoitz, Aribe, Auritz, Aurizberri, Kaseda, Erroibar, Eslaba, Ezkaroze, Garralda, Hiriberri Aezkoa, Izaba, Ledea, Irunberri, Luzaide, Nabaskoze, Otsagabia, Orbaitzeta, Orotz-Betelu, Erronkari, Zare, Zangoza, Urrotz, Uztarroze, Esa.
Tafallako eskualdea.
Artaxoa, Barasoain, Beire, Berbintzana, Caparroso, Zarrakaztelu, Faltzes, Figarol, Funes, Garinoain, Larraga, Martzilla, Melida, Mendigorria, Milagro, Miranda Arga, Murillo, Erriberri, Azkoien, Pitillas, Arrada, San Martin Unx, Santakara, Tafalla, Uxue, Alesbes.
Lizarrako eskualdea.
Abartzuza, Allo, Antzin, Andosilla, Arroitz, Azagra, Cárcar, Deikaztelu, Lizarra, Lerin, Lezaun, Lodosa, Los Arcos, Mendabia, Muniain Iguzkitza, Murieta, Oteitza, Jaitz, San Adrián, Sartaguda, Sesma, Viana, Villatuerta, Zudairi.
Tuterako eskualdea.
Ablitas, Arguedas, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Corella, Cortes, Fitero, Fontellas, Fustiñana, Monteagudo, Murchante, Ribaforada, Tutera, Valtierra.
Nafarroako eskualdea.
Gainerako eskualde guztiei dagokien jarduketa eremua hartzen du.
Iragarkiaren kodea: F2408871