2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EUGIKO KONTZEJUA
Ordenantza, Larrain-Toki pilotalekuaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Eugiko Kontzejuko Batzarrak, 2024ko martxoaren 20an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Larrain-Toki pilotalekuaren erabilera arautzen duen ordenantza berria. Iragarkia argitaratu zen 2024ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 9an.
Jendaurrean egoteko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe, eta, hala, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi da, eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluarekin.
Eugin, 2024ko maiatzaren 23an.–Kontzejuko burua, Eduardo Rodriguez García.
ORDENANTZA, EUGIKO LARRAIN-TOKI PILOTALEKUAREN ERABILERA
ARAUTZEN DUENA
I. KAPITULUA.–Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen bidez, arautu nahi da Eugiko Kontzejuko Larrain-Toki pilotalekuaren funtzionamendua eta erabilera. Pilotalekua osatzen dute kantxak eta erantsitako instalazioek (aldagelek eta dutxek).
2. artikulua. Kirol instalazioa zerbitzu publikoa da, batez ere kirol, kultura, gizarte eta aisialdi arloetako helburuak dituena.
3. artikulua. Betiere eskatu ondoren eta salbuespenez, Kontzejuak baimena ematen ahalko du pilotalekuan kirol jarduerak eta/edo bestelakoak egiteko, baldin eta baimena jaso duen pertsona edo entitate sustatzaileak betetzen baditu Kontzejuak ezartzen dituen baldintzak, instalazioen egoera egokia bermatzeko.
4. artikulua. Kontzejuak beretzat gordetzen du pilotalekuaren eta instalazioen erabilera, berak bakarrik edo beste erakunde batzuekin lankidetzan sustatzen dituen jarduerak egiteko, baldin eta jarduera horiek herria garatzeko helburua badaukate gizarte, kultura eta kirol arloetan.
II. KAPITULUA.–Erabiltzaileak
5. artikulua. Pertsona orok erabil ditzake pilotalekuko instalazioak, baldin eta pilotalekurako aurreikusita dauden erabilerak egiten badira (2. artikulua). Zenbait muga eta kontrol errespetatuta erabiltzen ahalko dira instalazioak, betiere bermatzeko bai erabiltzaileen segurtasuna bai instalazioak egoki mantentzen direla.
6. artikulua. 16 urtez gorakoak trabarik gabe sartzen ahal dira pilotalekuan eta instalazioak erabili, herritarren txartelaren bidez, betiere errespetatuta dauden erreserbak (11. artikulua) eta instalazioen erabilera libreari dagokion ordena.
7. artikulua. Pilotalekua erabiltzen duten 16 urtez beherako haurrek heldu batekin egon beharko dute, haien segurtasuna bermatzeko eta indarrean dagoen araudia beteko dela ziurtatzeko.
III. KAPITULUA.–Funtzionamendurako ordutegia
8. artikulua. Funtzionamendurako ordutegia astelehenean hasi eta igandean bukatuko da, biak barne, 9:00etatik 23:00etara.
IV. KAPITULUA.–Erreserbak
9. artikulua. Instalazioen erreserba Kontzejuaren bulegoetan eginen da, izan aurrez aurre, telefonoz edo posta elektronikoz. Kontzejuak moldatzen ahalko du erreserbak Interneten bidez egiteko modua eta era.
10. artikulua. Erreserba astero eginen da, banaka zein taldeka, eta ordu bat eta hogeita hamar minutukoa izanen da. Instalazioak libre baleude erreserba bukatu ondoren, erabiltzaileak instalazioez baliatzen ahalko dira hiru orduz gehienez.
11. artikulua. Pilotalekua erabiltzeko eskabideak (3. artikuluan aipatzen dira) aurkeztu beharko dira ekitaldia egiteko aurreikusia dagoen eguna baino 15 egun lehenago gutxienez.
V. KAPITULUA.–Sarbideak
12. artikulua. Pilotalekura sartzeko, Kontzejuak berariaz gaitutako herritarren txartela erabili beharko da.
13. artikulua. Herritarraren txartelaren bidez pilotalekuan sartzen diren 16 urtez gorakoek erantzukizuna hartuko dute instalazioak zaindu eta egoera onean uzteko.
14. artikulua. 16 urtez beherakoen kasuan, haiekin pilotalekuan sartu eta haietaz arduratzen den helduak zainduko du adingabekoen segurtasuna, eta instalazioak egoera onean uzteko erantzukizuna hartuko du.
VI. KAPITULUA–Tasak
15. artikulua. Dagokion ordenantza fiskalean ezarritako zenbatekoa ordaintzea dakar pilotalekua erabiltzeak, argiarekin zein argirik gabe. Erreserba egiterakoan ordainduko da zenbatekoa. Pilotalekua hartzeko prezioaren barrenean hartzen da aldagelak eta kantxa ondoko dutxak erabiltzeko eskubidea.
16. artikulua. Eugiko bizilagunak erabiltzeko tasa ordaintzetik salbuetsita daude, baina argia erabiltzeko tasa ordaindu beharko dute.
17. artikulua. Pilotalekua erabili nahi bada 3. artikuluan aurreikusitako erabileretarako, horretarako tasa ezarriko da dagokion ordenantza fiskalean.
VII. KAPITULUA.–Instalazioak mantendu eta zaintzea
18. artikulua. Instalazioek segurtasunari, osasungarritasunari eta apaindura publikoari lotutako baldintzak beharko dituzte bete.
19. artikulua. Jardueretan era normalean arituta kalteren bat edo anomaliaren bat egiten bada edo ikusten bada, Eugiko Kontzejuari jakinaraziko zaio lehenbailehen, lehen 24 orduetan, gertatutakoren balorazioa egin eta dagokion gisan konpontzeko.
20. artikulua. Eugiko Kontzejuak ez du inoiz ere erantzukizunik izanen instalazioen, kantxaren edo aldagelen barrenean utzitako gauzen gainean.
VIII. KAPITULUA–Arau-hausteak
21. artikulua. Erreserba bukatzeko ordua errespetatzen ez duenak, hurrengo ordua erreserbatuta badago, ezin izanen du bi hilabetez beste erreserbarik egin.
22. artikulua. Kantxan nahiz erantsitako instalazioetan (aldagelak, dutxak, ataripea etab.) kalteak berariaz egiten dituenari debekatuko zaio pilotalekuan sartzea eta hura erabiltzea bi eta sei hilabete bitarteko epean, gertatutakoa noraino den larria, deusetan ukatu gabe kalteak konpontzeko betebeharra.
23. artikulua. Pilotalekua 2. artikuluan aipatutako erabileraz bestera erabiltzen bada, baimena ematerakoan hartutako betebeharrak ez betetzeak ekarriko du utzitako fidantza kobratzea eta, halakorik balitz, instalazioetan eskatzaileak eragindako kalte-galerak konpontzea.
24. artikulua. Instalazioetan adinez txikikoek kalteak egiten badituzte, gurasoek bere egin eta konpentsatuko dituzte diruz kalte horiek, eta kalteak egin dituenari debekatuko zaio pilotalekuan sartzea bi eta sei hilabete bitarteko epean, gertatutakoa noraino den larria.
IX. KAPITULUA.–Interpretazioa
25. artikulua. Kontzejuak eskumena izanen du ordenantza hau interpretatu eta aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebazteko.
Lehen xedapen gehigarria.
8. artikuluan ezarritako ordutegiak aldatu ahal izanen dira Eugiko Kontzejuko Batzordearen erabakiaren bidez.
Bigarren xedapen gehigarria.
Ordenantza hau indarrean jartzen denean, pilotalekuaren erabilera egun arautzen duen ordenantza indargabetuta geratuko da ondorio guztietarako.
Azken xedapena.
Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.
Iragarkiaren kodea: L2408449