2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARGUEDAS
Udal ordenantza, obra txikietarako hirigintza lizentziak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Arguedasko Udalak, 2024ko martxoaren 12an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Obra txikietarako hirigintza lizentziak arautzen dituen udal ordenantza.
Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2024ko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 26an, eta legearen araberako jendaurreko aldia iragan da inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarriari jarraikiz, eta jarraian ageri den bezala gelditu da idatzirik.
Arguedasen, 2024ko maiatzaren 14an.–Alkatea, José Luis Sanz Zubieta.
UDAL ORDENANTZA, ARGUEDASKO UDALAREN OBRA TXIKIETARAKO HIRIGINTZA LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da obra txikietarako hirigintza lizentziak emateko prozedura arautzea, hau da, prozedura sinplifikatuen bidez izapidetu beharrekoak, erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari jarraikiz.
2. artikulua. Esparru materiala.
Obra txikiak, obra handitik bereizten den aldetik, ezaugarri hauek ditu: teknikaren aldetik erraza da eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabe. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua.
Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera objektiboa aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ezta kanpoko diseinuaren funtsezko aldakuntzarik edo etxebizitzen kopurua aldatzerik ere. Ez dute ukituko eraikinen edo instalazioen egitura (zutabeak, habeak eta abar), ezta horien bizigarritasun edo segurtasun baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.
Kontzeptu horretatik kanpo daude:
–Indarreko legediaren arabera, proiektu teknikoa izan behar duten eraikuntzako obra handiak.
–Hirigintzako plangintzan aurreikusitako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetan egin beharreko obrak.
–Eraikinen sostengu-egitura (eskailerak ukitzea eta solairuartekoak eraikitzea barne) edo horien elementu komunak ukitzen dituzten obrak (ordenantza honetan aipatzen diren fatxada, estalki eta instalazioetako obrak izan ezik).
–Aldez aurretik erabili ez den lokal batean jarduera ezartzea dakarten obrak, edo baimendutako jarduerarekin ikusteko gutxi duen jarduera bat ezartzea dakartenak.
–Jarduera sailkatuak ezartzea dakarten obrak, edo horiei aldaketa funtsezkoa egitea dakartenak.
–Lurzoru urbanizaezinean kokatutako jarduerak.
–10.000,00 euroko aurrekontua edo hortik gorakoa duten obrak.
LEHEN TITULUA.–KOMUNIKAZIO-ARAUBIDEARI LOTUTAKO OBRA
TXIKI SINPLEAK
3. artikulua. Tipologia.
Honako hauek dira obra txiki sinpleak, eta izapidetze sinplifikatua behar dute, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez komunikaturiko hiri-lurzoruko jarduketa gisa:
1. Etxebizitzen barneko obrak, bizigarritasun-baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak, etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzea ez dakartenak, edo eraikinaren elementu komunak ukitzen ez dituztenak, hala nola:
–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.
–Barneko arotzeria aldatzea edo ordeztea.
–Tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea.
–Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea edo aldatzea.
2. Fatxadetako eta estalkietako obrak, dauden materialak, koloreak eta diseinua mantentzen badira:
–Estalkiak konpontzea eta teilaberritzea.
–Zorrotenak garbitu eta ordeztea.
–Fatxadak margotu, paramentuak konpondu eta fatxadako elementuak (barandak, moldurak eta antzekoak) konpontzea eta ordezkatzea.
–Kanpoko arotzeria ordeztea.
Obrak ezin izanen dira inola ere jarduketa komunikatu gisa izapidetu, baldin eta aldamioak jarri behar badira, edozein modutan bide publikoa okupatzen bada, edo aldi baterako lan batzuk egiten badira altueran edo garabi-ibilgailuak erabiltzen badira, aurrez inguruabar horiek komunikatu gabe eta lanok egiteari dagokionez udal zerbitzuekin koordinatu gabe. Eraikin edo elementu katalogatuetan egiten diren obrak ere ezin izanen dira jarduketa komunikatu gisa izapidetu.
4. artikulua. Baldintza dokumentalak eta teknikoak.
4.1. Oro har, kasu guztietan, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Arguedasko Udalaren erregistroan:
1.–Jarduketa komunikatuen obretarako Udalak normalizatutako inprimakia, non adieraziko baitira identifikazio datu pertsonalak eta jakinarazpenetarako helbidea; bertan nahitaez jaso beharko da egin asmo diren obren kokalekua (helbidea).
2.–Lanen deskripzio-memoria.
3.–Aurrekontu xehatua partidaka, materialak eta eskulana barne.
4.2. Berariazko agiriak, egin beharreko obra motaren arabera: fatxadetako eta/edo estalkietako jarduketetan, aurkeztu beharko dira obren xede diren elementuen argazkiak.
4.3. Tributuen autolikidazioa, eredu normalizatua erabilita, ordaindu izanaren frogagiriarekin batera.
5. artikulua. Jarduketa komunikatuen prozedura berezia.
1. Komunikazioa Arguedasko Udalaren inprimaki normalizatuan egin beharko da. Inprimaki hori behar bezala beterik aurkeztuko da, eta interesdunaren helbideaz eta identifikazio datuez gainera eta higiezinaren datuez gainera, kasu bakoitzaren berariazko agiriak ere aurkeztuko dira.
2. Jarduketa komunikatuen jakitun gelditzeko izapidea egin behar duten udal langileek berehala aztertuko dute aurkeztutako dokumentazioa, eta, ondotik, honako hau gerta daiteke:
a) Dokumentazioa aztertu ondoren, zerbait falta denean: kasu horretan, eskatzaileari jakinaraziko zaio zer agiri ekarri behar duen. Eskatzaileak, aurretik, eskabidea aurkeztu beharko du erregistroan, behar bezala beteta eta osorik.
b) Dokumentazioa aztertuta, irizten zaio jarduketa ez dela bideratu behar jarduketa komunikatuen prozeduratik. Kasu horretan, interesdunari jakinaraziko zaio dagokion lizentzia motarako ezarritako arauen arabera egokitu behar duela egin nahi duen jarduketa hori, eta, zein obra mota egin nahi duen, horrexeri dagokion inprimakia emanen zaio, bete dezan.
c) Dokumentazioa aztertuta, ondorioztatzen da zuzena dela: kasu horretan, sarrerako erregistroa eginen zaio erantzukizunpeko adierazpenaren komunikazioari, tributuen autolikidazioaren ordainagiriarekin batera; prozedura bukatutzat joko da, eta komunikazioa beste izapiderik gabe artxibatuko.
3. Baldin eta, aparteko arrazoiak direla medio, jarduketa komunikatuaren jakitun gelditzeko izapidea egin behar duten udal langileek ez badute dokumentazioa berehala aztertzerik, gehienez ere 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko zaio interesdunari akatsak aurkitu direla dokumentazioan edo egitekoak diren obrak ez dagozkiola jarduketa komunikatuen prozedurari. Baldin eta, 15 egun balioduneko epea iraganik, interesdunak inolako jakinarazpenik jasotzen ez badu, ulertuko da jarduketa bidezkoa dela, eta interesdunak obrak hasten ahalko ditu.
6. artikulua. Bide publikoa okupatzea eta baliabide osagarriak erabiltzea.
Erantzukizunpeko adierazpenaren komunikazioan bertan jasoko dira bide publikoa okupatzeko baimena eta/edo aldamioak, karga-jasogailuak, hesiak eta antzekoak paratzeko baimena, aldez aurretik udal zerbitzuekin koordinatzeko halakoak paratzea.
Hala ere, aparte ere eskatzen ahal da, baina obra lizentzia eman ondoan baimenduko da soilik. Eskaera aparte eginez gero, obra lizentziaren espedientea aipatu beharko da eskaeran, edo, bestela, obrak egiteko agindua.
Obra lizentziarekin batera eskatzean nahiz aparteko eskaera egitean, honako hau aurkeztu beharko da:
–Kokapen planoa, egin nahi den okupazioa zehazturik.
–Aldamioak, karga-jasogailuak edo gisako baliabide osagarriak erabiltzen badira, ziurtagiri bat aurkeztuko da, adieraziko duena baliabide osagarriak paratzeko eta kentzeko lanak gauzatuko direla teknikari eskudun batek zuzendu eta gainbegiratuta. Baliabide osagarri gisa garabi-ibilgailuak erabiltzen badira edo aldi baterako lan batzuk altueran egiten badira, obra zuzendaria edo obra gauzatzeko zuzendaria kontratatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da; bestela, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, adieraziko duena baliabide osagarriak paratzeko edo kentzeko lanak teknikari eskudun batek zuzendu eta ikuskatuko dituela.
7. artikulua. Hondakinen kudeaketa.
Komunikazioaren egileak bere erantzukizunpean adieraziko du honako aukera hauetako bati atxikitzen zaiola, 23/2011 Foru Dekretua betez (Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena):
a) Obrak 0-50 kilogramo sortzen baditu, ez da beharrezkoa izanen ziurtagiririk aurkeztea.
b) Obrak sortutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen (EEH) bolumena 50 kg eta 50 m³ artean badago, obra kontratatu beharko zaio EEHen Erregistroan inskribatutako eraikitzaile bati (<50 m³), edo EEHen kudeatzailearen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, 23/2011 Foru Dekretuaren 2D eranskinean ezarritako ereduan, obra bukatutakoan.
c) Obrak sortutako EEHen bolumena 50 m³ baino gehiago bada, obra kontratatu beharko zaio EEHen Erregistroan inskribatutako eraikitzaile bati (>50 m³), edo abal bat aurkeztu beharko da, 23/2011 Foru Dekretuaren 6.2.a) artikuluan ezarritako kopuruaren araberakoa. Hura itzultzeko, kudeatzaile batek emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, 23/2011 Foru Dekretuaren 2.D eranskinean xedatutako moduan eginikoa.
BIGARREN TITULUA.–ORDENANTZA HONEN PROZEDURAREN BIDEZ OBRA TXIKIETARAKO EMANDAKO LIZENTZIEN BALDINTZA OROKORRAK
ETA ONDORIOAK
8. artikulua. Lizentzien baldintza orokorrak eta ondorioak.
1. Izapidetutako lizentziak ez dira inola ere administrazioaren isiltasunaren bidez eskuratutzat joko, baldin eta legeen edo hirigintzako antolamenduaren kontra badoaz, edo, eskabideko datuak faltsutu, nahastu edo ez aipatzeagatik, ezin bada jakinarazi hutsak zuzendu behar direla, edo kasuan kasuko jarduketa ez dagokiola jarduketa komunikatuaren edo laburtuaren prozedurari, edo espedientea izapidetu eta ebazteari dagokion beste edozein alderdi.
2. Aurreko apartatuetan jasotako prozedura-araubideak ez ditu salbuesten jarduketen titularrak beren zerga-betebeharretatik, eta horiek dagozkien ordenantza fiskalen arabera bete beharko dituzte.
3. Lizentzia izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Ondorioak sortuko dituzte Udalaren eta jarduketako subjektuaren artean, baina ez dituzte aldatuko subjektuak besteekin dituen egoera juridiko pribatuak.
b) Ulertuko da lizentziak ematen direla jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe.
c) Deskribaturiko obrak soil-soilik egiten ahalko dira. Baldin berariaz adierazitakoak ez diren beste obra batzuk egiten badira, aldez aurretik horiei dagokien baimena eskatu beharko da, horrek galarazi gabe ezartzen ahal diren zehapenak, bidezkoak badira.
d) Interesdunak udal zerbitzuen eskura izan beharko du emandako lizentzia, edo komunikazio eginbidetuaren inprimakia, eta obrara sartzen utziko die zerbitzu horietako langileei, ikuskapenak eta egiaztapenak egin ditzaten.
e) Lizentzia erantzukizunpeko adierazpena komunikatzeko izapidearen bidez ematen denetik, hiru hilabete iragan baino lehen hasi beharko dira obrak, eta lizentzia eman edo komunikatu eta sei hileko epean bukatu.
f) Ezin izanen da inola ere egin legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrako obrarik.
g) Obra egiterakoan bete beharko dira indarrean diren xedapenak, eraikingintzaren, segurtasunaren eta laneko osasunaren arloetan.
h) Lizentziak ezin izanen dira argudiotzat hartu titularren erantzukizun zibila edo penala apaltzeko edo kentzeko, baimendutako jarduketetan.
i) Lanak egitean, kalteak konpondu beharko dira, baldin eta halakorik egiten bada bide publikoetan eta obraren inguruetan, eta toki horiek seguru, osasungarri eta garbi eduki beharko dira.
j) Debekatuta egonen da aldamioak, eskailerak, makinak, tresnak, erremintak edo lanabesak paratzea kaleetan, plazetan eta pasealekuetan, bai eta bestelako eraikuntza objektuak eta materialak ere, baldin zirkulazio publikoa oztopatzen ahal badute eta berariazko baimenik ez badute.
4. Obra lizentziak obrak babesten ditu, baina ez hirigintzako erabilerak. Hori dela eta, legeztatuta ez badaude eta legeztatu ezin badira, obren exekuzioak ez du inola ere eskubiderik emanen erabilera babesten duen lizentzia eskuratzeko. Horren ondorioz, adostasun-eginbideak eta prozedura laburtuko lizentziak luzatu eta ematen dira aipatutako erabilerak legeztatuta daudela ulertuta eta, legeztatuta ez badaude, ez da babestuko inolako obrarik.
9. artikulua. Udalaren kontrolaren eta ikuskapenaren araubidea.
Udaleko zerbitzu teknikoek indarra duen legediak ematen dizkien ikuskapen eginkizunak eginen dituzte, hirigintzako legedia betetzen dela egiaztatu eta ikertu beharrez.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA
Ordenantza hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak ebatziko dira horiek hasi zirenean indarrean zegoen araudiari jarraikiz, hemen araututako komunikazio-araubideari loturik egon daitezkeen obrei dagokienez.
Iragarkiaren kodea: L2407774