117. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

153E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena xehetasun azterketa Iruñeko 4. poligonoko 761. eta 2056. katastro-lurzatietan, zeinak "Nafarroako Unibertsitatearen Campusa" udalez gaindiko plan sektorialeko Z-5 jarduketa-unitatearen barruan baitaude. Sustatzailea Inmobiliaria Universidad de Navarra SA da.

Xehetasun azterketa hori Iruñeko 4. poligonoko 761. eta 2056. katastro-lurzatiei buruzkoa da; lurzati horiek Hegoaldeko Bizitokietarako Z-5 eremuan daude, "Nafarroako Unibertsitatearen Campusa" udalez gaindiko plan sektorialeko U.I.-XXI unitate integratuan. Xehetasun azterketaren xedea da Jantokien eraikinaren ondoan dagoen aparkalekua handitzea. Gaur egun, ibilgailuentzako 259 aparkaleku-plaza ditu lur gainean, eta 633 plaza izan arte handitu nahi da, gehi beste bi aparkaleku-plaza autobusen erabiltzaileak igo eta jaisteko. Udalez gaindiko plan sektorialean jasotako determinazioei jarraikiz, hasiera batean egin ez ziren bideak edo aparkaleku-plazak egiteko, xehetasun azterketa bat aurkeztu behar da lizentzia lortu baino lehen.

Handitzea justifikatzeko adierazi da beharrezkoa dela aparkaleku-plaza gehiago jartzea, Campuseko iparraldean Bioma eraikina eta horren ondoko urbanizazioa egitean plaza batzuk kenduko baitira.

2023ko urriaren 18an, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak 238E/2023 Ebazpena eman zuen, xehetasun azterketa hasiera batean onesteko. Aldi berean egin ziren jendaurreko informazioaren tramitea eta ukitutako udalari entzunaldia ematekoa, eta ez da alegazio idazkirik aurkeztu.

Aldeko hiru txosten daude espedientean: Iruñerriko Mankomunitatearena (2023ko azaroaren 22koa), Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuarena (2023ko azaroaren 23koa) eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiarena (2024ko urtarrilaren 31koa).

Horrez gain, Ingurumen Eraginaren Atalak honako hau jakinarazi zuen 2023ko azaroaren 24an: "Haren edukiak ez du ezartzen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua eta, ondorioz, ez dago hari buruzko ingurumen ebaluazio estrategikoa egin beharrik".

Dokumentua osatzeko, aintzat hartu dira Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak eman 238E/2023 Ebazpenean eta 2024ko otsailaren 9an Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egin errekerimendu batean jasotako kontsiderazioak. Zehazki, aparkalekua behar dela justifikatu da eta ikerketa hidrologiko-hidrauliko bat erantsi da, baita aparkalekua paisaian integratzeko eta naturalizatzeko neurri zehatzak (aparkalekuan lorategi-zonak, zuhaiztiak eta zoladura drainatzaileak jartzea eta material jasangarri eta birziklagarriak erabiltzea) eta energia-kontsumoa murrizteko neurriak ere (ibilgailu elektrikoak kargatzeko 16 puntu eta instalazio fotovoltaiko bat, urtean 140 MWh ekoitziko dituena eta aparkalekuak izanen duen kontsumoaren %50 baino gehiago aseko duena).

Aparkalekua handitzeak ez du mugikortasun motorizatu pribatua sustatuko; izan ere, Campus osoko aparkaleku-plazen amaierako balantzea zero izanen da.

Ikusita Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2024ko maiatzaren 14an egindako txostena, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin, eta dauzkadan ahalmenak baliatuz, zeinak eman baitizkit Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak, eta ikusita Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 69/2023 Foru Dekretuaren xedapen iragankor bakarra,

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea xehetasun azterketa Iruñeko 4. poligonoko 761. eta 2056. katastro-lurzatietan, zeinak "Nafarroako Unibertsitatearen Campusa" udalez gaindiko plan sektorialeko Z-5 jarduketa-unitatearen barruan baitaude. Sustatzailea Inmobiliaria Universidad de Navarra SA da.

2. Aintzat hartuko da 2024ko urtarrilaren 31n Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak egin txostenean adierazitakoa. Obren eragina jasan dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Ebazpen hau eta onetsitako dokumentua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentu hori Nafarroako hirigintzari buruzko informazio sistemaren (SIUN) webgunean ere eskuragarri egonen da.

4. Ebazpen hau igortzea Iruñeko Udalera, Ingurumen Eraginaren Atalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, Iruñerriko Mankomunitatera, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusira eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Adieraztea ebazpen honek amaiera ematen diola administrazio bideari eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluarekin lotuta.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 22an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

Xehetasun azterketa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2408652