Iragarkia
113. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
213E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat, Nafarroako toki erakundeentzat, 2024. urtean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten. DDBN identifikazioa: 759043.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiteko.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluan ezartzen denez, toki erakundeek beren eskumenak betetzean txertatuko dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean arituko dira. Halaber, baieztatzen du, foru lege honek esleitzen dizkien funtzioei dagokienez, Nafarroako Gobernuak osatuko duela toki erakundeen nahikotasun finantzarioa.
Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" plangintza publikoko tresna nagusia da Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea garatzeko. Plan horretan kontuan hartzen da toki administrazioak planaren ildo estrategiko guztietan eta bereziki I. ildo estrategikoan duen erantzukizuna; izan ere, horren helburua da genero ikuspegia txertatzea administrazioen gobernantza ereduan, bai eta toki administrazioenean ere.
Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki erakundeek emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko. Lehentasun horren barnean honako hau biltzen da: udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, zaintza-lanen banaketa erantzunkidearen aldeko neurriak garatzeko konpromisoa sustatu eta lagundu beharra.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki erakundeekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.
Toki erakundeetako errealitate desberdinen behar eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du gizonen eta emakumeen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten toki erakundeentzat. Ebazpen honetan hiru laguntza modalitate aurreikusten dira, eta beharkizun eta diru kopuru desberdinak ezartzen dira, alde batetik, emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten toki erakundeentzat, eta bestetik, figura profesional hori gabe, emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten toki erakundeentzat.
Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea (https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/8346E44F-1C60-4850-AAC8-7934034AB5C6/310539/ItinerariotrabajoEntidadesLocales22022015.pdf) eredu bat da, institutuak bultzatzen duena esku-hartze sistematikoa eta koherentea errazteko eta gauzatzeko, eta esku hartzeko esparru bat ezartzen du, bide ematen duena toki erakundeak lankidetzan aritzeko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin koordinatuta. Ibilbide horrek esku hartzeko arlo hauek jasotzen ditu: toki gobernantza eta genero zeharkakotasuna, emakumeen aurkako indarkeria, zaintza-lanak, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa eta emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren deialdi bat onestea, helburu duena Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak ematea, 2024. urtean emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimentzen da: 355.000 euro, 2024ko gastu-aurrekontuko "Toki erakundeentzako transferentziak berdintasun politikak eta zaintza itunak bultzatzeko" izeneko 080001 08100 4609 232200 aurrekontu-partidaren kargura.
Salbuespen gisa, 120.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira gehienez deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.
4. Ebazpen hau eta haren oinarri arautzaileak (I. eranskina) eta balorazio irizpideak (II. eranskina) biltzen dituzten eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 3an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea 2024ko martxoaren 1etik 2024ko urriaren 31ra arteko aldian Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzak Nafarroako toki erakundeei emateko, erakunde horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, toki erakundeek prestatzen eta planifikatzen dituzten proiektuen bitartez.
2. oinarria. Erakunde onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.
2.1. Nafarroako toki erakundeak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte. Halaber, taldean elkartutako toki erakundeak ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskaeran berariaz adierazten bada erakunde bakoitzak zer gauzatze-konpromiso hartzen duen bere gain, eta ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen duenarekin bat.
2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:
a) 1. modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik ere, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzarik jasotzen ez duten Nafarroako toki erakundeek garatzen dituzten proiektuak.
b) 2. modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jasotzen duten Nafarroako toki erakundeek garatzen dituzten proiektuak.
c) 3. modalitatea: berdintasuneko agenterik lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan ez duten 5.000 biztanle baino gutxiagoko Nafarroako toki erakundeek garatzen dituzten proiektuak. Modalitate honetan parte hartzen duten toki erakundeek ere ezin izanen dute beste mankomunitate bateko kide izan, baldin eta beste mankomunitate horrek lanaldi osoko berdintasuneko agentea kontratatuta badu.
3. oinarria. Betebeharrak.
3.1. Nafarroako toki erakundeek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute jarduera diruz laguntzen den epe osoan eta hura justifikatu arte, salbu 3.1 oinarriko b.2 atalean jasotakoari dagokionez:
a) 1. eta 2. modalitateak:
1.–Eskaera egiten den unean, B mailako berdintasuneko agente bat kontratatuta edo plantillan izatea, lanaldi osoan. Toki erakundeak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, non ez den agente nagusia lanaldiaren murrizketa eskatzen duena; izan ere, horrelakoetan, zilegi izanen da bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).
Betiere, lanaldia osoa dela ulertuko da, eta ez da nahitaezkoa izanen bi lagunek betetzea, baldin lanaldia zortziren bat, seiren bat edo laurden bat murrizten bada, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo horri dagokionez aplikatzekoa den beste edozein arauditan xedatutakoaren arabera.
Orobat, toki erakundeek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki erakunde batzuekin lanaldi osoko berdintasuneko agentea izateari buruzko baldintza betetzeko. Kasu horretan, elkartutako erakundeek garatuko duten proiektu bakar bat aurkeztu behar dute dirulaguntzen deialdira.
2.–2024rako partida edo aurrekontu esleipena edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuak finantzatzeko. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).
3.–Aukera-berdintasunerako plan bat edo gizon eta emakumeen berdintasunerako plan estrategikoa edo lanerako urteko plana izatea, udalen berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen araberakoa. Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, beharkizun hori betetzat joko da toki erakundeko idazkaritzaren egiaztagiri bat aurkeztuz gero (IV. eranskinean bilduta), non egiaztatuko baita toki erakundeak asmoa duela berdintasunerako plana edo urteko lan plana prestatzeko deialdi honek aintzat hartzen duen aldian, "Udalen berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" izeneko dokumentua oinarri hartuta.
4.–Udal alorren arteko talde tekniko bat osatzea, edo dirulaguntza baliatuko den aldian osatzeko konpromiso irmoa izatea, emakume eta gizonen berdintasunaren printzipioa toki erakundearen lan arlo guztietan eraginkortasunez eta zeharkakotasunez integratzen dela ziurtatzeko. Talde horretan ordezkatuta egon behar dute udaleko lan arlo guztietako teknikariak, eta haren bileran egutegia finkatu beharko da. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).
5.–Erakunde eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agenteak parte har dezan, dirulaguntzaren aldi osoan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero berdintasunaren arloan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).
b) 3. modalitatea:
1.–2024rako partida edo esleipen ekonomikoa edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuetara bideratua. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).
2.–Eskaera egiten den unean, ez izatea B mailako berdintasuneko agenterik lanaldi osorako kontrataturik edo plantillan. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).
3.–5.000 biztanle baino gutxiago izatea.
4.–Eskaera egiten den unean, ez egotea integratua B mailako berdintasuneko agenteren bat lanaldi osorako kontrataturik edo plantillan duen mankomunitate batean.
4. oinarria. Exekuzio epea eta proiektu diruz lagungarriak.
4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2024ko martxoaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.
4.2. Toki erakundeek proiektu bakar bat aurkezten ahalko dute dagokien modalitatean.
4.3. Proiektu diruz lagungarriek oinarri honetan zehazten diren ekintzak jasotzen ahalko dituzte, eta horien garapena eta kudeaketa egokitzen ahalko dira, gauzatu ahal izateko.
Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:
–1. eta 2. modalitateetan: emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agentea duten toki erakundeetan.
Proiektuak deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian adierazia) diseinatuta aurkeztuko dira, bai eta "Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean" adierazitako esku-hartze arlo hauen arabera ere:
a. Toki gobernantza eta zeharkakotasuna.
Ohartaraztea jarduketa honen barnean ez direla diruz lagunduko langileen berdintasunerako barne planak (diagnostikoak barne) plantillan 50 langiletik gora dituzten toki erakundeetan. Halaber, ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen toki erakundearen mendeko erakunde publikoetako langileen berdintasunerako barneko planak.
b. Emakumeen kontrako indarkeria.
Arlo honen barnean, diruz lagungarriak izanen dira Indarkeriako Tokiko Protokoloak (barne direla aldez aurreko diagnostikoak) prestatzea xede duten ekintzak. Protokolo horien prestaketa jasota dago NABIk argitaratutako "Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida" izenekoan (https://www.igualdadnavarra.es/imagenes/documentos/-26-f-eu.pdf). Nolanahi ere, protokoloak egitean, bete beharko dira gida horretan zehazten eta jasotzen diren baldintzak, jarraibideak, mekanismoak eta ereduak. Gainera, azken legegintza-araudiak jaso beharko dira, ahalik eta ikuspegi eguneratuenarekin, eta protokolo bakoitza kasuan kasuko toki erakundearen errealitatera egokitu, ahal den neurrian. Halaber, toki erakundeak egina badu dagoeneko aipatu tokiko protokolo hori, horren esparruko eta hari lotutako ekintzak ere diruz lagungarriak izanen dira, kasurako, diagnostikoaren edo protokoloaren beraren eguneratzea, trebakuntza eta prestakuntza, sentsibilizazio ekintzak eta abar.
c. Zaintza-lanak, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa.
Arlo horretan ezin dute jarduketarik programatu eskaera egiteko unean Zainketen aldeko Tokiko Itun bat sinatua duten Nafarroako toki erakundeek, edo, programan parte hartzea eskatua eta 2024ko otsailaren 15a baino lehen eskaera NABIk onartua izanik, 2024an sinatzeko zain daudenek.
d. Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.
Aurrez aipatutako edozein arlotan sartzen diren ekintzak biltzen dituzten proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, baldin eta honako helburu hauek badituzte:
Baldintzak sortzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia Administrazioan eta haren politika publikoetan zehar-lerro gisa integratzeko.
Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak eta abar).
Sentsibilizazioa (kanpainak, genero ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).
Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.
Azterlanak, ikerketak, plangintza eta ebaluazioa, emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko.
–3. modalitatean: emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, lanaldi osoko berdintasuneko agenterik ez duten toki erakundeek aurkeztuak, arlo hauen gaineko ekintzak garatzen dituztenak:
a) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.
b) Zaintza-lanak, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa.
Arlo horretan ezin dute jarduketarik programatu eskaera egiteko unean Zainketen aldeko Tokiko Itun bat sinatua duten Nafarroako toki erakundeek, edo, programan parte hartzea eskatua eta 2024ko otsailaren 15a baino lehen eskaera NABIk onartua izanik, 2024an sinatzeko zain daudenek. Halaber, toki erakundeek ezin izanen dute arlo honen barruan ekintzarik programatu, baldin eta Zainketen aldeko Tokiko Ituna arestian adierazitako baldintzetan sinatu duten mankomunitateen parte badira.
c) Emakumeen kontrako indarkeria.
Arlo honetan diruz laguntzen ahalko dira soilik "Jaigunetako eraso sexistei aurre egiteko jarduera protokoloak" edo "Emakumeen aurkako indarkeriagatiko hilketa eta egoera larriei aurre egiteko jarduera protokoloak" prestatzeko ekintzak, NABIk argitaratutako "Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida" izenekoan jasotzen denari jarraikiz. Nolanahi ere, protokoloak egitean, bete beharko dira gida horretan zehazten eta jasotzen diren baldintzak, jarraibideak, mekanismoak eta ereduak. Gainera, azken legegintza-araudiak jaso beharko dira, ahalik eta ikuspegi eguneratuenarekin, eta protokolo bakoitza kasuan kasuko toki erakundearen errealitatera egokitu, ahal den neurrian. Halaber, toki erakundeak egina badu dagoeneko aipatu diren tokiko protokoloetako bat edo beste, horien esparruko eta haiei lotutako ekintzak ere diruz lagungarriak izanen dira, kasurako, diagnostikoaren edo protokoloen beraien eguneratzea, trebakuntza eta prestakuntza, sentsibilizazio ekintzak eta abar.
Arestian aipatutako edozein arloren barruko ekintzek helburu hauek izan ditzakete:
–Emakumeen eta gizonen berdintasunean prestakuntza ematea gauzatzen diren ekintzen eremuan (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, etab.).
–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).
–Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.
–Ikerlanak eta diagnostikoak egiteko ekintzak, haien bidez jarduteko lehentasunak ezar daitezen toki erakundean, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez. Aipatutako ikerlan edo diagnostiko horiek elkarrekin egiten ahalko dituzte ekintza komuneko lurralde eremu bat partekatzen duten toki erakundeek. Diagnostiko horietatik, ez dira diruz lagunduko plantillan 50 lagunetik gora dituzten toki erakundeetan egin beharrekoak diren langileen berdintasunerako barne planen aurreko diagnostikoak. Halaber, ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen toki erakundearen mendekoak diren erakunde publikoetako langileen berdintasunerako barne planen aurreko diagnostikoak.
4.4. Gastu diruz lagungarriak.
Modalitate guztietan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik; gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2024ko martxoaren 1etik 2024ko urriaren 31ra arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira:
a) Laguntza teknikoa. Laguntza teknikotzat hartuko da gutxienez proiektuaren %40 azpikontratatzea. Nolanahi ere, toki erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera osoa azpikontratatzen ahalko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Bestalde, eskatuko da generoaren arloko prestakuntza frogatzea 3. modalitateko proiektuetako ekintza hauetarako:
–Ikerketak edo diagnostikoak egitea.
–Prestakuntza-ekintzak, baldin eta, horiek guztiak batuta, haien balioa azkenean onartzen den aurrekontuaren %40koa edo hortik gorakoa bada.
Nolanahi ere, kontratatutako pertsona fisikoek edo juridikoek frogatu beharko dute genero berdintasunaren arloan gutxienez 240 orduko prestakuntza dutela, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publikoek edo pribatuek) zuzenean edo lankidetzan emana.
Hori frogatzeko, kontratatutako pertsonak edo erakundeak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du (X. eranskina).
b) Ekintza diruz lagungarriak gauzatzen dituzten hizlariek eta pertsonek edo erakundeek sortutako ordainsariak, bai eta ekintza horiek joan-etorriengatik eta ostatuagatik ekarritako dietak ere.
c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.
d) Jarduerak egiteko behar diren lokalen eta ekipamenduen alokairuaren gastua, edo material suntsikor eta kontsumigarriaren gastua. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, erakunde onuradunak dirulaguntza eman den xede konkreturako erabili beharko ditu ondasun horiek, gutxienez, bi urteko epean.
e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean soilik, beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).
f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.
g) Proiektuaren jarduerarekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak eta oinarri hauen 4.6 puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.
4.5. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.
Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:
a) Toki erakundearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, konparazio batera, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.4.e) atalean xedatutakoa salbu.
b) Langileen berdintasunerako barne planak prestatzeko proiektuak ez dira diruz lagunduko plantillan 50 lagunetik gora dituzten toki erakundeetan. Toki erakundearen mendeko erakunde publikoetan, halaber, ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen langileen berdintasunerako barne planak.
c) Diseinuan, edukian, abiarazteko bidean eta ebaluazioan genero ikuspegirik ez duten proiektuak.
d) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.
e) Kontziliaziorako azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea, Nafarroako Gobernuaren edo Estatuko beste deialdi edo programetan jasota daudenak.
f) Aisialdiko edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuetan eta edukietan generoaren ikuspegia jaso ez badute.
g) Ez dira diruz lagunduko eskola komunitatearentzat prestatutako jarduerak (ikasle, familia eta ikastetxeetako langileei zuzendutakoak), edozein hezkuntza ziklotan, 0-3 tartea barne, edozein dela ere titulartasuna, jarduera horiek eskola-orduetan egiten direnean, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.
h) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.
4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:
a) Toki erakundeek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnenak, 4.4 ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.
Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko berdintasuneko agentearen kontratazioa.
b) Toki erakundearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.
c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturiko gastuak eta antzekoak.
d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).
5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak.
Aurrekontu-partida agortzen bada dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskaera guztiei erantzun gabe, dirulaguntza emanen zaie honako lehentasun hurrenkera honetan, harik eta partida agortu arte:
1. 1. modalitateko eskaerak.
2. 2. modalitateko eskaerak.
3. 3. modalitateko eskaerak, lortutako puntuazioaren arabera, II. eranskinean jasotako balorazio-irizpideei jarraituz. Puntuazio bera duten eskaeren artean berdinketa hausteko, kontuan hartuko da zeinek lortu duen puntuaziorik handiena aipatutako II. eranskineko A ataleko balorazioan (proiektuaren kalitate teknikoari buruzkoa). Berdinketak badirau, biztanle gehien dituzten toki erakundeen arabera zehaztuko da hurrenkera.
5.2. Proiektu bakoitzeko, honako dirulaguntza hauek emanen dira, gehienez:
a) Gehienez ere 12.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik ere, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarik jasotzen ez duten toki erakundeen eskaerentzat. (1. modalitatea).
b) Gehienez ere 6.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntza jasotzen duten toki erakundeen eskaerentzat. (2. modalitatea).
c) Gehienez ere 2.500 euro, lanaldi osoan berdintasuneko agenterik ez duten eta 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten toki erakundeen eskaerentzat (3. modalitatea).
5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:
5.3.1. 1. eta 2. modalitateen kasuan, 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei honako kopuru hauek emanen zaizkie:
a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua", modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua adinakoa edo txikiagoa denean, aurkeztutako eta onartutako kopuruaren %100 jasoko dute.
b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua", modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua baino handiagoa denean, modalitate bakoitzean ematen den gehieneko kopuruaren %100 jasoko dute.
5.3.2. 3. modalitatearen kasuan, 8. oinarriko balorazioan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, eta ehuneko hauek emanen dira:
–71-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %90.
–61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %80.
–40-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %70.
Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatuko dira.
6. oinarria. Dokumentuak.
6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki erakundeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, ondoko atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan igorri beharko direnak, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak:
a) Eskaera. Nahitaez aurkeztu beharko da eskaera ereduaren arabera (III. eranskina). Bertan, deialdiaren proiektua eta aurrekontu osoa deskribatuko dituen memoria jasoko da. Aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuko da, garatu nahi diren jarduera guztiak banaka azaldurik; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko. Agiri bakar batean aurkeztu behar da eskaeraren eredu hori, agiri gehiagotan banandu gabe; kasuan kasuko modalitatea bete beharko da.
Elkartuta aurkezten diren toki erakundeen kasuan, zein erakunde aukeratzen den elkartutakoen ordezkari izateko, haren ordezkariak sinatu beharko du eskaera. Hitzarmeneko erakunde bakoitzak zer konpromiso hartu dituen bere gain adierazi beharko da eskaeran.
b) Toki erakundeko idazkaritzaren ziurtagiria (IV. eranskin gisa ageri den ereduan), 3. eta 12. oinarrietako baldintza guztiak eta 13. oinarrian jasotako betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duena.
Erakunde bakoitzak bere modalitateari dagokiona aurkeztu beharko du, eta dokumentu bakarrean aurkeztu beharko da.
Berdintasuneko agentea kontratatua baldin badu, ziurtagiri horrek jaso beharko du erakunde eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatutako pertsonak parte har dezan, dirulaguntzak estaltzen duen aldi osoan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.
c) 1. eta 2. modalitateetarako, kontratazioa bi toki erakunderen edo gehiagoren akordio baten bidez egiten bada, haien artean dirulaguntzak estaltzen duen aldi osorako lotu duten akordioaren kopia.
d) Gardentasun betebeharren frogagiria (V. eranskina), egiaztatzen duena Gardentasunari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 11 artikulua betetzen dela, 9.3 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
e) Nafarroako Gobernuan dagoen banku-kontua aldatzen bada, edo NABIrekin eragiketak hasten badira, banku-datuak eguneratu edo sartu beharko dira esteka honen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla edo agiriak haren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.
6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean erakunde eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan.
Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontu xehea zehazteko dokumentazioa ezin izanen da zuzendu. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez hamar egun baliodunekoa izanen da.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira deialdiaren fitxatik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).
Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.
8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.
8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izanen du, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.
8.3. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Eskaera bakoitzean, aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoa egiteko, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" hartuko da kontuan. Kontzesioaren zenbatekoa kalkulatzeko, NABIk onartutako proiektuaren aurrekontuaren zenbatekoari "kontzesioaren ehunekoa" aplikatuko zaio.
Kontzeptuen azalpena:
–"NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua": III. eranskinean NABIri eskatutako aurrekontuaren zenbatekoa, "Guztizko aurrekontua" izenarekin, hala badagokio, deialdi honetan diruz lagundu ezin diren proiektuko jardueren zenbatekoa kenduta.
–"Emakidaren ehunekoa (%)": Aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoaren emaitza, deialdiaren 5. oinarrian eta II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Emakidaren zenbatekoa lortzeko, "Emakidaren ehunekoa (%)" aplikatuko zaio "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" den zenbatekoari.
8.4. Proiektuari buruzko irizpideetan, guztira 60 puntu (1. eta 2. modalitateak) eta 40 puntu (3. modalitatea) lortzen ez dituzten proiektuak ez dira ontzat joko eta ez dute dirulaguntzarik izanen.
8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, erakunde onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.
9. oinarria. Ebazpena.
9.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: erakunde eskatzaileen zerrenda, "Aurrekontua" den zenbatekoa III. eranskinaren arabera, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" den zenbatekoa (8.3 oinarria), proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik. Era berean, proiektu bakoitzerako, emandako guztizko zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" den zenbatekoarekin bat etorriko dena.
Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
9.3. Toki erakunde onuradunek gardentasun betebeharra izanen dute, ezarrita dagoena Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 11. artikuluan, baldin dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura dirulaguntzen gaineko araudian jasotako baldintzetan. Betebehar hori bete dela frogatzeko nahikoa izanen da V. eranskinean jasotako ziurtagiria aurkeztea.
10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.
Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.
11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:
Deialdi honetan emandako zenbatekoak gehienez ere 3 hilabeteko epean ordainduko dira, 11.2 puntuaren arabera justifikazioa aurkezteko azken egunetik zenbatzen hasita. Ordainketa bakarra eginen da, 2024an emandako dirulaguntza adinako zenbatekoarekin gehienez (2024ko martxoaren 1etik 2024ko urriaren 31ra).
11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:
Aurreko 11.1 puntuan ezarritako ordainketa egiteko, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dokumentu bereizietan, dirulaguntzaren fitxan eskuragarri dauden eranskinetara egokituta:
2024ko azaroaren 5erako, beranduenez: proiektuaren justifikazio osoa egiteko, dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu beharko da, 2024ko martxoaren 1etik 2024ko urriaren 31ra egindako gastua bilduko duena. Horretarako, aplikatzekoa izanen da 11.3 atalean xedatutakoa.
11.3. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, erakunde onuradunek "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" den zenbatekoa justifikatu beharko dute (8.3 oinarria). Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2024ko azaroaren 5a baino lehen, ondoko atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan igorrita, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak:
–VI. eranskina: justifikazio memoria.
–VII. eranskina: toki erakundeko idazkaritzaren ziurtagiria. Diruz lagundutako proiektuaren guztizko gastuaren justifikazioa jasoko du. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita, hau da, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" (8.3 oinarria).
Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.
Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.
–VIII. eranskina: gastuen eredua, zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak xehakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorrita.
–Behar bezala jaulkitako fakturen kopia: Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.
Inola ere ez dira onartuko ordainagiriak, kutxako tiketak, eskaerak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak edo froga-baliorik eta merkataritzako trafiko juridikoan baliorik ez duten bestelako dokumentuak.
–IX. eranskina: Enpresaren hautapenari buruzko ziurtagiria: Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki erakundeak frogatu beharko du efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela enpresa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Agiri horiek frogatu beharko dute bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartzen dutela argi adierazi beharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta hedapenean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu beharko da. Logotipo horren ezaugarri teknikoak Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan daude jasota (urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak partez aldatu zuen foru dekretu hori).
Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: "Subvenciona/Diruz laguntzen du". Halaber, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoarekin batera, deialdiaren fitxan egonen da eskuragarri, oinarri hauen testuaren amaieran. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.
Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoak eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak, eta abar. Halaber, logoak eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.
–X. eranskina: Genero arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena: kontratatutako enpresek edo aholkulariek adierazi beharko dute generoaren arloko prestakuntza dutela, 4.4 puntuko a atalean adierazitakoarekin bat.
11.4. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen erakundeari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, 10 egun balioduneko epean.
11.5. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastuaren egiaztagirien eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako zenbatekoa txikiagoa baldin bada justifikatu beharreko zenbatekoa baino ("NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" (8.3 oinarria); emakidaren ebazpenean "Justifikatu beharreko zenbatekoa" gisa zehaztuko da), dirulaguntzaren murrizketa proportzionala eginen da, honela:
–1. eta 2. modalitateak. Minorazio proportzionala aplikatuko da, kontuan hartuta emandako zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta justifikatutako eta NABIk onartutako eta zenbatekoa, formula honen arabera: justifikatutako eta onartutako zenbatekoa x emandako zenbatekoa / justifikatu beharreko zenbatekoa.
–3. modalitatea. Emakidaren ehunekoa justifikatutako eta NABIk onartutako zenbatekoari aplikatuko zaio.
Hori guztia, baldin eta proiektu guztia egitetik hurbil badago nabarmenki, eta egiaztatu bada konpromisoak betetzeko joera garbia duela, proiektuaren balorazio berari eutsita.
12. oinarria. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa. Horretarako, idazkariaren ziurtagiri bat erantsiko da, bilduta dagoena IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen dokumentuan.
13. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki erakundeek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.
b) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.
c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Komunikazio horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Hala ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakiten bada horren berri, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, jasotako funtsei eman zaien erabilera adierazita, eta diruz lagundutako jarduera berberak finantzatzeko jasotako beste dirulaguntza batzuk justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztuta.
d) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, erakunde onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.
e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
f) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta diruz laguntzen den proiektuko jardueren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".
g) Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedaturiko betetzea. Foru lege horren bidez gardentasun betebeharrak arautzen dira, barne daudela Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeenak.
14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.
14.1. Erakunde onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere ordaindu, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.
–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.
–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.
14.2. Aurrekoa gorabehera, 1. eta 2. modalitateetan, jasotako diru guztia itzuli beharko da baldin eta toki erakundeak, bere erabakiz eta legezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez bada beste berdintasuneko agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, erakunde onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.
14.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
16. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.
17. oinarria. Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Deialdiaren fitxa (https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/Subvencion-a-Entidades-Locales-de-Navarra-para-desarrollar-en-2024-proyectos-dirigidos-a-fomentar-y-promover-la-igualdad-entre-mujeres-y-hombres), non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik tramitatu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa.
II. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK
1. eta 2. modalitateak.–Eskaerak baloratzeko irizpideak
BALORAZIOA: 100 PUNTU | |
A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA | 60 |
1.–Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua | 45 |
–Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu | 5 |
–Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta | 15 |
–Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta | 5 |
–Proiektuaren garapen kronologikoa | 5 |
–Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak | 5 |
–Aurrekontua egokia da proiektuarentzat | 10 |
2.–Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa | 10 |
–Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak | 5 |
–Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak | 5 |
3.–Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten) | 5 |
B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ERAKUNDEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA | 10 |
C) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK | 10 |
–Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki erakundetik kanpora eta herritarrei, orokorrean (mota askotako publikoa) | 5 |
–Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea (denetariko komunikabideak) | 5 |
D) PROIEKTUAN PARTE HARTZEA BESTE TOKI ERAKUNDE BATZUEK, LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ERAKUNDEKO BESTE ARLO BATZUEK | 10 |
Emakumeen elkarteak | 4 |
Tokiko kolektiboak | 4 |
Toki erakundearen eskumeneko beste arlo batzuk eta beste instituzio batzuk | 2 |
E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste erakunde edo lurralde batzuetara eramateko modukoa) | 10 |
3. modalitatea.–Eskaerak baloratzeko irizpideak
BALORAZIOA: 100 PUNTU | |
TOKI ERAKUNDEAK BERDINTASUNAREKIN DUEN KONPROMISOA | 30 |
–Zainketen aldeko Tokiko Ituna sinatu du, edo eskaera ofiziala egin dio NABIri programan parte hartzeko | 12 |
–NABIren gidaren araberako indarkeria-protokoloren bat du | 12 |
–Berdintasuneko kontseilu edo batzorde bat dauka | 6 |
PROIEKTUARI BURUZKO IRIZPIDEAK | 70 |
A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA | 40 |
1.–Koherentzia: helburuak, ekintzak, denborak, baliabideak, aurrekontua | 30 |
–Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu | 5 |
–Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta | 10 |
–Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta | 4 |
–Proiektuaren garapen kronologikoa | 4 |
–Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak | 2 |
–Aurrekontua egokia da proiektuarentzat | 5 |
2.–Proiektuak toki erakundearen beste programa eta jarduera batzuekin duen harremana (sinergiak beste udal arlo batzuekin, emakumeen elkarteen mugimenduekin, eta abar) | 5 |
3.–Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten) | 5 |
B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ERAKUNDEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA | 10 |
C) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK | 5 |
–Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki erakundetik kanpora eta herritarrei, orokorrean (mota askotako publikoa) | 3 |
–Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea (denetariko komunikabideak) | 2 |
D) PROIEKTUAREN INPAKTUA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA | 10 |
–Gauzatze mailaren eta emaitzen adierazleak | 5 |
–Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak | 5 |
E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste erakunde edo lurralde batzuetara eramateko modukoa) | 5 |
III. eranskina.–Eskaera eredua.
IV. eranskina.–Idazkaritzaren ziurtagiria.
V. eranskina.–Gardentasun betebeharrak betetzearen ziurtagiria.
VI. eranskina.–Justifikazio memoria.
VII. eranskina.–Idazkaritzaren ziurtagiria (justifikazioa).
VIII. eranskina.–Gastuen eredua.
IX. eranskina.–Enpresaren hautapenari buruzko ziurtagiria.
X. eranskina.–Generoaren arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena.
Iragarkiaren kodea: F2407419
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
