2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen 2017tik 2019ra bitarteko hitzarmen kolektiboa aldatzea
Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2024ko otsailaren 19an honako Erabaki hau hartu zuen:
Martxoaren 29ko 12/2023 Foru Legeak -lege horrek 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena aldatzen du eta 2023ko apirilaren 19an sartu zen indarrean- bere hogeita hirugarren xedapen gehigarrian arautzen ditu antzinatasunagatik hartu beharreko opor-egun gehigarriak eta antzinatasunagatik hartu beharreko norberaren aferen baimenak. Lege-aldaketa hori bateraezina da indarrean dagoen Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen indarreko Hitzarmen Kolektiboaren 23. artikuluarekin.
Hori dela eta, eta legezkotasun-printzipioaren araberako akordio bat lortzeko helburuarekin, Negoziazio-mahaiaren bilerak egin ziren 2023ko apirilaren 28an eta maiatzaren 4an, bai langile lan-kontratudunekin, bai funtzionarioekin. Mahai horietan 2023an arau horiek nola aplikatuko ziren adostu zen, eta ohartarazi zen bi arauen arteko bizikidetza 2023ko abenduaren 31n amaituko zela, eta inguruabar hori Udalaren intranetaren bidez jakinaraziko zitzaiela langile publikoei.
Bidezkoa da, beraz, eta iragarritakoa betearazteko, organo eskudunak Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen 2017tik 2019ra bitarteko Hitzarmen Kolektiboaren aldaketa berrestea, eta horregatik, erabakitzen da:
Lehena.–Ezabatzea Iruñeko Udaleko zein haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen 2017-2019ko aldirako lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren 23. artikulua. Hitzarmena 2017ko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 8koan, argitaratu zen.
Bigarrena.–Erabakia erregistratzeko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko behar diren izapideak egitea, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Ebazpen honen aurka honako errekurtso hauetako bat paratzen ahal da:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2024ko otsailaren 19an.–Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
Iragarkiaren kodea: L2407630