2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BARAÑAIN
Alkateak bereganatzea Tokiko Gobernu Batzarrari kontratazio arloan eskuordetutako eskumenak
Barañaingo Udaleko alkateak, maiatzaren 20an, honako ebazpen hau eman zuen:
"Alkatetzak, 2023ko ekainaren 29an, 790/2023 Ebazpena eman zuen, eskumen bat Gobernu Batzarraren esku uzteko. Orain, maiatzaren 20an emandako 556/2024 Ebazpenaren bidez, eskuordetze hura bereganatzen da, eta onesten da Eultza urbanizatzeko proiektua idazteko zerbitzu-kontratua esleitzea Alínea Ingeniería y Territorio SL enpresari.
Alkatetzaren ekainaren 29ko 790/2023 Ebazpenaren bidez, Gobernu Batzarrari eskumena eskuordetu zitzaion kontratazio-organo izateko, zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino handiagoa ez den kasuetan.
Hala ere, ikusi da premia handia dagoela Eultzako urbanizazio-proiektua idazteko zerbitzu-kontratua esleitzeko. Hori dela eta, arindu egin behar da haren izapidetzea, eta, beraz, kide anitzeko organoari esleitu zaion eskumena bereganatzen da, kide bakarreko organo batek izapidetu dezan.
Baliatuz azaroaren 8ko 9/2017 Legeak (bigarren xedapen gehigarrian) ematen didan eskumena (9/2017 Legea, Sektore Publikoko Kontratuena, zeinaren bidez egiten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa, Espainiako ordenamendu juridikora, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikuluak igorrita).
Kontuan hartuz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 8. eta 10. artikuluetan jasotako aukera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren legea) eta azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 44.2 eta 116. artikuluetan xedatutakoa (errege dekretu horren bidez onetsi zen Toki Erakundeen Antolaketa, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoaren Erregelamendua). Halaber, kontuan hartuz organo eskuordetzaileak beretzat hartzen ahal duela gai baten gaineko ardura –betiere tartean badaude izaera juridikoko inguruabarrak–, nahiz eta gai hori beste organo batek ebatzi behar duen, eskuordetuta.
Baliatuz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.b) artikuluak legez ematen didan ahalmena (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen legea).
Horrenbestez,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–2023ko ekainaren 29ko 790/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumena neureganatzea. Eskuordetze horren bidez, Gobernu Batzarraren esku uzten zen Eultza urbanizatzeko proiektua idazteko zerbitzu-kontratua esleitzea Alínea Ingeniería y Territorio SL enpresari.
Bigarrena.–Ebazpen honetako bereganatzeak ondorioak izanen ditu sinatzen den egunetik aitzina.
Hirugarrena.–Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Laugarrena.–Bereganatze hau Gobernu Batzarrera eta Udaleko osoko bilkurara igortzea, jakinaren gainean egon daitezen.
Barañainen, 2024ko maiatzaren 23an.–Alkatea, María Lecumberri Bonilla.
Iragarkiaren kodea: L2408384