1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
343E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Arbizuko Udal Plana 1. poligonoko 204. lurzatian aldatzeari buruz, ingurumenean ukipen nabarmenik sortzen ez duela iritzita. Agotzaina SL enpresa da sustatzailea.
Arbizuko Udal Planeko aldaketa hasiera batez onetsi da 2022ko azaroaren 29an, eta jendaurrean jarri da, iragarkia argitaratu baita 2022ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 20koan.
Kontuan izanik ingurumen-baimen integratuaren prozeduran jarduerak dituen aurrekariak, industriagunea handitzeko egin diren kontsultak eta hasiera batean onetsi den dokumentazioa, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak errekerimendu bat egin zuen 2023ko maiatzaren 10ean, non zehaztu baitzituen espedientean ingurumenaren aldetik jasotako alderdi garrantzitsuak.
Gero, 2023ko azaroaren 20an, Arbizuko Udalak behin-behinean onetsi zuen espedientea. Haren dokumentazioan, hirigintza-memoria eta eranskinak daude, non biltzen baitira, besteak beste, azterketa hidraulikoa eta dokumentazio osagarria.
Aldaketaren helburua da industriagunea handitzea, 1. poligonoko 204. lurzatia gehituta. Aldi berean, proposatzen da "planeamenduarekin bat ez datorren eraikuntza" deklarazioa kentzea Udal Plan Orokorretik, erabiltzen baita garai bateko nekazaritzako nabe batzuetarako, eta jada ez daude, haien ordez egungo industriako nabeak baitaude. Eta, azkenik, zuzendu behar da planeamenduan atzemandako akats bat; izan ere, industria-lurzoru gisa sailkatzen da bide publikoko eremu luzanga bat, industria-eremutik ipar-mendebaldera.
204. lurzatiak industriako instalazioak ditu mugakide hegoaldean, eta NA-7100 errepidearen biribilgunearen aurrean dago. "Balio ertaineko nekazaritzarako gorde beharreko lurzoru urbanizaezin" gisa sailkatuta dago, eta 4.969,15 m²-ko azalera du. Biribilgunea egin ondoren, azalera hori aldatu da. Izan ere, gaur egun lurzatiak ez du nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilera zehatzik, aldatzen joan baita industria-jardueraren beharrei erantzuteko; zehazki, aparkaleku bat (770 m²) eta kamioiak sartu eta maniobratzeko eremu bat (987 m²) ezarri dira. Beraz, lurzoruaren %35 eraldatuta dago jada, kontuan izan gabe instalazioetarako, araztegirako (215 m²) eta prentsa-iragazkietarako (15 m²) azalerak. Topografia irregularra du, 3 metroko kota-aldearekin. Desnibela nabarmenagoa da ekialdeko mugan, araztegia dagoen Leziza errekaren ezkerreko ertzean.
Bestalde, lurzatiak zortasun bat baino gehiago ditu, hala nola gasbidea, autobia (50 m) eta NA-7100 errepidea (18 m) eta Leziza erreka (5 m). Modelizazio hidraulikoa egin ondoren, ondorioztatzen da lurzatiak ez duela uholde-arriskurik edo lehentasunezko fluxu-eremurik.
Antolamenduak aurreikusten du 1.936 m²-ko azalera izanen duela industriako eraikin berriak, lerrokadurei eutsiz lehendik dauden eraikinekin eta aparkalekuekin (bata eraikinarekiko perimetrala eta bestea gasbidearen inguruan). Memorian adierazitako neurrien artean, jasotzen da aparkalekuetan zoladura porotsua jartzea eta aparkalekuetan zuhaitzak paratzea. Hirigintzako fitxak berariaz jasotzen ez dituenez, proposatzen da txosten honetako baldintzetan biltzea.
Hornidurarako azpiegitura nagusiekiko loturari dagokionez, jarduerak badauka bere transformazio-zentroa, bai eta saneamendu- eta hornidura-sareekiko lotura ere; beraz, eremua handitu ondoren, ez da lotura berririk aurreikusten.
Leziza erreka korridore ekologiko garrantzitsutzat jota dago "Aralar Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) eta Urbasa eta Andia KBEaren arteko lotura ekologikoa" azterlanean (2021eko maiatza, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua). Horri dagokionez, 204. lurzatian errekaren ondoan aurreikusitako 5 m-ko zortasuna ez da nahikoa dagoen landarediari eragitea saihesteko (bereziki aparkaleku batzuen kokapenagatik) edo haren balio ekologikoa hobetzeko.
Industriagune osoari dagokionez, gogorarazi behar da 1. poligonoko 205B lurzatia, Leziza errekaren ibaiertzeko landarediari dagokiona, ez dela industriagunearen parte, eta landa-lurzoru izaten jarraituko duela.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala egin dela ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, eta, Arbizuko planeamenduan atzemandako akatsak zuzentzeko eta eguneratzeko proposamenari dagokionez, ingurumen arloko baloraziorik behar ez duten zuzenketak direla. Bestalde, adierazten du indarrean daudela 2023ko maiatzaren 10eko txostenean azaldutako ingurumen-baldintzak: Leziza errekaren ezkerraldean ibaiertzeko landaredia lehengoratzeari buruzkoa eta aparkalekuetarako eremuaren tratamenduari buruzkoa.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen-txosten estrategikoa egiten da Arbizuko Udal Plana 1. poligonoko 204. lurzatian aldatzeari buruz, ingurumenean ukipen nabarmenik sortzen ez duela iritzita. Agotzaina SL enpresa da sustatzailea.
2. Unitatearen hirigintzako fitxak (ZO-11.1) ingurumen arloko neurri hau jasoko du determinazioen artean:
Leziza errekaren inguruneari dagokionez, ikusita zenbateraino dagoen andeatuta egun ibaiertzeko landaredia eta kontuan harturik zeinen garrantzitsua den lotura ekologikoa egiteko Urbasa-Andia kontserbazio bereziko eremuaren eta Sakanako korridorearen artean, 10 metroko babes tartea ezarriko da errekarekiko (oinplanoko proiekzioan neurtuta), eta huraxe izanen da ZO-11.1 unitateko berdegunea. Babes tarte horretan, lurzorua aldatu gabe mantenduko da (trinkotu eta zolatu gabe, instalaziorik edo pilaketarik gabe...). Hala, dagoen landaredia kontserbatuko da, eta ibaiertzeko espezie autoktonoak landatuko.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Arbizuko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2407386