113. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

175E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita Longidako udal mugartean hondakin-uren arazketarako dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 105E/2024 Ebazpenaren bidez emana, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen 17/2020 Foru Legearen 22. eranskineko 13.3 taldean.

2024-03-26an, titularrak bere ingurumen baimen bateratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen; zehazki, lurzorua kutsa dezakeen jardueraren izaera eta haren ondoriozko betebeharrak ezabatzeko, uste baitu jarduera ez dagoela sartuta urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren I. eranskineko zerrendan (errege dekretu horren bidez, lurzorua kutsatzen ahal duten jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuak deklaratzeko irizpide eta estandarrak ezarri ziren).

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta ondorioztatu du ez dela onargarria; izan ere, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren I. eranskinean (azaroaren 2ko PRA/1080/2017 Aginduaren bidez aldatua) zehazten zerrendan, non lurzorua kutsa dezaketen jarduerak zehazten baitira, sartuta daude 2.000 biztanle baliokide baino gehiagoko hiriko hondakin-uren arazketarako instalazioak.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ukatzea Longidako udal mugartean hondakin-uren arazketarako dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 10ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F2407722