112. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

KASEDA

Aldaketa Eraikingintza-ordenantzan. Behin betiko onespena

Kasedako Udalak, 2024ko martxoaren 22ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Eraikingintza-ordenantzan, eta 2024ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 16an. Aldaketarekin, 28 bis eta 58 bis artikuluak gehitzen dira aipatu ordenantzara.

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Kasedan, 2024ko maiatzaren 20an.–Alkatea, Jesús Esparza Iriarte.

KASEDAKO UDALEKO ERAIKINGINTZA-ORDENANTZAREN ALDAKETA

1. 28 bis artikulua gehitu da eta honela gelditzen da idatzirik:

28. artikulua.Bis. Baldintzak, honako hauek instalatzeko: ur-hornidura, saneamendua, aerotermiako kanpo-unitateak, aire girotua eta bero-ponpak.

Eraikin berrietan eta eraberritze-obra garrantzitsuetan, ur-hornidurako eta saneamenduko harguneen instalazioan honako baldintza hauek bete behar dira:

Ur-kontagailuak eraikinaren kanpoaldean kokatuko dira, eta honako hauetan egon daitezke:

–Burdinurtuzko kutxa batean edo beira-zuntzez indartutako HDPE kaxa batean. Estalkia izanen du, erresistentzia handiko konpositezkoa (B-125), espaloietan dauden 25 milimetrorainoko kontagailuetarako.

–Beira-zuntzez indartutako poliesterrezko armairu batean, fatxadan edo horman, 25 milimetrorainoko kontagailurako.

–Ur beltzen eta euri-uren harguneek (hala badagokio) zuzeneko igarobideko erregistro-kutxeta bat izanen dute jabetzaren kanpoko mugaren ondoan. Kutxeta hori hartuko da abio-kutxatilatzat eta mantentze-lan publiko edo pribatuen eskumenak mugatzeko puntutzat.

Kanpoaldean kokatuko diren unitateak instalatzeko (hain zuzen, aerotermiako, aire girotuko edo bero-ponpako ekipamenduak), baldintza batzuk bete behar dira ezaugarri estetikoei, kutsadurari akustikoari eta ingurumenari dagokienez. Hona hemen:

Eraikinetako estalkietan, teilatuetan, terrazetan edo balkoietan instalatuko dira, irizpide estetikoak beteko dituzte eta egunez zein gauez araudia beteko dute honako hauei dagokienez: zaratak eta bibrazioak egiteko mugak, airea kanporatzeko emaria eta altuera berean edo gorago dauden leiho edo zuloekiko distantziak.

Salbuespen gisa, frogatzen bada ezinezkoa dela aurreko paragrafoan adierazitako lekuetan instalatzea, fatxadan kokatu ahal izanen dira (ahal dela, barneko patio batean), betiere lurzoruarekiko 2,50 metrotik gorako altueran eta fatxada-planotik gehienez 45 zentimetroko lurgainean, sareta barne.

Instalatzeko proposamenak kontuan hartu beharko du unitateen kondentsazio-uren tanta-jarioa eta bilketa, beste elementu batzuetan eraginik izan ez dezaten.

2. 58 bis artikulua gehitu da eta honela gelditzen da idatzirik:

58 bis artikulua. Espazio librea edo jabari publikoa okupatzea inguratzaile termikoa jartzeko.

Lehendik dauden eraikinetan inguratzaile termikoak egiteko, memoria tekniko bat aurkeztu beharko da, teknikari eskudunak sinatua, edo exekuzio-proiektu bat, teknikari eskudunak sinatua eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsia.

Dokumentu horietan adieraziko dira, besteak beste, materialak, osaera, ezaugarri eta propietate teknikoak eta homologazioak. Halaber, justifikatuko da %30 murriztu izana eraikinaren berokuntzarako edo hozteko urteko energia-eskaria.

Akaberako materialek bat etorri beharko dute Kasedako Eraikingintza-ordenantzen 94. eta 106. artikuluetan baimendutakoekin. Zehazki, honako hauek baimentzen dira:

a) Akabera zarpiatua, edozein motatako morteroekin, Udal Planean definitutako eremu guztietan.

b) Fatxada aireztatua, zeramikazkoa, Kasedako 4., 5., 6., 7. eta 8. eremuetan.

c) Fatxada aireztatua, HPL goi-presioko ijezketarekin, Kasedako 4., 5., 6., 7. eta 8. eremuetan.

d) Zurezko panelen fatxada aireztatua Udal Planean zehaztutako eremu guztietan.

e) Fatxada aireztatua, zur sintetikokoa, Kasedako 4., 5., 6., 7. eta 8. eremuetan.

f) Fatxada aireztatua, harri aglomeratuzkoa, Udal Planean zehaztutako eremu guztietan.

Inguratzailearen espazio publikoaren gehieneko okupazioa 15 zentimetrokoa izanen da, fatxadaren lerrokadura ofizialetik neurtuta.

Zabalera txikiko kale edo bide publikoetan (<4,00 metro) ez da baimenduko beheko solairua okupatzea, 2,50 metroko gutxieneko altuerara arte.

Inguratzaile horretatik kanpora ez da aterako eraikineko instalazioen edo euri-uren zorrotenen elementurik, eta lodiera horretan sartu beharko dira.

Ahalbidetu beharko da argiteria publikoko elementuetara (farolak, kableak, erregistro-kaxak, konexioak, etab.) sartzeko eta horiek ordezteko, inguratzaile berrian esku hartu beharrik izan gabe.

Iragarkiaren kodea: L2408107