1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
377E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baitzaio Cabanillasko udal-mugartean biometano-sarea NEDGIAren injekzio-zutoinera konektatzeko instalazioak egikaritzeko proiektuari. Proiektua E-cogeneración Cabanillas SLk sustatu du.
2024ko martxoaren 6an, espediente hau izapidetzea dagokion organoak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari hasiera emateko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazioaren Atalari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. multzoaren f) letran sartuta dago.
Espedientea izapidetzeko, proiektuak ukitutako hainbat administrazio-unitateri egin zaie kontsulta; hala, espedientean jaso dira Cabanillasko Udalaren, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalaren eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren erantzunak.
Jasotako txosten horiek kontuan hartu dira ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiteko, honako hauen arabera: Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikulua; azken hori funtsean berdinak diren edo elkarren artean lotura estua duten beste prozedura batzuetako izapideak metatzeko erabakiari dagokio.
–Proiektuaren deskribapena.
Lurperatutako gas-kanalizazio berri bat egitea aurreikusten da, 2.593 metroko luzerakoa, enpresa sustatzaileak Cabanillasko 7. poligonoko 30. partzelan duen biogas-instalazioaren ekoizpena sare orokorrarekin lotzeko, Erregulazio eta Neurketarako Estazioan (ENE); azken hori udalerri bereko 2. poligonoko 994. partzelaren ipar-ekialdeko muturrean dago, Cabanillasko abeltzaintza-poligonoaren ondoan.
Gasbidea lehenengo zatian E-cogeneraciónen instalaziora sartzeko bidetik abiatu ondotik, Serraltako bidetik igarotzen da, soroen artean, eta, aitzinago, Deustiatik Urbasa-Andiara doan errege-altxonbidea (CRTUA) zeharkatzen du iparretik hegora. CRTUA gurutzatu eta 20 bat metro hegoaldera, ekialderantz biratzen du, eta, paraleloan, 1.300 m inguru jarraitzen du; han, CRTUA-RCB lotura-adarra gurutzatzen du, bai eta Presal sakana ere. Azkenik, hegoaldera doan bidearen gainean, abeltzaintza-poligonora iristen da gasbidea, eta, azkenean, ENEarekin lotzen da.
Kanalizazioa 90 eta 63 mm-ko diametroa duten PEzko bi hoditeriaren bidez egiten da, zanga beraren gainean paraleloan jarrita; zangak 55 cm-ko zabalera du eta 1 m-eko sakonera. Egikaritze-lanek 10 m-ko aldi baterako okupazio-zabalera behar dute, salbu eta baratze-eremu batetik igarotzen denean, 6 m-ra murrizten baita puntu horretan.
Proiektatutako kanalizazioa ureztalur batean eginen da, zeinak kanal artifizialen sare trinkoa baitu. Bertan, ureztatutako zenbait lursail zeharkatuko ditu, bai eta baratze-eremu bat, hormigoizko 6 ureztatze-kanal, zeharka, eta lehendik zeuden 6 bide ere. Gainera, Presal sakaneko korronte natural ez-iraunkorra gurutzatuko du, bai eta bi abelbide ere: Deustiatik Urbasa-Andiara doan errege-altxonbidea eta CRTUA-RCB lotura-adarra.
–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatua tramitatzea.
Cabanillasko Udalak aldeko aurretiko txosten teknikoa egin du. Txosten horretan adierazten denez, fidantza bat eratu beharko da ziurtatzeko obraren EEHak behar bezala kudeatzeko baldintzak betetzen direla, eta, bestalde, behar bezala erregistratuta dagoen eraikitzaile/EEHen edukitzaile bat kontratatu beharko da. Gainera, proposatutako trazadura zehatz-mehatz aurkeztu beharko da planoetan, zerbitzuen udal-sareekin gurutzatzen den puntuak markatzeko.
Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalak adierazi du proiektuak ukipen arina eragiten duela gaur egun dauden ureztalurren gainean, eta ez diola eragiten Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Planari.
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak jakinarazi duenez, ez dago proiektua izapidetzeko eragozpenik katalogatutako ondare arkeologikoari dagokionez. Hala ere, obra egiten den bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legezko betebeharra dago aurkikuntza berehala jakinarazteko.
Jasotako txosten horiek kontuan hartu dira ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiteko, honako hauen arabera: Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikulua; azken hori funtsean berdinak diren edo elkarren artean lotura estua duten beste prozedura batzuetako izapideak metatzeko erabakiari dagokio.
–Ingurumen-analisia.
Jarduketa-eremua Ebro ibaiaren ezkerraldearen iparraldean dago, 1.700 metroko distantziara, Cabanillasko hirigunearen iparraldetik 500 bat metrora, eta Errege Bardeako Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta Deustiatik Urbasa-Andiara doan errege-altxonbidearen hegoaldeko mugan.
Proiektua, ibilbide osoan, Errege Bardeako Kontserbazio Bereziko Eremutik (KBE) hurbil baina mugetatik kanpo eginen da. Beraz, ez da espero proiektua egikaritzeak, ustiatzeak, eta, kasua bada, bertan behera uzteak KBE hori izendatzeko aintzat hartu ziren natura-balioetan eraginik izatea.
250 metroko tarte batean zehar, AC 21 Errege Bardea eremu kritikoaren mendebaldeko mugaren ondoan doa kanalizazioa, Serralta bidean zehar, soroen artean. Kanalizazioa bide horren erdialdean proiektatzen denez, ez da aurreikusten obrek eragin nabarmena izanen dutenik estepako abifaunan.
Proiektua gauzatzeak zuhaitz askori eragin liezaieke, Populus alba espeziekoei bereziki, batez ere abelbidearen ondoan. Beraz, trazadura aldatzeko ahalegina eginen da, txosten honetako baldintzetan adierazitako tarteetan, zuhaitz horiek kontserbatzeko.
Era berean, hurbiltasuna dela-eta, eragina jasanen dute bi idoik, errege-altxonbidean dabilen ganaduarentzako edanleku gisa erabiltzen direnak biak, V31 eta V39 erpinen parean kokatuak. Bereziki garrantzitsua da V31ko idoia; izan ere, haren inguru osoan ingurune natural bat sortu da, eskualde horretan ohikoak diren zuhaixka eta zuhaitz ugari landatuz, eta, era espontaneoan, hezegune-mota horri dagokion landaredi higrofiloz hornitu da. Hori dela eta, hura babesteko bete beharreko alderdiak zehazten dira.
Gasaren kanalizazioak Deustiatik Urbasa-Andiara doan errege-altxonbideari eragiten dio. Hori dela eta, inguruko zuhaitz guztiak mantenduko direla zainduko da bereziki.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen ala txosten honetan ezartzen denaren araberako ingurumen-inpaktuaren txostena dagokion.
Aurkeztutako ingurumen-agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin.
Kontsulten emaitzak ikusita eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak aditzera eman du, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bitartez, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta betetzen badira ingurumen inpaktuaren txosten honetan jaso diren determinazioak, proiektuaren baimen substantiboan integratuko direnak. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Cabanillasko udal-mugartean biometano-sarea NEDGIAren injekzio-zutoinera konektatzeko instalazioak egikaritzeko proiektuak –E-cogeneración Cabanillas SLk sustatua– ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, horrenbestez, ez du bete behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, 21/2013 Legearen II. tituluaren I. kapituluaren 1. atalean aurreikusten dena.
Hala ere, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Lanak hasi aurretik, argi mugatuko dira tokian bertan hargunearen trazadura eta materialak pilatzeko gunea.
–Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lan-eremuko eta ertzetako sastrakak kenduko dira; ahal dela, adarrak inausi eginen dira, zuhaitzak bota beharrean. Adarrak modu garbian ebakiko dira, urratu gabe.
–E-cogeneraciónen plantatik Deustiatik Urbasa-Andiara doan errege-altxonbiderainoko (CRTUA) lehen zatia, AC 21 Errege Bardea eremu kritikoaren mendebaldeko mugatik igarotzen dena, lehendik zeuden bideetatik eramanen da, ertzetako landaredi naturalari eragin gabe.
–CRTUAren bidegurutzean V19tik V20ra arteko konexiorako trazadura mugitu eginen da, ahal bezainbeste, proiektatutakoaren mendebalderantz, abelbidearen ondoan dauden Populus alba zurzuri handiei ez eragiteko. Zuhaitz-multzo hori babestu eginen da; horretarako, oholez inguratuko da obretatik hurbilen dagoen alearen enborra, gutxienez.
–V 20 eta V21 arteko kanalizazio-tartea 10 bat metro hegoalderago eginen da, proiektatutakoa baino, 6-10 metroko altuerako 15 zurzuriren beste multzo bati eragitea ekiditeko.
–V22tik V27ra bitartean, kanalizazioa behar adina desbideratuko da hegoalderantz, abelbidearen ondoan dagoen zuhaitz-masari ez eragiteko.
–V30 eta Canosako bidearen artean dagoen idoiaren inguruan sortu den eremu naturalaren ingurumena zaintzeko –eskualdean ohikoak diren zuhaitz eta zuhaixka ugari landatu dira idoi horren inguru osoan–, ahal bezain txikia izanen da okupazio-zabalera (5 m gehienez). Obrak egin ondotik, jatorrizko egoerara itzuliko da eremua, eta ezabatzen den zuhaitz- eta zuhaixka-kopuru bera landatuko da, gutxienez.
Tarte horretako obrak amaitu bezain laster, obren aurreko baldintza orografikoetara itzuli beharko da lursaila, idoi horren ur-hornidura bermatzeko. V39tik gertu dagoen hezegunearentzat ere baliagarria da jarraibide hori.
–V33aren ondoan dagoen zuhaitz handia mantentzeko ahaleginak eginen dira.
–V39ko idoiaren ondoko obrak egindakoan, idoia urez hornitzen duen jatorrizko orografia lehengoratuko da.
–Egin beharreko obrak bukatu ondotik, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare-lurreko geruza bat kendu (30 cm gutxienez) eta aparte pilatuko da, hondeaketa-lanen gainerako materialetatik bereiz, irekitzen diren zangen gainazala estaltzeko eta obrek ukitutako eremuak leheneratzeko lanetan erabili ahal izateko, obrak bukatzen direnean. Landare-lur hori zoruan zabaldu eta profilatuko da inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia lortu arte.
–Gainera, leheneratze-lanak egitean, makinek zapaldutako lurra destrinkotu eginen da, ereiteko prestatu, eta eremu horretan ohikoak diren belar- eta zuhaixka-hazien nahasketa bat ereinen da.
–Obrak egiten diren bitartean zuhaitzak moztea planteatzen bada, dagokion baimena eskatuko zaio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, eta inguruko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari jakinaraziko zaio, bota beharreko zuhaitzak markatzeko.
–Zuhaitz edo zuhaixkak kentzen badira, ordezkoak landatu beharko dira –eskualdeko espezie autoktonoak– eta ukitutako jatorrizko landaredia lehengoratzeko ahaleginak eginen dira.
–Baratze-eremuan, tamaina handieneko fruta-arbolak mantentzeko ahalegina eginen da, eta kaltetutako ureztatze-azpiegitura guztiak berrituko dira.
–Zangan zehar, tarteka, arrapalak jarriko dira, bertara istripuz erortzen den fauna askatzeko. Zanga estali aurretik, berrikusiko da, eta, hala badagokio, barruan dagoen fauna askatuko da.
–Obran bertan berrerabiltzen ez diren hondeaketako soberako harriak eta lurrak bertatik kenduko dira, eta baimendutako hondakin-kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruz indarrean den araudiarekin.
–Obrak hasi aurretik, gutxienez 48 ordu lehenago, abisu eman beharko zaio Ingurumena Zaintzeko Atalaren Tuterako Koordinazio Unitateari (telefonoa: 609 90 49 57; helbide elektronikoa: gmatudela@navarra.es), lanen zuinketan egon dadin, eta, horrela, eremu horretako elementu naturalei ahalik eta kalterik txikiena egin dakien.
–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera, Tuterako Koordinazio Unitatera eta interesdunari.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2408052