112. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

373E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-eraginaren txostena ematen baita Ultracongelados de Cortes SL enpresak sustatutako Produktu begetal ultraizoztuak fabrikatzeko proiektuari buruz.

2024ko urtarrilaren 5ean, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo eskuduna den aldetik, eskaera bat igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, hasiera emateko honi buruzko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari: Ultracongelados de Cortes SL enpresak Cortesen duen produktu begetal ultraizoztuen fabrikaren ekoizpena handitzea.

Ekoizpenaren handitzea eguneko 300 tonatik gorakoa denez, jarduera hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. taldeko b) epigrafean sartzen da, eta, beraz, legezko xedapen hori betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar da.

I. eranskinean, proiektuaren oinarrizko datuak laburbildu dira, bai eta proposatzen diren neurri zuzentzaile nagusiak ere.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen ala txosten honetan ezartzen denaren araberako ingurumen-inpaktuaren txostena dagokion.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.

Aurkeztutako ingurumen-agiria partez egokitzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denera. 21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Izapide horretan, kontsulta egin zaie Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Cortesko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.

Hondakinen Atalak eta Kutsaduraren Prebentzio Atalak adierazi dute ez dagokiola txostena egitea. Izan ere, kontsulta egin den egunean proiektua ingurumen-baimena izapidetzearen azterketa-fasean zegoenez –ingurumen-ebaluazioaren aldi berean egiten ari dira–, ez dago eskatutako txostena egiterik.

Proiektuaren analisia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Cortes herriaren iparraldeko muturrean dagoen lantegi batean dago jarduera, erabilera industriala duen eremu urbanizatu batean. Beraz, ez die zuzenean eragiten proiektuaren inguruko ingurune naturalaren balioei.

Bestalde, ingurumen-baimen integratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta urean izan litzakeen ingurumen-inpaktuak, bai eta hondakinen sorrerak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere.

Instalazioko isurketek Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren (CHE) 2017/S/672 isurketa-baimena dute.

Jarduera Cortesko bizitegi-eremu baten ondoan dagoenez, kontuan hartu behar da baimen substantiboaren bidez behar bezala kontrolatu behar direla bai fabrikak eta jarduerak eragindako trafikoaren soinu-inpaktua, bai trafiko horrek Cortesko biztanleei sortzen ahal dizkien eragozpenak.

Kontsulten emaitza eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bitartez, proiektuaren aldeko txostena ematen du, eta adierazten du ez dagokiola ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Horrek guztiak ez du ukatzen indarreko legeriari jarraikiz beharrezko diren bestelako baimenak eskuratu beharra, eta, bereziki, proposamenaren ingurumen-baimen integratua eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua

EBAZTEN DUT:

1. Ultracongelados de Cortes SL enpresak sustatzen duen Produktu begetal ultraizoztuak fabrikatzeko proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta beraz, ez du behar abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean ezartzen den ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Cortesko Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN ETA PROPOSATZEN DIREN INGURUMEN-NEURRI ZUZENTZAILE NAGUSIEN DESKRIBAPENA

Txosten honen xede den barazkiak ultraizozteko jarduera Cortesko 5. poligonoko 795. partzelan dauden instalazioetan garatzen da, erabilera industrialeko lurzoru urbanizatuan (Cortesko Aguadores kalea). Partzelak 12.733 m² ditu gutxi gorabehera, eta hainbat eraikin (nabea, biltegia, laborategia, bulegoak, aldagelak, jantokiak, etab.), guztira 10.663 m²-ko azalera eraikia osatzen dutenak. Gainera, lurzoru urbanizatuan hau ere, Cortesko 5. poligonoko 957. partzelan (5.030 m² ingurukoa) jardueraren biltegi bat eta haren hondakin-ur industrialen araztegia (HUIA) daude, 2.930 m²-ko azalera eraikia dutenak.

Urtero 57.000 tona barazki inguru prozesatzen dira (brokolia, azalorea, babak, txitxirioa, ilarra, babarrun zuria, garrofoia, dilista, leka berdea, leka berde biribila, babarrun horia eta endamamea). Energiaren, lehengaien eta osagarrien kontsumoaz gain, nabarmendu behar da jarduerak urtean 420.000 m³ ur behar dituela prozesuan.

Prozesatu beharreko produktu begetalak ikuskatu egiten dira harrera-gunean, eta, gero, landareen egokitzapen-gunera eramaten dira. Bertan, garbitu, zuritu, zatitu, kalibratu, hautatu eta abar egiten dira. Horren ondotik, ur beroko dutxekin galdarraztatzen dira, 72 ºC-an, 30 segundoz gutxienez. Horren ondotik, bi izozte-tuneletara sartu aurretik, produktuaren tenperatura 15 ºC-tik 4 ºC-ra jaisten da.

Produktu begetal egokitu eta garbitu horiek izozte-tuneletan ultraizozten dira. Bertan, azkar jaisten da haien tenperatura; kristalizazio maximoko eremua (-1 ºC-tik -5 ºC-ra) igarota, -18 ºC edo tenperatura baxuagoetaraino iristen da. Behin izoztuta, -18 ºC-tik beherako tenperaturan gordetzen dira, 2 izozte-ganberatan, ontziratu eta biltegi hotzera eramaten dira, hozkailu-kamioietan atera arte han egon daitezen.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (CHE) 2017/S/672 jarduerari emandako baimenari jarraituz, instalaziotik gertu dauden bi puntutan egiten dira isuriak, kolektore batera, eta kolektore horrek azkenean Huecha ibaira –Zaragoza probintzian– isurtzen du guztia. Horietako puntu batean, hauek isurtzen dira, jardueraren HUIAn araztu ondotik: barazkiak garbitzeko eta galdarraztatzeko prozesuko urak, produkzio-ekipamendu eta -instalazioen garbiketakoak, eta galdaren purgatik datozen isurketak eta alderantzizko osmosiaren errefuseko isurketak. Bestalde, lurruntze-kondentsadoreen hondakin-urak eta ganberetako izotz-kentzeak, ur garbia direnez, zuzenean isurtzen dira puntuetako batean.

Araztutako isurketei dagokienez, isurketa-balio hauek jasotzen ditu CHEren baimen horrek: urtean isuritako bolumena, 300.000 m³; egunean isuritako bolumena, 1.600 m³; solido esekiak, 35 mg/l; 6tik 9ra bitarteko pH-a eta 25 mgO2/l-ko DBO5a.

Honako elementu hauek ditu HUIAk: aurretratamendua (buruko ponpaketa, xeheen arbastua, homogeneizatzailea/erreaktore biologikoa, 1 zenbakiduna, 5.000 m³-koa); tratamendu biologikoa (homogeneizatzailea/erreaktore biologikoa, 2 zenbakikoa, 2.200 m³-koa); erreaktore biologiko aerobioa; MBR ultrairagazketa (MBR A ultrairagazketako tankea, MBR B ultrairagazketako tankea, MBR C ultrairagazketako tankea) eta lohiak lehortzeko lerroa (dekantagailu zentrifugoa, 1 zenbakiduna).

Bi putzutatik dator instalazioak funtzionatzeko behar duen ura, eta tratatu egiten da ekoizpen-prozesuen eta elikadura-segurtasunaren beharretara egokitzeko. Tratamendu-instalazioan, alderantzizko osmosi-prozesua egiten zaie galdarak garbitzeko urari, lekaleak ekoizteko urari eta lurrun-galdaretan erabilitako urari. Ur osmotizatu hori gehigarri kimikoekin tratatzen da, pH-a erregulatzeko eta zirkuituetan korrosio-arazoak saihesteko. Azkenik, edangarri bihurtua dago barazkiak ekoizteko ura, eta lurruntze-kondentsadoreetakoa (hozte-sistema) tratatu egiten da, legionella kontrolatzeko.

Udal-saretik dator osasun-zerbitzuetarako eta bainugeletarako ur-hornidura.

Hauek dira ekoizpen-prozesuarekin lotutako jardueraren isurtze-fokuak: gas naturala erregai gisa erabiltzen duten bi lurrun-galdarak.

Ingurumen-baimen integratua lortzea ahalbidetzen duten mailak edo mugak –kutsadurari, isurketei, zaratari eta abarri dagokienez– ez gainditzeko neurri egokiak betetzen direla jasotzen da aurkeztutako dokumentazioan. Gainera, adierazten da sortutako hondakinak bereizi eginen direla, geroago kudeatzaile baimenduek eramateko.

Iragarkiaren kodea: F2407986