112. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

178E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez irizpen hau ematen baita: aldaketa ez-funtsezkoa da Cadreitako udal-mugartean kokatutako ontziratze eta esterilizatze bidez kontserbak fabrikatzeko instalazioan araztegi biologikoa eta lohi-lerroa aldatzeko proiektua –gehieneko isurketa-balioak betetzeko egina–. Instalazioaren titularra Cambra Selección SLU da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen-baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 9.3 taldean.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren 198E/2022 Ebazpenaren bidez, aldeko txostena eman zen landare-kontserben (zainzuria eta tomatea) fabrika baten jarduera-lizentzia eguneratzeko, 1.917 m²-ko pabiloi berri bat eraikitzeko eta industriako hondakin-uretarako SBR bidezko tratamendu-sistema bat instalatzeko. Arazketa-sistema, zehazki, honako hauek osatzen zuten: ponpaketa-putzua, bahe birakaria, aireztapena duen 450 m³-ko homogeneizatze-depositua eta 1.500 m³-ko edukierako SBR erreaktore biologikoa.

Horren ondotik, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren 135E/2023 Ebazpenaren bidez, titularrak arazketa-proiektuaren 1. fasea gauzatu zuen. Fase horretan, elementu hauek jaso ziren: ponpaketa-putzua, bahe birakaria eta aireztapena duen 750 m³-ko homogeneizatze-depositua. Azken hori, beharrezkoa izanez gero, erreaktore biologiko bihurtzen ahal da.

Titularraren iritziz, elementu horiekin isurketaren gehieneko kontzentrazio onargarriak betetzeko gai zen, betiere hiriko hondakin-uren araztegia handitu ondotik. Homogeneizatze-depositua handitu eginen zen, eta, isurketaren gehieneko kontzentrazio onargarriak betetzen ez baziren, erreaktore biologiko bihurtuko zen.

2023ko tomate-kanpainan egiaztatu da instalazioa ez dela nahikoa, argi eta garbi, 135E/2023 Ebazpeneko isurketaren gehieneko kontzentrazio onargarriak lortzeko, eta, beraz, erreaktore biologikoa egitea planteatzen da.

2024ko martxoaren 19an, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoko 2024/366986 sarrera-zenbakiarekin, araztegi biologikoa eta lohi-lerroa aldatzeko proiektuaren berri eman du titularrak –135E/2023 Ebazpenean ezarritako gehieneko isurketa-balioak betetzeko egina (198E/2022 Ebazpenean ezarritako baldintza)–. Proiektuan lohi aktiboen erreaktore biologiko bat aurreikusten da, 3.000 m³-ko edukierakoa, eta DAF flotagailu bat lohi biologikoa bereizteko.

2024ko apirilaren 11n, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoko 2024/473556 sarrera-zenbakiarekin, hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko udalaren txostena eta proiektuaren ezarpen-plano zehatzak aurkeztu ditu titularrak.

Hasieran, martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren –ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duena– 37.1.m) artikuluan adierazten denaren arabera, funtsezkotzat jo liteke aldaketa; izan ere, hondakin-uren isurketen tratamendu-sistemen aldaketa esanguratsua dakar.

Hala ere, aldaketa hori aurreikusita zegoen, beste konfigurazio batekin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren zuzendariaren 198E/2022 eta 135E/2023 ebazpenen bidez onartutako proiektuetan.

Gainera, kasu honetan, isurketa-tratamenduko sistema ordezkatzean, bere isurketen gaineko kontrola hobetzen du instalazioak (HUIA baten elementuak instalatzen baitira, hondakin-urak hobeki araztuta isurtzeko kolektorera), gaur egun baimendutako egoerarekin alderatuta.

Azaldu diren arrazoi guztiak kontuan hartuta, eta ikusirik industria-instalazioaren aldaketa-proiektuari buruz aurkeztutako jakinarazpena eta egiaztagiriak, zerbitzu honek uste du aldaketa hori ez-funtsezkoa dela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoaren arabera (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); izan ere, aldaketak ez dakar berekin erregelamendu horren 37. artikuluan ezarritako egoeretako bat ere.

Bestalde, aldaketa ez-funtsezkoa egiteko proiektu horren ondorioz, beharrezkoa da ingurumen baimen bateratuaren testua aldatzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen-proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Iriztea aldaketa ez-funtsezkoa dela Cadreitako udal-mugartean kokatutako ontziratze eta esterilizatze bidez kontserbak fabrikatzeko instalazioan araztegi biologikoa eta lohi-lerroa aldatzeko proiektua –gehieneko isurketa-balioak betetzeko egina–, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoarekin (martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Instalazioaren titularra Cambra Selección SLU da.

Bigarrena.–Horrenbestez, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, titularrak aurrera eramaten ahalko du aurreikusitako proiektua, deusetan galarazi gabe dagokion obra-lizentzia edo behar diren beste baimen batzuk tramitatzea.

Hirugarrena.–Irizpen honek hamar hilabeteko balioa du ebazpen hau ematen denetik, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.–Instalazioaren ingurumen bateratuaren testua aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketak sartuz.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Cambra Selección SLUri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 14an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2408094