Iragarkia
112. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
107E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Energiako, Enpresen I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita «Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiei trantsizio energetikoa egiteko laguntzak» emateko 2024ko deialdia. DDBN identifikazioa: 761325.
Horizontea 2030 - Nafarroako Energia Planak helburu orokorra du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta berotegi-efektuko gasen isuria murrizten duten energia komunitateak sustatzea.
Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak 32. artikuluan («Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan erregai fosilak erabiltzeko debekua» izenekoan) ezartzen duenez, 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien eskaera termiko osoa iturri berriztagarrietatik edo beste instalazio batzuen bero-soberakinak erabilita ase beharko da.
Halaber, Foru Legeak 55. artikuluan («Energia berriztagarriak nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan txertatzea» izenekoan) ezartzen duenez, foru lege horrek indarra izanen duen lehenbiziko bost urteetan, Nafarroako Gobernuak laguntza-lerro bat ezarriko du, energia berriztagarriak nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan integratzeko.
Nekazaritza eta abeltzaintzako sektorea funtsezkoa da Nafarroako ekonomian. Sektoreak eskualdearentzat duen garrantzia kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak deialdi hau sustatu du helburu jakin batzuekin: lehiakortasuna hobetzen laguntzea, produkzioaren energia kostuak murriztea eta modu aktiboan borrokatzea klima aldaketaren aurka.
Hori dela eta, 2024an Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiei trantsizio energetikoa egiteko laguntzak emateko deialdi honen helburua da Horizontea 2030 - Nafarroako Energia Planean jasotzen diren helburuak betetzen laguntzea, martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legea betetzen laguntzea eta Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintzako sektorea lehiakorragoa izaten laguntzea.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Onestea «Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiei trantsizio energetikoa egiteko laguntzak» emateko dirulaguntzaren deialdia.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko 500.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: 820001 82500 7700 425202 Nekazaritza eta abeltzaintzako instalazioetan energia berriztagarriak ezartzeko laguntzak.
Orobat, 250.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 15ean.–Energiako, Enpresen I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak neutraltasun klimatikoa lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak («Klimari buruzko Europako legeria»).
EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, neutraltasun klimatikoa 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailekiko. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.
Laguntzen deialdi honen xedea da laguntza ematea aipatu erregelamendu horretan aurreikusitako helburuak erdiesteko, helburu horiek bat baitatoz 2030erako Nafarroako Energia Planean ezarritakoekin. Horretarako, bada, 2023an eraikinetan energia-efizientziaren ziurtapenak egin daitezen sustatuko du.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Subjektu hauek izan daitezke laguntzen onuradun:
a) Pertsona fisikoak edo juridikoak, pribatuak edo publikoak, nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategi baten titularrak direnak.
b) Ureztatzaile elkarteak eta nekazaritzako ureztaketarako uraren kudeaketa komuna edo nekazaritza eta abeltzaintzako beste erregai eta energia-iturri batzuen kudeaketa komuna helburu duten beste erakunde batzuk.
c) Agintaritza eskudunak aitortzen duen nekazaritzako ekoizleen edozein erakunde edo elkarte.
2. Onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte aurreko ataleko subjektuek:
a) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.
Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
c) Enpresa krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. definizioan ezarritakoaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.
Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.
d) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea esleitzen duen organoak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.
3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:
1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).
Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.
Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
4. Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabide inprimaki telematikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.
3. oinarria.–Aplikatzekoa den laguntzen araubidea.
1. Eskatutako laguntzak arau-esparru hauetakoren batean sar daitezke:
a) Jakinarazteko betebeharretik salbuetsita egotea (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 41. artikuluan ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. EBAOn argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).
b) Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa, Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 2019/316 (EB) Erregelamenduak aldatua).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 20.000 eurotik gorakoa izan.
Laguntzen eskatzaileek uneko urtean eta aurreko bi urteetan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidean.
4. oinarria.–Jarduketa diruz laguntzeko baldintzak eta gautzeko epealdia.
1. Diruz lagunduko dira berokuntzarako eta elektrizitatea sortzeko iturri berriztagarrietatik datorren energia erabiltzen duten instalazioetan egindako jarduketak.
Jarduketa diruz lagungarriak Nafarroako nekazaritza ustiategien erregistroan inskribatuta dauden ustiategietan egin behar dira. Baina nekazaritzako ustiategiei zerbitzu ematen dieten ponpaketa-instalazioek eta biltegiek ere jaso dezakete dirulaguntza.
Energia elektrikoa sortzeko instalazioek dirulaguntza jaso dezakete baldin eta indarreko araudiaren arabera autokontsumora bideratzen badira, eta metaketarako sistemak eduki ahalko dituzte; halaber, saretik isolatutako autokontsumoko instalazioek ere jaso dezakete.
Bero-ponpak erabiltzen dituzten instalazioetarako jarduketetan, Europako Batzordearen 2013ko martxoaren 1eko Erabakiaren arabera energia berriztagarritzat jotzen direnak baizik ez dira diruz lagungarritzat joko. Erabaki horren bidez, jarraibideak ezartzen dira Batasuneko estatuek hainbat teknologiatako bero-ponpetatik datorren energia berriztagarria kalkulatzeko.
Iturri berriztagarrietatik datorren energiatzat joko da iturri ez-fosiletatik datorren energia; hau da, haize-energia, eguzki-energia (termikoa eta fotovoltaikoa), energia geotermikoa, energia hidraulikoa, biomasatik eta biogasetik datorrena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko abenduaren 11ko 2018/2001 Zuzentarauan definitzen diren moduan.
Biogasari dagokionez, diruz lagunduko dira biogasa sortzeko eta sortutakoa erabiltzeko egiten diren inbertsioak.
2. Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:
a) Diseinurako, proiektua idazteko eta obra zuzentzeko gastuak.
Gastu horiek hautagarri moduan onesteko, behar bezala jasota eta zehaztuta egon beharko dute dagokion enpresaburu edo profesionalarekin formalizatutako kontratu-agiri edo -eskaintza loteslean. Agiri edo eskaintza horren kopia laguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
Ez da diruz lagunduko aurkeztu den diruz laguntzeko moduko kostu osoaren %10 gainditzen duen gastua.
b) Obren eta instalazioen exekuzio kostuak, harekin elkartutako obra zibila eta instalazio lagungarriak ere barne.
c) Ondasun, ekipo eta material berrietan egindako inbertsioa.
3. Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan sartzen diren eskabideen kasuan, diruz laguntzeko modukoak izanen dira Erregelamendu horren 41. artikuluko 6. atalean zehazten diren kostuak.
4. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Lizentziak, tasa, zergak edo tributuak.
b) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.
c) BEZa.
d) Dirulaguntzaren onuradunak 30.000 eurotik beherako laguntza jaso badu, merkataritza jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa epeetan ordaindu behar izan dira edo, halakorik ezean, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
e) Berokuntzarako inbertsioetan, banaketa sareak eta igorgailuak.
5. Jarduketa diruz lagungarriak egiteko epeak:
a) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan sartzen diren laguntzetan, laguntza eskatu ondotik eta 2024ko urriaren 31ra arte.
b) Minimis araubidean sartzen diren laguntzetan, 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra.
6. Diruz laguntzen ahal den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZ kanpo), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZ kanpo), ekipo ondasunez hornitzearen edo aholkularitza edota laguntza zerbitzuak ematearen kasuan, onuradunak emandako laguntza justifikatu ezartzen den epearen barruan frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman laguntzen fitxako "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko formularioan.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzen zenbatekoa eskabidea aurkezten den laguntzen araubidearen arabera ezarriko da, betiere 3. oinarrian azaldutakoa betez:
1. Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko araubideari heltzen dioten laguntzetan intentsitatea hau izanen da:
ENPRESAREN TAMAINA | LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%) |
Enpresa txikia | 65 |
Enpresa ertaina | 55 |
Enpresa handia | 45 |
Onuradun bakoitzak gehienez 50.000 euroko laguntza jasoko du.
2. Minimis araubideari heltzen dioten laguntzetan, diruz laguntzeko moduko gastuaren %65 eta gehienez ere 20.000 euro.
6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), eta horrekin batera erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztuko da.
3. Eskabide telematikoa honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):
a) Jarduketa eginen den nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak Nafarroako nekazaritza ustiategien erregistroan duen zenbakia.
b) Diruz lagungarria den jarduketaren azalpen teknikoa egiten duen memoria: katastroko erreferentzia bidezko kokapena (udalerria, eremua, lurzatia), teknologia mota, instalazioaren elementuak, sortzeko potentzia elektrikoa edo potentzia termikoa (kW-etan), metatze-sistemen ahalmena (kWh-etan) eta aurrekontu xehakatua.
c) Eskabidea legezko ordezkari baten bidez aurkezten bada, ordezkaritza-ahala egiaztatzen duen agiria.
d) Enpresaren tamaina 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko 3. artikuluan ageri diren definizioekin bat datorrela ziurtatzeko, eskatzailearen eta haren enpresa elkartu eta lotuen azken hiru ekitaldietako kontu itxiak aurkeztu beharko dira, bai eta guztietako langileen kopurua adierazi ere, horrela egiaztatuko baita enpresaren tamaina.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Ez da inola ere zuzentzen ahalko 3.a. eta 3.b. ataletan eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez izana.
5. Eskaera bat aurkeztu beharko da jarduketa bakoitzeko.
7. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Dena dela, baimendutako gastuak bide ematen badu eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen lehentasun hurrenkera hori ezartzea.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 4. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
Aurrekontu erabilgarririk egonez gero, areagotzen ahalko da eskaera mugatuei emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko zenbateko batekin, kasu bakoitzean ezarritako laguntzaren gehieneko ehunekora arte, lortutako puntuazioaren ordenari jarraikiz.
2. Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Teknologia:
Biomasako instalazio termikoak, biogasa: 60.
Beste teknologia batzuetako (aerotermia, geotermia, hidrotermia, eguzki-energia, termikoa...) instalazio termikoak: 40.
Elektrizitatea sortzeko instalazioak, biltegiratzearekin: 50.
Elektrizitatea sortzeko instalazioak, biltegiratzerik gabe: 30.
Elektrizitatea sortzeko dauden instalazioetarako biltegiratze-sistemak: 40.
b) Jarduketa lehentasunezko nekazaritza ustiategi batean egiten bada: 10 puntu.
c) Jarduketa eginen den ustiategiaren titularra emakumezkoa bada: 10 puntu.
d) Jarduketa eginen den ustiategiaren titularra nekazari gaztea bada (NNUEren arabera): 10 puntu.
e) Jarduketa erronka demografikoa duten udalerrietan garatzen bada (5.000 biztanle arteko udalerriak eta hirikoak ez diren 20.000 biztanle arteko udalerriak, beren biztanle gune berezi guztiak 5.000 lagun artekoak dituztenak, IDAEk berroneratzearen eta erronka demografikoaren programaren esparruan deialdietarako argitaratzen duen zerrendaren arabera. Zerrenda hori haren webgunean dago eskuragarri). 10 puntu.
3. Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, erabakiko da kontuan hartuz irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraituz, hain zuzen. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, laguntzaren eskaera zer egun eta ordutan egin zen izanen da irizpidea.
8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
2. Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.
3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez jakinaraziko da.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.
9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea eta ordaintzea.
1. Onuradunek urriaren 31 baino lehen justifikatu beharko dute laguntzaren xedeko jarduketa egin dutela; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxatik abiatuta:
a) Onuradunaren izenean dauden fakturak.
b) Onuradunaren izenean dauden ordainagiriak. Izan ere, ordainagiri guztiek bete beharko dituzte sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeak, edo, halakorik ezean, Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitakoak.
c) Dirulaguntza jaso duen instalazioak Nafarroako nekazaritza ustiategien erregistroan duen zenbakia edo, erregistratuta egon behar ez badu, instalazioaren ziurtagiria eta erregistrorik behar ez dela jasotzen duen erantzukizunpeko adierazpena, teknikari eskudunak sinatuta.
d) «Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa» izeneko formularioa, diruz laguntzeko moduko gasturen bat, BEZik gabe, 30.000 eurotik gorakoa (obrak gauzatzeko kostuen kasuan) edo 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza nahiz laguntza zerbitzuak emateko kasuetan).
e) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuta.
2. Aurreko atalean azaltzen den dokumentazioan zerbait falta bada, edo akatsen bat badauka, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun baliodunetan, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.
3. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
4. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
5. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezten denetik bi hilabeteko epean gehienez.
10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.
b) Diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.
c) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, eta baldin eta halakorik aurkeztu ez badute laguntzak eskatzeko unean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak (2 oinarrian adierazita daude).
d) Ondasun inbentariagarrien kasuan (Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 28.4 artikulua,) onuradunak ondasunak dirulaguntzaren helbururako erabili beharko ditu, 7 urteko epealdian, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo 2 urteko epealdian, bestelako ondasunak izanez gero.
e) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 11. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 8 oinarrian ezarritako epean egiten bada.
3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.
11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta interesdunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.
14. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan balia daitezkeela, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2407831
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
