Iragarkia
112. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
106E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Energiako, Enpresen I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez «Industria sektorean deskarbonizazio-jarduketak ezartzeko laguntzak» emateko 2024ko deialdia onesten baita. DDBN identifikazioa: 761095.
2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planak helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta energia komunitateak sustatzea, eta horrela, berotegi-efektuko gasen isuria murriztea.
Berotegi-efektuko gas horiek isurtzen dituztenen artean nabarmena da industriaren sektorea, eta hor, isuri horiek murrizteko edo konpentsatzeko aukera handiak daude.
Horregatik, industria sektorean deskarbonizatzeko jarduketak ezartzeko laguntzen 2024ko deialdi honen xedea hauxe da: 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean adierazitako helburuak erdiesten laguntzea.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Onestea «Industria sektorean deskarbonizazio-jarduketak ezartzeko laguntzak» emateko 2024ko deialdia.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko 900.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastuen aurrekontuko 820001 82500 7701 425207 partidaren kargura (Industriaren deskarbonizazioa, autokontsumoa eta biltegiratze energetikoa).
Orobat, 400.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 14an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak neutraltasun klimatikoa lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak («Klimari buruzko Europako legeria»).
EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, neutraltasun klimatikoa 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailekiko. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.
Laguntzen deialdi honen xedea da laguntza ematea aipatu erregelamendu horretan aurreikusitako helburuak erdiesteko, helburu horiek bat baitatoz, aldi berean, 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean ezarritakoekin. Horretarako, bada, industria sektoreko ETEetan eta enpresa handietan deskarbonizazio jarduketak egin daitezen sustatuko du 2024. urtean.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Industria sektoreko ETEak eta enpresa handiak izaten ahalko dira onuradun, Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan (EB) ezarritakoa betez, eta dirulaguntza eskatzen dutenean honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Haien ekonomia-jardueren sailkapen nazionala hauetako bat izatea:
–07. Mineral metalikoen erauzketa.
–08. Beste erauzketa-industria batzuk.
–09. Erauzketa-industriari laguntzeko jarduerak.
–10. Elikagaien industria.
–11. Edarigintza.
–13. Ehungintza.
–14. Jantzigintza.
–15. Larruaren eta oinetakoaren industria.
–16. Zuraren eta kortxoaren industria, altzariak, saskigintza eta espartzugintza izan ezik.
–17. Papergintza.
–18. Arte grafikoak eta grabatutako euskarrien erreprodukzioa.
–19. Kokea lortzeko eta petrolioa fintzeko fabrikak.
–20. Industria kimikoa.
–21. Farmazia-produktuen fabrikazioa.
–22. Kautxuzko produktuen eta plastikoen fabrikazioa.
–23. Metalezkoak ez diren beste produktu mineral batzuen fabrikazioa.
–24. Metalurgia; burdinaren, altzairuaren eta ferroaleazioen fabrikazioa.
–25. Metalezko produktuen fabrikazioa, salbu makineria eta ekipamendua.
–26. Produktu informatikoen, elektronikoen eta optikoen fabrikazioa.
–27. Material eta ekipo elektrikoen fabrikazioa.
–28. Beste inon sailkatu gabeko makineriaren eta ekipamenduaren fabrikazioa.
–29. Ibilgailu motordunen, atoien eta erdiatoien fabrikazioa.
–30. Garraiorako bestelako materialaren fabrikazioa.
–31. Altzarigintza.
–32. Beste manufaktura-industria batzuk.
–33. Makineriaren eta ekipamenduaren konponketa eta instalazioa.
–35. Energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta aire egokituaren hornidura.
–36. Ura hartu, araztu eta banatzea.
–37. Hondakin urak bildu eta tratatzea.
–38. Hondakinak bildu, tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa.
–39. Deskontaminazio jarduerak eta hondakinak kudeatzeko bestelako zerbitzuak.
b) Dirulaguntzaren xedeko jarduera Nafarroan egitea.
c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskatu izana, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.
d) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.
Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza-eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea, sexu edo genero diskriminaziotzat jotzen diren lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun-plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
f) Enpresa krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. definizioan ezarritakoaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.
Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.
g) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, hura berreskuratzeko agindu bat, oraindik bete gabea, ezarria ez izatea.
h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.
2. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen administrazio organoak edo organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:
1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).
Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da. Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
3. Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabide inprimaki telematikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.
3. oinarria.–Aplikatzekoa den laguntzen araubidea.
1. Eskatutako laguntzak arau-esparru hauetakoren batean sar daitezke:
a) "De minimis" laguntzak, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago «enpresa bakarraren» definizioa.
Laguntzen eskatzaileek uneko urtean eta aurreko bi urteetan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidean.
b) Jakinarazteko betebeharretik salbuetsita egotea (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 38. eta 41. artikuluetan ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. EBAOn argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).
4. oinarria.–Jarduketa diruz laguntzeko baldintzak eta gautzeko epealdia.
1. Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak honako hauek dira:
a) Ekipamenduak eta instalazioak berritzeko edo hobetzeko inbertsioak, energiaren amaierako kontsumoa eta CO2ren isuriak murrizteko.
b) Energiaren kudeaketa sistemen ezarpena edo hobekuntza, energiaren amaierako kontsumoa eta CO2 isuriak murrizteko.
c) Teknologia fotovoltaikodun elektrizitatea sortzeko instalazioak sortzea, autokontsumorako, 244/2019 Errege Dekretuan ezarritakoa betez.
Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren arau-esparruan sartzen diren eskabideen kasuan, diruz lagunduko den gastua aplikatu beharreko araudia horretan ezarritakoa izanen da.
2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.
b) BEZa, onuradunak berreskuratu edo konpentsatu dezakeenean. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.
c) 30.000 eurotik beherako laguntza jaso duen onuradunaren kasuan, merkataritza jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa epeetan ordaindu behar izan dira edo, halakorik ezean, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
3. Jarduketa diruz lagungarriak egiteko epeak:
a) Minimis araubidean sartzen diren laguntzetan, 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra.
b) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan sartzen diren laguntzetan, laguntza eskatu ondotik eta beranduen 2024ko urriaren 31n.
4. Diruz laguntzen ahal den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZ kanpo), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZ kanpo), ekipo ondasunez hornitzearen edo aholkularitza edota laguntza zerbitzuak ematearen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman laguntzen fitxako "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko formularioan.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Aurreko 4. oinarrian ezartzen diren 1.a eta 1.b jarduketen dirulaguntzen zenbatekoa eskabidea aurkezten den laguntzen araubidearen arabera ezarriko da, betiere 3. oinarrian azaldutakoa betez:
a) Minimis araubideari heltzen dioten laguntzetan, diruz laguntzeko moduko gastuaren %50 eta gehienez ere 150.000 euroko laguntza.
b) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko araubideari heltzen dioten laguntzetan:
ENPRESAREN TAMAINA | LAGUNTZA PORTZENTAJEA (%) | LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA (eurotan) |
Enpresa txikia | 50 | 150.000 |
Enpresa ertaina | 40 | |
Enpresa handia | 30 |
2. Aurreko 4. oinarrian ezartzen diren 1.c jarduketen dirulaguntzen zenbatekoa eskabidea aurkezten den laguntzen araubidearen arabera ezarriko da, betiere 3. oinarrian azaldutakoa betez:
a) Minimis araubideari heltzen dioten laguntzetan, diruz laguntzeko moduko gastuaren %25 eta gehienez ere 150.000 euroko laguntza.
b) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko araubideari heltzen dioten laguntzetan:
ENPRESAREN TAMAINA | LAGUNTZA PORTZENTAJEA (%) | LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA (euro) |
Enpresa txikia | 25 | 150.000 |
Enpresa ertaina | 20 | |
Enpresa handia | 15 |
6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), eta horrekin batera erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztuko da.
3. Eskabide telematikoa honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):
a) Diruz laguntzeko moduko jarduketa azaltzen duen memoria, eta barruan:
–Gaur egungo egoeraren azalpen teknikoa, fitxa teknikoa eta argazki-erreportajea.
–4. oinarrian ezartzen diren 1.a eta 1.b jarduketei dagokienez: Energia aurrezteko eta energia-efizientziarako proposatu den neurriaren azalpen teknikoa, eta jarduketaren bidez aurreztuko den energiaren eta murriztuko den isuriaren justifikazioa.
–4. oinarrian ezartzen diren 1.c jarduketei dagokienez: Autokontsumorako teknologikoa fotovoltaikodun elektrizitatea sortzeko proposatu den neurriaren azalpen teknikoa, eta instalatu den puntako potentziaren justifikazioa.
–Aurreikusi den jarduketaren aurrekontu osoa eta xehatua, eta aurreikusitako laguntzaren zenbatespena.
–Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko araubideari heltzen dioten laguntzetan, erreferentziako inbertsioaren aurreikuspena.
b) Eskaera egin duen enpresako ordezkariaren ordezkaritza-ahala egiaztatzen duen agiria.
c) Enpresaren tamaina 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko 3. artikuluan ageri diren definizioekin bat datorrela ziurtatzeko, eskatzailearen eta haren enpresa elkartu eta lotuen azken hiru ekitaldietako kontu itxiak aurkeztu beharko dira, bai eta guztietako langileen kopurua adierazi ere, horrela egiaztatuko baita enpresaren tamaina.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Oinarri honen 3.a) atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ez da inola ere zuzentzen ahalko.
5. Eskaera bat aurkeztu beharko da jarduketa bakoitzeko.
7. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Dena dela, baimendutako gastuak bide ematen badu eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen lehentasun hurrenkera hori ezartzea.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
Aurrekontu erabilgarririk egonez gero, areagotzen ahalko da eskaera mugatuei emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko zenbateko batekin, kasu bakoitzean ezarritako laguntzaren gehieneko ehunekora arte, lortutako puntuazioaren ordenari jarraikiz.
2. Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Efizientzia energetikoaren ratio energetiko-ekonomikoa (4. oinarrian ezartzen diren 1.a eta 1.b jarduketei dagokienez): (urte amaierako energiaren azken aurrezkia, tep) / (inbertsio hautagarria).
90 puntu emanen zaizkio efizientzia energetikoaren ratio handiena duen eskaerari, eta 0 puntu ratioa 0 bada. Gainerako eskaerak modu proportzionalean baloratuko dira, bi balio horien artean.
b) Sorrera elektriko-ekonomikoaren potentziaren ratioa (4. oinarrian ezartzen diren 1.c jarduketei dagokienez): (kWp-etan instalatu den puntako potentzia) / (inbertsio hautagarria).
10 puntu emanen zaizkio efizientzia energetikoaren ratio handiena duen eskaerari, eta 0 puntu ratioa 0 bada. Gainerako eskaerak modu proportzionalean baloratuko dira, bi balio horien artean.
c) Erronka demografikoa (4.1 oinarrian ezartzen diren jarduketa guztietan). 10 puntu lortuko dira jarduketa eginen den establezimendua 5.000 biztanle arteko udalerri batean badago, edo 20.000 biztanle arteko hirigune ez den udalerri batean badago, udalerri horretako biztanle-entitate bakun guztiak 5.000 biztanle artekoak badira.
3. Puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, erabakiko da kontuan hartuz irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraituz, hain zuzen. Berdinketak jarraituz gero, laguntzaren eskaera aurkeztearen hurrenkerari jarraituko zaio.
8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
2. Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.
3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez jakinaraziko da.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.
9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea eta ordaintzea.
1. Onuradunek urriaren 31 baino lehen justifikatu beharko dute laguntzaren xedeko jarduketa egin dutela; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxatik abiatuta:
a) Onuradunaren izenean dauden fakturak.
b) Onuradunaren izenean dauden ordainagiriak. Izan ere, ordainagiri guztiek bete beharko dituzte sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeak, edo, halakorik ezean, Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitakoak.
c) Oso-osorik gauzatu den jarduketa azaltzen duen memoria, eskaeran aurkeztutako azalpen-memorian jasotakoari lotuta, edo egin diren aldaketak azaltzen dituena, ekipoen, instalazioen edo sistemen argazki erreportajea barne.
d) 4. oinarrian ezartzen diren 1.c jarduketei dagokienez: Behe tentsioko instalazio elektrikoen erregistro-zenbakia.
e) «Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa» izeneko formularioa, diruz laguntzeko moduko gasturen bat, BEZik gabe, 30.000 eurotik gorakoa (obrak gauzatzeko kostuen kasuan) edo 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza nahiz laguntza zerbitzuak emateko kasuetan).
f) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori «Kontuen eta ordainketen kontsulta» izeneko izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuta.
2. Aurreko atalean azaldutako dokumentazioan zerbait falta bada, edo dokumentazioak akatsen bat badauka, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun baliodunetan, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.
3. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
4. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.
5. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezten denetik bi hilabeteko epean gehienez.
10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.
b) Diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.
c) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, eta baldin eta halakorik aurkeztu ez badute laguntzak eskatzeko unean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak (2 oinarrian adierazita daude).
d) Ondasun inbentariagarrien kasuan (Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 28.4 artikulua,) onuradunak ondasunak dirulaguntzaren helbururako erabili beharko ditu, 7 urteko epealdian, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo 2 urteko epealdian, bestelako ondasunak izanez gero.
e) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 11. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 8 oinarrian ezarritako epean egiten bada.
3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.
11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta interesdunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.
14. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan balia daitezkeela, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2407820
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
