Iragarkia
112. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
434E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, eurotaxi ibilgailuak landa eremuan egokitzeko dirulaguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak onartzen dituena. DDBN identifikazioa: 761713.
Nafarroan desgaitasuna duten pertsonei arreta emateari eta haien eskubideak bermatzeari buruzko azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legearen helburua da Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen eskubideak bermatzea eta gizarte inklusiboa eta irisgarria lortzeko baldintzak ezartzea, pertsonen autonomia bermatzeko, diskriminazioa saihesteko, eta pertsona guztien aukera berdintasuna bultzatzeko, batez ere desgaitasuna duten pertsonentzat, pertsona zaharrentzat eta, aldi baterako bada ere, ingurunearekin harremanak izateko zailtasunak dituzten pertsonentzat ere bai.
Lege horren 87.6 artikuluak ezartzen duenaren arabera, bidaiariek eskatu ahalako garraio zerbitzua ematen duten enpresek azpiegituren irisgarritasun baldintzak bermatu behar dituzte, baita desgaitasuna dutenen zerbitzua ziurtatuko duten garraio unitateen gutxieneko portzentaje bat ere, erregelamenduz finkatuko dena.
Bestalde, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 23. artikuluak ezartzen du udalek beren ordenantzetan behar diren xedapenak jaso behar dituztela, erabiltzaileak gurpil-aulkian eserita garraiatzeko taxi-ibilgailu egokituak eskaini ahal izateko, gutxieneko ibilgailu kopuru bat, aski izan behar duena herritarren beharrei erantzuteko, populazioaren tamainaren eta inguruko egoera sozioekonomikoen arabera.
Urritasuna duten pertsonentzako garraiobideen eskaintza eta erabiltzeko irisgarritasuna eta bereizkeriarik eza bermatzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituen azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen du udalerri guztietan udalek bultzatuko dutela taxi-lizentzia guztien ehuneko 5, gutxienez, edo horren zati proportzionala, ibilgailu egokituentzat izatea, VII. eranskinaren arabera. Lizentzien titularrek beren borondatez eskatuko dute beren taxia egokitzeko; baina portzentaje hori betetzen ez bada, udalek azken lizentziei eskatuko diete eskaintzen duten autotaxiak irisgarritasun baldintzak betetzeko.
Beste alde batetik, 2023ko apirilaren 26ko Gobernu Erabakiaren bidez, Nafarroako Despopulazioaren aurka Borrokatzeko Estrategia onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitatearen zeharkako plangintza publikorako tresna izan zedin. Gobernu ekintza bateratua sustatzen du, Nafarroan despopulatzen ari diren eskualdeetako biztanleria mantentzeko eta biziberritzeko behar diren gizarte, ekonomia eta lurralde baldintzak ezartzeari begira.
Estrategiak proiektu gidarien proposamen bat jasotzen du, besteak beste, eskaeraren araberako mugikortasun sistema eredu bat. Proposamen horren oinarria da eremu bakoitzaren beharretara egokitutako mugikortasun eredu bat diseinatzea, eskaeraren araberako mugikortasun ereduetan oinarrituta, aplikatzeko modukoa izanen dena, komenigarriak diren beharren arabera moldatuz.
Eskaeraren araberako garraio eredu efiziente bat lortzeko, eremu bakoitzeko beharrei erantzuteko gai izanen dena, beharrezkoa da landa eremuetan taxi egokitu gehiago egotea.
Pertsonen garraio publikoa turismo-ibilgailu arruntetan egitea, bereziki taxi zerbitzua, oso garrantzitsua da, herritarren bizikidetza eta landa ingurunearen bizigarritasunaren funtsezko tresna baita. Beraz, administrazio eskudunek zerbitzuaren unibertsaltasuna, irisgarritasuna eta kalitatea zaindu behar dituzte.
Horretarako, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Zerbitzuak proposatzen du herritarren hiri arteko garraio publikoa turismoko ibilgailuetan egiteko baimena duten eta bizilekua 50.000 biztanletik beherako hiri batean edo taxi zerbitzu bateratua duen lurralde eremu batean duten pertsonentzako laguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak onartzea, mugikortasun murriztua duten pertsonak garraiatzeko ibilgailu egokituak (eurotaxi) prestatu ahal izateko, baimen horri atxikiak edo atxikitzeko asmoa dutenak.
Nafarroako Gobernuaren 2024ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bidez, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari baimena eman zaio tramitatu ditzan, banakako ebaluazio araubidea erabiliz, landa ingurunean eurotaxi ibilgailuak egokitzeko laguntzak.
Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 52.h) artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraiki,
EBAZTEN DUT:
1. Landa ingurunean eurotaxi ibilgailuak egokitzeko dirulaguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak –ebazpen honen eranskinean ageri dira– onestea.
2. 36.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastu aurrekontuko 230002 23200 7709 441100 partidaren kargura, "Landa eremuko eurotaxi laguntzen deialdia", eta 72.000 euroko gastua, 2025eko gastu aurrekontuko partida baliokidearen kargura, horretarako baldintza dela ekitaldi horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta aski izatea.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera bidaltzea.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari.
6. Ebazpen honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 16an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da herritarren hiri arteko garraio publikoa turismoko ibilgailuetan egiteko baimena duten eta bizilekua 50.000 biztanletik beherako hiri batean edo taxi zerbitzu bateratua duen lurralde eremu batean duten pertsonentzako laguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak onartzea, mugikortasun murriztua duten pertsonak garraiatzeko ibilgailu egokituak (eurotaxi) prestatu ahal izateko, baimen horri atxikiak edo atxikitzeko asmoa dutenak.
2. Helburua.
Laguntzen helburua da desgaitasun fisikoa duten eta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei erraztea taxi zerbitzu publikoaren erabilera, garraio publikoaren irisgarritasun unibertsala sustatzeko politika aktiboen bidez, egokitutako ibilgailuen kopurua handituz, landa eremuko mugikortasuna bermatzen laguntzeko.
3. Finantzaketa.
1. Deialdi honi aurre egiteko, 36.000 euroko gastua aurreikusten da, 2024ko gastuen aurrekontuko 230002 23200 7709 441100 partidaren kargura, "Landa eremuko eurotaxi laguntzen deialdia", eta 72.000 euroko gastua, berriz, 2025eko gastu aurrekontuko partida baliokidearen kargura; horretarako baldintza izanen da ekitaldi horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta aski izatea.
2. Laguntzak emateko baldintza izanen da, beti, xede horretarako kreditu egoki eta aski izatea.
4. Onuradunak.
Onuradunak izan daitezke herritarren hiri arteko garraio publikoa turismoko ibilgailuetan egiteko baimena duten eta bizilekua 50.000 biztanletik beherako hiri batean edo taxi zerbitzu bateratua duen lurralde eremu batean duten pertsona fisikoak.
5. Eskakizunak.
1. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Pertsona fisikoa izatea eta helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.
b) Onuradunek egunean izan behar dituzte zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntza publikoak itzultzearen ziozko betebeharrak ere ordainduta izan behar dituzte.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako egoeretako batean ez egotea. Aipatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko, erantzukizuneko adierazpena aurkeztuko da eskaerarekin batera.
2. Laguntza jasotzeko eskubidea izateko, bidaiarien garraio publikoa turismoko ibilgailuetan egiteko baimendunek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Nafarroan izan behar dute bizilekua, 50.000 biztanletik beherako udalerri batean edo taxi zerbitzu bateratua duen lurralde eremu batean.
b) Eskaera aurkezten den unean indarrean egon behar dute.
Halaber, laguntza eskatzen ahalko dute eskaera egiten den egunean taxi lizentzia berrien esleipendun direla frogatzen duten pertsonek. Laguntza emateko baldintza izanen da justifikazioa egiten den unean Turismo Ibilgailuaren baimena indarrean izatea.
3. Era berean, laguntza jasotzeko eskubidea izateko, ibilgailuei dagokienez, baldintza hauek bete behar dira:
a) Ibilgailuaren egokitzapenak azaroaren 23ko 1544/07 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak bete behar ditu. Dekretu horren bidez, pertsona ezinduentzako garraiobideen irisgarritasuna eta bereizkeriarik eza bermatzeko oinarrizko baldintzak arautzen dira. UNE 26.494 araua eta haren ondorengo aldaketak ere bete beharrekoak dira.
b) Ez da onartuko laguntzaren eskaera egiten den dataren aurretik egindako egokitzapenik.
c) Ibilgailua baimenari atxikia egon behar da edo justifikazioa egiten den unean atxiki behar da, beranduenez.
d) Ibilgailuak ez du 5 urte baino gehiago izaten ahalko lehenengo aldiz matrikulatu zenetik, eskaera egiten den unean.
6. Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebeharrez gainera, deialdi honetako laguntzen onuradun diren pertsonek betebehar hauek ere bete beharko dituzte:
a) Ibilgailu egokitua baimenari atxikia mantendu behar da 5 urtez gutxienez, ordaintzeko ebazpena ematen denetik hasita, salbu eta baimena eskualdatzen bada eta ibilgailuak atxikia jarraitzen badu baimenari falta den denboran, edo arrazoi justifikatua badago, epea betetzea eragozten duena, hala nola matxura, istripua edo bestelako gorabeheraren bat.
b) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea organo emaileari hori hala den egiaztatzeko beharrezkoak diren datuak kontsultatzeko. Eskatzaileak eskaeran berariaz adierazten badu baimen hori emateari uko egiten diola, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
c) Onuradunek jasotzen duten laguntzaren zenbateko osoa adierazitako egokitzapenak egiteko erabiltzea.
d) Instrukzio organoari jakinaraztea xede bererako beste edozein laguntza publiko jaso izana, Estatuko edo nazioarteko edozein erakunde publiko edo pribatutatik, oinarri hauetan ezarritako moduan eta epeetan, edo laguntza hauek eman direla jakinarazi eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, laguntza hauek eman ondoren jaso bada.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
7. Laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izanen dira xede bererako beste administrazio edo instituzio batzuek ematen dituzten laguntzekin, betiere jasotako laguntzen zenbateko osoa ez bada jarduketaren kostu osoa baino handiagoa eta beste laguntzen araudiak onartzen badu.
Dirulaguntzaren eskaeran, hala badagokio, eskatutako eta/edo jasotako laguntzen zenbatekoa adieraziko da.
8. Diruz lagungarriak diren jarduketak eta gastuak.
Diruz lagungarriak izanen dira taxi-ibilgailuak mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitzeko beharrezkoak diren jarduketak, azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak betez gero. Dekretu horren bidez, garraiobideen erabileran desgaitasuna duten pertsonentzat irisgarritasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko oinarrizko baldintzak arautzen dira. Bete beharrekoak dira, orobat, UNE 26.494 araua Errepideko ibilgailuak Mugikortasun murriztua duten pertsonak garraiatzeko ibilgailuak Bederatzi plaza edo gutxiagoko edukiera, gidaria barne; eta haren ondorengo aldaketak.
Gastu diruz lagungarriak izanen dira jarduketa horiek gauzatzeko beharrezkoak direnak, zergak, tasak edo jarduketak kargatzen dituzten kontribuzio bereziak izan ezik.
9. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, dirulaguntzaren xede diren gastu guztiei %80ko portzentajea aplikatuko zaie, gehienez ere 12.000 euro, eta eskatzaileak proposatutako aurrekontuaren gainean kalkulatuko da.
Aukeratzen den eskaintza ez bada merkeena eta, organo kudeatzailearen iritziz, behar bezala justifikatzen ez badira efizientzia eta ekonomia irizpideak, dirulaguntza kalkulatuko da eskaintzarik merkeenaren gainean.
Justifikatutako gastuen zenbatekoa aurkeztutako aurrekontua baino txikiagoa bada, ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, behar bezala justifikatutako gastuen zenbateko osoari aplikatuko zaio portzentaje hori.
2. Laguntzak emateko baldintza izanen da, beti, xede horretarako esleitutako kreditu egoki eta aski izatea.
10. Epea.
Eskabideak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da. Eskaerak 2025eko apirilaren 30era arte aurkezten ahalko dira, edo aurrekontuko kreditua agortu arte, lehenago gertatzen bada. Kasu horretan, egoera hori argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoan dagokion fitxan.
Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
11. Laguntzak eskatzeko modua.
1. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
2. Eskabidea tramitatzeko, fitxan dagoen inprimaki telematikoa bete beharko da, eta hark jaso behar du erantzukizuneko adierazpena, honako alderdi hauei buruzkoa:
–Proiektu bererako beste administrazio publiko batzuetan eskatu edo/eta lortutako laguntzak, zenbatekoak adierazita, edo, hala badagokio, beste laguntzarik ez dagoela adieraztea.
–Oinarri hauetan araututako laguntzak jasotzeko behar diren baldintzak eta haietan ezartzen diren betebeharrak eta konpromisoak betetzea.
–Emandako datuak egiazkoak izatea.
–Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean.
–Berariazko adierazpena, Gizarte Segurantzari eta zerga betebeharrei buruzko datuak ofizioz kontsultatzeari uko eginez gero. Kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.
3. Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Norbera identifikatzeko dokumentua (NAN edo AIZ).
b) Eskaera ordezkari baten bidez aurkeztuz gero, eskatzaileak adierazten duen ordezkaritzaren egiaztagiria, zuzenbidean zilegi den edozein bide erabiliz.
c) Onuradunak transferentzia bidez ordaintzeko egindako eskaera, emandako laguntzaren sarrera egiteko; horren eredua eskura izanen da fitxaren barnean.
d) Hornitzaile desberdinek emandako hiru aurrekontu xehatu, non jasoko den egin beharreko instalazioak azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuaren baldintzak betetzen dituela. Haren bidez arautu ziren garraiobideen erabileran desgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasun eta diskriminaziorik eza bermatzeko oinarrizko baldintzak.
e) Eskaintza hautatu izanaren adierazpena, laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den ereduaren arabera.
4. Aipatu dokumentazioaz gain, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Zerbitzuak laguntzak ongi aplikatzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri eskatzen ahalko du.
5. Aurkeztutako dokumentazioa ongi osatua ez bada, edo oinarri arautzaile hauetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileei eskatzen ahalko zaie dokumentazioa osatu edo akatsak zuzentzeko, 10 egun balioduneko epean, ohartaraziz, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, horretarako ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzetan.
12. Dirulaguntzak emateko prozedura, eskumena, instrukzioa eta ebazteko epea.
1. Laguntzak banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen dira; horregatik, eskaerak aurkeztu diren ordenari jarraiki ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.
2. Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Zerbitzuari esleituko zaizkio.
Egiaztapena egin ondoren, proposamena bidaliko zaio Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari, onuradunak eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela eta laguntzaren zenbatekoa adieraziz.
3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia da.
Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira hilabete batean gehienez, dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek haien eskaerak ezetsi direla ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez badira, eskaera ezetsi eginen da, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez.
4. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian argitaratuko da, zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez https://www.navarra.es/eu/tramiteak.
13. Gauzatzeko epea.
1. Eurotaxi ibilgailuak egokitzeko epea lau hilabetekoa izanen da gehienez, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik hasita.
2. Epe hori luzatzen ahalko da, gehienez bi hilabetez, behar bezala frogatutako arrazoiengatik.
Horretarako, onuradunak luzapena eskatu beharko du, arrazoia justifikatu eta, betiere, frogatzen duten agiriak aurkeztuta. Egikaritzeko epearen luzapena baimentzen duen ebazpenak finkatuko du dirulaguntzaren onuradunak diruz lagundutako jarduketa burutzeko mugaeguna.
14. Justifikazioa eta ordainketa.
1. Jarduketa egin ondoren, onuradunek ondoko frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte, bi hilabeteko epean:
a) Ibilgailuaren fitxa teknikoa, ibilgailu egokitua dela frogatzen duena.
b) Ibilgailuaren zirkulazio baimena.
c) Enpresa instalatzailearen ziurtagiria, ibilgailuaren egokitzapenak azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuaren baldintzak betetzen dituela adierazten duena, UNE 26.494 araua eta haren ondorengo aldaketak betetzen direla berariaz aipatuz.
d) Egindako egokitze-jarduketen ordainketen fakturak eta ordainagiriak. Ordainketa laguntza eskatzen duen pertsonak egina behar du izan.
e) Diruz lagundutako jarduketa finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.
g) Ibilgailuaren argazkia, ibilgailu egokitua dela erakusten duena.
2. Jarduketa burutu dela ulertuko da faktura ematen den egunean berean.
Justifikazioa aurkezteko epea iragaten bada, aurkeztu gabe, ez da dirulaguntzarik ordainduko eta kobratzeko eskubidea galduko da. Epe hori luzatzen ahalko da hilabete batez, behar bezala frogatutako arrazoiak direla medio, justifikazio epea bukatu aurretik eskatuta, betiere organo kudeatzaileak egoki irizten badio.
3. Aurkeztutako dokumentazioa zuzena ez bada edo osorik ez badago, interesdunari 10 egun balioduneko epea emanen zaio eskaera osatu edo zuzentzeko. Epe hori iragan eta zuzenketarik egin ez bada, ez da dirulaguntzarik ordainduko eta kobratzeko eskubidea galduko da.
4. Laguntzaren justifikazioa zuzena dela egiaztatu ondoren, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, emandako laguntza ordainduko da.
15. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
1. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak, Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
2. Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian, zerbitzuen katalogoko fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein aurrekontu programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
16. Ez-betetzeak.
Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu, eta jasotako dirua itzuli beharko da. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
6.a) oinarrian ezarritakoa betetzen ez bada, hots, ibilgailu egokitua 5 urtez mantentzea baimenari atxikia, emandako dirulaguntzaren %20 itzuli beharko da, baldintza hori bete ez den urte bakoitzeko, edo, hala badagokio, horren zati proportzionala.
17. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
18. Errekurtsoak.
Era berean, deialdi hau eta oinarri arautzaileak aplikatuz emandako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
19. Araudi osagarria.
Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
20. Datu pertsonalak babestea.
1. Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra; Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa; eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren arabera, datu pertsonalak Nafarroako Gobernuak tratatuko ditu, eskaera Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen babesean tramitatzeko.
2. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko, ezabatzeko, transferitzeko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatzen ahalko ditu Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aurrean, bai eta, hala badagokio, datuak babestearen arloko kontrol-agintaritzari erreklamazioa egiteko ere, batez ere bere eskubideak erabiltzean asebete ez bada. Informazio gehiago, hemen: http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datu-pertsonalen-tratamendua.
Iragarkiaren kodea: F2408199
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
