112. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

151E/2024 FORU AGINDUA, maiatzaren 15ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoaren osaera aldatzen duena.

Osasuneko kontseilariak urtarrilaren 29an emandako 9/1996 Foru Aginduaren bidez, Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoa sortu zen.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 9ko 249E/2023 Foru Aginduaren bidez ezarri zen Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoaren egungo osaera.

2024ko apirilaren 19an, Osasun eta Farmazia Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuak proposatu zuen aldaketak egitea batzordean, haren osaera egitura organiko berriarekin bat etor dadin. Hala, Farmazia Ikuskapenaren Ataleko buruaren ordez Farmakozaintzaren Kontrolerako Ataleko burua egonen da batzordean hemendik aurrera, atal berri horren esparru materialekoak baitira batzordeari esleitutako eginkizunak.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluaz baliatuz, eta Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduan, osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoaren egiturari buruzkoan, 6. artikuluan, ezarritakoari jarraikiz

AGINTZEN DUT:

1. Aldatzea Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoaren osaera, honelakoa izan dadin:

–Osasuneko zuzendari nagusia; batzordeko burua izanen da.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea; batzordeko buruordea izanen da.

–Gaixotasun Transmitigarrien eta Txertaketen Ataleko burua (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua).

–Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkaria Txertaketen Ponentzian, Estatuko Osasun Sistemako Lurraldearteko Batzordearen barruan.

–Farmakozaintzaren Kontrolerako Ataleko burua (Osasun eta Farmazia Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzua).

–Farmazia eta Prestazioen zuzendariordea (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua), edo hark eskuordetzen duena.

–Oinarrizko osasun-laguntzako osasun-langile bat, txertaketetan ezagutza eta eskarmentua dituena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzaileak izendatua.

–Zainketen, Etxeko Arretaren, Arreta Soziosanitarioaren eta Ekintza Komunitarioen zuzendariordea (Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza).

–Medikuntza prebentiboko eta osasun publikoko profesional bat, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kudeatzaileak izendatua.

–Pediatria Zerbitzuko burua (Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa), edo hark eskuordetzen duena.

–Medikuntzako profesional bat, txertaketetan ezagutza eta eskarmentua dituena, Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzaileak izendatua.

–Oinarrizko osasun-laguntzako erizaintzako profesional bat, txertaketetan ezagutza eta eskarmentua dituena, Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzaileak izendatua.

–ANPEko (Nafarroako Pediatria Elkartea) sozietate zientifikoko ordezkaria.

–Nafarroako familiako eta komunitateko medikuntzako profesionalen artean gehiengoa duen sozietate zientifikoaren ordezkaria.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 15ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F2407886