Iragarkia
112. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
52E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, 2024ko deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena dirulaguntzak emateko egun kirol zerbitzuak egiten dituzten Nafarroako enpresei eta irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol entitateei, kirolean hasteko heziketa eta kirol programak aurrera eraman ditzaten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeentzat. DDBN identifikazioa: 757904.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 14.1 artikuluan, ezartzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak eskolako umeentzako kirol jarduerak sustatzeko programak bultzatuko dituela, Nafarroako hezkuntza administrazioarekin, toki erakundeekin, kirol entitateekin eta beste entitate publiko zein pribatu batzuekin elkarlanean, kasua bada.
Foru lege beraren 14.2 artikuluan zehaztu zen ezen eskolako umeentzat kirol jarduera sustatzeko programen xedea izanen dela eskolako heziketa integrala, nortasunaren garapen harmonikoa, sasoi fisikoa eta prebentzioaren osasun ohiturak osatzea. Gainera, hezkuntza arloan behar bereziak dituzten eskolako umeen integrazioa kontuan hartu eta sustatuko dute.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako gorputz- eta kirol-jarduerak sustatzea Nafarroako gizarte osoan, horretarako laguntzak eta dirulaguntzak emanez.
Kasu honetan, kirolean hasteko jarduerak bultzatuko ditu Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, heziketa eta kirol programen barnean.
Programa horiek helburu dute neska-mutilek trebetasun motorrak garatzea kirolean hasiz, gisa horretan norberaren segurtasunetik ekintzen kudeaketa autonomoa errazteko, eta, horrela, norberaren gaitasuna hobetzeko etorkizunean egin nahi dituzten kirol jarduera fisikoen irakaskuntza prozesuan proposatzen zaien edozein eginkizun motor betetzeko orduan.
Heziketa eta kirol programa horien babesean egiten diren jarduerak kasuan kasuko kirol modalitatean hastetik bideratu behar dira, norgehiagoka aurreikusi gabe.
Haste horren bitartez, kasuan kasuko kirolaren oinarrizko alderdi teknikoak garatuko dira. Eskolako umeen adinetara eta beharretara egokituko dira edukiak, metodologia, materiala eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ukitzen duten elementu guztiak, kirolean hasteari dagokionez.
Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren martxoaren 25eko 32/2024 Foru Aginduaren bidez xedatu zen argitaratzea Hezkuntzako kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2024ko martxoaren 21ean hartutako Erabakia, zeinaren bidez biek batera baimentzen baitute kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, laguntza eta ekarpen ekonomikoak eman ditzan 2024an ikastetxeetan eskiko, belako, naturako jardueretako eta kirol-hastapeneko jardueretako eskola kanpainak gauzatzeko.
Horregatik, programetara, guztira, 25.000 euro bideratu dira, honela egotzita:
–20.000 euro, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez baimenduko direnak, Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako "Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak" izeneko A50002-A5100-4819-336102 aurrekontu-partidaren kargura.
–5.000 euro, Hezkuntzako zuzendari kudeatzailearen apirilaren 16ko 124/2024 Ebazpenaren bidez baimenduak eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eskura jarriak, Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako "Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak" izeneko 420000-42000-4709-322G02 aurrekontu-partidaren kargura.
Horrenbestez, beharrezkotzat jotzen da deialdi bat onestea dirulaguntzak emateko egun kirol zerbitzuak egiten dituzten Nafarroako enpresei eta irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol entitateei, aurrera eraman ditzaten kirolean hasteko jardueren heziketa eta kirol programak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduak.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. 2024ko deialdiaren oinarri arautzaileak eta eranskinak onestea dirulaguntzak emateko egun kirol zerbitzuak egiten dituzten Nafarroako enpresei eta irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol entitateei, kirolean hasteko heziketa eta kirol programak aurrera eraman ditzaten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeentzat.
2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimentzen da; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50002-A5100-4819-336102: Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak | 2024 | 20.000,00 |
Baimentzeko proposatzen den kreditu horri 5.000 euro erantsiko zaizkio, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren apirilaren 16ko 124/2024 Ebazpenaren bidez baimendu eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eskura jarri direnak, Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako "Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak" izeneko 420000-42000-4709-322G02 aurrekontu-partidaren kargura.
3. Foru agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko apirilaren 26an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea, norgehiagokako araubidean, gaur egun kirol zerbitzuak egiten dituzten Nafarroako enpresei eta irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol entitateei, aurrera eraman ditzaten kirolean hasteko jardueren heziketa eta kirol programak unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetako Nafarroako ikastetxe publiko, pribatu eta itunduentzat.
Dirulaguntzak bideratuko dira hein batean ordaintzeko kirolean hasteko jarduera fisikoen heziketa eta kirol programak antolatu, kontrolatu eta gauzatzeak sortutako defizitak. Programak 2023-2024 ikasturtean eskaini eta gauzatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan, Aste Santuko oporretan izan ezik, eta egun bateko jarduerak izan behar dituzte, deialdiaren II. eranskinarekin bat.
2. Helburua.
2.1. Programa horiek helburu dute neska-mutilek trebetasun motorrak garatzea kirolean hasiz, gisa horretan norberaren segurtasunetik ekintzen kudeaketa autonomoa errazteko, eta, horrela, norberaren gaitasuna hobetzeko etorkizunean egin nahi dituzten kirol jarduera fisikoen irakaskuntza prozesuan proposatzen zaien edozein eginkizun motor betetzeko orduan.
2.2. Kasuan kasuko modalitateen kirol-hastapenetik bideratu beharko dira heziketa eta kirol programa honen babesean egiten diren jarduerak, eta, lehiaketarik gabe, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxetan eskaini eta garatuko dira.
2.3. Haste horren bitartez, kasuan kasuko kirolaren oinarrizko alderdi teknikoak garatuko dira. Eskolako umeen adinetara eta beharretara egokituko dira edukiak, metodologia, materiala eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ukitzen duten elementu guztiak, kirolean hasteari dagokionez.
2.4. Aurkezten diren programek, aurreko puntuan ezarritako xede eta helburu orokorrak betetzeaz gainera, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak eduki beharko dituzte, jarduera motari, langileei, iraupenari eta beste arlo batzuei dagokienez.
3. Entitate onuradunak.
3.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzei heltzen ahal diete, batetik, Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatutako irabazi-asmorik gabeko kirol entitateek eta, bestetik, egun kirol zerbitzuak egiten dituzten eta Nafarroako Foru Komunitateko erregistro ofizialetako batean inskribaturik dauden enpresek.
3.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira beste deialdi berariazkoago batzuen helburu diren heziketa eta kirol programak.
4. Entitate onuradunen betebeharrak.
4.1. Kirol zerbitzuak egiten dituzten enpresen kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko erregistro ofizialetako edozeinetan inskribaturik egotea.
4.2. Irabazi-asmorik gabeko kirol entitateen kasuan, Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribaturik egotea.
4.3. Inola ere ez dira onuradun izaten ahal apustu enpresen finantzazioa eta/edo babesa duten entitateak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzazio hori osoa edo partziala. Halaber, bazter utziko dira halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela jantzietan eta materialean.
Halaber, ez dira onuradun izaten ahalko sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan-praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio-zehapen irmo bat edo kondena-epai irmo bat betetzen ari diren entitateak. Horrez gainera, ez dira onuradun izaten ahalko arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena-epai irmo bat bete zain dauden entitateak.
4.4. Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.
4.5. Dirulaguntzen onuraduna izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.
5. Gastu diruz lagungarriak.
Aurkeztu den heziketa eta kirol programaren izaerari dagozkion gastuak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta, zehazki, honako hauek:
a) Kirolean hasteko jarduera fisikoen kostua.
b) Jardueretako monitoreen gastuak.
c) Materialaren alokairua.
d) Istripu asegurua parte-hartzaileentzat (ikasleak eta irakasleak).
e) Garbiketako gastuak.
6. Eskaerak noiz eta nola aurkeztu.
6.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.2. Dirulaguntzen eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
6.3. Dirulaguntzen eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
7. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
7.1. Laguntzak eskatzeko agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira deialdiaren estekan eta web-orri honetan: https://www.navarra.es/eu/kirola.
7.2. Eskaeran aurkeztu beharreko agiriak:
1.–IV. eranskina.–Eskabide-orria.
2.–Heziketa eta kirol programa.
Atal guztiak jaso beharko dira, baremoari jarraikiz ebaluatu ahal izateko (III. eranskina):
A) Programaren helburu orokorrak.
B) Edukiak:
–B.1. Eskainitako kirol jarduerak. Deskribapena.
–B.2. Kirol jardueren metodologia eta antolaketa.
–B.3. Desgaitasuna eta kirol jarduerak: desgaitasuna duten pertsonei egokitutako jardueren deskribapena eta erabilitako metodologia.
C) Giza baliabideak:
–Proiektua diseinatzen, antolatzen, kontrolatzen eta garatzen zuzenean parte hartzen duten langileen deskribapena.
- Monitoreen zerrenda, izen-deiturak jasota, eta ondoko hauek zehaztuta:
- Titulazio espezifikoa eta osagarria, bakar-bakarrik irakasten duten kirol jarduera fisikoarekin lotua. Titulazio horien fotokopiak erantsi.
- Irakasten duten kirol jarduera fisikoarekin lotutako lan esperientzia. Esperientzia egiaztatzen duen agiria erantsi.
D) Parte-hartzaileak eta antolakuntza:
–Ikastetxeen izena.
–Parte-hartzaileen kopurua: ikasleak eta irakasleak.
–Esleitutako datak, eskaera aurkezteko egunera arte.
–Monitoreen ratioa talde bakoitzeko.
E) Baliabide materialak eta instalazioak:
–D.1. Programatutako jardueretarako erabilgarri izanen den eta parte-hartzaile bakoitzak baliatuko duen materialaren deskribapena.
–D.2. Desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako materiala eta instalazioak.
F) Segurtasuna:
F.1. Programan osasun arretarako eta ebakuaziorako ezarri diren planen deskribapena.
F.2. Kanpoko enpresek urteko ikuskapenak egiten badituzte programa garatzeko erabilitako instalazioetan, ikuskapen hori justifikatzen duen dokumentazioa erantsi.
G) Ikasleek egindako jardueraren garapena baloratzeko jarraipena eta ebaluazioa.
3. V. eranskina.–Programaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu osoa.
4. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenago emana, frogatzen duena entitateak egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak edo, bestela, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari baimena emateko agiria, kontsulta egin dezan.
5. Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenago emana, frogatzen duena entitateak egunean dituela tributu betebeharrak, edo, bestela Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari baimena emateko agiria, kontsulta egin dezan.
7.3. Entitate onuradunek bakarrik aurkeztu beharreko agiria, hilabeteko epean aurkeztekoa, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpenetik hasita. VI. eranskina. Gardentasunaren adierazpena, 16. oinarriaren arabera.
8. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
9. Antolaketa eta instrukzioa.
Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza izanen da dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna.
10. Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.
10.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
10.2. Baremoa, III. eranskinaren arabera, batetik, irabazi-asmorik gabeko kirol entitateei aplikatuko zaie (A taldea), eta, bestetik, kirol zerbitzuak egiten dituzten enpresei (B taldea).
10.3. Dirulaguntzak esleitzeko, batetik, A taldean aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, eta bestetik, B taldekoak, talde bakoitzean eskaeren arteko lehentasuna ezartzeko, III. eranskinean zehazten den baremoari jarraituz.
10.4. Talde bakoitzaren dirulaguntza zehazteko, puntuaren balioa eskaera bakoitzak lortutako guztizko puntuekin biderkatuko da, III. eranskinean jasotako baremoa aplikatu ondoren.
Talde bakoitzean puntuak duen balioa honela lortzen da: kreditu erabilgarri osoa (A taldea: 20.000 euro eta B taldea: 5.000 euro) zati talde bakoitzean aurkeztutako eskaeren guztizko puntuen batura.
10.5. Entitate onuradun bakoitzari esleitutako kopuruak ezin izanen du aurkeztutako programaren defizita gainditu. Era berean, A taldean aurkeztutako programa bakoitzari gehienez 10.000 euro emanen zaizkio, eta B taldean, aldiz, 2.500 euro, 10.6 oinarrian ezarritako kasuan izan ezik.
10.6. Erabilgarri dagoen kreditu guztia agortzen ez bada aurkeztutako eskaeren artean egiten den lehen banaketan, talde bakoitzean geratzen den saldoa banatuko da, lehentasun ordenaren arabera, puntuaziorik handiena duten erakunde onuradunen artean, defizitera iritsi arte.
Talde bakoitzean eskaera bakarra aurkezten bada, esleitutako kopuruak ezin izanen du aurkeztutako defizita gainditu, eta talde bakoitzean erabilgarri dagoen kreditu osoa esleitzen ahalko da.
10.7. Kontuan harturik 10.5 oinarrian zehaztutako muga horiek, ematen diren dirulaguntzak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, betiere horretarako kreditu aski baldin badago Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren 2024ko ekitaldirako aurrekontuan.
Zenbateko hori honela banatuko da:
a) 20.000 euro 2024rako Aurrekontu Orokorretako "Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak" izeneko A50002-A5100-4819-336102 aurrekontu-partidaren kargura.
b) 5.000 euro, Hezkuntzako zuzendari kudeatzailearen apirilaren 16ko 124/2024 Ebazpenaren bidez baimenduak eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eskura jarriak, Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako "Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak" izeneko 420000-42000-4709-322G02 aurrekontu-partidaren kargura.
10.8. Bazter utziko dira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko beste deialdi batzuen dirulaguntza jasotzen duten programak.
11. Ebazpenak.
11.1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntza esleitzeko behar den ebazpena. Interesdunei beranduenez 90 egun naturaleko epean jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
11.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.
11.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.
11.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.
11.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko iragarki-taulan argitaratuko dira deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien entitate onuradunen zerrenda.
12. Programaren frogagiriak eta memoria.
12.1. Heziketa eta kirol programak justifikatzeko dokumentazioa programak egin ondoren aurkeztuko da, eta 2024ko urriaren 1a baino lehenago. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
1.–VII. eranskina.–Programak sortutako diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua.
2.–VIII. eranskina.–Gastuak justifikatzeko kontua:
a) Jarduera dela eta, edozein administrazio publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakiduna eta zehatza. Parte-hartzaileek kuota bat ordaindu behar badute, diru-sarrera horiek zehaztu eta justifikatuko dira.
b) Diruz lagundutako jarduerengatik ordaindutako gastu guztiak (ez bakarrik kontzeptu diruz lagungarriak) dakartzaten fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakidun eta zehatza. Honako hauek sartuko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren eguna (VII. eranskina). Euskarri informatikoan ere aurkeztu behar da.
3.–Ordaindutako fakturen fotokopiak, emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa adinakoak. Aurkeztutako zerrendan dagokion zenbakia adieraziko da kopian, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira. Honako hauek izaten ahal dira: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, "ordaindua" zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa; edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.
4.–IX. eranskina.–Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia.
5.–X. eranskina.–Azpikontratazioaren inprimakia.
6.–XI. eranskina.–Hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia.
7.–Heziketa eta kirol programaren memoria teknikoa.
1.–Edukiak:
–Egindako jarduerak, noiz egin diren zehaztuta.
–Parte-hartzearen gaineko datuak: parte-hartzearen gaineko datuen taula, honako hauek zehaztuta: astea/ikastetxeak/parte-hartzaileak ikastetxeen arabera (sexuaren arabera banatuta)/parte-hartzaile guztiak.
2.–Balorazio teknikoa.
2.1. Talde bakoitzaren ebaluazioaren emaitzak jarduerei, jardueren monitoreei eta zerbitzuei (instalazioak eta materiala) dagokienez, ebaluazio txantiloietan oinarrituta.
2.2. Hobetu beharrekoak.
3.–Publizitate betebeharrak bete izanaren frogak, esaterako, fotokopiak, argazkiak, etab., 15.7 oinarriaren arabera.
12.2. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
12.3. Deialdi honetan aipatzen diren eranskinetako eredu guztiak eskura daude Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuarenean: www.nafarroa.eus.
13. Dirulaguntzaren ordainketa.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta behin onuradunak 12. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztutakoan; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Kasu guztietan, ebazpen hori 2024ko ekitaldian eman eta jakinaraziko da.
14. Jarraipena eta kontrola.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.
15. Betebeharrak.
15.1. Dirulaguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.
15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
15.3. Dirulaguntzen onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.
15.4. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. (Adierazpen hori IV. eranskinean eginen da –Eskabide-orria–).
Kirol programaren memorian eta deskribapenean, hizkuntza inklusiboa erabiliko da, eta egindako jardueren onuradunen edo erabiltzaileen datu estatistikoak sexuaren arabera bereizita emanen dira.
15.5. Onuradunek adierazi beharko dute betetzen dituztela ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 48. artikuluan ezarritako betekizunak (Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko lege organikoa). (Adierazpen hori II. eranskinean eginen da –Eskabide-orria–).
48. artikulua:
1. Adingabeekin kirol- edo aisia-jarduerak egin ohi dituzten entitateek betebehar hauek dituzte:
a) Administrazio publikoek kirolaren eta aisiaren eremuan ezarritako jarduketa-protokoloak aplikatzea. (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren jarduera-protokoloa).
b) Monitorizazio-sistema bat ezartzea, bermatzeko betetzen direla adingabeen babeserako protokolo horiek.
c) Babes-ordezkaria izendatzea, harengana jo dezaten adingabeek beren kezkak adierazteko; hura arduratuko da ezarritako protokoloak hedatzeaz eta betearazteaz, bai eta behar diren komunikazioak abiarazteaz ere, haurren edo nerabeen aurkako indarkeria-egoera bat detektatu den kasuetan.
d) Behar diren neurriak hartzea kirola, jarduera fisikoa, kultura edo aisialdia ez dadin izan bazterkeria-une bat, dela adinagatik, arrazagatik, desgaitasunagatik, sexu-orientazioagatik, sexu-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik, edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik. Horretarako, lan egin behar da haurrekin eta nerabeekin beraiekin, bai eta haien familiekin eta profesionalekin ere, irain eta adierazpen umiliagarri eta diskriminatzaileen erabilera arbuiatzeko.
e) Halaber, haurrek eta nerabeek beren prestakuntzaren eta garapen integralaren alderdi guztietan aktiboki parte har dezaten sustatuko da.
f) Harremanak eta komunikazioa sustatzea eta indartzea kirol-erakundeen eta gurasoen (edo tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituztenen) artean.
2. Orobat, entitate horietan lan egiten duten pertsonek, 5. artikuluan aipatutako prestakuntzaz gain, prestakuntza espezifikoa jaso beharko dute desgaitasuna duten haur eta nerabeen gaitasunei eta ahalmenei behar bezala erantzuteko, haien kirol inklusiboa sustatu eta garatzeari begira.
15.6. Onuradunek erabiltzen diren kirol instalazioen urteko segurtasun-aktak eduki beharko dituzte (programa zer urtetan gauzatzen den, urte horretakoak).
15.7. Programa gauzatzeko erabiltzen diren kirol instalazio guztiek apirilaren 20ko 38/2009 Foru Dekretua bete beharko dute, kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko baldintzak eta segurtasun-neurriak arautzen dituena.
15.8. Begiratuko da Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.
Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), proiektua zein udaletan garatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.
Ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak betetzen dituztenak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.
Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo elikagai-erretilurik erabiliko, betiere erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.
15.9. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.
15.10. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.
15.11. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
15.12. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin.
15.13. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
16. Gardentasun betebeharrak.
Entitate onuradunek telematika bidez aurkeztuko dute, IV. eranskinaren bitartez (Eskabide-orria), dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, eta, horretara behartuak izanez gero, eskatutako dokumentazioa aurkeztuko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz, foru lege horren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.
17. Kirol entitate hornitzaileen azpikontratazioa eta kontratazioa.
17.1. Azpikontratazioa.
Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, osorik edo zati batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.
Entitateek, gehienez ere, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %20 azpikontrata dezakete. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.
17.2. Kirol entitate hornitzaileen kontratazioa.
Dirulaguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate.
18. Ez-betetzeak.
18.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra, eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.
18.2. Era berean, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da.
19. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
19.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
19.2. Deialdi honen prozeduran egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.
20. Datu pertsonalen babesa.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Deialdi honen XII. eranskinean eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.
21. Errekurtsoak.
21.1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.
21.2. Era berean, deialdi hau onesten duen foru agindua aplikatzearen ondorioz Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ezartzen dituen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
22. Aplikatzekoa den legedia.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
II. ERANSKINA.–EZAUGARRIAK
Kirolean hasteko jardueren heziketa eta kirol programak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan eskaini eta garatuko dira.
1. Alderdi orokorrak.
Parte-hartzaileak: 8 urtetik 17 urtera bitarteko ikasleentzat, hezkuntza-premia bereziak dituztenak barne, beti ikastetxeko irakasleek lagunduta.
Lekua: Nafarroako Foru Komunitatean.
Programaren iraupena, guztira: 2023-2024 ikasturtean eskainiko da (2023ko irailaren 9tik 2024ko ekainaren 23ra arte), Eguberrietako eta Aste Santuko oporrak alde batera utzita.
Eskainitako jardueren iraupena: Programaren barruan eskaintzen diren jarduera guztiek eskolaldi bateko iraupena izanen dute: goizekoa, arratsaldekoa edo goizekoa eta arratsaldekoa.
2. Edukiak.
Heziketa eta kirol programek gorputz eta/edo kirol jarduera bat edo batzuk izanen dituzte barnean, dagokion modalitatean hastera bideratuak eta ikasleen adinera egokituak. Preziso diren segurtasun neurriak hartuko dira, eta jarduera bakoitzak behar dituen baliabide materialak, giza baliabideak eta azpiegiturak izanen ditu.
3. Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.
3.1. Instalazio guztiek behar diren segurtasun neurriak izan beharko dituzte jarduerak behar bezala garatuko direla bermatzeko, eta, eskainitako jarduerei eta erabilitako instalazioei dagokienez, 2024. urteari dagozkion ikuskapenak eginak izan beharko dituzte.
3.2. Heziketa eta kirol programako jardueretako bakoitzean aritzeko eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.
3.3. Uretako jardueren kasuan, ezinbestekoa eta nahitaezkoa izanen da parte-hartzaileek igerian jakitea. Antolatzaileek ez diete baimenik emanen uretako jarduerarik egiteko igerian ez dakitenei. Gainera, beharrezko eta berariazko neurriak hartuko dituzte hori kontrolatzeko.
3.4. Uretan egiten diren jarduera guztietan nahitaezkoa izanen da salbamendu-txalekoa eramatea.
3.5. Nahitaezkoa izanen da osasun-arretako eta ebakuazioko plan bat izatea.
4. Giza baliabideak eta prestakuntzakoak.
4.1. Honako langile hauek izanen dira heziketa eta kirol programa egiteaz arduratzen direnak:
–Koordinatzaile bat, programa antolatzeaz, kontrolatzeaz eta gauzatzeaz arduratuko dena.
–Kirol eta/edo gorputz jardueretako monitoreak, berariazko prestakuntza izanen dutenak, zuzentzen duten jarduera zein den.
4.2. Jarduerak egiteaz arduratzen diren monitore guztiek berariazko prestakuntza izan behar dute beren kirol eta/edo gorputz jarduerako modalitatean.
4.3. Parte-hartzaileen talde bakoitzeko monitore ratioa ezartzeko, egin beharreko jarduera, arriskua eta egiteko tokia hartuko dira kontuan.
4.4. Programa garatu bitartean eginkizun batean edo bestean aritzen diren programako langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.
5. Parte-hartzaileak.
5.1. Programa hau Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoei, pribatuei eta itunduei dago bideratua. 8 urtetik 17 urtera bitarteko eskola-haurrak izanen dira parte-hartzaileak, hezkuntza premia bereziak dituztenak barne. Ezin da murrizketarik egin kirol eta gorputz jarduerak egiteko gaitasunengatik.
5.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu hautapen prozesuen ondorioz. Desgaitasunak dituzten ikasleak hezkuntzako sistema normalizatuan sartzeko ahalegina islatu behar da programan parte hartzeko aukera emanez. Hori betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da.
5.3. Ikasle guztiek ikastetxeko irakasleak izanen dituzte lagun beti, eta taldeak antolatzen laguntzeaz arduratuko dira. Joan-etorrietan, egin beharreko jardueretan eta ezartzen diren atsedenaldietan egonen dira eskolako haurrekin. Halaber, edozein arrazoirengatik programatu gabeko joan-etorriren bat egin behar duten ikasleei lagunduko diete.
5.4. Ikastetxeko irakasle laguntzaileen ratioa, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez, taldearen premien eta ezaugarrien arabera ezarriko da.
6. Baliabide materialak eta azpiegiturak.
Entitate onuradunek parte-hartzaile bakoitzaren esku jarri beharko dute heziketa eta kirol programaren barnean egin beharreko jarduera bakoitzean aritzeko behar den material espezifiko guztia.
Material guztia behar bezala erabiltzeko moduan egonen da, eta onuradunen ardura izanen da hura konpondu edo ordeztea.
7. Baimenak.
Deialdi honetako entitate onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla heziketa eta kirol programako jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.
8. Laguntza teknikoa.
Entitate onuradunak beste entitate batzuekin lankidetzan aritzen ahalko dira zerbitzuetako edozein egiteko: garraioa, materialaren alokairua eta gorputz eta/edo kirol jarduerak egitea, I. eranskineko 17. oinarriarekin bat.
9. Osasun laguntza.
Entitate onuradunek parte-hartzaile guztientzako istripu aseguru bat kontratatu beharko dute. Horretaz gain, erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute.
III. ERANSKINA.–BAREMOA. BALORAZIO IRIZPIDEAK
Aurkeztutako eskaerak barematzeko ezarritako balorazio irizpideak, batetik, irabazi-asmorik gabeko kirol entitateek aurkeztutako programei (A taldea) aplikatuko zaizkie, eta, bestetik, kirol enpresek aurkeztutako programei (B taldea). Hauek dira irizpide horiek:
1. Antolaketa:
Monitoreen ratioa talde/jarduera bakoitzeko:
–Monitore 1/5 parte-hartzaile: 20 puntu.
–Monitore 1/7 parte-hartzaile: 15 puntu.
–Monitore 1/9 parte-hartzaile: 10 puntu.
–Monitore 1/10 parte-hartzaile baino gehiago: 5 puntu.
2. Parte-hartzaileen kopurua guztira (ikasleak eta irakasleak):
–200 parte-hartzaile bitarte: 12 puntu.
–201 eta 400 parte-hartzaile bitarte: 14 puntu.
–401 eta 600 parte-hartzaile bitarte: 16 puntu.
–601 eta 800 parte-hartzaile bitarte: 18 puntu.
–801 parte-hartzaile edo gehiago: 20 puntu.
3. Giza baliabideak:
–Kirolean hasteko jardueretako monitore bakoitzaren lan esperientzia. 10 puntu gehienez monitore bakoitzeko. Puntu bat esperientzia urte bakoitzeko.
–Monitore bakoitzaren titulazio osagarria, irakasten duen jarduerarekin lotura izan behar duena: 10 puntu gehienez monitore bakoitzeko. Puntu bat titulazio osagarri bakoitzeko.
4. Aukera-berdintasuna: genero-ikuspegia.
–Emakumeen eta gizonen arteko ekitatea, proiektuko monitore kopuruari dagokionez. Ulertuko da presentzia orekatua dela baldin eta kasu batean edo bestean proportzioa ez bada %60tik gorakoa eta %40tik beherakoa. Bai: 5 puntu. Ez: 0 puntu.
5. Aukera-berdintasuna: irisgarritasuna.
–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako jardueren zerrenda: 5 puntu/desgaitasuna duten pertsonentzat irisgarriak diren jarduerak.
–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako kirol instalazioen zerrenda: 5 puntu instalazio bakoitzeko.
Iragarkiaren kodea: F2407407
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
