112. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

37E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 18koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako toki-erakundeei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat onesten baita, tresna digitalak ezar ditzaten osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 756190.

Espainiako Konstituzioaren eskumen-esparru arauemailearen barruan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 44.14 artikuluan ezartzen duenaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen esklusiboa da kirola eta aisialdiaren behar bezalako erabilera sustatzea. Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoen kirol politikaren helburuetako bat da koordinazioa, elkarlana eta lankidetza arduratsua sustatzea eta bultzatzea kirol arloan, bai administrazio publikoen artean, bai haien eta Foru Komunitatean kirola sustatzen eta garatzen diharduten beste entitate publiko edo pribatu batzuen artean. Era berean, kirol jarduera sustatzea aurreikusten da, laguntzen eta dirulaguntzen bitartez.

Espainiako Konstituzioak 43.3 artikuluan jasotako gizarte eta ekonomia politikaren printzipio gidarietan ezartzen du botere publikoek osasun hezkuntza, gorputz hezkuntza eta kirola sustatuko dituztela.

2020ko uztailaren 21ean Kontseilu Europarrak onetsi zuen martxan jartzea Suspertzerako Europako Bitartekoa, eta haren garapenerako eman zuten Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Next Generation EU funts berriarekin finantzatuko den Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.

Kirolak oso zuzenean jasan ditu osasun-larrialdiaren ondorioak, eta, horregatik, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) aparteko eta premiazko neurriak ditu kirola jarduera ekonomiko gisa berraktibatzeko, abiapuntutzat hartuta irizpide hauek: garapen jasangarria, gizarte-kohesioa, enplegua sortzea, kolektibo kalteberei arreta ematea eta lurraldeen arteko oreka.

Plan hori maila nazionalean betearazteko, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretua onetsi zen, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituena eta helburu duena erraztea Europako funtsekin finantza daitezkeen jarduerak programatzea, aurrekontuak egitea, kudeatzea eta gauzatzea. Bestalde, esparru berean, Espainiako Gobernuak, 2021eko apirilaren 27ko Ministroen Kontseiluan, Espainiako ekonomiarako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana onetsi du. Plan horrek hainbat osagai ditu, ministerioetako departamentuek esku hartzen duten jardueraren ardatzen araberakoak.

Bestalde, 2022ko uztailaren 4an, Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko maiatzaren 9ko Erabakia onetsi zen, autonomia erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek Kirol Kontseilu Gorenaren aurrekontuaren kargura kudeatutako kredituen lurralde banaketari eta banaketa irizpideei buruzkoa. Hain zuzen, «Kirolaren sektorearen sustapena» 26. osagaiaren esparruan zegoen, 2022ko aurrekontu-ekitaldian, «Jarduera Fisikoaren Preskripzioa Digitalizatzeko Planerako», Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Espainiako ekonomiaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan horrek (SEEP) arreta berezia jartzen du gure herrialdeko kirolaren sektorearen susperraldian, eta sektore horretara bideratutako inbertsioen eta erreformen multzo zabal bat ezartzen du.

Neurri multzo horren barnean dago 26. osagaia, "Kirolaren sektorearen sustapena" izenekoa, non zenbait erreforma eta inbertsio ezartzen baitira. Erreformetako baten helburu nagusia da kirola sustatzeko estrategia nazional bat izatea, sedentarismoaren eta jarduera fisikorik ezaren aurkakoa. (C26.R.3) Estrategia nazional hori lortzea oso lotuta dago, besteak beste, honako honetan lantzen den inbertsioarekin: Kirolaren Sektorearen Digitalizazio Plana (C26.I1), alderdi garrantzitsu hauetan, adibidez: kirolaren digitalizazioa; ohitura osasuntsuen inguruko komunikazioa eta sentsibilizazioa; osasunaren eta osasunerako ona den jarduera fisikoaren arloko teknologia eta ikerketa; eta osasun publikoaren eta kirolaren sektorearen arteko lankidetza herritarrei jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzearen arloan.

Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko maiatzaren 9ko Erabakiaren arabera, inbertsio horren xedea da tresna digital egokiak ezartzea jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko plan baten barruan. Tresna horiek bermatu eta erraztu behar dute preskripzioaren jakinarazpena osasun-eremuan, kirol-sistemara edo sistema komunitariora bideratzea jarduera edo ariketa fisikoko jarraibideak behar dituzten pertsona ez-aktiboak edo patologiak dituztenak, jarduera eta ariketa fisikoko programak gauzatzea haien tratamendurako, eta emaitzen atzeraelikadura.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 28ko 75/2023 Ebazpenaren bidez, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) "Nafarroako jardueraren eta ariketa fisikoaren preskripzioa. Digitalizazioa eta Prestakuntza" izeneko azpiproiektuaren kudeaketa plana onetsi zen.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren maiatzaren 8ko 41/2023 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean osasunerako jarduera eta ariketa fisikoaren preskripzio plana onetsi zen.

SEM azpiproiektuak, bere mugarriak eta helburuak behar bezala betetzeko, honako jarduketa hauek jasotzen ditu: batetik, autonomia erkidegoan osasunerako jarduera zein ariketa fisikoaren preskripzio plan bat onestea, eta, bestetik, preskripzio planaren sistema/tresna digital bat izatea, horren euskarri gisa.

Horregatik, azken mugarri edo helburu horretarako, Nafarroako Kirolaren Institutuak, 2023an, maiatzaren 29ko 69E/2023 Foru Aginduaren bidez, toki-erakundeentzako dirulaguntza deialdi bat onetsi zuen, tresna digitalak ezar ditzaten osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetan, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Uztailaren 26ko 328E/2023 Ebazpenaren bidez, tresna digitalak ezartzeko preskripzio proiektuen hautaketa onetsi zen, eta, guztira, 108.776,04 euro eman ziren tresna digitalak eskuratzeko.

Urriaren 27ko 441E/2023 Ebazpenaren bidez, 106.191,29 euro ordaintzea ebatzi zen, toki-erakundeentzako dirulaguntza deialdi horretan, tresna digitalak ezar ditzaten osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetan, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2024an, eta Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako Europako funtsak daudenez, jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko plan baten barruan tresna digital egokiak ezartzeko, eta, horrela, 2023an egindako ekintzei jarraipena emateko, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak proposatzen du beste deialdi bat onestea, toki-erakundeei dirulaguntzak emateko, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetan tresna digitalak ezar ditzaten.

Hortaz, deialdiak Planaren helburuetako bati erantzuten dionez (preskripzio planaren euskarri izanen den sistema/tresna digital bat izatea), Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak deialdi horren oinarri arautzaileak onesteko eskatzen du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako printzipio hauen arabera: publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza, kontrola, eraginkortasuna administrazio emaileak ezarritako helburuak betetzean eta efizientzia baliabide publikoak esleitzean eta erabiltzean.

Era berean, dirulaguntzak jasotzeko, planean finkatutako helburuak bete, gauzatu eta egin beharko dira, eta osotara aplikatuko zaizkie Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen diren kudeaketa eta kontrol mekanismoak, bai eta kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako Europar Batasunean ezarritako araudia ere; gainera, Europar Batasunaren araudiak informazio, publizitate eta egiaztapenerako ezartzen dituen arau espezifikoak eta gainerakoak nahitaez bete beharrekoak dira.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako toki-erakundeentzako dirulaguntzen deialdi bat, tresna digitalak ezar ditzaten osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimentzen da; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-7609-336102 [PEP:E-22-000550-01]: SEM Preskribatzea. Toki-erakundeentzako laguntzak digitalizaziorako

2024

136.974 euro

4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 18an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako toki-erakundeei dirulaguntza emateko baldintzak eta betekizunak arautzea, jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetan tresna digitalak ezar ditzaten.

2. Dirulaguntza honen bidez, tresna digital egokiak ezarri nahi dira jarduera eta ariketa fisikoaren preskripzio proiektuen garapena osatzeko. Tresna horiek bermatu eta erraztuko dute preskripzioaren jakinarazpena egitea osasun eremuan, kirol sistemara edo sistema komunitariora bideratzea jarduera eta/edo ariketa fisikoko jarraibideak behar dituzten pertsona ez-aktiboak edo patologiak dituzten pertsonak, jarduera eta ariketa fisikoko programak gauzatzea haien tratamendurako, eta emaitzen atzeraelikadura egitea.

3. Oinarri arautzaile hauetan jasotako laguntzak %100ean kofinantza daitezke Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoarekin finantzatutako baliabideekin (Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituen 36/2020 Errege Lege-dekretuaren 66. artikulua), zehazki honen bitartez: C.26 osagaia, Kirolaren Sektorearen Sustapena. I01 Kirolaren Sektorea Digitalizatzeko Plana, P02 "Eraldaketa digitala osasunerako jarduera fisikoan eta kirol medikuntzan aplikatuta", CID 370 helburuaren h) mugarria betetzeko: digitalizazio beharren azterketa kirolaren sektorea digitalizatzeko (hala nola aplikazioak, kirol federazioak, kirol medikuntza, osasunerako ona den jarduera fisikoa eta dopinaren aurkako neurriak).

2. Erakunde onuradunak eta betebeharrak.

1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektu bat garatzen duten Nafarroako toki-erakundeek, baldin eta Kultura eta Kiroleko kontseilariaren irailaren 18ko 81E/2023 Foru Aginduaren dirulaguntza deialdian parte hartu badute, eta jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiekturako dirulaguntza bat eman bazaie. Foru agindu horren bidez, 60 urtetik gorako pertsonentzako jarduera fisikoko programak eta osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak sustatzeko toki-erakundeentzako 2023-2024 dirulaguntzen deialdia onetsi zen.

2. Inola ere ez dira onuradun izaten ahal apustu enpresen finantzazioa eta/edo babesa duten erakundeak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzazio hori osoa edo partziala. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten erakundeak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.

3. Zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

3. Programen ingurumen baldintzak.

1. Egiten diren jarduketek "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" errespetatuko dute (Do No Significant Harm-DNSH printzipioa), honako hauetan xedatutakoa betez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen baita, eta hura garatzeko araudia; bereziki, 2020/852 (EB) Erregelamendua, Inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa, eta Europako Batzordearen Gida Teknikoa (2021/C 58/01) printzipio horren aplikazioari buruzkoa, bai eta Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian eta haren eranskinean eskatutakoa ere.

Jarduketek DNSH printzipioa betetzen dela egiaztatzeko mekanismoak aurreikusiko dituzte, eta neurri zuzentzaileak, neurriek, aurreikus daitekeenez, inpakturik ez dutela edo oso txikia dutela bermatzeko, aipatutako 26. osagaian ezarritakoaren arabera, bai DNSH printzipioari dagokionez, bai etiketatze klimatiko eta digitalari dagokienez. Arreta berezia jarriko zaie, gainera, planaren osagaiaren dokumentuaren 3., 6. eta 8. ataletan jasotakoei eta CIDaren eranskinean jasotakoei (Kontseiluaren Betearazpen Erabakia, Espainiako SEEParen ebaluazioa onesteari buruzkoa).

Hala ere, Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko maiatzaren 9ko Erabakiari jarraikiz eta aurreikusitako jarduketen ezaugarriak direla-eta, C26.I1 inbertsioari (Kirolaren Sektorea Digitalizatzeko Plana) 011 etiketa aplikatuko zaio (%100eko koefizientea).

4. Gastu diruz lagungarriak.

1. Toki-erakundeen digitalizazioari lotuta egonen dira, bai eta tresna digital egokiak ezartzeko helburuarekin ere. Tresna horiek bermatu eta erraztuko dute preskripzioaren jakinarazpena egitea osasun eremuan, kirol sistemara bideratzea jarduera eta/edo ariketa fisikoko jarraibideak behar dituzten pertsona ez-aktiboak edo patologiak dituzten pertsonak, jarduera eta ariketa fisikoko programak gauzatzea haien tratamendurako, eta emaitzen atzeraelikadura egitea.

2. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Ekipamendu informatikoak edo Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) azpiegitura eskuratzeari dagozkionak.

Atal honetan, egoera fisikoa/osasuna kontrolatzeko eta hobetzeko tresna digital hauek sartzen ahalko dira: jarduera-eskumuturrekoak, bideokontsolak, bideojoko aktiboak, errealitate birtualeko betaurrekoak...

b) Jarduera fisikoa preskribatzeko proiektuak egiteko software espezifikoko lizentzia erosteari dagozkionak.

c) 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra Internet horniduraren kostuari dagozkionak, jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak garatzeko baino ez diren espazioetan (zuntza instalatzeko gastuak kanpo geratuko dira).

3. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Erakunde onuradunen gastu arruntak.

b) Langile propioen gastuak.

c) Gastu diruz lagungarriei dagokien BEZa, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal bada.

d) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzariokoak, notariotzakoak eta erregistrokoak, banku-kontuen interes zordunak, interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen gastuak.

4. Proiektuei dagozkien gastu guztiak, irailaren 18ko 81E/2023 Foru Aginduaren arabera dirulaguntzen deialdian sartzen direnak.

5. Diruz lagungarriak izanen dira 4.2 puntuan adierazitako gastu guztiak, 2023ko urriaren 4tik 2024ko urriaren 3ra bitartean eginak badira.

5. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Aipatutako helburuetarako 136.974 euro erabiliko dira, guztira, hurrengo deialdiari aurre egiteko. Zenbateko hori Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako "SEM Preskripzioa. Toki-erakundeen digitalizaziorako laguntzak" izeneko A50002 A5100 7609 336102 partidari egotziko zaio.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa 13.000 eurokoa izanen da gehienez, proiektu eta toki-erakunde bakoitzeko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz proiektuaren defizita baino handiagoa izanen.

6. Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat, ez-aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen eskaera-ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta fitxa horren bidez telematikoki aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Eskabide-orri bakoitzean proiektu bakar bat aurkezten ahal da.

2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Inprimaki guztiak erakunde eskatzailearen arduradunak sinatuta aurkeztu beharko dira.

4. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

4.1. Eskaeraren inprimakia, eredu ofizialaren araberakoa (II. eranskina). Inprimakiaren barruan, erakundearen betebeharren erantzukizunpeko adierazpenei dagozkien laukiak hautatu beharko dira, eskaera osatu ahal izateko.

4.2. Jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektua (III. eranskina):

1) Proiektuaren justifikazioa.

2) Proiektuaren garapena: prozedura.

–Biztanleriaren zein talderi zuzentzen zaion.

–Eskainitako jarduera fisikoko programak.

–Kirol-errezetaren protokoloa.

–Jarduera eta Ariketa Fisikorako Unitateak (JAFU) pazienteari egindako segimendua eta ebaluazioa.

3) Proiektua eta digitalizazioa: preskripzio proiektua garatzeko beharrezkoak diren tresna digitalen deskribapena, deialdiaren 1.2 oinarriaren arabera.

4) Garapenean inplikatutako eragileak. (osasun-etxea, toki-erakundea, jarduera eta ariketa fisikoaren unitatearen –JAFU– osaera, etab.).

5) Proiektuaren segimendua eta ebaluazioa.

4.3. Proiektuaren aurrekontua, IV. eranskinaren arabera.

4.4. Interes-gatazkarik ezaren adierazpena, horri buruzko berariazko adierazpenak jasotzen dituena, V. eranskin gisa sartutako inprimaki-ereduaren arabera.

Erantzukizunpeko adierazpenek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituzte. Erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edo jasotzen den edozein datu, adierazpen edo agiri, funtsean, okerra edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, zein erantzukizunpeko adierazpenik aurkezten ez bada, ez da segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa. Baldintzak betetzen ez badira, dagokion itzultze-prozeduraren ondoren, itzuli beharko dira jasotako laguntzak eta dagozkien berandutze-interesak.

7. Antolaketa eta instrukzioa.

1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketarako eta instrukziorako organo eskuduna Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza izanen da, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutukoa.

2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die eskatzaileei Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, errekerimendua eginen da dokumentazioa osatu edo akatsak zuzentzeko hamar egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko da ezen, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

3. Gaitutako helbide elektroniko bakarrera jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

8. Diruz lagundutako proiektuen betebeharrak.

1. Toki-erakundeak zuzentzen dituen proiektu guztietarako, hitzarmen edo akordio bat izenpetu beharko da eskualdeko oinarrizko osasun laguntzako zentroarekin, non bi aldeen konpromisoak jasoko baitira diruz lagundu beharreko proiektua behar bezala garatzeko (instalazioak, langileak, zerbitzuak, eginkizunak, etab.).

2. Jarduera fisikoa egiteko preskripzioa edo "kirol-errezeta" osasun-etxeetako profesionalek egin beharko dute, eginen den jarduera hautatu baino lehen.

3. Proiektuak populazio osoari zuzenduko zaizkio, haurtzarotik, baina bereziki 60 urtetik gorakoei. Osasuntsu daudenak zein patologiaren bat dutenak sartuko dira proiektuetan.

4. Preskripzioa egindakoan, hezitzaile fisiko batek edo batzuek osatuko duten jarduera eta ariketa fisikorako unitatera (JAFU) bideratuko da pazientea.

4.1. Hezitzaile fisikoen funtzioak: osasun-etxetik bideratutako pertsonei balorazioa egin eta orientazioa ematea, eta pertsona horiei preskribatu zaizkien ariketa fisikoak programatu, planifikatu, koordinatu eta kontrolatzea. Beste langilerik ez badago, pazienteek egin beharreko jarduerak zuzentzen ahalko dituzte.

4.2. Hezitzaile fisikoen betebeharrak:

–Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako titulu unibertsitarioa edo horren titulu baliokidea izan beharko dute.

–Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziadunen Nafarroako Elkargo Ofizialeko kide izatea, edo beste autonomia erkidego bateko elkargokoa.

9. Dirulaguntzak emateko eta zenbatekoa kalkulatzeko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidea erabiliko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Kalkulurako prozedura:

2.1. Eskaera bakoitzak jasoko duen dirulaguntzaren ehunekoa aurkeztutako defizitaren arabera finkatuko da, eta defizit horretarako kontuan hartuko dira soilik diruz lagungarriak diren gastuak.

2.2. Puntu 1 emanen da defiziteko euro bakoitzeko. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati helburuak betetzen dituzten eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

2.3. Kreditu erabilgarria agortzen ez bada, gainerako saldoa erakunde onuradun guztien artean banatuko da, zati berdinetan. Kasu horietan soilik, erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 13.000 eurotik gorakoa izaten ahalko da proiektu eta toki-erakunde bakoitzeko.

2.4. Ezin izanen da inola ere gainditu aurkeztutako defizita, ez eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100 ere.

10. Laguntzak emateko ebazpena.

1. NKJFIko zuzendari kudeatzaileari dagokio aurkezten diren dirulaguntza-eskaerak ebaztea, batzorde teknikoak instrukzio organoaren bidez bidaliko dion proposamena ikusirik.

2. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena eman eta toki-erakunde interesdunei jakinarazteko epea hiru hilabetekoa da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.

3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Era berean, dirulaguntza jaso duten erakunde eskatzaileen zerrenda jasoko du, eta espresuki adieraziko da, arrazoiak emanda, gainerako eskaerei uko egin zaiela, halakorik bada.

4. Interes-gatazkak.

Iruzurra, ustelkeria, eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak indartzeari dagokionez, deialdi hau Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien planaren mende dago (23/2022 Foru Agindua, maiatzaren 10ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien plana onesten duena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko).

Administrazioaren zerbitzuko agintariak edo langileak abstenitzen ez badira aurreko atalean adierazitako egoeraren batean edo batzuetan daudenean, interesdunak errekusatzen ahalko ditu, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera. Alde horretatik, errekusazioa idatziz aurkezten ahalko zaio kontratazio-organoari, errekusatzeko arrazoiak adierazita, prozeduraren izapidetzearen edozein unetan. Errekusatuak biharamunean adieraziko dio bere nagusi hurrenari alegatutako arrazoia beragan betetzen den ala ez. Lehenengo kasuan, nagusiak ikusten badu errekusatzeko arrazoia betetzen dela, ordezkoa jartzea erabakiko du berehala. Errekusatuak errekusatze arrazoia ukatzen badu, nagusiak hiru eguneko epean ebatziko du, bidezko deritzen txostenen eta egiaztapenen ondoren.

Salaketarako berariazko kanala. Lizitazio prozedura honetan interes-gatazkarik dagoela jakiten duten pertsonek edo erakundeek organo kontratatzaileari jakinarazi beharko diote, Iruzurraren Aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalaren bitartez, bitarteko elektronikoen bidez, zerbitzu horrek berariaz gaitu duen kanalaren bitartez, web helbide honetan:

https://www.igae.pap.hacienda.gob.es/sitios/igae/es-ES/paginas/denan.aspx

5. SEMaren Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan aurreikusitakoa betetze aldera, honako hauen berri ematen zaie eskatzaileei:

A) Dirulaguntza erregistratuko dela Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, 130/2019 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

B) Foru Komunitateko Administrazioak eta SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako organo guztiek aukera dutela Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzakeen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko.

C) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betearazten duten prozeduretako interes-gatazkaren arriskuaren analisi sistematikoari buruzko urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduak 7.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dirulaguntza ematen duen organoak prozeduretako parte-hartzaileei eskatzen ahalko diela haien titulartasun errealari buruzko informazioa, baldin eta ZAEAk ez badu kontsultaren xede den enpresaren titulartasun errealei buruzko informaziorik, eta hala adierazi badio dagokion eragiketaren arduradunari dagokion bandera beltza erabilita. Informazio hori dirulaguntzak emateko organoari eman beharko zaio, informazio eskaera egin eta bost egun balioduneko epean.

Informazio hori adierazitako epean ez ematea parte-hartzailea prozeduratik kanpo gelditzeko arrazoia da.

D) Informazioa trukatuko dela sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta Espainiako araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

Halaber, laguntza emateko baldintza izanen da idatziz konpromisoa hartzea (II. eranskinaren arabera) beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak emateko Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatu dadin, bat etorriz SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin.

6. Dirulaguntzak emanen dira baldin eta kreditu egokia eta aski badago Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretan deialdi honetarako.

7. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

11. Dirulaguntza ordaintzea, ebazpenak eta konturako ordainketak edo aurrerakinak.

1. NKJFIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera eginda eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; ematen den laguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen. Ordaintzeko, transferentzia eginen zaio onuradunari, dagokion ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean, gehienez ere.

2. Justifikazioan onartutako gastua eskaeran onartutakoa baino txikiagoa baldin bada, ordaindu beharreko zenbatekoa murriztuko da, zer portzentajetan murriztu den justifikazioa hasierako aurrekontuarekiko, horrenbeste.

3. Hala ere, toki-erakundeek konturako ordainketa edo aurrerakina eskatzen ahalko dute (emandako dirulaguntzaren zenbateko osoaren %95era iristen ahalko da), justifikatu gabe dauden gastu arrunten zerrenda bat bada, eta gastu horiek diruz lagundutako jardueran dagoeneko gauzatu den zatiari buruzkoak badira.

Konturako ordainketa hori egin ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Toki-erakunde onuradunak berariaz eskatu beharko du.

b) Ordura arte egindako gastu diruz lagungarrien memoria aurkeztu beharko da, eta deialdiaren xedearekin bat datozen, 1.2 oinarriaren arabera.

Konturako ordainketa aukeratzen bada, eta frogagiriak aurkezteko ezarritako epea igarota, espedientea ixteko ebazpena emanen da, non doituko den aurkeztutako azken frogagiriak baino lehen egindako konturako ordainketa. Kasu horretan, ixteko ebazpenean finkatuko da NKJFIk ordaindu beharreko zenbatekoa edo toki-erakundeak itzuli beharrekoa, toki-erakunde bakoitzak aurkeztutako frogagiriak ikusita.

12. Frogagiriak.

1. Frogagiriak 2024ko urriaren 4a baino lehen aurkeztu beharko dira, eta dokumentu hauek sartuko dira:

1) Justifikazio-inprimakia (VI. eranskina).

2) Emaitzen kontua. VII. eranskina. 1. fitxa.

Idazkariaren ziurtagiria, alkateak edo buruak ontzat emana, egiaztatzen duena gastu horiek egin eta ordaindu direla, eta zehazten duena dagozkion diru-sarreren eta gastuen zerrenda.

3) Taula bat, eta bertan diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa eguna. VII. eranskina. 2. fitxa.

4) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen ahal duten faktura eta gainerako agiriak, lege-merkataritza trafikoan egiaztatzeko baliozkotasuna dutenak, aipatutako zerrendan duten ordena berean. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

4.2.c) oinarriaren arabera Internet horniduraren kostua gastu gisa aurkezten bada, faktura(k) ez ezik, alkatearen zinpeko adierazpen bat ere erantsiko da, non adieraziko baita espazio hori Preskripzio proiektuko jardueretarako baizik ez dela erabiltzen.

5) Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia. VIII. eranskina.

6) Azpikontratazio-inprimakia. IX. eranskina.

7) Hornitzaileak hautatzeari buruzko inprimakia. X. eranskina.

8) Proiektua azaltzen duen memoria teknikoa. Proiektuaren garapenaren deskribapena: Digitalizaziorako prozedura. XI. eranskinaren arabera.

2. Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, onuradunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

3. Gaitutako helbide elektroniko bakarrera jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

13. Erakunde onuradunen betebeharrak.

1. Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabiltzea, eta hala egin dela justifikatzea dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartzea eta erraztea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.

b) Hartutako dirulaguntza beren kontabilitatean edo erregistro-liburuetan erregistratzea, diru-sarrerak nondik jaso dituzten eta inbertsioa edo gastuak zertarako diren azalduta. Egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak behar bezala auditatuak eduki beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

c) Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak egin beharreko egiaztapen jarduketak eta Foru Komunitateko Kontu-hartzailetza Nagusiak egiten ahalko dituen finantza egiaztapen eta kontroleko jarduketak ahalbidetzea eta horietarako eskatzen zaion informazio guztia ematea, 38/2003 Legean, 11/2005 Foru Legean eta foru agindu honetan ezarritakoarekin bat etorriz, bai eta Kontu Auzitegiaren legerian ezarritakoarekin ere.

d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak egunean izatea, laguntzak emateko ebazpena eman aurretik eta ordainketa egin aurretik, eta zorduna ez izatea itzulketa ebazpen baten ondorioz.

e) Gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztea; bestela ez baitzaio ordaintzen ahalko aldez aurretik onartutako dirulaguntza.

f) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin.

g) Jasotako edo jasotzeko dauden zuzeneko eta zeharkako diru-sarrera guzti-guztiak adierazi beharko dira.

h) Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala zabaltzea, 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoa, jardueraren webguneko, karteleko edo azpiegiturako ageriko leku batean jarriz. Ikur hori webgune honetan jaisten ahal da: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

i) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

j) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan eta dagokion legedian aipatzen diren kasuetan.

2. Erakunde onuradunek, halaber, Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzatzeari buruzko betebeharrak bete beharko dituzte (Europakoak eta Espainiakoak):

a) Batasuneko erakundeen kontrol jarduketak onartuko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluaren arabera.

b) Adieraziko dute ezen, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren edukia (SEEP) kontuan hartuta, konpromisoa hartzen dutela, ahal den neurrian, ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko eta ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko (DNSH ingelesezko siglak - "do no significant harm"), 2021/241 (EB) Erregelamenduari jarraikiz –Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du–, halako moduan non ez baitute bazter utzitako jarduerarik eginen, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren erregelamenduaren araberako "kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioari buruzko gida teknikoa betez; adieraziko dute ez dutela aurreikusten jardueraren ondorengo faseek ingurumenean zuzeneko ondoriorik izatea, ez eta zeharkako lehen mailako ondoriorik ere (bukatu ondoan ageri daitezkeenak) eta ez dietela kalte nabarmenik eraginen 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluko ingurumen-xedeei.

Zehazki, jasotako laguntzarekin, ez dute gauzatuko DNSH printzipioari buruzko Europako Batzordearen Gida Teknikoari (2021/C 58/01) jarraikiz baztertutako jarduera hauetako bat ere:

–Erregai fosilekin zerikusia duten jarduerak, horien geroko erabilera barne.

–EBko isurketa eskubideen salerosketa araubideko (RCDE) jarduerak eta aktiboak, aurreikusten bada sortuko dituzten berotegi efektuko gasen isuriak ez direla egonen dagokien erreferentziako parametroetatik behera.

–Hondakinen zabortegiekin, erraustegiekin eta tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioekin lotutako jarduerak.

–Hondakinak epe luzera ezabatzeak ingurumenari kalte egiten ahal dion jarduerak.

c) Laguntzaren publizitatea egitea inbertsioak garatzen dituzten jarduketen informazio eta komunikazio neurrietan (informazio-kartelak, plakak, argitalpen inprimatu eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, web-orriak, iragarkiak eta prentsako iragarkiak, ziurtagiriak, etab.), honako logotipo hauekin eta honako konbinazio honekin:

Logo horien zenbait bertsio deskargatzen ahal dira hemendik:

https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual

https://drive.google.com/drive/folders/13aLb6e23qwETmRyfaqQUmtNMgrb4QhM8

Informazio kartel eta plaka guztiak ongi ikusteko moduko eta jendea iristen ahal den leku batean jarri beharko dira.

d) Halaber, aplikatzekoa den araudiaren arabera, onuradunek neurri egokiak hartuko dituzte helburu hauek lortzeko:

–Une oro bermatzea Estatuaren laguntzei buruzko araudia erabat errespetatzen dela, bai eta finantzazio bikoitzik ez dagoela ere.

–Identifikatzea funtsen azken hartzailea, eta bermatzea erakunde horrek onartzen duela datuak lagatzea esku hartzen duten administrazio publikoen artean.

–Bermatzea onartzen dutela Europako erakundeen kontrola eta konpromisoa dutela erakunde horiei ahalbidetzeko beren eskumenak gauzatzen.

–Dokumentuak kontserbatzeko betebeharra ezartzea, Finantza Erregelamenduaren 132. artikuluaren arabera (https://www.boe.es/doue/2018/193/L00001-00222.pdf).

14. Gardentasun betebeharrak.

1. Erakunde onuradunek, emandako dirulaguntzaren arabera behartuta badaude, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, baita eskatutako dokumentazioa ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. eta 12.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Adierazpenaren eredua XII. eranskinean dago, baina Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bitartez ere kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko da.

3. Adierazpen hori hilabeteko epean aurkeztu beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

15. Azpikontratazioa.

1. Erakunde edo pertsona onuradunek aukera izanen dute diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko, osorik edo partzialki, jardueren kostuaren %100era arte. Nolanahi ere, kontzeptu honetatik kanpo geldituko da diruz laguntzen den jarduera onuradunak berak egiteko beharrezkoak diren gastuen kontratazioa.

2. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako gainerako aurreikuspenak ere bete beharko dira. Zehazki, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.

16. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da Administrazioak berak (NKJFI bera alde batera utzita), beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru-sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen dute behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

2. Nolanahi ere, SEEPen kargura finantzatuko diren proiektuek ez dute jasotzen ahalko Europar Batasunaren bestelako programen eta tresnen laguntzarik, bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluarekin, Batasunaren Aurrekontu Orokorrari aplikatu beharreko finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Erregelamenduaren (EB, Euratom) 188. artikuluarekin eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 7. artikuluarekin.

17. Ez-betetzeak.

1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea NKJFIren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntzaren eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak.

2. Halaber, eragiketa honekin lotutako diru-sarrera gehigarriren bat jasotzen badute, eta horrek garatu beharreko jardueraren kostua gainditzea ekar badezake, dirua itzultzeko eskatuko da.

18. Datu pertsonalak babestea.

1. Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

2. Eskabide-orrian informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.

19. Publikotasuna.

1. NKJFIak jendaurrean paratuko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoaren bidez (www.navarra.es/home_eu/) eta Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri dagokion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

2. Gainera, publizitatea eginen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduari jarraikiz, zeinaren bidez ezarri baitzen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa.

20. "De minimis" laguntza.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

2. Erregelamendu horrekin bat, enpresa edo erakunde bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa edo erakunde bakarraren definizioa.

3. Horretarako, erakundeek eskaera-dokumentazioan aitortu beharko dituzte indarreko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak.

21. Errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2. Orobat, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

22. Aplikatu beharreko araudia.

1. Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio. Era berean, laguntza hau Next Generation EU funts berriarekin batera finantzatzen denez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez, Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2022ko uztailaren 4ko Ebazpena aplikatuko zaie, zeinaren bidez argitaratzen baita Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko maiatzaren 9ko Erabakia, autonomia erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek Kirol Kontseilu Gorenaren aurrekontuaren kargura kudeatutako kredituen lurralde banaketari eta banaketa irizpideei buruzkoa. Hori guztia honako honen barruan: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, jarduera fisikoa preskribatzeko digitalizazio planaren 26. osagaiaren esparruan («Kirolaren sektorearen sustapena»).

2. Azkenik, aplikatzekoa izanen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.

Iragarkiaren kodea: F2406580