112. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

20E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 23koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita aldaketa egituratzaile hau, Garesko Udalak sustatua: Julián de Mena Fundazioari dagokion eremua Hirigune Historikoaren BEBPBtik bereiztea eta, Garesko udal plan orokorraren arabera, eremu hori bereganatuko duen sistema orokorra birdefinitzea.

Garesko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Kohesiorako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da Julián de Mena Fundazioari dagokion eremua Hirigune Historikoaren BEBPBtik bereiztea (plan berezi hori 2004-06-11n onetsi zen behin betiko) indarreko udal plan orokorraren araudiaren pean geldi dadin, eta, horrekin batera, udal plan orokorraren arabera eremu hori bereganatuko duen sistema orokorra birdefinitzea, harentzat ezarritako hirigintza-determinazioak aldatuz, osasun etxe berri bat egin ahal izateko Garesko 2. poligonoko 704. lurzatian.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalak 2024ko urtarrilaren 30ean txosten batean jakinarazi zuenez, aldaketaren ezaugarriak ikusita, aldaketa hori ez dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio eremuan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea aldaketa egituratzaile hau, Garesko Udalak sustatua: Julián de Mena Fundazioari dagokion eremua Hirigune Historikoaren BEBPBtik bereiztea eta, Garesko udal plan orokorraren arabera, eremu hori bereganatuko duen sistema orokorra birdefinitzea.

2. Foru agindu hau Ingurumen Eraginaren Atalari igortzea.

3. Foru agindu hau Garesko Udalari jakinaraztea, espedientearen sustatzailea baita, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza tresnak indarra har dezan.

4. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrolerako onespen egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 23an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2407165