112. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1612/2024 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gelako buruen lau lanpostu barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Abenduaren 14ko 114/2022 Foru Dekretuaren bidez, onetsi egin zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2022ko lan publikoaren eskaintza partzial bat, Estatuaren 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Eskaintza hartan, besteak beste, gelako buruen lau lanpostu sartu ziren, funtzionario araubidekoak eta B mailakoak.

112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa arautzen duen martxoaren 6ko 18/2019 Foru Dekretuaren 13. artikuluak ezartzen duenez, gelako buruen lanpostuak barne igoera murriztuaren bidez beteko dira operadore lanpostuetan gutxienez bi urteko akreditazioa duten operadore finkoen artean, oposizio-lehiaketa baten bidez. Prozesu horretan, hala badagokio, bete beharreko eginkizunei buruzko berariazko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gelako buruen lan lanpostu barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez bete daitezela onestea.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gelako buruen lau lanpostu barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 2an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

DEIALDIA, GELAKO BURUEN LAU LANPOSTU BARNE IGOERAKO PROZEDURA MURRIZTUAN ETA OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

Hauek dira

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gelako buruen lau lanpostu, B mailakoak eta funtzionario araubidekoak, barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Lanpostu zenbakiak, betebeharrak eta destinoak ebazpen honen III. eranskinean zehazten dira.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

b) Koordinazioko operadore laguntzaile lanetan langile finko gisa aritzeko izendatua edo kontratatua izatea eta lanpostu horretan langile finko gisa bi urteko edo gehiagoko zerbitzualdia egin izana frogatzea.

c) Unibertsitateko gradudun edo diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena, arkitekto teknikoarena edo balio berekoa den titulu bat edukitzea, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasturteak gaindituak izatea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Betebehar hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute izena emateko orria, Internet bitartez, www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Langile publikoentzako informazioa: barne-igoerak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk" atalean, deialdi honen fitxan.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa da.

Telematika bidez ordainduko da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortuta duten pertsonak.

b) Hautaproben deialdia argitaratu baino hilabete lehenagotik gutxienez langabe gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

Bi.–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Hiru.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Lau.–Alegaturiko merezimenduak frogatzen dituzten agiri eskaneatuak, II. eranskineko baremoaren araberakoak, eta, horiekin batera, alegatzen diren merezimenduak jasotzen dituen zerrenda bat.

Edonola ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuak zuzenean emanen dizkio organo dei-egileak epaimahaiari, eta ez da beharrezkoa izanen izangaiek horiek frogatzea.

3.5. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.4. Izangairen bat kanporatzen bada hautapen prozesutik berari egotz dakiokeen arrazoi bategatik, ez zaizkio parte hartzeko tasak itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Osaera.

Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Francisco José Fernández Elizalde jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Juan Manuel Lobo Palanco jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Pablo Cabañas Martínez jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko segurtasun arloko goi mailako teknikaria.

Ordezkoa: Rebeca Sarasa Erdozain andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko arkitekto teknikoa.

–Epaimahaikidea: María Purificación Senosiáin Lanz andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko gelako burua.

Ordezkoa: Beatriz Rentería Serrano andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko administraria.

–Epaimahaikidea: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

Ordezkoa: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

–Idazkaria: Ana Isabel Munguira Elizondo andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Boluntarioen Bulegoko burua.

–Ordezko idazkaria: Mónica Labat Villalba andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Berrikuntza Teknologikoaren Ataleko burua.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

Behin kalifikazio epaimahaia eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixotzen bada edo haien aldi baterako absentzia-egoera justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Merezimenduak baloratzeko fasea, lehiaketa alegia. Fase horretan, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren II. eranskinean dagoen baremoaren arabera.

b) Oposizio fasea: zenbait proba eginen dira lanpostuaren berezko eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

c) Prestakuntza ikastaroaren fasea.

7.–Merezimenduen baloraziorako fasea edo lehiaketa.

7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak baloratuko ditu.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimenduak egiaztatzeko agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, online eskaerarekin batera.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta baremoan atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.2. Merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak argitara emanen du deialdiaren web fitxan izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

8.–Oposizio fasea.

8.1. Oposizio fasea 2024ko irailetik aurrera hasiko da. Fase horretan, oinarri honetan deskribatzen diren probak egin beharko dira.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizio faseko lehen proba eta bigarren proba non, noiz eta zer ordutan eginen diren.

Lehenengo eta bigarren probak egun berean eginen dira, lehenbizi bata edo gero bestea.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 13. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

Oposizio faseko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskaeran eskatu badute.

8.2. Lehenbiziko proba:

Proba teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 100 galderari erantzun beharko zaie idatziz, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Lehenengo proba honetan gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira probari esleitutako gehieneko puntuazioaren erdira, hau da, 15 puntura, iristen ez diren izangaiak.

Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Kalifikazio epaimahaiak proba hasi baino lehen ezarriko du izangaiek proba horretarako izanen duten gehieneko denbora.

8.3. Bigarren proba:

Proba teoriko-praktikoa izanen da. Kasu edo galdera bat edo gehiago ebatzi beharko dira, ebazpen honetako I. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiei buruz eta lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko behar diren ezagutzekin lotuak.

Bigarren proba honetan gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira probari esleitutako gehieneko puntuazioaren erdira, hau da, 15 puntura, iristen ez diren izangaiak.

Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.

Kalifikazio epaimahaiak proba hasi baino lehen ezarriko du izangaiek proba horretarako izanen duten gehieneko denbora.

8.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

9.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

9.1. Oposizio faseko probak eta merezimenduen balorazioa bukaturik, kalifikazio epaimahaiak jendaurrean jarriko du, deialdiaren fitxan, oposizio fasea gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenaturik. Puntuazio osoa lortzeko, izangaik bakoitzak lehiaketa fasean eta oposizio faseko probetan lortutako kalifikazioak batuko dira.

Izangaien artean gertatzen diren berdinketak oposizio faseko lehen proban puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko dira. Eta baldin badirau, bigarren proban lorturiko puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak iraunez gero, lehiaketa fasean eskuratutako puntuazio osoa hartuko da kontuan.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

9.2. Gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

9.3. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak aukeratzeko orduan gainerako izangaien aldean.

Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuen hautaketa hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

10.–Prestakuntza ikastaroaren fasea.

10.1. Aurreko izapidea bete ondoren, kalifikazio epaimahaiak argitara emanen du prestakuntza ikastaroan behin-behinean onartutako izangaien behin-behineko zerrenda, lortutako puntuazio-hurrenkeraren araberakoa, deialdiko lanpostu kopurua adinako izangai izanen dituena. Izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, zehaztuko den bidea erabiliz, argitaratu eta hurrengo egunetik hamar egun balioduneko epean, prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko:

Deialdiko 2.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

10.2. Atal honetan eskatzen diren agirietako edozein behar den moduan ez aurkezteak eta horretarako ematen den epean akatsak ez zuzentzeak berekin ekarriko du izangai hori hautapen prozesutik baztertzea, deusetan galarazi gabe eskaera faltsutzeagatik legokiokeen erantzukizuna.

10.3. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da baja, eskatutako betebeharrak betetzen baditu, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.4. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko besteren baten beharra izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta horrek deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.5. Aurreko ataletan aipatu izapideak eginda eta, hala badagokio, sortutako bajak beteta, kalifikazio epaimahaiak prestakuntza ikastaroan onartutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko du, eta hura zein egunetan hasiko den adieraziko.

10.6. Prestakuntza ikastaro hori egin eta gainditu dutela Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak luzatutako baliokidetze-agiriaren bidez egiaztatzen duten izangaiek ez dute prestakuntza ikastaroa egin beharrik izanen.

10.7. Prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, baztertzailea izanen da, eta irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eta martxoaren 6ko 18/2019 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz garatuko da (lehen foru dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua, eta bigarrenaren bidez, 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa arautu zen).

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozeduran jarraitzeko eskubidea galtzea. Hori gertatuz gero, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio berehala.

Prestakuntza ikastaroaren kalifikazioa "Gai" edo "Ez gai" izanen da.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ematen dituen kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat.

10.8. Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak izangaiek prestakuntza ikastaroan lortu duten kalifikazioen zerrenda igorriko dio epaimahaiari, prestakuntza ikastaroan "Gai" kalifikazioa lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena egin dezan.

"Ez gai" kalifikazioa lortzen duten izangaiak hautapen prozesutik baztertuta geratuko dira.

10.9. Kalifikazio epaimahaiak, izangaiek prestakuntza ikastaroan erdietsitako kalifikazioak jaso ondotik, espedientean bilduko ditu, ikastaroa gainditu dutenen zerrenda onetsiko du, txanden arabera banatuta, eta txanda bakoitzean, hautapen prozesuan ateratako puntuazio osoaren arabera ordenatuta.

11.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

11.1. Behin prestakuntza ikastaroa gainditurik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deitutako lanpostu kopuruan sartzen direnak.

Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 13. oinarrian ezarritakoarekin bat.

11.2. Orobat, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena eskatuko da, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik. Txosten hori ofizioz emanen da, horretarako berariaz egindako osasun azterketa egin eta gero.

11.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

11.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangaien zerrendan –9. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, baldin eta hutsik geratu den lanpostuaren betebeharrak betetzen baditu, prestakuntza ikastaroa gainditu eta gero, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

11.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiliz, besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek aurkeztu beharko du.

12.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

12.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, lanpostuetan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostuen esleipena ere eginen da.

12.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

12.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, deialdiaren 11.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio, behar den prestakuntza ikastaroa gainditu eta gero.

12.4. Izangaia funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, indarreko araudian ezarritako kasuetan, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 11.4 atalean xedatzen den moduan beteko da, dagokion prestakuntza ikastaroa gainditu eta gero.

12.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

13.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.

14.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Babes zibila. 8/2005 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa. Babes zibilaren antolaketa Nafarroan.

2. gaia.–Babes zibilaren antolaketa Espainian. Babes zibilaren sistema nazionala. 17/2015 Legea, uztailaren 9koa, Babes Zibilaren Sistema Nazionalari buruzkoa. 524/2023 Errege Dekretua, ekainaren 20koa, Babes Zibileko Oinarrizko Araua onesten duena.

3. gaia.–Larrialdien plangintza. Babes zibileko planak Nafarroan: PLATENA, TRANSNA, baso-suteena, uholdeena, tunelena, erradiologikoa.

4. gaia.–Nafarroako beste plan berezi batzuk. Presetako planak. Industria kimikoetarako planak.

5. gaia.–Nafarroan uholdeen eta baso-suteen esparruan jarduteko udal planak.

6. gaia.–Kaltetu asko dituzten gertakarien ondoriozko larrialdiak. Biktima asko dituzten gertakariak. Gertakariaren ingurunea antolatzeko prozedura orokorrak. Biktima asko dituzten gertakarien protokoloa Nafarroan.

7. gaia.–Koordinazioa. Ekintzak koordinatzeko zentroak. Kontzeptua. Helburuak. Eginkizunak. Zerbitzu koordinatuak. Ekintzak koordinatzeko zentro integratuak. Hiru zifrako telefonoak. 112 telefonoa. Europako zuzentarauak. 18/2019 Foru Dekretua, martxoaren 6koa, 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa arautzen duena.

8. gaia.–Ohiko larrialdietarako prozedura operatiboak. Agentziek larrialdietan erantzun operatiboa emateko protokolo operatiboak. Esku hartzen duten zerbitzuen mobilizazioa, tipologiaren arabera. Beste prozedura eta tresna batzuen erabilera: informazio hidrologikoa. Informazio meteorologikoa Nafarroan. CERET zentroa. Salgai arriskutsuak tarteko diren istripuetan esku hartzeko fitxak. Informazio sismikoa.

9. gaia.–Ohiz kanpoko larrialdietarako prozedura operatiboak. Larrialdiari erantzuteko fasea. Aginte-postu aurreratua. Filosofia eta ezaugarri orokorrak. Mobilizatu daitezkeen ohiko eta ezohiko baliabideak. Babes Zibilaren eginkizuna larrialdietan.

10. gaia.–Kudeaketa tresnak. Larrialdiak kudeatzeko sistema: deiak jaso eta erantzutea. Gertakariak lokalizatu eta balidatzea. Gertakariak tipifikatzea. Zerbitzuak esleitzea. Baliabideak esleitzea. Gertakarien segimendu egitea eta bukaera ematea. Txostenak. Estatistikak. Web ataria. SIGANE. POSIC. Larrialdiak kudeatzeko sistemaren beste aplikazio batzuk.

11. gaia.–Poliziaren esku-hartze zerbitzuak. Foruzaingoa. Polizia Nazionalaren Kidegoa. Guardia Zibila. Udaltzaingoak. Eskumenak. Banaketa.

12. gaia.–Nafarroako suhiltzaileak. Eskumenak. Mendekotasuna. Lurralde antolaketa. Talde espezialistak. Kanpainak. Antolaketa funtzionala eta hierarkikoa. Banaketa.

13. gaia.–Osasun zerbitzuak. Osasun laguntzaren sarea: ospitaleak, larrialdi zerbitzuak. Oinarrizko osasun laguntza. Larrialdietako osasun garraioaren sarea. Banaketa.

14. gaia.–Aireko baliabideak. Nafarroako Gobernuaren zerbitzurako helikopteroak. Helikoptero motak. Eginkizunak eta misioak. Mobilizazioa. Koordinazioa. Egunsentia eta ilunsentia. Nafarroan jarduten duten aireko beste bitarteko batzuk.

15. gaia.–Salbamenduetan diharduten bestelako entitateak. Boluntarioen entitateak: Gurutze Gorria, DYA, kirol federazioak, salbamendu txakurrak, suhiltzaile boluntarioak, boluntarioen beste elkarte batzuk. Psikologoak. Larrialdietarako Unitate Militarra. Eginkizunak, antolaketa eta banaketa.

16. gaia.–Komunikazioak. Nafarroako Gobernuaren irrati-sarea. Tetra sistema. Irrati-lengoaia. RCS operadore-postua.

17. gaia.–Nafarroako geografia. Nafarroako biztanleguneak: udalak eta kontzejuak. Bide sarea: geografia fisikoa.

18. gaia.–Laneko arriskuak. 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko kontzeptuak. Arrisku orokorrak eta espezifikoak. Prebentzioa eta babesa. Enpresaren prebentzio-politikaren kudeaketa. Segurtasun eta Osasun Batzordea.

19. gaia.–Datuen babesa. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. 7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, Arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa. 20/2019 Foru Dekretua, martxoaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politika onesten duena.

20. gaia.–Pertsonen kudeaketa. Definizioa. Lidergoa. Motak eta ezaugarriak. Talde-lana sustatzeko metodologiak. Trebetasun sozialak eta komunikazio teknikak.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriaren arabera eskatuko dira.

II. ERANSKINA.–Merezimenduen baremoa

1.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

Administrazio publikoetako zentroetan deialdiaren xede den lanpostu berdinetan edo antzekoetan egindako zerbitzuak: 2 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Atal honetako puntuazioa 15 puntu izanen da gehienez ere.

Bakar-bakarrik baloratuko dira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak.

2.–Hizkuntzak jakitea.

Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 1 puntu, gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.

Horretarako, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

III. ERANSKINA.–GELAKO BURUEN LANPOSTUAK

LANPOSTUA

DEPARTAMENTUA

ATXIKIPEN ESPARRUA

HERRIA

ARAUBIDE JURIDIKOA

5797

BARNEA, FUNTZIO PUBLIKOA ETA JUSTIZIA

BARNE ZUZENDARITZA NAGUSIA

IRUÑA

FUNTZIONARIOA

6491

BARNEA, FUNTZIO PUBLIKOA ETA JUSTIZIA

BARNE ZUZENDARITZA NAGUSIA

IRUÑA

FUNTZIONARIOA

11464

BARNEA, FUNTZIO PUBLIKOA ETA JUSTIZIA

BARNE ZUZENDARITZA NAGUSIA

IRUÑA

FUNTZIONARIOA

11465

BARNEA, FUNTZIO PUBLIKOA ETA JUSTIZIA

BARNE ZUZENDARITZA NAGUSIA

IRUÑA

FUNTZIONARIOA

Iragarkiaren kodea: F2407303