Iragarkia
111. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
404E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, hartutako kalte zerebralaren edo antzeko patologia neurologikoen diagnostikoaren ondorioz desgaitasuna duten 18 urtetik beherako haurren tratamendua osatzeko asmoz, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitarte (biak barne) egiten diren zenbait gastutarako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 761468.
2024ko Nafarroako gastu-aurrekontuan 511000 51100 4809 311107 partida dago jasota, "Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologiak dituzten haurrentzako laguntzak" izenekoa.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Aipatu 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea hartutako kalte zerebrala eta antzeko patologia neurologikoak diagnostikatuak dituzten haurrentzako fisioterapian, terapia okupazionalean, irensketaren errehabilitazioan, psikologian, neuropsikologian, ikusizko terapian eta autonomia pertsonalerako laguntza produktuetan 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitarte (biak barne) egiten diren gastuak osorik edo zati batean estaltzeko.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago Ogasunak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8.t) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Hartutako kalte zerebralaren edo antzeko patologia neurologikoen diagnostikoa duten 18 urtetik beherako haurrentzako fisioterapian, terapia okupazionalean, irensketaren errehabilitazioan, psikologian, neuropsikologian, ikusizko terapian eta autonomia pertsonalerako produktuetan 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitarte (biak barne) egiten diren gastuak osorik edo zati batean ordaintzeko dirulaguntzen deialdia onestea, eranskinean ageri diren oinarri arautzaileekin bat etorriz.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Gehienez ere 70.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastu-aurrekontuko "Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologiak dituzten haurrentzako laguntzak" izeneko 511000 51100 4809 311107 partidaren kargura.
4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ogasunak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta, halaber, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
6. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da honen aurka, Osasuneko kontseilariari zuzendua. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 15ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak, deialdi honi dagozkionak: hartutako kalte zerebralaren edo antzeko patologia neurologikoen diagnostikoaren ondorioz desgaitasuna duten neska-mutikoen tratamendua osatzeko asmoz 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitarte (biak barne) egiten diren zenbait gastutarako dirulaguntzen deialdia.
1. Dirulaguntzen xedea eta helburua.
Dirulaguntza hauek erabiliko dira osorik edo zati batean estaltzeko hartutako kalte zerebralagatik edo antzeko patologia neurologikoengatik desgaitasuna duten 18 urtetik beherakoen honako behar hauek betetzeko asmoz egiten den gastua, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartekoa (biak barne):
–Fisioterapia.
–Terapia okupazionala.
–Irensketaren errehabilitazioa.
–Psikologia eta/edo neuropsikologia.
–Ikusizko terapia: bergentzia- edo egokitze-akatsak barne. Oftalmologoaren txostena beharko da, non zehaztuko baita bergentzia- edo egokitze-akatsa duela, eta ez terapia beharraren indikazioa bakarrik.
Terapia horiek homologatuak egin beharko dira, haien eraginkortasuna frogaturik egonen da, eta tratamendua eman dutenek behar bezalako akreditazioa edo prestakuntza izanen dute tratamendu hori emateko, eta profesional tituludunak izan beharko dute, hain zuzen ere arlo hauetakoak: psikologia, psikiatria, irakasle-ikasketak, pedagogia, logopedia, terapia okupazionala edo Haur Hezkuntzako goi mailako teknikaria.
Terapiak osasun jarduerak egiteko baimena duten zentroetan eginen dira.
–Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak finantzatutako material ortoprotesikoa izan ezik. Horrelakotzat joko da desgaitasuna duten pertsonek erabiltzen duten edo haientzat erabiltzen den edozein produktu (gailuak, ekipoa, tresnak eta softwarea barne), berariaz fabrikatu dena edo merkatuan salgai dagoena, parte-hartzea sustatzeko, babesteko, laguntzeko, entrenatzeko, neurtzeko edo gorputzeko eginkizunak/egiturak eta/edo jarduerak ordezteko erabiltzen dena, edo gabeziei, jarduteko mugei edo parte hartzeko murrizketei aurrea hartzeko, UNE EN ISO 9999:2011 arauaren arabera. Produktu horiek Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren "Mendekotasun egoera erregelamenduz baloratzeko jarduera profesionalean orientatzeko gidaliburua: Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak" izenekoan jasotzen dira.
Dirulaguntza honek onura publikoa du komeni delako hartutako kalte zerebralaren diagnostikoa edo antzeko patologia neurologiak dituzten adingabeen tratamendua osatzea, adierazitako behar horiei dagokienez.
2. Deialdiaren zenbatekoa.
Deialdi honek 70.000 euroko zuzkidura du, partida honen kargura finantzatzekoa: 2024ko gastu-aurrekontuko "Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologikoak dituzten haurrentzako laguntzak" izeneko 511000 51100 4809 311107 partida.
3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.1 artikuluaren arabera, onuraduntzat joko da "jarduera egin behar duen pertsona, edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen dena", eta, 13.1 artikuluaren arabera, "dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoera duten pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian adierazitako egoera dutenak".
Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:
–Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologikoa izatea, neuropediatra batek diagnostikatua. Antzeko patologia neurologiko bat izanez gero, diagnostiko-kodean berariaz jaso beharko da hartutako bizkarrezur-muineko lesioa edo garuneko egiturazko kaltea, neuroirudi proba baten bidez objektibatua, eta garuneko egiturazko lesio hori zuzenean egotea lotuta nahasmendu neurologikoarekin, azpiko kausa zer unetan gertatu den gorabehera.
–18 urtetik beherakoa izatea, esku-hartze diagnostikoa edo terapeutikoa egiten den edo laguntza produktuak erosten diren unean.
–Adingabearen ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hau da, 2024ko ekainaren 30erako urtebete edo gehiago eramatea Nafarroako Foru Komunitatean bizitzen, egiazki eta jarraian. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia zabaltzeagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.
–Behar bezala akreditatua dagoen eta onuradunaren arretan inplikatua dagoen profesional batek gomendatu behar du fisioterapia, terapia okupazionala, irensketaren errehabilitazioa, psikologia, neuropsikologia eta ikusizko terapia egitea edo autonomia pertsonalerako laguntza produktuak erabiltzea.
–Ez egotea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea).
4. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.
4.1. Aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eska ditzake deialdi honetan ezarritako laguntzak, onuradunaren izenean.
4.2. Eskabideak beti onuradunaren izenean egon behar du, eta aurkezten duen pertsona izanen da ordezkaria.
4.3. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta hilabeteko epean bukatuko.
4.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak aurkeztu behar dira, lehentasunez, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa egokiaren bidez, eskaera izapidetzeko botoiaren bitartez.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31003, Iruña), Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuari zuzendutako eskabide baten bidez, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaera-idazkiari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak.
Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, igorri aurretik jar daitezen, lehen orrialdearen idazpuruan, aurkezpen datuak, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.
4.5. Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.
4.6. Dirulaguntza eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
5. Baldintzak betetzen direla frogatzea.
Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) NANaren/AIZaren fotokopia, edo onuraduna identifikatzen duen agiriarena.
b) Haurraren Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasuna edo, hala denean, asilo-eskubidea ematen dion ebazpena adierazita.
c) Txosten medikoa, neuropediatra batek egina, hartutako kalte zerebralaren eta antzeko patologia neurologikoaren berariazko diagnostikoa agertzen duena. Txostenak zehaztasunez jaso beharko du diagnostikoari lotutako sintomatologia. Antzeko patologia neurologikoa izanez gero, txostenak zehaztasunez jaso beharko du antzekotasun hori frogatzen duen sintomatologia, eta berariaz jaso ere antzeko patologiaren diagnostikoaren kodean hartutako muineko lesioa edo egiturazko kalte zerebrala, neuroirudiaren frogaren bidez objektibatua.
d) Txostena, behar bezala akreditatua dagoen eta adingabearen arretan inplikatua dagoen profesional batek egina, adierazten duena tratamendua edo autonomia pertsonalerako laguntza produktua komenigarria dela haren helburuetarako.
e) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, adierazten dituena tratamenduaren azalpena eta lortutako emaitzen ebaluazioa, eskatutako laguntzaren aldikoa. Tratamendua agindu duena eta eman duena pertsona bera bada, txosten bakarra egiten ahalko da.
6.2 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.
f) Adingabearen legezko ordezkaritza egiaztatzeko dokumentazioa. Aita edo ama bada, familia-liburuaren kopia eta guraso baten NANaren kopia.
Dibortzio kasuetan, edo haurraren zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia, hitzarmen arautzailea eta guraso horren NANa.
Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.
g) Bankuko kontuaren titulartasunaren ziurtagiria edo transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren webguneko Diruzaintza Inprimakien atalean egonen da eskuragarri.
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak
h) Egindako gastuaren justifikazioa, fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:
–Onuradunaren izen-deiturak.
–Materialaren hornidura edo zerbitzua egiten duen enpresa, entitatea edo profesionala.
–Laguntza produktua edo jasotako tratamendua. –Tratamenduen kasuan, honako hauek adieraziko dira gutxienez: tratamendua jaso duen pertsonaren izena, emandako saioen kopurua, aldizkakotasuna, iraupena, eta saio horiek banakakoak ala taldekoak izan diren.
–Ordaindutako zenbateko osoa.
i) Egindako ordainketaren frogagiria.
j) 6.3 oinarrian adierazitako hainbanaketatik salbuesten ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta/errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana, edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emana, bidezkoa bada.
k) Beste laguntza batzuei buruzko adierazpena, 9. oinarrian xedatutakoaren arabera.
l) Eskatzailearen adierazpena, non baimena ematen baitu bere datu pertsonalak tratatzeko, bat etorriz deialdiaren 13. oinarrian ezarritakoarekin eta, non deklaratzen baitu betetzen dituela zerga arloko betebeharrak, itzulketakoak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Halaber, adierazi behar du baimena ematen duela Osasun Departamentuak Nafarroako Ogasun Publikoari nahiz Estatuko Administrazio Orokorrari informazioa eska diezaien, egiazta dezaten betetzen dituela betebehar horiek.
Kontsultarako baimen hori sinatu nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu behar diren ziurtagiriak, adierazten dutenak egunean dagoela aipatutako betebeharretan.
Ez da beharrezkoa izanen a), b), c), f) eta g) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, baldin aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta haietan zehaztutako datuak aldatu ez badira.
6. Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.
6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzorde batek eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.
6.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:
–Concepción M.ª Moreno Sousa andrea, Osasun Departamentuko Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko burua, batzordeburua izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Geno Ochando Ortiz andrea arituko da, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria.
–Sergio Aguilera Albesa jauna, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko fakultatibo espezialista. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Nerea Gorría Redondo andrea arituko da, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko barrutiko fakultatibo espezialista.
–Patxi Ander Galiano Ureña jauna, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko teknikaria, Batzordeko idazkaria izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Carmen Anoz Antoñanzas andrea arituko da, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko teknikaria.
6.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu dirulaguntzen zenbatekoak:
–Esku-hartzeetarako, gehieneko tarifa hauek ezarri dira:
- Fisioterapiako, terapia okupazionaleko, irensketaren errehabilitazioko, psikologia eta/edo neuropsikologiako eta ikusizko terapiako banakako ordu bakoitza: 40 euro.
- Fisioterapiako, terapia okupazionaleko, irensketaren errehabilitazioko, psikologiako eta/edo taldekako neuropsikologiako taldekako ordu bakoitza: 16 euro.
–Hilabete bakoitzean, fisioterapiako, terapia okupazionaleko, irensketaren errehabilitazioko, psikologiako, neuropsikologiako edo ikusizko terapiako gehienez 8 ordu diruz lagunduko dira aipatutako terapia bakoitzeko.
–Laguntza produktuetarako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa aurrekontu-lerro osoaren %10 izanen da, jasotako eskaeren artean hainbanatuta.
–Onuradun berak deialdian adierazitako esku-hartze mota eta/edo laguntza produktu bakar baten edo gehiagoren gastuak aurkezten ahalko ditu, ez baitira baztertzaileak elkarren artean.
–Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ezarri diren gehieneko zenbatekoak eta onuradun bakoitzarentzako esku-hartzeen eta/edo laguntza produktuen kostua hartuko dira aintzat, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.
–Eskatutako zenbateko guztien baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren gainean. Onuradunei ez zaie hainbanaketa hori aplikatuko baldin eta haien familia unitatean 2023an eta/edo 2024an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze-errentaren/errenta bermatuaren hartzaile den kiderik badago.
–Eskaera guztiak baloratu ondoren aurrekontu-partidan gerakinik geratzen bada, ezarritako mugetatik gorako gastua egiaztatu duten onuradunen artean banatuko da, egindako gastuaren arabera, betiere diruz lagundu daitezkeen gehieneko tarifak gainditu gabe.
–Dirulaguntza ez da inola ere izanen egindako esku-hartzeen eta/edo erositako laguntza produktuen kostu osoa baino handiagoa.
7. Ebazpena.
7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, aurretik proposamena eginda Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuak.
7.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela uler dezakete. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da (nortasun agiri nazionalaren edo dokumentu baliokidearen zenbakiarekin identifikatuak, modu anonimoan), eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira. Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.nafarroa.es), deialdiari dagokion atalean.
8. Bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko jasotako esku-hartzearen eta/edo erositako laguntza produktuaren kostu osoa.
9. Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten edo ez. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.
Deialdi honetako helbururako eta xederako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratuz gero, horien berri izan bezain laster eginen da jakinarazpena eta, nolanahi ere, 2024ko ekainaren 30a baino lehen.
Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.
10. Dirulaguntzaren ordainketa.
Dirulaguntza ordainketa bakarrean pagatuko da, laguntza emateari buruzko ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren, eskaera egiten den unean adierazten den ordainketa-kontuan.
11. Dirua itzultzea.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.
Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzeagatik esku-hartzearen edo erositako produktuaren kostua gainditu duela jakinarazten ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta, berandutze-interesa ere bai, dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa, hain zuzen.
12. Arau-hausteak eta zehapenak.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
13. Datuen babesa.
Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Tratamenduari buruzko informazioa webgune honetan dago: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Portal+de+la+Salud/Ciudadania/Participacion/Proteccion+de+datos/
14. Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
15. Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.
Iragarkiaren kodea: F2407929
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
