111. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

389E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez finantzaketa emateko deialdi bat onesten baita 2024an ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan. DDBN identifikazioa: 761259.

Ebazpen honen xedea da deialdi bat onestea finantzaketa emateko 2024an ikerketa lana areagotu dadin Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroetan.

Osasuneko kontseilariak abuztuaren 22an emandako 87/2014 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ikerketa Sustatzeko Programa onetsi zen. Haren 7.4.2 puntuan ezartzen da Oinarrizko Osasun Laguntzaren arloko ikerketa berariaz bultzatu behar dela, aukera handiak ematen dituela eta prebentzio, laguntza eta osasun komunitarioan eragina izaten ahal duela.

Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroen ikerketa jarduera areagotzeko, beharrezkotzat jotzen da hautatutako ikerlariei kentzea jendearekiko arretan egiten duten lanaren zati bat. Horretarako, beharrezkoa den finantzaketa gehigarria bermatu beharra dago, profesional horrek beteko ez duen arreta jarduerari erantzuteko, aldi baterako kontratazioak eginez.

Estatuan Carlos III Osasun Institutuaren bidez eskaintzen den areagotze programaren osagarria da prozedura hau, eta, haren ildo beretik, aurreikusten da Osasun Departamentuak aldi baterako kontratazioen zati bat finantzatzea, hain zuzen, ikerketa lanean aritzeko liberatuko diren osasun arretako edo gizarte laneko langileen lanaldiaren %50 adinakoa.

Azaldutakoa kontuan hartuta, Plangintza, Estrategia Sanitario eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak egindako txostena eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna ikusita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluaren t) eta y) letrek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. 2024. urtean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroetan ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko deialdia onestea. Horretarako prozedura ebazpen honen I. eranskinean araututa dago.

2. Guztira, 30.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Aipatutako gastua 2024ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 512002 51300 4809 465102 partidari, "Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak", egotziko zaio.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia sanitarioa eta Ikerketarako Zerbitzuari, Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, Ogasunak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza delegatuari, Ebaluazio Batzorde Teknikoko kideei eta Kontabilitate Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 13an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Ebazpen honen xedea da laguntzak emateko oinarriak onartzea, 2024. urtean ikerketa jarduera areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroetan. Eskatzen diren baldintzak bete behar dira, eta ikertzaileak izan behar dira zentro horietan, ikerketa ibilbide adierazgarria erakusten ahal dutenak, eta ikerketa proiektu aktiboak eta kalitatekoak dituztenak.

2. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Oinarri hauetan ezarritakoaren ondorioetarako, behar diren eginkizunak esleitzen zaizkio Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia Sanitarioa eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko prozedura antolatu eta bideratu dezan.

Instrukzio organoak batzorde teknikoaren irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena. Oinarri arautzaile hauetan "organo instruktoreari" egindako aipamenak aipatutako Ikerketa eta Berrikuntza Atalari buruzkoak direla ulertzen da.

Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

3. Eskatzaileak eta onuradunak.

3.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroetako zuzendariek eskatzen ahalko dute beren zentroko profesional bat liberatzea ikerketa areagotzeko.

3.2. Bestalde, ikerketa lana areagotzeko izangaiek, onuradun izaera izanen baitute, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Jarduera asistentziala izatea eta funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura izatea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin, laguntza hau eskatzen denetik ikerketa lana areagotzeko jarduera bukatu arte.

–Deialdi publiko edo pribatuan finantzatutako ikerketa proiektu aktibo baten ikertzaile nagusia izatea, gutxienez, eta eskaera egiten den unean gutxienez 6 hilabete oraindik egikaritu gabe izatea.

4. Gastu finantzagarriak.

4.1. Osasun Departamentuak ordezko langileak aldi baterako kontratatzeko kostua finantzatuko du, 30.000 euroko gastua gehienez, 2024ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 512002 51300 4809 465102 partidaren kargura, "Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak".

4.2. Finantzaketaren xedea izanen da ikerketa lana areagotuko duen profesionalak (fakultatibo espezialista, unibertsitateko diplomaduna edo erizaintzako, odontologiako, gizarte laneko edo fisioterapiako graduduna) utziko duen jarduera asistentziala betetzea aldi baterako kontratazioaren bidez.

4.3. Puntuazio handiena lortzen duen ikertzailearen unitate organikoa finantzatuko da.

4.4. Ikerketa lana areagotzeko profesionala atxikia den Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak eginen du beharrezkoak diren ordezko langileen kontratazioa. 11. atalean xedatutakoari jarraikiz finantzatuko da kontratazioa.

5. Ordezteko kontratuaren ezaugarriak.

5.1. Ordezko langileei administrazio kontratua eginen zaie, aplikatzekoa den legerian oinarrituta, eta, gehienez ere, ordeztu beharreko profesionalak urtean duen lanaldi asistentzialaren erdia liberatzeko adina denborarako; denbora hori zerbitzuaren beharren arabera banatzen ahal da.

5.2. Diru-zuzkidura hamabi hilabetez erabiliko da gehienez ere, ordezkapeneko lehen kontratua sinatzen denetik hasita.

6. Eskaerak.

6.1. Ikerketa lana areagotzeko laguntzak deialdi honen kargura eskatzeko agiri normalizatuak Nafarroako Gobernuko webguneko tramiteen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus).

6.2. Eskaerarekin agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. agiria. Eskaera, areagotu nahi den ikerketa jardueran ari den profesionala atxikia dagoen Osasun Zentroko zuzendariak eta ikertzaileak berak sinatua.

2. agiria. Deialdi publiko edo pribatuan finantzatutako ikerketa aktiboaren proiektuaren kopia.

3. agiria. Finantzaketa bermatuaren frogagiriak.

4. agiria. Proiektuaren kronograma, ongi zehaztuta burutzeko falta zaion denbora eta, orobat, ikerketa lana areagotzeko aldian ikertzaileak bete beharreko jarduera.

5. agiria. Ikerketa lana areagotu behar duen ikertzailearen curriculum vitae-a, 6.1 atalean xedatutakoaren araberako eredu normalizatuaren arabera bete beharko dena nahitaez, edo Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) elkartearen curriculum vitae normalizatua (CVN), betiere azken horrek informazio berbera biltzen badu. Baloratu nahi den argitalpen bakoitzaren lehenengo orrialdearen kopia erantsiko da.

7. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

7.3. Eskaeran ez bada frogatzen betetzen direla aipatutako baldintzak, instrukzio organoak komunikazio elektroniko baten bidez interesdunari eskatuko dio akatsak zuzentzeko, gehienez 10 egun balioduneko epean, eta jakinaraziko dio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, bidezko ebazpena eman ondoren.

8. Ebaluazioaren Batzorde Teknikoa.

Onartzen diren eskaerak batzorde tekniko batek baloratuko ditu, eta, ondoren, irizpen bat emanen du, instrukzio organoak ebazpen proposamena egin dezan.

Batzordea honako hauek osatuko dute:

Patricia Alfonso Landa andrea, Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako zuzendariordea.

Carmen Hijos Larraz andrea, Familia eta Komunitateko Medikuntzako espezialista. Familia eta Komunitate Arretako Irakaskuntza Unitate Multiprofesionala.

Ana Zambrana Uriel andrea, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako zainketen, etxez etxeko laguntzaren, laguntza soziosanitarioaren eta ekintza komunitarioen zuzendariordea.

Carmen Beorlegui Arteta andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ezagutza Kudeatzeko Bulegoko burua.

Ana Chocarro Resano andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa Kudeatzeko Bulegoko burua.

M.ª José Lasanta Sáez andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia Sanitario eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntzako Ataleko burua.

Batzordeak onartzen diren eskaeren balorazioa eginen du, II. eranskinean jasotako ebaluazio irizpideen arabera, eta irizpen bat emanen du, eskaerak lehenetsiz lortutako emaitzen arabera.

9. Eskaerak ebaluatzea.

Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz izapidetuko da, aurkeztutako eskaerak alderatuz.

Instrukzio organoak proposamen arrazoitua eginen du, finantzatu beharreko eskaeraren inguruan, Batzorde Teknikoak egindako lehentasunaren arabera.

10. Areagotzearen onespena.

Osasuneko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, eta Batzorde Teknikoaren irizpenaren eta instrukzio organoaren proposamen arrazoituari jarraikiz, lehia bidez erabakiko ditu ikerketa lana areagotuko zaien pertsona eta hari dagokien unitate organikoa.

Ebazpena jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkidea arautzen duen legedian ezarri bezala, ikerketa lana eginen den osasun zentroko zuzendariari eta dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzari, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jarriko da jendaurrean.

11. Finantzaketaren kudeaketa.

Esleitzen den zenbatekoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari (IFZ: Q3150004D) ordainduko zaio, laguntzaren xedeko gastuak finantza ditzan. Ikerketa lana areagotuko duen pertsona atxikia den zentroaren arabera, ondoko partida hauetan eginen da diru-sarrera:

–Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza: 547001 52300 4410 000000 partida, "O-NOS zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Tuterako Kudeatzailetza: 545000 52400 4410 000000 partida, "O-NOS zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Lizarrako Kudeatzailetza: 546000 52500 4410 000000 partida, "O-NOS zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

Dirulaguntza ematen den unean ordainduko da.

12. Ikerketa areagotzeko jardueraren gauzapena.

12.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatuko da deialdi honetan ezarritako baldintzak betez, eta ikertzaileak egin beharreko jarduerari buruz aurkezten den dokumentazioan aurreikusten den moduan.

12.2. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren garapenean gertatzen den gorabehera edo aldaketa oro jakinarazi beharko zaio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari.

Laguntza eman eta urtebeteko epean ordezkoa kontratatu ez bada, laguntza eten eginen da eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako laguntza itzuli beharko du.

Proiektua egitea justifikatzen ez bada, Osasuneko zuzendari nagusiak, Plangintza, Estrategia Sanitarioa eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalak txosten arrazoitua egin ondoren, jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko du, dagozkion erantzukizunen kalterik gabe.

13. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren bukaera.

13.1. Ikerketa areagotzeko jarduera amaitu eta hurrengo hilabetean, unitate organikoko arduradunak azken memoria bidaliko dio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, osasunean, jardunbide klinikoan, bibliometrian eta abarretan duen eragina jasoz. Informazio osagarria eskatzen ahalko da, egokitzat jotzen den kasuetan.

13.2. Ikerketa lana areagotzeko jarduera garatzeko beharrezkoa bada, unitate organikoaren arduradunak azken memoria aurkezteko epea luzatzeko eskatzen ahalko dio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, behar bezala arrazoituta.

14. Emaitzetan parte hartzea.

Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da.

15. Gainerako konpromisoak.

Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo, oro har, ikerketa lana areagotzeko jardueraren ondoriozko emaitzen dibulgazioan, deialdi honen bidezko finantzaketa izan dela zehaztu beharko da ohar baten bidez. Produkzio horien berri emanen zaio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, ikerketa areagotzeko espediente zenbakia zehaztuta, sortzen diren argitalpenekin batera, azken memoria noiz bidali zen kontuan izan gabe.

II. ERANSKINA.–EBALUAZIOA HONAKO IRIZPIDE ETA BAREMO HAUEN ARABERA EGINEN DA

A. Hautagaiaren curriculumeko merezimenduen balorazioa: 70 puntu.

a) Genienez 3 puntu, honako egoera hauetakoren bat egiaztatzen badu:

–2 puntu, %33ko edo gehiagoko desgaitasun ziurtagiria aurkezten bada, organo eskudunak emana.

–2 puntu, genero indarkeriaren biktima dela egiaztatzen duen dokumentua, Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak emana.

–Puntu 1, amatasunagatiko, aitatasunagatiko, edoskitzeagatiko edo ardurapeko senideak zaintzeagatiko baimena hartu badu, 2019ko urtarrilaren 1etik deialdiaren datara bitartean.

b) Curriculum vitae-an agertzen diren argitalpenen balorazioa. Gehienez 25 puntu lor daitezke, honela banaturik:

–Journal Citation Report (JCR) delakoan indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada: 5 puntu. Gainerako egileak: 3 puntu.

–Beste datu base batzuetan edo beste aldizkari zientifiko batzuetan indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada: 4 puntu. Gainerako egileak: 2 puntu.

–Ikerketa jarduerarekin zerikusia duen liburu baten egilea: 2 puntu.

–Ikerketa jarduerarekin zerikusia duen liburu baten kapitulu baten egilea: 0,5 puntu.

c) Lehia bidezko deialdietan finantzatutako ikerketa proiektuetan parte hartzea: 7 puntu gehienez.

Proiektuaren ikertzaile nagusi gisa:

–Europa mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 3 puntu.

–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 2 puntu.

–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 1 puntu.

Ikertzaile nagusi edo ikertzaile laguntzaile gisa:

–Europa mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 1,5 puntu.

–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, puntu bat.

–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,5 puntu.

d) Osasun sistemaren garapen kliniko, asistentzial edo teknologikoari egindako beste ekarpen batzuk: 35 puntu gehienez.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore tesia: 8 puntu tesi bakoitzeko.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore tesiaren zuzendaritza: 2 puntu zuzendutako tesi bakoitzeko.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako masterra: 4 puntu master bakoitzeko.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako master bukaerako lanaren zuzendaritza: 1 puntu MBL edo GBL bakoitzeko.

–Gizarte eta osasun arloarekin zerikusia duen patente edo egile eskubide bakoitzeko: 8 puntu.

–Biltzar batean aurkeztutako lan (komunikazio edo poster) bakoitzeko:

  • Nazioarteko Biltzarra 2 puntu.
  • Biltzar nazionala: puntu 1.
  • Beste kongresu edo biltzar zientifiko batzuk: 0,5 puntu.

–Aholkularitza teknikoko batzordeetan edo batzorde zientifiko, tekniko edo aholkularitzakoetan parte hartzeagatik:

  • Nazionalak edo nazioartekoak: 2 puntu.
  • Autonomia erkidegokoak: puntu 1.
  • Zentro asistentzialaren edo elkarte zientifikoaren mailakoak: 0,5 puntu.

–Praktika klinikoko gidetan, osasun arretako protokoloetan, berrikuntza sanitarioko proiektuetan edo dokumentu zientifiko eta teknikoetan egile gisa parte hartzeagatik: 2 puntu parte-hartze bakoitzeko.

B. Proposamenaren balorazio estrategikoa: 30 puntu gehienez.

a) Aurkeztutako ikerketa proiektuaren eta 2014-2020 Osasun Planaren bat-etortzea (gehienez 10 puntu), honela banatuta:

5 puntu, proiektua Osasun Planeko estrategietakoren batean oinarritzen bada:

–Osasunaren prebentzioa eta sustapena ume eta nerabeen artean.

–Osasunaren sustapena eta norberaren zainketa helduetan.

–Desgaitasuna saihestea eta autonomia sustatzea.

–Minbizia.

–Osasun Mentala.

–Dementzia eta beste eritasun neurodegeneratibo batzuk.

–Denboraren menpe dauden larrialdiak.

–Odol hodietako eritasunak eta diabetesa.

–Arnasbideetako eritasunak.

–Patologia anitzeko eriak.

–Zainketa aringarriak.

–Mina.

–Pazientearen segurtasuna.

Beste 4 puntu, hauek lantzen baditu:

–Desgaitasuna saihestea eta autonomia sustatzea.

–Minbizia detektatu eta bahetzea.

–Osasun mentala haurtzaroan eta nerabezaroan, suizidioa, substantzien kontsumoa eta/edo portaera-mendekotasunak.

–Amagandiko edoskitzea edo indarkeria haurtzaroan.

–Alzheimer duten pertsonen zaintza.

–II motako diabetesa.

–Patologia anizkoitzetan, laguntza-mailen arteko erlazioari buruzkoa bada.

–Zainketa aringarrietan: borondate aurreratuak, erabakien plangintza aurreratua, gizarte laguntza, familiarra, psikologikoa edo emozionala, alderdi komunikatiboak, sintomen kontrola edo zainketen integrazioa.

–Gihar-hezurretako min kronikoa eta bestelako min kronikoak.

–Polimedikazioa eta medikazio akatsak.

Puntu bat gehiago kasu hauetan:

–Helburuen artean badaude patologien morbilitatea eta/edo larritasuna ebaluatzea edo neurtzea antzemandako osasuna, bizi-kalitatea, desgaitasuna, autonomia pertsonala, mortalitate goiztiarra edo saihesgarria.

b) Jarduera a) apartatuan jaso ez baina transmititzen ahal diren eritasunei buruzkoa bada, gehienez 5 puntu, hurrengo banaketaren arabera.

–2 puntu gehiago, GIBean, HIESean, sexu transmisiozko gaixotasunetan edo osasun asistentziarekin lotutako infekzioetan zentratzen bada.

–2 puntu gehiago osasun publikoan eta osasun sistemen antolakuntza hobetzean zentratzen bada.

–Beste puntu bat zaurgarritasun sozialeko egoeran dauden taldeak aztertzen baditu.

c) Aurkeztutako ikerketa-proiektua bat etortzea Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 51. artikuluarekin: Gehienez 5 puntu, honela banatuak:

–Puntu bat gizonen eta emakumeen gaixotze tasa edo hilkortasun diferentziala aztertzen badu.

–Puntu bat osasun sistemetan generoen arteko arreta-desberdintasunak aztertzen baditu.

–Puntu bat ikerketa genero indarkerian edo sexu eta ugalketa osasunean zentratzen bada.

–Puntu bat aztertutako patologian eragina duten desberdintasun biomedikoak eta generoari lotutako baldintzak (sozialak, kulturalak eta hezkuntzakoak) aztertzen baditu.

–Puntu bat genero arrakala gutxitzeko proposamenak hautematean zentratzen bada.

d) Gehienez 15 puntu, Osasun Departamentuaren lehentasun jakin batzuekin zerikusia duten ikerketa proiektuengatik:

–3 puntu, ikerketa proiektua teknologia berrien, osasun produktuen edo kudeaketarekin lotutako berrikuntzen garapenari buruzkoa bada.

–3 puntu, ikerketa proiektuak alderdi bioetikoak lantzen baditu.

–3 puntu, ikerketa proiektuak asistentzia humanizatzearen inguruko alderdiak jasotzen baditu.

–3 puntu, ikerketa proiektuak herritarren parte-hartzea badu.

–3 puntu, ikerketa proiektuan hainbat diziplinatako pertsonek ikertzaile gisa parte hartzen badute.

–3 puntu gehiago, ikerketak osasunaren alderdi komunitarioak, determinatzaile sozioekonomikoak, kulturalak edo ingurumenekoak aztertzen baditu.

Iragarkiaren kodea: F2407989