2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Deialdia, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetako ikasleen guraso-elkarteei (IGE) eta IGEen federazioei dirulaguntzak emateko, 2023-2024ko ikasturtean. Laburpena
DDBN (identifikazioa): 761571.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean aurki daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/761571).
Iruñeko Udalak 2023-24ko ikasturtean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetako ikasleen guraso-elkarteei eta IGEen federazioei dirulaguntzak emateko deia egin du, 2023-2024ko ikasturtean, norgehiagokako araubidean, Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak (2006ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 17koan) xedatzen duenarekin bat. Argitara ematen da deialdiaren laburpena; haren testu osoa Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean kontsulta daiteke.
Lehena.–Deialdiaren helburua:
Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetako ikasleen guraso-elkarteei eta IGEen federazioei dirulaguntzak emateko prozedura arautzea, honako hauek egin ditzaten 2023-2024ko ikasturtean: ikastetxeko gurasoei zuzendutako prestakuntza-jarduerak, ikastetxeko ikasleei zuzendutako eskola-ordutegitik kanpoko jarduerak, hezkuntza-erkidego osoari zuzendutako jolas-jarduerak eskola-ordutegian eta horretatik at, eta guraso-elkarteen edo federazioen kudeaketa- eta funtzionamendu-gastuei aurre egitea. Hori guztia deialdi honen B.3) apartatuan ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen badituzte.
Bigarrena.–Deialdiaren xedea:
Dirulaguntza honen xedea da ikastetxeetako bizitzan eta funtzionamenduan gurasoen parte-hartzea sustatzea.
Hirugarrena.–Diruz laguntzen ahal diren ekintzak, proiektuak, jokamoldeak eta jarduerak egiteko baldintzak, betekizunak eta epeak:
1.–Diruz lagundutako jardueretan kasuan kasuko ikastetxeko ikasle guztiek, edo guraso guztiek –haiei zuzenduta badaude– hartzen ahalko dute parte, eta guraso-elkarteko kide ez izateagatik ez zaie parte-hartzea ukatuko. Ildo horretan, diruz lagunduko dira ikastetxeko gurasoei zuzendutako prestakuntza-jarduerak eta hezkuntza-erkidego osoari zuzendutako jolas-jarduerak edozein eskola-ordutegitan egitea, eskolaz kanpoko jarduerak antolatzea eta egitea ikastetxeko ikasleentzat eskola-ordutegitik kanpo, "Goiztiarrendako" zerbitzuak, hiri-kanpaldiak oporraldietan eta familia eta lana bateragarri egitea xede duten beste jarduera batzuk.
2.–Dirulaguntzaren xedea den jarduera 2023-2024ko ikasturtean egin behar da.
3.–Proiektuetako jardueren edukiek ikastetxeko ikasleen eta familien prestakuntza integrala sustatzen lagundu beharko dute, hainbat balio azpimarratuta, hala nola indarkeria fisikoaren zein genero-indarkeriaren gaitzespena, belaunaldien arteko harremanak eta ingurumenaren, kulturaren zein gure hiriko historiaren ezagutza. Halaber, jarduera horiek gauzatzeak ikasleen artean harremanak egiteko topaguneak ahalbidetuko ditu, eta adiskidetasuna eta bizikidetza sustatuko ditu, ikasleen artean zein haien familiekin. 31/2022 Foru Legean ezarritakoaren arabera, jardueren diseinuak irisgarritasun unibertsala eta pertsona ororendako diseinua sustatuko ditu, desgaitasuna duten haurren benetako parte-hartze eraginkorra sustatze aldera.
4.–Berariaz deialdi honetatik kanpo geratuko dira honako hauek:
a) Ikasleei edo familiei berariaz zuzenduta ez dauden jarduerak.
b) Giza eskubideak eta bizikidetza-balioak errespetatzen ez dituzten jarduerak, edo herritarrentzat iraingarriak gerta daitezkeen sinbolo zein elementuak dituztenak, haien duintasuna urratzen dutenak edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen dutenak, baita izaera politikoko jarduerak eta argitalpenak ere.
c) Behar adinako diru-sarrera propioak eta finantzazioan defizitik ez duten jarduerak.
d) Iruñeko Udalaren beste deialdi batzuen bidez diruz lagundutako jarduerak, bereziki eskola-jantokia, zentzurik hertsienean (janaria eta officeko langileak).
Laugarrena.–Deialdiaren gehieneko zenbatekoa guztira.
80.000,00 euro.
Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko tokia.
Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan (www.pamplona.es/eu) argitara emandako "Dirulaguntzen eskaera elektronikoa pertsona juridikoentzat" delako izapidearen bidez.
Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.
Hilabete bat deialdi honen laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina.
Aipatutako epetik at aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.
Zazpigarrena.–Eskaerak eta agiriak nola aurkeztu.
Eskaerak eskabidearen bidez egin beharko dira, ala PDF formatuko eskabidez (aurkezpen telematikorako), interesdunak edo dirulaguntza eskatzeko ordezkapen nahikoa edukita ordezkapen horren gaineko erantzukizuna hartzen duen pertsonak sinaturik, betiere deialdi honen I. eranskinarekin bat. Eskaerarekin batera, deialdi honen G.4) apartatuak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.
Ez da beharrezkoa izanen deialdi honetako G.4) apartatuan aipatutako agiriak aurkeztea, baldin eta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat, jarduten duen Administrazioak jada bere eskuetan baditu edo beste ezein Administraziok egin baditu, salbu eta eskatzaileak edo kasuan kasuko ordezkariak ez badio Iruñeko Udalari baimenik ematen informazioa dagokion administrazio publikotik eskuratzeko.
Eskaera batek ez baditu deialdi honetan ezarritako betekizunak betetzen edo agiriak aurkezten, edo bestela, ez badio Iruñeko Udalari baimenik ematen agiriok zer administraziok egin eta hartatik eskuratzeko, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean akatsa zuzendu dezala edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, betiere aldez aurretik ebazpena emanen delarik, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.
Dirulaguntza jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarriak oso-osorik onartzea.
Zortzigarrena.–Dirulaguntzen xede izaten ahal diren gastuak egiteko epea:
2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 30era bitarte.
Bederatzigarrena.–Justifikazioa aurkezteko epemuga.
2024ko irailaren 16a bitarte.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 15ean.–Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria, Aider Beloki Unzu.
Iragarkiaren kodea: L2407965