111. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

34E/2024 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira aisialdiko hezkuntza proiektu onenari "NGJE" sariak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 758226.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak honela definitzen du gazteriaren hezkuntza ez-formala: pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa. Heziketa hori eman ahalko dute Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak aisialdiak gaztaroan duen garrantzia nabarmentzen du. Aisialdi hezigarri eta komunitarioa zera da: elkarbizitza, atsedena, dibertsioa eta garapen pertsonala. Gainera, alderdi ludiko bat du, eta hori ezinbestekoa da pertsonen oreka sozial, fisiko, psikologiko eta emozionalerako. Aisialdi hezigarrirako zentro eta entitateak gizarteratzeko gune seguruak dira, erreferentziako eredu positiboekin, indarkeria eta arrisku jardueretatik urrun. Parte-hartze boluntario, automotibatu eta atsegingarrian oinarrituta daude, baina baita ere beste pertsonekiko harremanetan, askotarikoak, errealitate eta esperientzia desberdinak dituztenak. Horiekin posible dira jarduera hezigarria eta garapen komunitarioa.

Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, eta hura da gazteriaren egunerokoan hezkuntza ez-formala sustatzearen arduraduna. Bere kalitatea bermatzeko, uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitatean aisialdiko hezkuntza eskolak eta horien irakaskuntzak aitortzeko bidea arautzen da.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolaren bitartez, urtero aisialdiko begirale eta zuzendari izateko zenbait ikastaro kudeatzen ditu. Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako aisialdi hezkuntzako eskolek ematen dituzte ikastaroak.

Aisialdi hezigarria sustatzeko eta ikasleek ikastaroen azken memoriaren bidez aurkeztutako proiektuen hedapena errazteko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak egokitzat jo du aisialdiko hezkuntza proiektu onenaren "NGJE" sarien laugarren edizioa deitzea, Nafarroan bizi diren, 31 urte baino gutxiago dituzten eta Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortutako aisialdiko hezkuntza eskoletan 2023ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean aisialdiko begiralearen edo zuzendariaren titulua lortu duten pertsonei zuzenduta.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Aisialdiko hezkuntza proiektu onenari "NGJE" saria emateko 2024ko edizioaren deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean bildu direnak.

3. Guztira 1.200,00 euroko gastua baimentzea, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak" izeneko 340002 34100 4809 232106 partida ekonomikoaren kargura.

4. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

5. Ebazpen honek eta bere eranskinek ez dute administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu hartzailetza delegatuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari helaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 25ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Maria Burgaleta Encina.

I. ERANSKINA.–AISIALDIKO HEZKUNTZA PROIEKTU ONENARI "NGJE" SARIA EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK, 2024

1. Xedea.

Oinarri hauen xedea da araubide juridikoa eta arauak ezartzea, aisialdiko hezkuntza proiektu onenari "NGJE" saria emateko IV. edizioaren deialdirako.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

2. Proposamenak aurkeztea.

Nafarroan bizi diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartzen ahalko dute. Parte hartzeko Europako Gazte Txartel Nafarraren titular izan beharko dute eta aisialdiko begirale edo zuzendari titulua, 2023ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean lortua, Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskoletako batean (aurrerantzean, AHE).

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Izena emateko orria Nafarroako Gobernuaren eredu ofizialaren araberakoa izanen da eta honako leku hauetan aurkezten ahalko da: Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Yanguas y Miranda 27, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko Atarian edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan ere.

Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskabide orria. II. eranskina.

–Amaierako memoria, gaztelaniaz eta/edo euskaraz idatzita.

–NANaren fotokopia.

Ez dute programan parte hartzen ahalko dokumentazioa osorik aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazitako gisan. Komunikazioa jakinarazi eta biharamunetik hasita, hamar egun balioduneko epea emanen da aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko. Halakorik aurkeztu ezean, interesdunak eskaerari uko egin diola ulertuko da.

3. Aurkezten diren lanen balorazioa.

Aurkezten diren lanak baloratzeko, epaimahai bat eratuko da, hauek osatua:

–Josu Laguardia Hontañón, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua, epaimahaiburu gisa.

–Ordezkoa: Lucía Andía García de Olalla, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.

–Elena Latorre Requetibate, epaimahaiko idazkari gisa. Epaimahaiaren eztabaidak jasoko ditu idatziz, eta hitza izanen du, baina botorik ez.

–Ordezkoa: Arantza Lalinde Zabala.

–Ana Redín Pascual, Argibide eta Prestakuntza Bulegoko burua, epaimahaikide gisa.

–Ordezkoa: Aniana Alfaro Nicolás, Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoko burua.

–Rosa Horcada Baztán, erdi mailako tituluduna, epaimahaikide gisa.

–Ordezkoa: Unzizu Huici Fernández, gizarte hezitzailea.

Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, identifikatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.

Epaimahaiak Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortutako AHEen zuzendaritzen aholkularitza eta laguntza jaso ditzake.

Epaimahaiak deliberazioen akta eginen du, gehiengoz hartuko ditu erabakiak eta proiektuak hautatuko ditu. Halaber, sariak nori eman proposatu eta justifikatu beharko du, honako irizpide hauen arabera:

1. Kalitate teknikoa; horretarako aisialdiko hezkuntzako proiektuaren programazioan edo memorian jasota dauden honako elementu hauek hartuko dira erreferentzia gisa:

a. Arrazoibidea (errealitatearen analisia, jarduera esparrua): 15 puntu gehienez.

b. Planteamenduarekin koherentzia: 10 puntu gehienez.

c. Azalpen argiak: 5 puntu gehienez.

d. Erabilitako metodologia (praktikaren garapena eta erabilitako baliabideak): 15 puntu gehienez.

e. Proiektuaren gaineko balorazio pertsonala: 15 puntu gehienez.

Lehen apartatu honen totala: 60 puntu gehienez.

2. Proiektuaren helburuak zehaztea eta horiek modu arrazoituan lotzea Gazteriaren Foru Estrategia 2020-2023 eta Agenda 2030eko garapen jasangarrirako helburuetan jasotako edozein esparrurekin: 20 puntu gehienez.

(Foru estrategia horretan jasotzen diren esparruak edo arloak honako hauek dira: asoziazionismoa, gizarte inklusioa, bizikidetza eta generoa, boluntariotza, lurralde garapena, hizkuntza politika, aisialdia eta astialdia, hezkuntza formala, hezkuntza ez-formala, enplegu eta lan munduan sartzea, osasuna, kultura, mugikortasuna, kontsumoa, kirola eta bizitzaren jasangarritasuna).

3. Proiektuaren bideragarritasuna. 10 puntu gehienez.

4. Programazioa berritzailea eta jatorrizkoa izatea. 10 puntu gehienez.

4. Sariak eta aintzatesteak aurkezten diren lanik hoberenentzat.

Aurkeztutako lan bakoitzak gehienez 100 puntu lortzen ahal ditu, eta onartua izateko gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu. Lehiaketarako onartzen diren lanen artean, epaimahaiak puntuaziorik altuena lortzen duten hiru memoriak aukeratuko ditu, eta saria eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren lanen kalitatea eta gaiak ez bazaizkie lotzen lehiaketa hau deitzeko oinarri izan diren irizpideei.

Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da eta saria emateko justifikazioa haren akta izanen da.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira sariak. Orobat, epaimahaiaren erabakiaren berri emanen da Institutuaren web-orriaren eta sare sozialen bidez.

Hautatutako pertsonek honako sari hauek jasoko dituzte:

–600,00 euro, puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.

–400,00 euro, bigarren puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.

–200,00 euro, hirugarren puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.

5. Egile eskubideak.

Egileek aurkezten duten memoria bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren. Hautatzen diren lanen egileek baimena ematen diote Nafarroako Gazteriaren Institutuari haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen den edozein hedabideetan.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak parte-hartzaileek beren lanen gainean dituzten eskubide intelektualak errespetatuko ditu.

6. Antolaketaren erantzukizuna.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan egoten ahal diren kontuak ebazteko.

Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutua salbuetsita egonen da parte-hartzaileek egiten ahal duten edozein plagiogatik edo jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legediaren edozein urraketagatik sortzen den edozein erantzukizunetatik.

7. Datuen babesa.

Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:

Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Xedea: NGIri dagozkion laguntza, beka, dirulaguntza eta sarien emakida, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko prozesuak.

Legitimazioa: Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hartzaileak: Ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dutela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.

Eskubideak: Datuetara sartzea, datuok zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea.

Eskubide horiek baliatzeko helbidea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea

Informazio gehigarria:

Argibide gehiagorako, web-orria kontsultatzen ahal duzu: https://www.juventudnavarra.es/imagenes/documentos/clausulas-informativas-proteccion-de-datos-inj-526-es.pdf#lnk

8. Kontaktua.

Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Yanguas y Miranda kalea 27, 31003 Iruña.

848 423900 enaj@navarra.es

www.juventudnavarra.es/eu

ANEXO II.–FORMULARIO DE SOLICITUD / II. ERANSKINA.–ESKABIDEA

PREMIOS ENAJ AL MEJOR PROYECTO DE EDUCACIÓN EN EL TIEMPO LIBRE / ENAJ SARIAK AISIALDIKO HEZKUNTZA PROIEKTURIK ONENARI

Datos personales /Datu pertsonalak

Apellidos, Nombre /Deiturak, Izena

D.N.I./N.I.E. /NANa/AIZ

Domicilio /Helbidea

Localidad /Herria

Teléfono de contacto /Harremanetarako telefonoa

Correo electrónico /Helbide elektronikoa

Información sobre el proyecto /Proiektuari buruzko informazioa

Título /Izenburua

Escuela de Tiempo Libre /Aisialdiko Eskola

Fecha en la que se obtuvo el título de monitor/a de tiempo libre /Aisialdiko begiralearen titulua lortu zen data

Markatu lauki hau, erantzuna bitarteko elektronikoen bidez jaso nahi baduzu.

(*) Helbide elektronikoaren eremua bete behar da, erantzuna igorri izanaren abisua jasotzeko. Helb. elektronikoa: ..................................................................................................................................................

Declaro bajo mi responsabilidad que el trabajo presentado se corresponde con el que fue evaluado por parte de la Escuela de Educación en el Tiempo Libre correspondiente y que no fue premiado en otros certámenes /Nire erantzukizunpean adierazten dut aurkeztutako lana bat datorrela dagokion aisialdiko eskolak ebaluatutakoarekin eta ez duela saririk jaso beste lehiaketa batzuetan.

Declaro que quiero recibir información de actividades del Instituto Navarro de la Juventud. /Adierazten dut Nafarroako Gazteriaren Institutuaren jarduerei buruzko informazioa jaso nahi dudala.

Fdo. /Sin. Fecha /Data:

Iragarkiaren kodea: F2407309