111. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Deialdia, bi lorezain lanpostu, funtzionarioen araubidekoak, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

Alkatetzaren 2022ko irailaren 19ko 2022-1150 Ebazpenaren bidez, Noain Elortzibarko Udalaren 2022. urterako lan publikoaren eskaintza onetsi zen, eta 2022ko 197. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 4an.

Alkatetzaren 2024ko maiatzaren 13ko 2024-0582 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da bi lorezain lanpostu, funtzionarioen araubidekoak, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko, Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzuan jarduteko.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, aipatu estatutua garatu eta gauzatzeko Sartzeko Erregelamendua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi publiko honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea bi lorezain lanpostu, funtzionarioen araubidekoak, beren eginkizunak Noain Elortzibarko Udalean bete ditzaten. Lanpostu horiek 2.32 eta 2.33 zenbakiak dituzte plantilla organikoan, eta Idazkaritza, Zerbitzu Orokor, Hirigintza, Ingurumen, Obra eta Zerbitzuen Alorrekoak dira. Lanpostuak txanda hauetan banatuko dira:

–2.32 zenbakia duen lanpostua, txanda irekian.

–2.33 zenbakia duen lanpostua, igoera txandan.

Txanda irekikoari gehituko zaio igoera txandako lanpostua, baldin bete gabe gelditzen bada izangaiek ez dutelako erdietsi hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa. Era berean, igoera txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.2. Hautaprobak gainditu ondoan deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatzen diren langileak D mailan sartuko dira, eta uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan maila horretarako ezartzen diren ordainsariak jasoko dituzte, bai eta Noain Elortzibarko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan zehazten direnak ere.

1.3. Lanaldia osoa izanen da, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da une oro. Administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.4. Oinarri hauetan zehaztuta ez dauden gaietan, aplikatuko da xedaturik dagoena Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduan (113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

1.5. Halaber, deialdi honen xedea da zerrenda bat eratzea, probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, aldi baterako beharrak eta ordezkapenak betetzeko, deialdi honen 10. oinarrian xedaturikoarekin bat.

2.–Eginkizunak

2.1. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiek eginkizun hauek izanen dituzte, besteak beste:

–Alorreko buruak agindutako lanak egitea.

–Alorreko buruari proposatzea zerbitzurako beharrezkoak diren makinak eta materialak erosteko, eta egindako erosketak gainbegiratzea.

–Dagokien lana egitea Elortzibarko herrietako hiriguneetan, barne direla ikastetxe publikoa, igerilekuak eta hilerria –barnealdea eta kanpoaldea–, bai eta industrialdeak ere.

–Soropila: sortzea, moztea, profilatzea, garbitzea, ureztatzea, berrelikatzea, aireztatzea, ongarritzea, tratamenduak ematea eta berrereitea.

–Zuhaitzak: landatzea, ongarritzea, lur-estaltzea, ureztatzea, tratamenduak ematea, jorratzea, muxarratzea eta kimatzea.

–Lore-parterreak: sortzea, lantzea, profilatzea, ongarritzea, nibelatzea, landatzea, jorratzea eta ureztatzea.

–Erabilera estentsiboko berdeguneak (ezpondak, bidexkak eta Udalaren naturaguneak edo josteta-eremuak): belar-sastrakak kentzea eta garbitzea.

–Ureztatze-sistemak: mantentze-lanak egitea.

–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak berehalakoan jakinaraztea Lorezaintzako arduradunari.

–Lorezaintzako arduradunari eskatzea agintzen zaizkion lanak egiteko behar diren produktuak eta materialak.

–Baliatzen dituen lanabesak behar bezala erabiltzea, mantentzea eta kontserbatzea.

–Ibilgailuen eta lanabesen oinarrizko mantentze- eta kontserbazio-lanak egitea, eta kanpoko zerbitzuak eskatzea langile espezializatuak behar direnean edo baliabide propioak nahikoak ez direnean, eskaera hori Lorezaintzako arduradunaren bitartez bideraturik.

–Kultura Alorrak zehazten dituen beharren arabera, laguntza ematea kultura eta jaietako ekitaldiei lotutako zereginetan (zerbitzu anitzen arloko lan guztietan behar den zerbitzua ematea).

–Gatza zabaltzea bide publiko eta ikastetxeetan, izotza dagoenean, gainerako lantaldeekin koordinaturik.

–Makineria eta tresnak ikuskatzea

–Lanposturako definitu diren xede orokorrekin, mailarekin, ezagupenekin eta erantzukizunarekin bat egiten duten beste guztiak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak: oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Eskola Graduatuaren titulua edo Lehen Mailako Lanbide Heziketaren titulua edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

3.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak.

Igoera txandako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

3.3. Baldintza horiek deialdi honen laugarren oinarrian adierazitako epean eta eran frogatu beharko dituzte izangaiek, baita hautapen-prozesuak dirauen bitartean bete ere.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Udaleko alkateari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Aurkezten ahalko dira aurrez aurre, Udalaren Erregistro Orokorrean, edo Udalaren egoitza elektronikoko erregistroaren bidez. Orobat, eskabideak aurkezteko erabiltzen ahalko dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (39/2015 Legea, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa). Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.

4.2. Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta honako agiri hauek aurkeztuko dira harekin batera:

a) NANaren fotokopia.

b) B motako gidabaimenaren kopia.

c) Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztiak frogatzeko dokumentazioa. Epaimahaiak ez ditu baloratuko jatorrizko agiriarekin frogaturik ez dauden merezimenduak. Horren ondorioetarako, eskabidearekin batera, aurkezten diren merezimenduak frogatzeko agirien zerrenda zenbakitua aurkeztu beharko da.

d) Azterketa eskubideengatik 32,85 euro ordaindu izanaren frogagiria. Udalaren kontu korronte zenbaki honetan sartu behar dira: ES48 2100 5264 4922 0006 5040, de la Caixabank finantza-erakundean.

–Doakoa, lanik izan ez eta prestaziorik kobratzen ez dutenentzat.

Azterketa egiteko eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo, behar denean, frogagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da. (Estatuko enplegu zerbitzu publikoaren (SEPE) agiria, lanik gabe egotea eta prestaziorik ez kobratzea ziurtatzen duena).

4.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.4. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

4.5. Deialdiko igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, baldin eta Noain Elortzibarko Udaleko administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira, eskabideari erantsi beharko dizkiote, gainera, deialdi honen 3.2 oinarriko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak.

5.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Sebastián Marco Zaratiegui, Udaleko alkatea.

  • Ordezkoa: Francisco Javier Erro Lacunza, Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikide idazkaria: Víctor M. Mendívil Zubizarreta, Udaleko idazkaria.

  • Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–1. epaimahaikidea: Begoña Lausín Serrano, Udaleko arkitektoa.

  • Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–2. epaimahaikidea: Raúl León Goñi, Udaleko lorategietako arduraduna.

  • Ordezkoa: teknikari aditu bat, izendatzekoa.

–3. epaimahaikidea: Lourdes Roldán Iribertegui, Udaleko langileen ordezkaria.

  • Ordezkoa: Udaleko langileen ordezkari bat.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

6.4. Epaimahaiak adituen laguntza eskatzen ahalko du proba guztietarako edo batzuetarako.

7.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero.

7.2. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:

7.2.a) Lorezain eginkizunak betetzen, administrazio publiko batean edo sektore pribatuan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 2 puntu zerbitzu-urte bakoitzeko, eta gehienez ere 14.

7.2.b) Lorezaintzako edo Basogintzako erdi-mailako titulua, edo goragokoa, izateagatik: 6 puntu.

Urteen kopurua osoa ez bada, puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei, zerbitzuan emandako egunen araberakoa.

Merezimendu horiek frogatzeko, administrazio publikoek edo enpresa pribatuek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira nahitaez, edo lan bizitzari buruzko txostena. Horietan argi zehaztu beharko dira betetako eginkizunak, iraupena eta aitortutako maila.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien puntuazioa Udalaren iragarki-taulan, egoitza elektronikoko gardentasun atarian eta www.noain.es web-orrian, bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuta. Behin-behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun naturaleko epean, modu hauetakoren batean: aurrez aurre Udalaren Erregistro Orokorrean (Foru plaza 3, aurretiaz hitzordua eskaturik 948317203 telefonoan) edo Udalaren egoitza elektronikoko erregistroaren bidez (https://noain.sedelectronica.es/info), eskabide orokorraren izapidea baliaturik.

7.3. Oposizioaldia.

7.3.1 Oposizioa 2024ko irailean hasiko da, gutxi gorabehera. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Gero, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu, arauz egin behar den moduan.

7.3.2 Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa: idatzizko proba bat izanen da. Galdera-sorta bati erantzun beharko zaio (erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bakarra izanen da zuzena), eta deialdiaren II. eranskineko gaiei buruzko galdera batzuei erantzun beharko zaie, zuzenean edo erantzuna garatuz. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Hala, galderaren balioaren heren bat kenduko da, baldin erantzuteko aukerak hiru badira, eta, aldiz, balio horren laurden bat kenduko da, baldin erantzuteko aukerak lau badira.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.

Bigarren ariketa: proba teoriko eta/edo praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, epaimahaiak zehaztuta, deialdiko lanpostuaren eginkizunez izangaiek dituzten ezagupen praktikoak neurtzeko, II. eranskineko gaiei dagokienez.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.

7.3.3 Oposizioko ariketen balorazioan 80 puntu ematen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 0-40 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 20 puntu erdietsi beharko dira.

–Bigarren ariketa: 0-40 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 20 puntu erdietsi beharko dira.

7.3.4 Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira horietako bakoitzean gutxienez gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak (20 puntu).

7.3.5 Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du, Udalaren iragarki-taulan, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda, zer kalifikazio lortu dituzten zehaztuta, bai eta hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere.

7.3.6 Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira. Probetan iruzurrik egiten bada, edozein delarik ere, izangaia berehala baztertuko da, eta, gainera, behar diren jarduketa penalak gauzatuko dira, bidezkoak badira.

8. Probak gainditu dituztenen zerrenda, epaimahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioak zehaztuta, Noain Elortzibarko Udalaren iragarki oholean. Gero, zerrenda hori eta espediente osoa igorriko dizkio Udaleko alkateari, probak puntuazio handienarekin gainditu dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Hala eta guztiz ere, berdinketak badirau, zozketa publiko baten bidez ebatziko da.

8.2. Hogeita hamar egun naturaleko epean, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Noain Elortzibarko Udalaren erregistroan:

a) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragozten dion akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik ez duela erakusten duena.

b) Noain Elortzibarko Udaleko Giza Baliabideen Alorrak eskatzen dion gainerako dokumentazioa.

8.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, esandako agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatu eta, beraz, haren jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira; betiere, horrek ezertan galarazi gabe eskabidean eginiko faltsukeriagatik erantzun beharra, halakorik egin badu.

8.4. Aurreko 8.3 apartatuan aurreikusitako kasua gertatuz gero, 8.1 apartatuan aipatutako zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da haren hutsunea, eta izangai horrekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8.5. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio izendapenari, ulertuko da izendapen proposamenean sartzen direla probak gainditu dituztenen zerrendako hurrengoa edo hurrengoak.

9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Alkateak, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, proposatutako izangaiak izendatu, eta aginduko du izendapena argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

9.2. Izendatzen diren izangaiek hilabeteko epea izanen dute jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten zaienetik. Ezinbesteko kasuetan salbu, ez badute jabetza hartzen epe horretan, izendapenaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte, apartatuan ezarritako moduan eta ondorioekin.

9.3. Jabetza hartzen ez duten bitartean, ez dute eskubiderik izanen inolako ordainsaririk jasotzeko.

10. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.

10.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan, egoitza elektronikoko gardentasun atarian eta www.noain.es web-orrian.

10.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

10.4. Kontratazio zerrendek bost urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada, eta indarrik gabe utziko dituzte lanpostu bererako dauden zerrenda zaharragoak, halakorik badago.

10.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa eginen da, oro har, zerbitzuaren beharren arabera, aurretiaz banakako deiak eginik.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte beti.

Dagokien zerrendan duten hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, deitzerakoan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio kontratazio prozesu honetan parte hartzeko eskabidean adierazi zituen komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua adierazita.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.

B) Uko egitea:

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.

3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala zein adoptatua.

4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, uko egindako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala izanez gero, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Artikulu honen lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Zerrendatik kanpo gelditzea:

Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

10.6. Kontratatzen direnei alta emanen zaie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko; beraz, haien kargura egonen da kasuan kasuko kuota, bai eta PFEZaren atxikipena ere, bidezko diren zenbatekoetan.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen, beronen oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik.

11.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Udaleko alkateari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

12. Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), honako hau jakinarazten da:

Udala da datu pertsonalen arduraduna, enplegu deialdia kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bategina onesten duena, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

Datuak kontserbatuko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran kontserbatuko dira, eta Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean gordeko dira. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datuen hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren webgunean eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Izangaiek eskubideak: izangaiek badute datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere; horretarako, jo beharko dute Udalaren Erregistro Orokorrera (udal bulegoak edo egoitza elektronikoa).

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahalko dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, idazki baten bidez edota egoitza elektronikoaren bidez (www.agpd.es).

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.11.3. Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Noain Elortzibarren, 2024ko maiatzaren 13an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa. Kontzeptua, ezaugarriak eta edukia. Eskubideak eta askatasun publikoak.

2. gaia.–Udalerrien antolaketa eta eskumenak (6/1990 Foru Legea, 1. tituluko 1. kapitulua).

3. gaia.–Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak. Kontzeptua eta motak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak.

4. gaia.–31/1995 Legea, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzkoa. Segurtasun eta osasun arloetako gutxieneko xedapenak, laneko ekipamenduak erabiltzeari buruzkoak.

5. gaia.–Lorezaintzako kontzeptu orokorrak eta/edo lorezaintzari aplikatzen ahal zaizkionak

5.1. Izendegia, espezieak identifikatzea, ezaugarri botanikoak eta landare espezieen aplikazioak lorezaintzan eta berdeguneetan.

5.2. Lorezaintzako planoen interpretazioa eta lorategiko markaketa. Plano motak. Markatzeko lanabesak. Zuinketarako teknikak. Zuinketa egiteko garaia.

5.3. Ibilgailuak, erremintak, makineria eta baliabide osagarriak. Motak eta erabilerak.

5.4. Izurriak eta eritasunak lorezaintzan, eta haien tratamendua.

5.5. Lan-arriskuen prebentzioa eta segurtasuna eta osasuna lorezaintzako lanetan.

5.6. Hiriko instalazio nagusiak. Oinarrizko ezagupenak. Sare elektrikoa eta telefonia sarea. Ur hotzaren sarea. Saneamendu sarea. Argiteria sarea. Gas sarea.

5.7. Garbiketa.

6. gaia.–Lorezaintzako zaintze lanak.

6.1. Soropilak eta belardiak zaintzeko lanak. Ureztatzea. Motak eta maiztasuna. Soropila moztea. Eskarifikatzea. Ongarritzea. Aireztatzea. Profilatzea. Berrereitea. Zohien bidez berritzea. Izurriak eta eritasunak. Tratamendu fitosanitarioak. Segurtasun neurriak.

6.2. Zuhaitzak eta zuhaixkak zaintzeko lanak. Ureztatzea. Motak eta maiztasuna. Ongarritzea. Aitzurtzea eta jorratzea. Kimatzea (gai berariazkoan garatuko da, haren garrantzia dela-eta). Zurkaitzak paratzea. Oinarriak eta teknikak. Izurriak eta eritasunak. Tratamendu fitosanitarioak. Segurtasun neurriak.

6.3. Landare loredunak eta landare erraboildunak zaintzeko lanak. Ureztatzea. Motak eta maiztasuna. Substratua ematea. Ongarritzea. Lurra prestatzea. Izurriak eta eritasunak. Tratamendu fitosanitarioak. Segurtasun neurriak. Garbitzea eta kentzea.

2.4. Barneko landareak zaintzeko lanak. Ureztatzea. Motak eta maiztasuna. Ongarritzea. Eguzkitan egotea, tenperatura eta hezetasuna. Izurriak eta eritasunak. Tratamendu fitosanitarioak. Segurtasun neurriak. Ordena eta garbitasuna zaintze lanetan.

7. gaia.–Sortze eta/edo landareberritze lanak lorezaintzan.

7.1. Soropila landareberritzea eta ereitea. Xedea. Berrereiteko moduak. Horiek egiteko garaia. Drainatzeak. Drainatze motak.

7.2. Zuhaitzak, zuhaixkak eta landare loredunak landareberritzea. Zuhaitzak. Urteko landareak. Biurteko landareak. Landare erraboildunak. Landare bizikorrak. Lurra prestatzea. Drainatzeak. Drainatze motak. Landaketa motak. Landaketa esparrua eta espezieak hautatzea. Geotestilak eta mulch-a erabiltzea eta paratzea.

7.3. Barneko landareak landareberritzea. Urteko landareak. Biurteko landareak. Landare erraboildunak. Landare bizikorrak. Landaketa motak. Drainatzeak. Drainatze motak. Espezieak hautatzea.

7.4. Ordena eta garbitasuna sortze eta/edo landareberritze lanetan.

8. gaia.–Kimatze lanak.

8.1. Zuhaitzak kimatzea. Kimatze beharra espezie bakoitzean. Kimatzearen printzipioak. Helburuak. Kimatze motak. Garaia eta maiztasuna. Langileak eta tresnak. Ebaketak egiteko modua.

8.2. Zuhaixkak, azpizuhaixkak eta heskaiak kimatzea. Kimatze beharra espezie bakoitzean. Kontuan hartu beharreko alderdiak. Kimatze motak. Kimaketa egitea. Kimatzeko garaia. Kimatzearen kasu partikularrak.

9. gaia.–Ureztatze sarea zaintzeko lanak.

9.1. Iturgintzako oinarrizko ezagupenak. Erremintak, lanabesak, makinak. Planoen interpretazioa. Gai nagusiak. Gai osagarriak. Hodiak eta giltzak konpontzea. Saneamendu sarea konpontzea. Arriskuen prebentzioa.

9.2. Prebentziozko mantentze-lanak ponpaketa ekipoan eta ureztatzeko instalazioan. Aspertsoreak, difusoreak, tantakako sistema eta uholdez ureztatzeko gailuak. Ukondoak, t-ak, pasoko giltzak eta ixteko giltzak. Presio-erregulagailuak. Elektrobalbulak. Iragazkiak. Euri sentsoreak. Zentralak.

9.3. Zentralen programazioa. ETPa (ebapotranspirazioa).

10. gaia.–Ibilgailuen eta makinen eta bitarteko lagungarrien lehen mailako mantentzea eta erabilpena, lorezaintzan Erremintak zorroztea eta lanerako prest jartzea.

10.1. Lehen mailako erabiltze eta mantentze lanak, honako hauekin:

10.1.1 Ibilgailuak: Traktoreak. Soropil-mozteko traktorea. Kamioia. Dunperra...

10.1.2 Tresnak osagarriak: Lurra zulatzeko makinak. Berrelikatzeko makinak. Ongarritzeko makinak...

10.1.3 Makina motordunak: Soropil-moztekoak. Esku-motosegak. Motozerrak. Heskai-moztekoak. Guraize pneumatikoak.

10.1.4 Baliabide osagarriak: Esku-eskailerak. Aldamioak. Saskiak.

10.2. Segurtasun neurriak, ibilgailuen eta makinen erabiltze eta mantentze lanetan.

10.3. Lorezaintzan erabiltzen diren erremintak zorroztea eta prest jartzea. Segurtasun neurriak.

10.4. Ibilgailuak, makinak eta erremintak garbitzea.

11. gaia.–Bideak, pasealekuak, egoteko eremuak eta jostatzeko eta haurren jolasetarako eremuak zaintzeko lanak

11.1. Hormigoia eta haren osagaiak. Hormigoizko zola jarraituak. Haien konponketa.

12.2. Zola jarraituak eta ez-jarraituak, kanpoko aldeetarako. Motak. Berrelikatzea. Jorraketa mekanikoak edo kimikoak.

12. gaia.–Hiri altzarien mantentze-lanak: Ainguraketak paratzea eta kentzea. Pintatzea eta esmaltatzea. Metalezko osagaien konponketa. Soldadura. Hormigoi armatuzko zapata txikiak egitea.

13. gaia.–Agertokiak eta hesiak muntatzea: Lana prestatzea. Oinarrizko antolaketa-oinarriak. Ordena eta garbitasuna. Metalezko osagaien konponketa. Soldadura. Hormigoi armatuzko eta/edo adreilu-fabrikazko obra txikiak egitea.

Iragarkiaren kodea: L2408077