111. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

374E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baitzaio "Agoitzen (Nafarroan) pizgailuak fabrikatzeko instalazio bat" proiektuari. Proiektua Aoiz Technics SLk sustatzen du.

2024ko urtarrilaren 22an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Proposamena honetan datza: pizgailu-fabrika bat instalatzea, horretarako Agoizko 1. poligonoko 644. lurzatian (industrialdearen iparraldean) dauden industria-instalazioak aldaturik, handiturik eta berriturik. Txostenaren I. eranskinean dago aurkezturiko proiektuaren funtsezko alderdien laburpena.

Deskribaturiko proiektuaren ezaugarriak direla-eta, 250 m³ isobutano biltegiratzeko eremu bat duenez (beharrezkoa da pizgailuak betetzeko), Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 6. multzoko 9. epigrafean sartzen da jarduera. Beraz, han ezarririkoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta ala ingurumen-inpaktuaren txostena behar duen, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

Ingurumen-eraginaren ebaluazio erraztua izapidetzea.

Aurkezturiko ingurumen-agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen, abenduaren 9koaren, 45. artikuluan zehazten denarekin.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarririkoari jarraikiz, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Izapide horren emaitza ingurumen-txosten honen I. eranskinean ageri da.

Proiektuaren analisia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan harturik:

Agoizko industrialdearen barruko lurzoru urbanizatuan jartzekoa denez, bertan behera utziriko jarduera baten instalazioak egokiturik, proiektuak ez die zuzenean eragiten proiektuaren eremuko ingurune naturalaren balioei. Bestalde, ingurumen-baimen bateratuaren espedientean, jarduerak airearen, lurzoruaren eta uren kalitatean izan litzakeen eraginak kontrolatuko dira, bai eta hondakinen sorrerak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarririkoak ere.

Kontsulten emaitzak ikusirik eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri harturik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, aditzera eman du ezen proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta betetzen badira haren ingurumen-baimen bateratuan jaso diren baldintzak, eta ez dela beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea; nolanahi ere, horrek ez du kentzen indarreko legeen arabera eta, bereziki, proposamenaren ingurumen-baimen integratuaren arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzirik, adierazirikoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. "Agoitzen (Nafarroan) pizgailuak fabrikatzeko instalazio bat" proiektuak, zeina Aoiz Technics SLk sustatzen baitu, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarririko moduan, eta beraz, ez du behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean ezartzen den ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Agoizko Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA

Proiektua planteatzen den lurzatia Agoizko industrialdearen iparraldean dago, industrialdea urbanizatzean erauziriko lurraren ondoan, Nafarroako Ubidearen ezkerreko ertzaren azpian. Lurzatiaren ipar-ekialdeko erdia urbanizaturik eta zolaturik dago, eta bi nabe paralelo handi ditu, lurzatiaren alde luzearen norabide berean orientatuak. Hego-mendebaldeko erdia zelaiturik dago, eta barruko bideren bat dauka. Lurzatiaren muturreko eremu batean, azpiestazio elektriko bat eta aurreko jarduerako salgaien garraiorako ibilgailu astunen sarbidea daude.

Pizgailuak fabrikatzeko jarduera berria ezartzeko, bi nabeetatik handiena (210 m x 81 m) egokitu eta sektorizatu eginen da, instalazioko prozesuak garatzeko: pizgailuen eta sakagailuen gorputzak injektatzea, grabatzea, muntatzea (isobutano-gasez betetzea barne), paketatzea eta biltegiratzea, beste elementu batzuk fabrikatzea eta bidaltzea.

Egokituko den nabearen ekialdeko izkinaren ondoko eraikinean bulego-erabilera mantenduko da, eta beste erabilera batzuk emanen zaizkie nabe horri atxikirik dauden gainerako eraikinei (poliamida-andelak, energia-eraikina, pizgailu-fabrika, bioiragazkien tangak, suteen aurkako gela eta biltegia, lantegia eta jangela). Beste nabea (193 m x 41 m) aurrekoarekiko paraleloan dago, haren ipar-mendebaldera, eta ez da erabiliko.

Horretaz gain, jarduera gauzatzeko, lurzatiaren hego-mendebaldean (zolatu eta eraiki gabeko 20.000 m²-ko zelaigunea) instalazio osagarri hauek instalatu behar dira: isobutanoa biltzeko eremua (5 tanga edo andel, bakoitza 50 m³-koa, eta kubetak), suteen aurkako babes-eremu bat eta industria-uren araztegia. Araztegiak industria-urak bildu eta tratatuko ditu, eta aipaturiko isobutano-parkearen euste-sistemarekin loturik egonen da.

Lurzatiaren barrualdea urbanizatu eginen da, eta bideak zehaztuko dira zerbitzuko ibilgailuen joan-etorrietarako, lehengaiak sartzeko eta ekoizpena ateratzeko.

II. ERANSKINA.–UKITURIKO ADMINISTRAZIOEI ETA PERTSONA INTERESDUNEI EGINIKO KONTSULTA-IZAPIDEAREN LABURPENA

"Agoitzen (Nafarroan) pizgailuak fabrikatzeko instalazio bat" proposamenaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzean, 2024ko otsailaren 7an, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta-izapidea hasi zuen, ukituriko administrazioei eta pertsona interesdunei kontsulta eginez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarririkoari jarraikiz. Izapide horretan, kontsulta egin zaie Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari eta Hondakinen Atalari, bai eta honako erakunde hauei ere: Nafarroako Ubidea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa eta CEDERNA-GARALUR (Pirinioetako zerbitzu-zentroa).

Hondakinen Atalak eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak jakinarazi dute oraindik ez dela egiten ahal horri buruzko txostenik, espedientearen ingurumen-baimena izapidetzen ari baita instalazioaren ingurumen-alderdi garrantzitsuenak ebaluatzeko, eta izapidetze hori ingurumen-ebaluazioarekin batera egiten baita.

Izapide honetan, Canal de Navarra SA estatuaren merkataritza-sozietateak erantzun du ez duela ikusten proiektuak eragindako ukipenik bere eskumeneko gaietan.

Iragarkiaren kodea: F2407819