111. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

322E/2024 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Funesko arau subsidiarioak UD-5 unitatean (Martzillako errepideko industria eremua) aldatzeari buruz, Taboada Grupo Alimentario SLk sustaturik.

Udalak 2023ko irailaren 27an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2023ko 217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 19koan.

Aldaketaren xedea da industriako hiri-lurzorua handitzea 4. unitatearen inguruan ("Martzillako errepideko industria eremua"), gaur egun 6. poligonoko 665. lurzatian kokatua dagoen Taboada enpresak bere jarduera –bereziki biltegiratze sistema– eremu horretan kontzentratzeko duen beharrari erantzuteko.

Aldaketa Funes herriaren ekialdean eginen da, Martzillako errepidean. Zabalkuntza horrek egungo fabrikaren iparraldean eta ekialdean dauden lursail batzuk hartzen ditu, zehazki, 6. poligonoko ("El Cubo" parajea) 400., 401., 402., 405., 406., 410., 412. lurzatiak eta 665. lurzatiaren puska bat; guztira, 34.252,79 m².

Indarrean dagoen plangintzaren arabera, nekazaritza-produktibitate handiko lurzoru urbanizaezina da, eta industria-erabilerako hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatuta egotera igaroko da, UD-5 unitatearen izenpean.

Iparralderantz, antolamenduak bi eremu txiki (3.580,71 m²) ezartzea aurreikusten du San Antonio bidearen ondoan, eta, horrez gainera, lehendik dauden instalazioak handitzea eta pabiloi berri bat eraikitzea. Ekialderantz, erdigunean 3 biltegi-nabe ezarriko dira, eta 53 ibilgailurentzako aparkaleku-eremu bat hegoaldeko mugan, "Rio Blanquilla" parajetik datorren drainatzearen ondoan.

Aurreikusitako zabalkuntzak ez du zerbitzu berririk behar jarduera aurrera eramateko.

Funesko tradiziozko ureztalurren barruan dauden nekazaritza-lurrak dira, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarritik kanpo daudenak, eta topografia laua dutenak. Lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo dago, eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldien eraginpean dago (arriskugarritasun mapen arabera, probabilitate txikia du, 0,7 metrotik beherako sakonerarekin).

Aurreikusitako erabilera-aldaketak ingurumen ukipen esanguratsurik eragiten ez badu ere, ingurumen balioa duen enklaberik ez duten nekazaritza-lursailak baitira, proposamenak honako ingurumen kontsiderazio hauek jasotzea eskatzen du:

a) UD-5 unitatearen hegoaldeko muturraren drainatzeari dagokionez (412. lurzatiak eta 665. lurzatiaren zati bat): ibilgu txiki horren interesa Soto Sardillako ama zaharrarekin duen loturan datza, "Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak" KBEan sartuta baitago. Beraz, katalogatutako faunarentzako konektore biologiko gisa duen ahalmena indartzeko –bisoi europarrarentzat eta apoarmatu istilzalearentzat, besteak beste–, proposatzen da aparkaleku gisa proposatutako eremuaren ordez berdegune bat jartzea. Horrela, ibilguaren ondoan espazio bat erreserbatuko da (130 m inguru), gutxienez 5 metroko zabalerakoa, eta bertan zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak landatuko dira. Landare zerrenda horrek, aldi berean, industria-eremuaren eta nekazaritza-lurren arteko moteltze-espazio bat osatuko du.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak aldeko txostena eman du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren gainean, ingurumen baldintza batzuk ezarrita.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da, aldekoa, Funesko arau subsidiarioak UD-5 unitatean (Martzillako errepideko industria eremua) aldatzeari buruz, ingurumen ukipen esanguratsurik eragiten ez duela iritzita. Sustatzailea Taboada Grupo Alimentario SL da.

2. UD-5 unitatearen antolamenduan, berdegune bat erreserbatuko da drainatzearen inguruan (412. lurzatia eta 665. lurzatiaren puska bat), gutxienez 5 metroko zabalerakoa, non zuhaixka eta zuhaitz autoktonoak landatuko baitira.

3. Ingurunearen ingurumen kalitatea hobetze aldera, ingurumena integratzeko eta klima-aldaketara egokitzeko neurri hauek sartzea proposatzen da, urbanizazio proiektuetan aplikatu eta garatu daitezen:

–Urbanizazio eremu berrietan, eta bereziki berdeguneetan eta aparkalekuetan, lurzorua ez da iragazgaiztuko eta zigilatuko, eta euri-uren kudeaketa drainatze jasangarriko sistemen bidez eginen da.

–Berdeguneen kudeaketari dagokionez, berariaz jasoko dira klima-aldaketara egokitzeko irizpideak, eta lehentasuna emanen zaie eskakizun hidriko txikiak dituzten zuhaitz-, zuhaixka- eta belar-espezie autoktonoei, betiere drainatzearen ingurunerako adierazitako espezieak kontuan hartuta.

–Mugikortasun jasangarriari dagokionez, ibilgailuaren alternatiba diren beste garraio-modalitate batzuetarako espazioak aurreikusiko dira.

–Lurren kudeaketari indarreko araudiaren arabera ekinen zaio (23/2011 Foru Dekretua, martxoaren 28koa, eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena, eta 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa).

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Funesko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2406845