1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
154E/2024 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Fiteroko udal mugartean landare-kontserbak eta plater kozinatuak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Conservas Vegetales Cruz Azcona SL da.
Egun jardunean dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, zeina eman baitzitzaion Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 9.6 taldean.
2023ko azaroaren 20an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan sartutako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, EHZ kode hauek sartzeko:
–020304: kontsumorako edo elaboraziorako egokiak ez diren materialen hondakinak, hala nola piper hondarrak, pipitak, azal hondarrak...
–191202: burdinazko metalak, normalean kontserba-lata hutsak eta burdinazko beste elementu batzuk izaten direnak.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aurkeztu den eskaera aztertu du, eta ondorioztatu du ezen, 191202 EHZ kodea duen hondakinaren kasuan, kodea ez dela egokia hondakinaren jatorria ikusita, eta, beraz, 150104 EHZ kodea duen hondakinarekin ordezkatzen da. 020304 EHZ kodea duen hondakinaren kasuan, ondorioztatzen du onargarria dela, bat datorrelako instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Bestalde, 2023ko azaroaren 23an, titularrak bere ingurumen baimen bateratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen; zehazki, ekoizpen prozesuko isurketaren autokontrolaren maiztasuna aldatzeko, hileko kontrol bat egitetik kanpaina bakoitzeko kontrol bat egitera igarotzeko.
Titularrak argudiatu du isurketak ez direla konstanteak urtean zehar, eta batez ere zainzuriaren eta piperraren kanpainetan kontzentratzen direla, instalazioaren jarduera aldi horietan kontzentratzen delako. Urteko gainerako aldietan, jarduera apalagoa izaten da.
Aurreko guztia ikusita, eskatutako aldaketak instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokia ahalbidetzen duela ondorioztatu da, eta bat dator eskuragarri dauden teknika onenen aplikazioarekin. Beraz, bidezkoa da ezartzea autokontrol-programaren barruan isurketen kontrol bat egitea zainzuriaren kanpainan eta beste bat piperraren kanpainan. Era berean, murriztu egiten da ikuskapen-erakunde egiaztatuaren kanpo-kontrolaren aldizkakotasuna.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Partez onartzea Fiteroko udal mugartean landare-kontserbak eta plater kozinatuak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Conservas Vegetales Cruz Azcona SL da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Conservas Vegetales Cruz Azcona SLri eta Fiteroko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko apirilaren 24an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F2406846