1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
153E/2024 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita hondakinak kudeatzeko (plastikoen birziklapena) instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Jardueraren titularra Plásticos Alser SL da.
Egun jardunean dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, zeina eman baitzitzaion Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.
2023ko abenduaren 19an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren I. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, zortzi hondakin mota berri sartzeko, 070213, 191204, 170203, 150102, 200139, 150101, 191201 eta 150103 EHZ kodeak dituztenak.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin:
EHZ KODEA | DESKRIBAPENA | BALORAZIOA |
07 02 13 | Plastiko-hondakinak | Onartzen da kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea. |
19 12 04 | Plastikoa eta kautxua |
17 02 03 | Plastikoa |
15 01 02 | Plastikozko ontziak |
15 01 01 | Paperezko eta kartoizko ontziak |
19 12 01 | Papera eta kartoia |
15 01 03 | Zurezko ontziak |
20 01 39 | Plastikoak | Ezin da onartu kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea, arrazoi hauengatik: etxeko hondakina da, nahitaez kudeatu beharrekoa tokiko erakundearen bidez (edo dagokion mankomunitatearen bidez); beraz, ezabatu egiten da sortutako hondakinen zerrendatik. |
Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Partez onartzea Itzako udal mugartean hondakinak kudeatzeko (plastikoen birziklapena) dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Plásticos Alser SL da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Plásticos Alser SLri eta Itzako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko apirilaren 24an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2406848