1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
150E/2024 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz berrikusten baita Caparrosoko udal mugartean biodiesela eta olio-produktuak egiteko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Tech Natural Oleo SL da.
Egun martxan dagoen instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko kontseilariaren 0360/2006 Foru Aginduaren bidez emana, gero eguneratu zena Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren 2E/2019 Ebazpenaren eta 141E/2019 Ebazpenaren bidez eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 10eko 80E/2023 Ebazpenaren bidez.
2024ko otsailaren 19an, zerbitzu honek instalazioaren biomasa-galdara berriaren proiektuari dagokion erantzukizunpeko adierazpena jaso du. Aurkeztutako dokumentazioan adierazten denez, gas naturaleko 2. lurrun-galdara kendu da, eta aldaketa hori ez dago jasota hasierako proiektuan. Kontuan harturik aldaketa horrek ez dakarrela funtsezko aldaketarik, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Industriako Isurpenen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, ez eta aldaketa nabarmenik ere, martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, ofizioz aldatu da instalazio horren ingurumen baimen integratua.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak biomasa-galdara berriari buruz martxoaren 10ean emandako 80E/2023 Ebazpena berrikusi ondoren, ingurumen baimen integratuaren I. eranskina aldatu da, biomasa-galdara berriaren eraikinari buruzko informazioarekin eguneratzeko. Era berean, instalazioaren funtzionamendu baldintzak aldatu dira, abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretura egokitzeko.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, barne hartzen da atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.
Kasu honetan, ondorioztatu da gertatzen direla Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.4 artikuluaren e) letran adierazitako inguruabarrak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege hori), eta, horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta Industriako Isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Ofizioz berrikustea Caparrosoko udal mugartean biodiesela eta olio-produktuak egiteko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan zehazturiko aldaketen arabera. Instalazioaren titularra Tech Natural Oleo SL da.
Bigarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen-baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.
Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Seigarrena.–Ebazpen hau Tech Natural Oleo SLra eta Caparrosoko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko apirilaren 24an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2406858