111. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

41/2024 FORU AGINDUA, maiatzaren 14koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2024ko maiatzaren 7an harturiko Erabakia. Erabaki horren bidez, batera baimentzen da Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, toki-erakundeei zuzendutako dirulaguntzen bi deialdi onetsi eta izapidetu ditzan: batetik, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programak eta, bestetik, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak egiteko 2024-2025 ekitaldian.

Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluaren 3. apartatuarekin, Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2024ko maiatzaren 7an harturiko Erabakiaren bidez, batera baimendu zen Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, toki-erakundeei zuzendutako dirulaguntzen bi deialdi onetsi eta izapidetu zitzan: batetik, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programak eta, bestetik, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak egiteko 2024-2025 ekitaldian.

Aipatu foru legearen 14. artikuluaren 6. apartatuak xedatzen du ezen, kudeaketa-esleipena eraginkorra izan dadin, beharrezkoa dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oso-osorik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta Osasuneko kontseilariak eta Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak 2024ko maiatzaren 7an harturiko Erabakia, zeinaren bidez batera baimentzen baita Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, toki-erakundeei zuzendutako dirulaguntzen bi deialdi onetsi eta izapidetu ditzan: batetik, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programak eta, bestetik, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak egiteko 2024-2025 ekitaldian (foru agindu honen eranskinean dago jasota).

2. Foru agindu hau igortzea Osasun Publikoaren Institutura, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutura, Osasun Departamentuko eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara eta departamentu horietako kontu-hartzailetza delegatuetara.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 14an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

KULTURA, KIROL ETA TURISMO DEPARTAMENTUAREN ETA OSASUN DEPARTAMENTUAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ BATERA BAIMENTZEN BAITA NAFARROAKO KIROLAREN ETA JARDUERA FISIKOAREN INSTITUTUARI KUDEAKETA-ESLEIPEN BAT EGITEA, TOKI-ERAKUNDEEI ZUZENDUTAKO DIRULAGUNTZEN BI DEIALDI ONETSI ETA IZAPIDETU DITZAN: BATETIK, 60 URTETIK GORAKOENTZAKO JARDUERA FISIKOKO PROGRAMAK ETA, BESTETIK, OSASUNERAKO JARDUERA ETA ARIKETA FISIKOA PRESKRIBATZEKO PROIEKTUAK EGITEKO 2024-2025 EKITALDIAN

Iruñean, 2024ko maiatzaren 7an.

Batetik, Rebeca Esnaola Bermejo andreak, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak;

Bestetik, Fernando Domínguez Cunchillos jaunak, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua erakunde autonomo bat da, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuari atxikia (departamentu horren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuaren 3.2 artikulua).

Hain zuzen, azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak. Dekretu horretan, bada, ezarri zen Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren eskumenak direla, besteak beste, honako hauek: modu autonomoan edo lankidetzan sustatzea gorputz-hezkuntza eta kirola bultzatzeko programak eta jarduerak herritarren kolektibo guztientzako, kirolak berezkoak dituen balio sozialak eta hezkuntzakoak sustatzea, eta kirol-arloan berdintasuna bermatzen duten neurriak sustatzea beste entitate publiko eta pribatu batzuekin lankidetzan.

Bestalde, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 3. artikuluko 2. apartatuko b) letraren arabera, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusiari atxikitzen zaio.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua Erakunde Autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 10. artikuluko g) apartatuak zuzendari kudeatzaileari esleitzen dio " Dirulaguntzen deialdiak onestea eta ebaztea, Osasun Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideen arabera."

Halaber, aipatu foru dekretuaren 26. artikuluko 2. apartatuko f letrak Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuari esleitzen dio osasunaren sustapenaren eta osasun-hezkuntzaren arloan ezartzen diren plan eta programen plangintza, garapena eta ebaluazioa egiteko eskumena (osasun-arloko informaziorako, komunikaziorako eta gizarte-ekintzarako estrategiak eta neurri tekniko, politiko eta ekonomikoak barne), bai eta dagozkion dirulaguntzak kudeatzeko eskumena ere.

Bigarrena.–2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan honako partida hauek daude:

–Osasun Departamentua:

  • 520001-51200-4609-313904 "Udal-erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko dirulaguntzak" izeneko partida, 80.000 euroko kreditua duena; 50.000 euro daude erabilgarri.

–Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua:

  • A50002-A5100-4609-336100 "Toki-erakundeen kirol-jardueretarako laguntzak" izeneko partida, 345.000 euroko kreditua duena.
  • A50002-A5100-4609-336102 "Toki-erakundeek jarduera fisikoa eta kirola preskribatzeko dirulaguntza" izeneko partida, 155.000 euroko kreditua duena.

Hirugarrena.–Jarduera fisikorik ez egitea da gaur egungo morbimortalitate-tasarekin loturik dagoen faktore garrantzitsu bat. Lau gaixotasun kroniko nagusiak prebenitzeko 4X4 Estrategiaren barnean ageri diren lau arrisku-faktoreetako bat da (hauek dira besteak: elikadura desorekatua, tabakismoa eta alkohol gehiegi edatea).

Bizitzeko molde osasungarriak sustatzea da –haien artean, ariketa fisikoa– Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren 2022-2025 aldirako Osasun Publikoaren Planean jasotako programetako bat. Orobat, nabarmendutako proiektu estrategikoetako bat da, Zahartze aktibo eta osasungarrirako estrategiarekin batera eratzen dena.

Jarduera eta ariketa fisikoa tokian-tokian sustatzea da tresna erabilgarrienetako bat eskaintza biztanleriaren osasun beharretara egokitzen laguntzeko, eskualde bakoitzean ariketa fisikoarekin lotuta dauden baliabideak koordinatzen laguntzeko eta ariketa fisikoaren efizientzia areagotzen joateko.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren jarduketen artean daude toki erakundeen bidez, bai eta kirola sustatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko helburu nagusia duten beste erakunde batzuen bidez ere, jarduera fisikoaren eta osasunaren arloko programen eta proiektuen antolaketa bultzatu eta sustatzeko, toki-erakundeen bidez eta kirola sustatzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko helburu nagusia duten beste erakunde batzuen bidez.

Laugarrena.–Bi departamentuetan badirenez aurrekontuko partida batzuk tokiko erakundeei ariketa fisikoa sustatzeko dirulaguntzak emateko, bidezkoa da, eraginkortasunagatik, administrazio-organo bakarra izatea deialdiak onartzeaz, tramitatzeaz eta aipatu dirulaguntzak emateaz arduratuko dena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –loturikoak edo haien menpekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun-arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, ondoko apartatuetan xedatuarekin bat.

Aipaturiko 14. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen, kudeaketa-lan bat esleitzeko departamentu berekoa ez den administrazio-organo bati edo beste departamentu baten menpeko erakunde publiko bati, bi departamentu horien titularrek batera emandako baimena beharko dela.

Horrenbestez,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehenbizikoa.–Baimentzea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, toki-erakundeei zuzendutako dirulaguntzen bi deialdi onetsi eta izapidetu ditzan: batetik, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programak (2024ko irailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartean egitekoak) eta, bestetik, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuak egiteko (2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartean egitekoak).

Bigarrena.–Esleipena indarrean egonen da dagozkion dirulaguntza-deialdien likidazioa egiten den datara arte (2025ean).

Hirugarrena.–Kudeaketa-esleipenaren xedeko prozeduren ondoriozko gastuen finantzaketa, aldez aurretik behar diren tramiteak egin eta gero, aurrekontuko partida hauen kargura eginen da:

–Osasun Departamentua:

  • 520001-51200-4609-313904 "Udal-erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko dirulaguntzak" izeneko partida, 2024ko Gastuen Aurrekontuko 30.000 euroko kreditua duena, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programetarako.
  • 520001-51200-4609-313904 "Udal-erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko dirulaguntzak" izeneko partida, 2024ko Gastuen Aurrekontuko 20.000 euroko kreditua duena, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetarako.
  • 520001-51200-4609-313904 "Udal-erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko dirulaguntzak" izeneko partida edo horretarako 2025eko Gastuen Aurrekontuan gaitzen den baliokidea, 30.000 eurokoa, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetarako. Nolanahi ere, partida hori gaitzeko, kreditu aski eta egokia izan beharko da aurrekontu horietan.

–Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua:

  • A50002-A5100-4609-336100 "Toki-erakundeen kirol-jardueretarako laguntzak" izeneko partida, 2024ko Gastuen Aurrekontuko 345.000 euroko kreditua duena, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programetarako.
  • A50002-A5100-4609-336102 "Toki-erakundeek jarduera fisikoa eta kirola preskribatzeko dirulaguntza" izeneko partida, 2024ko gastuen aurrekontuko 155.000 euroko kredituarekin, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetarako.
  • A50002-A5100-4609-336100 "Toki-erakundeen kirol-jardueretarako laguntzak" izeneko partida edo horretarako 2025eko Gastuen Aurrekontuan gaitzen den baliokidea, 60 urtetik gorakoentzako jarduera fisikoko programetarako.
  • A50002-A5100-4609-336102 "Toki-erakundeek jarduera fisikoa eta kirola preskribatzeko dirulaguntza" izeneko partida edo horretarako 2025eko Gastuen Aurrekontuan gaitzen den baliokidea, osasunerako jarduera eta ariketa fisikoa preskribatzeko proiektuetarako.

Laugarrena.–Erabaki hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutura, Osasun Departamentuko eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara eta departamentu horietako kontu-hartzailetza delegatuetara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eta erabaki honen edukiarekin ados daudela erakusteko, bi aldeek sinatzen dute, goian adieraziriko lekuan eta egunean.

Iragarkiaren kodea: F2407769