11. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

133/2023 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, prozedura ezartzen duena, batetik, hezkuntza itunak aldatzeko Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan eta Hezkuntza Bereziko unitateetan, 2024-2025 ikasturterako, eta, bestetik, hezkuntza itun berriak sinatzeko.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 13ko 139/2021 Ebazpenaren bidez (119. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 21ekoa), Lehen Hezkuntzarako hezkuntza itunak onetsi ziren, sei urterako. Gero, uztailaren 21eko 274/2021 Ebazpenaren bidez (2021eko 188. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 12koa), irailaren 16ko 341/2021 Ebazpenaren bidez (2021eko 242. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 19koa) eta urriaren 13ko 369/2021 Ebazpenaren bidez (2021eko 248. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa), zeinak Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eman baitzituen, apirilaren 13ko 139/2021 Ebazpena aldatu zen.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 13ko 149/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 17koa), aldaketak egin ziren Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Heziketako hezkuntza itunetan, 2022-2023 ikasturterako. Ondoren, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren irailaren 30eko 431/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko 213. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa), apirilaren 13ko 149/2022 Ebazpena aldatu zen, zeinaren bidez Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Heziketako hezkuntza itunak aldatzea onetsi baitzen, 2022-2023 ikasturterako.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 13ko 150/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 18koa), Haur Hezkuntzako 2. ziklorako eta Batxilergorako hezkuntza itunak onetsi ziren, lau urterako. Gero, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ekainaren 6ko 258/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 23koa), 150/2022 Ebazpenaren I. eranskinean atzemandako akatsa zuzendu zen, eta, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren irailaren 30eko 432/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko 213. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa), itundutako unitateen kopurua handitu zen Haur Hezkuntzako 2. Zikloan eta Batxilergoan.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 5eko 125/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 11koa) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako eta Hezkuntza Bereziko unitateetan hezkuntza itunak lau urterako berritzea ebatzi zen. Gero, Hezkuntza Baliabideen abuztuaren 22ko 380/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 178. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 28koa), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan itundutako unitate kopurua handitu zen.

Apirilaren 5eko 124/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 9koa), Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Batxilergoko 2023-2024 ikasturterako hezkuntza itunak aldatzea onetsi zen. Gero, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 37/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 16koa) eta urriaren 25eko 75/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 7koa), apirilaren 5eko 124/2023 Ebazpena aldatu zen.

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak aipatzen du zilegi izanen dela unitate kopurua aldatzea hezkuntza ituna Hezkuntza Departamentuarekin sinatua duten ikastetxeetan, hezkuntzarako eskubideari berme egokia eman ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da indarrean dauden itunak aldatzeko eta hezkuntza itun berriak sinatzeko irizpideak ezarri eta prozedura zehaztea.

Indarrean dauden hezkuntza itunen aldaketa ez ezik, aipatu foru dekretuaren V. tituluari jarraikiz, hezkuntza itun berriak sinatzeko irizpideak eta prozedura ere ezarri behar dira.

Horrenbestez, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenean esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz, eta bat etorriz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak esleitzen dizkidan ahalmenekin,

EBAZTEN DUT:

1. Prozedura onestea, batetik, hezkuntza itunak aldatzeko Haur Hezkuntzako 2. zikloan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan eta Hezkuntza Bereziko unitateetan, 2024-2025 ikasturterako, eta, bestetik, hezkuntza itun berriak sinatzeko; hauek dira prozedura hori arautuko duten

Oinarriak

1.–Eskaerak aurkeztea.

Ikastetxe pribatuek, baldin eta behin betiko sailkapena edo baimena badute, Hezkuntza Departamentuari eskatzen ahalko diote dagoeneko sinatuta dituzten hezkuntza itunak aldatzeko edo hezkuntza itun berriak sinatzeko, honako hezkuntza mailetarako badira: Haur Hezkuntzako 2. zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak eta Hezkuntza Bereziko unitateak. Eskaera horiek ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira.

Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen Nafarroako erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatuko dituzte hezkuntza itunak sinatzeko edo aldatzeko eskaerak. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren legezko ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza frogatzeko notario-ahalorde askietsia, horren fotokopia konpultsatua edo "apud acta" ahalorde-agiria erantsi beharko da.

2.–Hezkuntza ituna aldatzea.

2.1. Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera, hezkuntza ituna aldatu behar bada itundutako unitate kopurua handitu edo txikitzeko, zilegi izanen da prozedura ikastetxeko titularrak eskatuta edo Hezkuntza Administrazioak berak ofizioz hastea.

2.2. Ikastetxeak berak eskatu badu itundutako unitate kopurua aldatzea, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuari zuzenduko zaio eskaera, ebazpen honen 1. oinarrian esandako epeetan, eta gutxienez honako datu hauek izanen ditu:

a) 2024-2025 ikasturterako osotara eskatzen den unitate kopurua.

b) Eskatu den aldaketa justifikatzen duten arrazoiak eta, hala bada, eskatzen diren unitateak hezkuntza mailako kurtsoen artean banatzeko proposamena.

c) Titularraren aitorpena, frogatzeko ikastetxeak jarraitzen duela ituna onesteko bete beharreko baldintzak betetzen, bai eta itunean eragina izan dezaketen aldaketak ere.

2.3. Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak ofizioz hasiko ditu unitate itunduen kopurua aldatzeko prozedurak, ebazpen honen 1. oinarrian ezarritako epeak bukatu ondoren, eskatu ez badute ere, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bosgarren tituluan ezarritako inguruabarrak izaten diren ikastetxeetan. Ukitutako ikastetxeen titularrei prozesua hasi dela jakinaraziko zaie, hurrengo ikasturtean egin gogo diren aldaketen berri izan dezaten eta bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, hamar egun naturaleko epean.

2.4. Itundutako unitate kopurua aldatzeko kontuan hartuko diren irizpideak Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ageri direnak izanen dira.

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 16. artikuluan aipatzen den ratioa betetzeari dagokionez, kontuan hartuko dira honako hauetan finkatutakoak: otsailaren 5eko 35/2021 Ebazpena (2021eko 37. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 17koa), itundutako unitate bakoitzeko ikasleen gutxienekoa zehazten duena Lehen Hezkuntzan; abenduaren 28ko 489/2021 Ebazpena (19. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 27koa), itundutako unitate bakoitzeko ikasleen gutxieneko batezbestekoa zehazten duena Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Batxilergoan; eta abenduaren 29ko 606/2022 Ebazpena, unitate bakoitzeko ikasleen gutxienekoa zehazten duena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan eta Hezkuntza Bereziko unitateetan.

2.5. Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako, Lehen Hezkuntzarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako, oro har, errespetatu beharko da otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 7. eta 16. artikuluetan ezartzen den ikasgela bakoitzeko gehieneko ikasle kopurua. Errege dekretu horren bidez ezarri ziren Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak. Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, errespetatu beharko da otsailaren 28ko 127/2014 Errege Lege Dekretuan ezarritako gehieneko ikasle kopurua, bai eta ikasleak onartzeko prozesua garatzen duten indarreko gainerako arauetan ezarritakoa ere.

3.–Unitate iragankorren hezkuntza itunak.

3.1. Unitate itunduren bat salbuespenezko eta aldi baterako baimenarekin duten ikastetxeek zilegi izanen dute sinaturik duten ituna mantentzeko edo luzatzeko eskatzea.

3.2. Ituna mantentzeko eskaerak Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, ebazpen honen 1. oinarrian ezarritako epeen barruan.

Ituna 2024-2025 ikasturterako luzatuko da, baldin eta ikastetxeak aldi baterako baimenari eusten badio edo behin betiko sailkapena edo baimena lortzen badu, edo ituna luzatzea justifikatu zuten eskolatze beharrek bere horretan segitzen badute.

4.–Itunak aldatzeko prozedura.

4.1. Itunak aldatzeko eskaerak jasotakoan, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu ebazpen honetan eta aplikatzekoa den legeria ezarritako irizpideekin bat.

4.2. Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak zilegi izanen du eskatzaileak aurkeztu dituen eskaeren eta alegazioen gaineko txostenak eta balorazioak eskatzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiari.

4.3. Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak, hala behar denean, erakutsi eginen die espedientea eskatzaileei eta epe bat finkatuko du, hamar egun naturalekoa, beren eskubideen alde bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

4.4. Eskaeraren gaineko ebaluazioa ikusirik eta eskatzaileak aurkeztu dituen alegazioak aztertu eta baloratu ondoren, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak proposamen bat eginen du itunak aldatzeko eskaeren gainean.

4.5. Horrekin batera, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak, kontuan harturik, alde batetik, ikastetxeetako titularrek aurkeztutako alegazioak, eta bestetik, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiak egiten dituzten txostenak eta balorazioak, halakorik bada, proposamen bat eginen du Hezkuntza Administrazioak ofizioz hasi dituen hezkuntza itunen aldaketen gainean, eta, kasua bada, espedientea erakutsiko die interesdunei eta hamar egun naturaleko epea finkatuko du eskubidez bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

4.6. Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuaren proposamena Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiari igorriko zaio, kontuan harturik ikastetxe itunduak finantzatzeko aurrekontuan xedatu diren baliabideak.

4.7. Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren ebazpena, hezkuntza ituna aldatzearen gainean ebatziko duena, interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

4.8. Hezkuntza itunak aldatzeko ebazpena eginen da kontuan harturik ebazpen honetan aipatzen diren hezkuntza mailetan 2024-2025 ikasturterako dagoen eskolatze aurreikuspena, eta formalizatu aurretik egokituko dira, aldi arruntean egiten den ikasleen aurreinskripzio- eta matrikulazio-prozesua amaitu ondoren.

4.9. Ebazpen honen babesean egiten diren hezkuntza itunen aldaketak eginbide baten bitartez formalizatuko dira, eta eginbide hori hezkuntza ituna formalizatzeko agiriari erantsiko zaio. Eginbide hori, batetik, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak eginen du, Hezkuntza Administrazioaren izenean, eta, bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza hori agiri bidez frogatu beharko du.

5.–Itun berriak sinatzeko prozedura.

5.1. Aplikazio araudia eta betebehar orokorrak.

Deialdi honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:

–8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duena.

–2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.

–11/1998 Foru Legea, uztailaren 3koa, Batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena.

–416/1992 Foru Dekretua, abenduaren 14koa, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duena.

Ituna lortzeko, ikastetxeek haren ondoriozko betebeharrak beren gain hartu beharko dituzte, aplikatu beharreko araudiak ezarritako betekizun guztiak betetzen dituztela adierazi eta itunaren indarraldi guztian horiei eusteko konpromisoa hartu beharko dute.

5.2. Eskaerak aurkeztea.

Ikastetxe pribatuek, abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuarekin bat, zilegi izanen dute hezkuntza itun berri bat sinatzeko eskaera egitea Hezkuntza Departamentuari, edozein hezkuntza mailatarako.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuari zuzenduak.

5.3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Itun berri bat sinatzea eskatzen duten ikastetxeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Itunaren eskaera, I. eranskinaren arabera, ikastetxeak 5.1. oinarrian adierazitako araudian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela dioena.

b) Azalpen txosten bat, honako hau zehazten duena:

Ikastetxeak nola asetzen dituen eskolatze beharrak, kokatuta dagoen eskualdean, udalerrian edo, hala denean, barrutian dagoen eskariaren arabera.

Ikastetxeko ikasleen baldintza sozioekonomikoen balorazioa.

Hala denean, ikastetxean gauzatzen diren esperientzia pedagogikoen ezaugarriak eta horiek irakaskuntzaren kalitaterako eta hezkuntza sistemarako duten interesa.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1996 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioaren ondoriozko beharrak.

Ikastetxearen jarduera baloratzea ahalbidetzen duen beste edozein informazio (eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak, eskola zerbitzuak eta bestelako zirkunstantziak).

c) Gizarte Segurantzaren Lurralde Administrazioak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren kasuan kasuko Ordezkaritzak luzaturiko ziurtagiri eguneratuak ere aurkeztu beharko dira, ikastetxearen titularrak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzeko.

d) Ikastetxearen titularra kooperatiba bat bada, hura arautzen duten estatutuen kopia erantsi beharko da.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean (akatsak zuzentzeko eskatu ondoren), hezkuntza itunak ukatu eginen dira.

5.4. Hezkuntza itunen iraupena.

Ebazpen honen babesean sinatzen diren hezkuntza itunek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 116.3 artikuluan ezarritako iraupena izanen dute.

5.5. Itundutako unitate kopurua kalkulatzeko irizpideak.

5.5.1. Irizpide orokorrak.

a) Haur Hezkuntzako 2. zikloa.

Gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 7. artikuluak ezartzen duen kopurua errespetatuko da.

Iruñean eta Iruñerrian (Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Elortzibar, Galar zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia eta Zizur zendea) Haur Hezkuntzako bigarren zikloan itundutako unitateek batez beste 20 ikasleko ratioa izanen dute gutxienez, itundutako eskola unitate bakoitzeko. (416/1992 FLren 16. artikulua).

Nafarroako Foru Komunitateko gainerako tokietan, hezkuntza maila bererako, gutxieneko batez besteko ratioa 17 ikaslekoa izanen da eskola unitate bakoitzeko.

b) Lehen Hezkuntza.

Gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 11. artikuluak Lehen Hezkuntzarako ezartzen duen kopurua errespetatuko da.

Itundutako unitateek, gainera, eskola unitate itundu bakoitzeko gutxieneko batez besteko ratio hauek izanen dituzte:

Delako maila osatzen duten kurtsoetako bakoitzerako unitate bakarra duten ikastetxeak.

a) Iruñean eta Iruñerrian (Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Elortzibar, Galar zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia eta Zizur zendea): 21 ikasle, Lehen Hezkuntzako eskola unitate itundu bakoitzeko.

b) Nafarroako Foru Komunitateko gainerako herrietan: 19 ikasle, Lehen Hezkuntzako eskola unitate itundu bakoitzeko.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

Gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, errespetatuko dira Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 16. artikuluan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ezarritako kopurua eta Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Lege-dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoa.

Itundutako unitateek, gainera, eskola unitate itundu bakoitzeko gutxieneko batez besteko ratio hauek izanen dituzte:

Oro har, itunen deialdi honi heltzen dioten ikastetxeetarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eskola unitate itundu bakoitzeko gehieneko kopurua 30 ikaslekoa izanen da (132/2010 Errege Dekretuaren 16. artikulua).

Iruñean eta Iruñerrian (Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Elortzibar, Galar zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia eta Zizur zendea), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako itundutako unitateek 23 ikasleko batez besteko ratioa izanen dute, gutxienez, eskola unitate itundu bakoitzeko (416/1992 Foru Dekretuaren 16. artikulua).

Nafarroako Foru Komunitateko gainerako tokietan, hezkuntza maila bererako, gutxieneko batez besteko ratioa 18 ikaslekoa izanen da eskola unitate bakoitzeko.

d) Batxilergoa.

Oro har, itunen deialdi honi heltzen dioten ikastetxeetarako, Batxilergorako itundutako eskola unitate bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua 33koa izanen da, ikasleak onartzeko prozesua garatzeko indarreko araudiarekin bat.

Batxilergorako itundutako unitateek 26 ikasleko batez besteko ratioa izanen dute, gutxienez, itundutako eskola unitate bakoitzeko (416/1992 FLren 16. artikulua).

e) Lanbide Heziketa.

Oro har, gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, errespetatuko dira Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 16. artikuluan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ezarritako kopurua eta Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Lege-dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoa.

Lanbide Heziketako itundutako unitateek gutxieneko batez besteko ratio hau izanen dute:

18 ikasle, erdi edo goi mailako heziketa zikloetako eskola unitate itundu bakoitzeko.

11 ikasle, oinarrizko mailako heziketa zikloetako eskola unitate itundu bakoitzeko.

5.5.2. Kasu espezifikoak.

Itun eta Dirulaguntzen Batzordearen iritziz, gizarte eta demografia edo eskola ezaugarri bereziak dituzten populazioei erantzuten dieten ikastetxe pribatuetako unitate itunduak salbuesten ahalko dira unitate bakoitzerako oro har adierazitako ikasleen ratioa errespetatu beharretik, edo adin edo maila ezberdinetako ikasleekin unitateak ituntzen ahalko dira, erabilgarri dauden aurrekontu kontsignazioekin bat badatoz.

Delako maila edo gradua osatzen duten kurtsoetako bakoitzerako unitate bat baino gehiago duten ikastetxeetan, ikasturte berean matrikulatuta dauden ikasleen kopurua eskola unitatearen gehieneko edukiera baino handiagoa bada, ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostuen arabera, talde hori bitan banatzen ahalko da, baina ikasketa maila edo graduan ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostu eta unitateen edukiera inoiz ere gainditu gabe.

Eskolatze Batzorde Nagusiak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak apartatu honetan xedatutakoa betetzen den begiratuko dute.

Hezkuntza itun berri bat sinatzean, unitate kopurua 2023-2024 ikasturtean ikastetxeak itunduta zuen bera izan daiteke, eta baita txikiagoa edo handiagoa ere, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren ebaluazioaren ondorioen eta aurrekontuko kontsignazioen arabera. Dena dela, itundutako unitate kopurua ez da izanen behin ere ikastetxearen titularrak eskatutakoa baino handiagoa, ez eta baimendutako unitate kopurua baino handiagoa ere.

Aipatu den erregelamenduaren 7. artikuluari jarraikiz, itundutako hezkuntza mailaren unitate guztiak ukituko ditu itunak.

Ikastetxearen titularrak erabakiko du zenbat unitate dagozkion maila bakoitzari, eta, edonola ere, eskolatutako ikasleek bertan segituko dutela bermatuko da.

5.6. Itunak emateko prozedura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eskaera egiten duen ikastetxe bakoitzari buruzko txostena prestatuko du, eta bertan hau agertuko da:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Zer hezkuntza eskualdetan dagoen, hari buruzko datuak.

c) Izandako esperientzia pedagogikoak.

d) Ikastetxeko eskola jarduera osagarriak, zerbitzuak eta instalazioak.

e) Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioa.

f) Eskaera egokiro baloratzeko balio duen beste edozein argibide.

g) Txosteneko itun eskaerari buruzko proposamena.

Hori guztia eginen da Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Txosten horiek Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzura igorriko dira, eskaerak jasotzen direnetik hamar egun balioduneko epean.

Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak biltzen dituen datu guztiak igorriko dizkio Hezkuntza Itunen Batzordeari, batzorde horrek ebaluatu eta behar den proposamena egin dezan, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 23. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

5.7. Hezkuntza Itunen Batzordea.

Honako hauek osatuko dute Hezkuntza Itunen Batzordea, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 23.3 artikuluaren arabera:

–Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia; batzordeburu izanen da. Berdinketarik gertatuz gero, kalitateko botoa izanen du.

–Hezkuntzako zuzendari nagusia.

–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia.

–Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzuko zuzendaria.

–Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

–Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendaria.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko ordezkari bat.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten enpresaburuen elkarteetako hiru ordezkari.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkari kopururik handiena duten sindikatuetako bi ordezkari.

–Nafarroako gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten ikasleen gurasoen erakundeetako bi ordezkari.

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa), batzordeko idazkaria izanen dena, hitza duela baina botorik ez.

Batzorde horren proposamena bat etorriko da aurrekontuko aurrekontu-kontsignazioekin.

5.8. Ebazpena eta jakinarazpena.

Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak eta Hezkuntza Itunen Batzordearen proposamena ikusita, hezkuntza itunak ebazteko proposamena eginen du. Ebazpena ikastetxe interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

5.9. Itunen formalizazioa.

Ebazpen honen babesean sinatzen diren hezkuntza itunak ebazpen honen II. eranskinean kasuan kasuko irakaskuntzetarako dagoen ereduari jarraikiz formalizatuko dira. Eredu horretan alderdi bakoitzaren eskubide eta betebeharrak finkatzen dira, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ituna sinatzen dutenek hura formalizatzeko agirian biltzen diren eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, ebazpen honen 1. oinarrian aipatutako araudiarekin bat.

5.10. Sinatutako hezkuntza itunak aldatzea.

Sinatzen diren hezkuntza itunak hurrengo lau urteetan aldatzen ahalko dira, aipatutako erregelamenduaren 46. artikuluan aurreikusitako kasuetan. Itunaren aldaketa ofizioz edo parte batek eskatuta eginen da. Lehenbiziko kasuan, nahitaezkoa izanen da interesdunari entzunaldia ematea.

5.11. Finantzaketa.

Hezkuntza Administrazioa behartuta dago funts publikoak esleitzera ikastetxe itunduak mantentzeko, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 12. eta 13. artikuluetan adierazitakoaren arabera, bai eta, hala behar denean, laugarren xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera ere, eta zehazten den zenbatekoan, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz. Beste administrazio batzuek irakaskuntzak kofinantzatzen badituzte, horretarako ezarritako beharkizunak beteko dituzte ikastetxe itunduek.

5.12. Finantza kontrola.

Indarrean diren xedapenek Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetzari eta, hala behar denean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari esleitzen dieten finantza kontrolaren mende geldituko dira ikastetxe itunduak, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 41. artikuluak xedatzen duen bezala. Gainera, Kontuen Ganberak eta Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuak kontrolatuko dituzte, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 20ko 50/2019 Foru Aginduan ezartzen den bezala. Foru agindu horretan honako hauei lotutako araudia garatzen da: "Bestelako gastuak" eta "Langile osagarriak" moduluen justifikazioa, irakasleen hautaketa, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduek Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharreko hezkuntza arloko informazioa.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura eta Eskolatze Batzorde Nagusiko batzordeburuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abenduaren 21ean.–Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, Eneko Ardaiz Ganuza (128/2023 Foru Agindua, abenduaren 1ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak izendatzen dituena).

ERANSKINA.–HEZKUNTZA ITUN BERRIA SINATZEKO ESKAERA

(133/2023 Ebazpena, abenduaren 21ekoa, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana)

1.–IKASTETXEKO ESKATZAILEAREN DATUAK.

Titularraren izena: .............................................................................................................................

IFZ: ...........................

Titularraren ordezkaria: .....................................................................................................................

NANa:..........................................................................

Dagokion ordezkaritza: .....................................................................................................................

Ikastetxearen izena: ..................................................................Kodea: ...........................................

Helbidea: .........................................................................................Udalerria: ....................................

Probintzia: ..........................................................................Posta kodea: ........................................

2.–ZER IRAKASKUNTZA-MAILATARAKO ESKATZEN DEN ITUNA.

HAUR HEZKUNTZAKO 2. ZIKLOA

BATXILERGOA

LEHEN HEZKUNTZA

LANBIDE HEZIKETA

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA

HEZKUNTZA BEREZIA

BEHIN-BEHINEKO MATRIKULAREN TAULA.–2024-2025 IKASTURTEA

ZER UNITATE ETA MAILATARAKO
ESKATZEN DEN ITUNA

UNITATE BAKOITZEKO IKASLEEN KOPURUA

IKASLEAK OSOTARA

ESKATUTAKO UNITATEAK

1. lerroa

2. lerroa

3. lerroa

4. lerroa

5. lerroa

6. lerroa

HIZKUNTZA EREDUA

MAILA

IKASMAILA

3.–ARAUAK BETETZEAREN ADIERAZPENA.

Adierazten dut ikastetxeak betetzen dituela deialdiaren 1. oinarrian adierazitako hezkuntza itunei aplikatu beharreko araudian eskatzen diren baldintza guztiak, eta konpromisoa hartzen dut itunaren indarraldi osoan horiek mantentzeko.

........................................................n, 2024ko ..........................................aren ..................(e)(a)n

TITULARRA/ORDEZKARIA.

Ikastetxearen zigilua.

LANGILERIAREN ETA AZPIEGITUREN ZUZENDARI NAGUSIA.

II. eranskina.–ADMINISTRAZIO AGIRIA, ................................................................................... .................................................KO [hezkuntza maila] IKASTETXE ITUNDU BATEKIN ............... URTERAKO HEZKUNTZA ITUNA FORMALIZATZEKO

(___/2024 Ebazpena, __________ren ___(e)koa, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana)

Iruñean, 2024ko ..................aren ...........(e)(a)n.

ALDE BATETIK:

Begoña Unzué Vela, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia.

BESTE ALDETIK:

Izen-deiturak:

honako hau den aldetik:

Titularra

Legezko ordezkaria

ondoan adierazten diren identifikazio datuak dituen ikastetxearena:

a) Titulartasuna:

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia:

c) Berariazko izena:

d) Kodea:

e) Helbidea:

f) Herria:

g) Udalerria

h) Baimena (adierazi horri buruzko administrazio xedapena eta Estatuko Aldizkari Ofizialean edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean noiz argitaratu zen):

Abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua. Foru dekretu horretako 3.2 eta 25. artikuluetan xedatutakoaren arabera eta aipatutako ikastetxearen hezkuntza ituna sinatzea onesten duen ......................................................... Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

Doakotzat deklaratutako irakaskuntzak emateko, hezkuntzaren zerbitzu publikoa Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen duen moduan ematearren,

ERABAKITZEN DUTE:

Hezkuntza ituna sinatzea ondoko klausulei jarraikiz:

Lehenbizikoa.–Hezkuntza itun honek aipatzen duen ikastetxe pribatuak bere gain hartzen ditu itunaren ondoriozko betebeharrak, eta adierazten du betetzen dituela aplikatzekoa den araudian ezarritako baldintza guztiak, eta konpromisoa hartzen du baldintza horiek itunaren indarraldi osoan mantentzeko, honako hauetan ezarritako moduan:

–8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duena;

–2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa;

–11/1998 Foru Legea, uztailaren 3koa, Batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena;

–2377/1985 Errege Dekretua, abenduaren 18koa, Hezkuntza Itunei buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendua onesten duena;

–416/1992 Foru Dekretua, abenduaren 14koa, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duena;

–honako administrazio agiri hau.

Bigarrena.–................................................................................................ko [HEZKUNTZA MAILA] hezkuntza ituna onesten duen ....../2024 Ebazpenean ezarritakoaren arabera, honako unitate hauek ituntzen dira (eremu hau Administrazioak bete beharrekoa da):

Aipatutako unitate kopurua aldatu egin daiteke itunak indarra duen bitartean, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.–Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 116.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, itun honek ....... urteko iraupena izanen du, 2023-2024 ikasturtearen hasieratik aurrera.

Laugarrena.–Administrazioa beharturik dago ikastetxe itundua sostengatzeko funts publikoak esleitzera, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 12., 13. eta 34. artikuluetan eta, kasua bada, laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz. Aipatu funts horien zenbatekoa Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aurreikusitakoaren arabera zehaztuko da.

Hezkuntza Administrazioak ikastetxeko irakasleen soldatak ordainduko ditu, ikastetxearen entitate titularraren izenean eginen den ordainketa eskuordetuaren bidez. Ordainketa eskuordetu horrek, hala ere, ez du inolako lan-harremanik sortuko Hezkuntza Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 117. artikuluarekin bat.

Bosgarrena.–8/1985 Lege Organikoaren 51. artikuluan eta abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, ikastetxe itunduaren titularra beharturik dago itunaren xede diren ikasketak ematera, honela:

–Dohainik, irakaskuntza horiek emateagatik, ez zuzenean ez zeharka, diru ordainik dakarren kontzepturik bat ere hartu gabe

–Kasuan kasuko programei eta ikasketa planei jarraikiz eta irakaskuntza antolatzeko indarra duten arauei loturik.

Seigarrena.–Halaber, ikastetxearen titularra beharturik dago ikastetxean burutzen diren eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko ekintzak eta eskola zerbitzuak Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduko 15. artikuluan eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin ituna sinatzen duten ikastetxeen eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko ekintzak eta eskola zerbitzuak arautzen dituen uztailaren 2ko 146/2002 Foru Dekretuan xedatutakoari egokitzera, baita Hezkuntza Departamentuak aipatu legezko xedapenak garatzeko ezartzen duenari ere.

Zazpigarrena.–Ikastetxe itunduetako irakasleen jarduera guztiak, irakastorduetakoak eta osagarriak, Administrazioak ordainketa eskuordetu bezala ordaindutakoak, itun bakoitzaren xede den irakaskuntza mailan emanen dira.

Zortzigarrena.–Itun honen ondorioz, ikastetxearen titularra beharturik dago ikasleak onartzeari buruz honako hauetan ezartzen diren arauak betetzera: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren II. tituluko III. kapitulua, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituen apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretua, edo arau horiek etorkizunean ordezten dituztenak.

Bederatzigarrena.–Ikastetxearen titularra beharturik dago Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren 54. artikuluak eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 26. artikuluak aipatzen dituzten aginte organoak edukitzera. Aginte organo horiek indarra duen araudiari jarraikiz eratu eta berrituko dira eta halaberean erabiliko dituzte beren eskumenak.

Hamargarrena.–Ikastetxe itunduan hutsik gelditzen diren irakasle lanpostuak Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren 60. artikuluan eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 26.3 artikuluan xedatutakoaren arabera beteko dira.

Hamaikagarrena.–Itun honen ondorioz, ikastetxearen titularra beharturik dago ......................................................... hezkuntza mailan ituntzen den unitate kopuru bera jardunean mantentzera eta, halaber, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez finkatzen den eskola unitate itundu bakoitzeko batez besteko ratioa gutxienez mantentzera, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 16. eta 46. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Ikasleen eta itundutako unitatearen arteko batez besteko ratio hori edo jardunean dauden unitateen kopurua txikitzen badira, unitate itunduen kopurua txikituko da, edo itun hau deuseztatuko da Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 16. artikuluak xedatutako betebeharrak betetzeari uzten bazaio.

Ikastetxearen titularrak arestian aipatu gorabeheren berri eman beharko dio Hezkuntza Departamentuari.

Hamabigarrena.–Ikastetxe itunduaren titularrak beharrezkoak diren publizitate neurriak hartuko ditu, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 18. artikuluak ikastetxe itunduaren izaeraren ezagupenari eta, hala bada, izaera propioari dagokionez ezartzen dituen beharkizunak betetzeko.

Era berean, ituna gauzatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, hain zuzen ere, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 35. artikulutik 38.era artekoetan eta 40. artikuluan ezarritakoak.

Hamahirugarrena.–Indarrean diren xedapenek Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetzari eta, hala behar denean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari esleitzen dieten finantza kontrolaren mende geldituko da ikastetxe itundua, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 41. artikuluak xedatzen duen bezala. Gainera, Kontuen Ganberak eta Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak kontrolatuko dute, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 20ko 50/2019 Foru Aginduan ezartzen den bezala. Foru agindu horretan honako hauei lotutako araudia garatzen da: "Bestelako gastuak" eta "Langile osagarriak" moduluen justifikazioa, irakasleen hautaketa, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduek Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharreko hezkuntza arloko informazioa.

Hamalaugarrena.–Itun hau alda daiteke, Hezkuntza Itunen gaineko Arauen Erregelamenduaren 42. artikulutik 46.era bitarte ezarritako baldintzetan.

Hamabosgarrena.–Aplikatu beharreko araudian aurreikusitakoez gainera, hezkuntza ituna azkentzeko arrazoiak dira:

a) Iraunaldia amaitzea, ituna berritu edo luzatzea erabakitzen ez bada behintzat.

b) Bi aldeak ados jarrita, interes publikoko arrazoiek hori egitea galarazten ez badute, behin Eskola Kontseiluak dioena entzun ondoren.

c) Foru Administrazioak edo ikastetxearen titularrak itunean bere gain hartutako betebeharren ez-betetze larria.

d) Zentroaren titularra den pertsona fisikoa hiltzea edo ezgaiturik gelditzea, edo titulartasuna bere gain duen pertsona juridikoa azkentzea.

e) Ebazpen judiziala, ikastetxeak porrot egin duela edo ordainketa-etendura izan duela dioena.

f) Administrazioak ikastetxeari funtzionamendurako eman zion baimena errebokatzea.

g) Ikastetxeak borondatez jarduteari uztea, behar bezala baimendurik.

h) Bere garaian ituna sinatzeko eskaturiko betebeharretako bakarren bat edo besteri ez eustea.

i) Itunean ezartzen diren bestelako arrazoiak.

Hamaseigarrena.–Itun hau aplikatzerakoan sor daitezkeen auziak Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 8. artikuluan xedatutakoaren arabera ebatziko dira

Eta horrela ager dadin, dokumentuaren bi ale sinatzen dituzte, goian aipatutako tokian eta egunean.

IKASTETXE ITUNDUAREN IZENEAN

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN IZENEAN

Stua.:......................................

Stua.:......................................

LANGILERIAREN ETA AZPIEGITUREN ZUZENDARI NAGUSIA

Iragarkiaren kodea: F2318232