109. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

59/2024 FORU AGINDUA, maiatzaren 22koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako Zorraren jaulkipen bat egiten baita, 50.000.000,00 eurokoa, eta haren ezaugarriak ezartzen baitira, Nafarroako Gobernuak zorpetze-eragiketak egitea xedatzeko 2024ko urtarrilaren 17an hartutako erabakiaren babesean.

Ministroen Kontseiluak, 2023ko abenduaren 19ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, baimena eman zion Nafarroako Foru Komunitateari epe luzeko maileguak formalizatzeko eta zor publikoa jaulkitzeko, muga 807.199.734 euro izanik.

Bestetik, Nafarroako Gobernuak, 2024ko urtarrilaren 17an hartutako erabakiaren bidez, zorpetze-eragiketak formalizatzea xedatu zuen, 257.199.734 euroko gehieneko zenbatekoarekin.

Gobernuaren erabaki horrek, 4. puntuan, ahalmena ematen dio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari, eskuordetze bidez, jaulkipenaren interes tasa eta epea finkatzeko. Halaber, 5. puntuan ezartzen duenez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak eman beharreko foru agindu baten bidez zehaztuko dira jaulkipenaren baldintzak, aipatu erabakia betearazteko behar diren neurriak eta ebazpenak hartzeko.

Beraz, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeak eskatzen dituen baimenak izanik, Nafarroako 2024rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legearekin bat, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da Nafarroako Zorraren 35. obligazio-jaulkipenaren baldintza guztiak zehaztea.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Zorraren jaulkipen bat egitea, ezaugarri hauek dituena:

Zenbatekoa: 50.000.000,00 euro.

Modalitate iraunkorra.

Instrumentazioa: obligazio arruntak, bakoitza 1.000 euroko balio nominalekoa.

Obligazioen ordezkapena: obligazioak kontuko idatzohar bidez ordezkatzen dira, Errenta Finkoaren AIAF Merkatuko Erregistro, Konpentsazio eta Likidazio Sistemaren bidez erregistratuta; sistema hori "Sociedad de Gestión de los Sistemas de Registro, Compensación y Liquidación de Valores, Sociedad Anónima" (IBERCLEAR) izenekoak kudeatzen du.

Baloreen negoziazioa: Nafarroako Zorrak Errenta Finkoaren AIAF Merkatuan kotizatuko du.

Jaulkipen data: 2024/05/31.

Amortizazioa: parean, 2031ko urriaren 31n.

Jaulkipen prezioa: %99,969.

Interes tasa: finkoa, %3,14 urtean (Egun/egun). FBD-non ajusted.

Kupoiaren ordainketa: urtero mugaeguna iritsi ondoren, urte bakoitzeko maiatzaren 31n.

Jaulkipenaren bermea: finantza entitate adjudikaziodunak jaulkipenaren zenbateko osoa bermatuko du; horretarako, dagokion kontratua formalizatuko da.

Tratamendu fiskala: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboentzat, interes gisa jasotzen diren etekinek atxikipena izanen dute, indarreko legezko araudiari jarraituz. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek eta ez-egoiliarrek lortutako errentetan ez da beharrezkoa izanen atxikipenik egitea, ez eta konturako sarrerarik egitea ere, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren 42. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 22an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2408240