109. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

81C/2024 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Iruñeko Ciudad Deportiva Amaya enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aztertu da Iruñeko Ciudad Deportiva Amaya enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31001272011996); erregistro honetan 2024ko urtarrilaren 10ean sartu zen, 2023ko azaroaren 28an enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkarietako batzuek (ELA) sinatu ondoren.

Zuzentzeko eskaera egin zen 2024ko otsailaren 6an, eta enpresak zuzenketak aurkeztu zituen 2024ko apirilaren 9an, atzemandako akats guztiak konponduta.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Iruñeko Ciudad Deportiva Amaya enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31001272011996).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezan.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal diola Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA 2022-2023

Iruñean, 2023ko azaroaren 28an

BILDU DIRA

Alde batetik,

MIGUEL ANGEL GARCÍA PUEYO jauna (ELA), JAVIER FLAMARIQUE CIRIZA jauna (ELA), EMILIA BIENZOBAS LASHERAS andrea (ELA), NAIARA UNZUÉ GOÑI andrea (CCOO) eta ITZIAR ALCASENA GURUPEGUI andrea (LAB), Sociedad Deportiva Amaya sozietateko langileen ordezkari gisa (jakinarazpenetarako helbidea: Ciudad Deportiva Amaya, Belosobeiti, z.g., Iruña).

Eta bestetik,

JOSE RAMÓN AZKOITI AZKETA jauna eta PABLO NAVALLAS SANTOS jauna, Ciudad Deportiva Amaya sozietateko lehendakaria eta kudeatzailea, hurrenez hurren (helbidea: Belosobeiti z.g., Iruña; IFK: G31057821). Juan José Azcárate Olano jaunak –aholkulari juridikoa– eta Leire González Osinaga andreak, ÁQUILA SL, Consultores de Gestión Enpresarial enpresaren ordezkariak –aholkulari ekonomikoa–, lagunduta,

ADIERAZTEN DUTE:

Ezen, "CIUDAD DEPORTIVA AMAYA" sozietatearen lan hitzarmen kolektiboa ondoriorik gabe gelditu denez, zeina alderdiek sinatu baitzuten 2021eko maiatzaren 31n, 2020. eta 2021. urteetan aplikatzeko, hitzarmen kolektibo berri bat ituntzen dute sozietaterako, honako hauekin bat:

ITUNAK

1. artikulua. Eremu funtzionala eta lurralde eremua.

Hitzarmen honek Ciudad Deportiva Amaya sozietateak bere langileekin dituen lan harremanak arautuko ditu. (Kirol Kudeaketa - Instalazioak) EJSN: 93.11.

2. artikulua. Hitzarmenaren indarraldia eta salaketa.

Hitzarmen honek BI URTE iraunen du, 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra. Besterik gabe salatutzat joko da azken data horretan.

3. artikulua. Batzorde paritarioa.

Hitzarmeneko batzorde paritarioa sortu da, honako hauek osatua: langileen bost ordezkariak eta Ciudad Deportiva Amaya sozietateko lehendakaria eta kudeatzailea.

Batzordea interpretazio, arbitraje eta adiskidetze organoa izanen da, aurkezten zaizkion gaietan, baina inola ere sartu gabe esparru jurisdikzionalean ez eta gainerako organo eskudunen esparruetan ere. Nahi duten aholkulariek lagundurik joaten ahal dira batzordeko bileretara aldeak, beste aldeari horren berri eman ondoren. Batzorde paritarioak gehienez ere hilabeteko epean hartuko ditu erabakiak.

Batzordearen bi aldeetako edozeinek batzordea biltzeko eskatuz gero, 10 eguneko epean bilduko da, beranduenez. Batzorde paritarioaren akordioek balioa izateko, bi ordezkaritzen botoen %51ren babesa izan beharko dute.

Batzorde paritarioan sortzen diren desadostasunak Lan Gatazkak Auzibidetik Kanpo Ebazteko Prozeduran araututako bitartekotza-prozedurei jarraikiz konponduko dira.

4. artikulua. Pertsona eremua.

Ciudad Deportiva Amayako ezaugarri bereziak direla eta, bi langile talde bereizten dira. Batetik, INSTALAZIOETAKO langileak, zeinak loturik baitaude instalazioekin eta horien administrazioarekin eta mantentze-lanekin, eta, bestetik, JARDUERETAKO taldea, hots, monitoreak, kirol-teknikariak eta denboraldiko behin-behinekoak, zeinak enpresaren eta langilearen arteko akordioen menpe egonen baitira, langile horien ezaugarri bereziak kontuan harturik; jardueretako taldekoen lan baldintzak hitzartuko dira aintzat izanik jarduera horiek zein diren eta zer behar duten.

2022an, %5eko igoera aplikatuko zaie INSTALAZIOETAKO langileei eta JARDUERETAKO taldeari, eta 2023an, Nafarroako 2023ko urteko KPIaren igoera jasanaraziko zaie.

JARDUERETAKO taldeko langileei ez zaizkie aplikatuko hitzarmen honetan jasotako itunak eta, horren ordez, lan egindako ordu bakoitzeko prezio bat ezarriko da, ordainsariaren kontzeptu guztiak barne hartuko dituena, salbuespenik gabe: aparteko ordainsarien hainbanatzea, etab. Prezio hori gutxienez 10,14 eurokoa izanen da benetan lan egindako orduko bakoitzeko, eta enpresak eta langileak hortik aurrerako beste edozein prezio negoziatzen ahalko dute, lan merkatuaren egoeraren arabera.

5. artikulua. Langileen sailkapena.

Maila funtzionalak.

Hitzarmen honen aplikazio eremuan biltzen diren langileak sei maila funtzionaletan sailkatuko dira, "1. taldea", "2. taldea", "3. taldea", "4. taldea", "5. taldea" eta "6. taldea" izenekoetan, bakoitzaren oinarrizko zereginen eta eginkizunen arabera eratuta, bai eta horietan jarduteko eskatutako prestakuntzaren edo espezializazioaren arabera ere.

–1. taldea.

Irizpide orokorrak:

Eginkizun konplexuak eta heterogeneoak betetzea, maila handieneko gaitasun profesionala eskatzen dutenak.

Laguntzaile talde batek egiten dituen lanak integratu, koordinatu eta gainbegiratzeko diren eginkizunak.

Prestakuntza: goi mailako edo erdi mailako unibertsitateko titulazioa edo frogatutako esperientzia.

–2. taldea.

Irizpide orokorrak: zeregin heterogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko lanak, hala nola laguntzaile talde baten lana antolatzeko ardura.

Multzo horretan sartzen dira, halaber, lan konplexuak eta aldi berean homogeneoak, aginte erantzukizunik izan gabe ere berariazko prestakuntza handia eskatzen dutenak.

Prestakuntza: erdi mailako prestakuntza akademikoa edo lanpostuari dagokion titulazio berariazkoa, praktikaldi batez edo antzeko lanetan izandako esperientziaz osatua.

–3. taldea.

Irizpide orokorrak: diseinuan, programazioan, prestakuntzan eta betetzean autonomia handia eskatzen duten eginkizunak, eduki homogeneoko zereginak, laguntzaile talde txiki batek eginak, integratu, koordinatu eta gainbegiratzea eska dezaketenak.

Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa izanen da, edo bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II). Hori ordezka daiteke enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez urtebetez izandako esperientziarekin.

–4. taldea.

Irizpide orokorrak: zeregin homogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko diren eginkizunak, laguntzaile talde txiki batek eginak, edo aginte erantzukizunik izan gabe ere, betetzean autonomia handia eskatzen dutenak.

Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II) izanen da, edo egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa. Hori ordezka daiteke enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez urtebetez izandako esperientziarekin.

–5. taldea.

Irizpide orokorrak: eduki homogeneoko zereginak, autonomiaz eta jarraibide zehatzei lotuz betetzekoak.

Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza lehen mailako lanbide heziketaren parekoa (LH I) izanen da, edo egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa. Hori ordezka daiteke enpresa barnean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez urtebetez izandako esperientziarekin.

Bi azpimaila daude talde honen barruan. Langilea beti sartuko da B azpimailan, eta taldean hiru urte eman eta gero, zuzenean ulertuko da A maila lortu duela.

–6. taldea.

Irizpide orokorrak: lan metodo zehatz, jakin eta aurrez ezarritakoari jarraikiz egiten diren lanak, lanbide-ezagupen oinarrizkoak eta egokitze aldi labur bat eskatzen dituztenak.

Prestakuntza: eskatzen den prestakuntza eskola graduatuaren parekoa da, eta eginkizun horietan izandako esperientziarekin ordeztu daiteke.

Taldeek ondoko ordainsariak izanen dituzte:

2022ko SOLDATA TAULA

TALDEAK

OINARRIZKO SOLDATA

SOLDATA-OSAGARRIA

HILEKO GORDINA

1. taldea

859,25

2.227,12

3.086,37

2. taldea

859,25

1.583,81

2.443,06

3. taldea

834,43

1.082,43

1.916,86

4. taldea

817,87

871,20

1.689,07

5 A taldea

785,01

695,72

1.480,73

5 B taldea

714,29

625,01

1.339,30

6. taldea

714,29

446,43

1.160,73

(*) Eguneratuak 2022ko %5eko igoerarekin.

6. artikulua. Probaldia.

Indarreko lan araudian ezarritako probaldia izanen dute langile kontratatu berriek.

7. artikulua. Kontratatu berri diren langileen osasun azterketa.

Sozietatean alta hartu behar duten langileek osasun azterketa bat onartu beharko dute. Langile berriak azterketari uko egiten badio, edo azterketaren emaitza baldin bada "ez da lanerako gai", sozietateak lan kontratua deusezta dezake, baldin eta hura formalizatu bada.

8. artikulua. Lana borondatez uztea.

Langileak bere borondatez lana uzteko, nahitaezkoa da langileak sozietateko zuzendaritzari aldez aurretik abisatzea, lana uzteko eguna baino hogeita hamar egun lehenago.

9. artikulua. Antzinatasuna.

Zerbitzu-denboragatiko aldian aldiko soldata igoerak honela ezartzen dira: Oinarrizko soldata kontuan harturik, horren %5eko biurteko bakarra izanen dute sozietateko langileek, eta %10eko bosturtekoak. Oro har, oinarrizko soldataren %55eko muga ezartzen da antzinatasunaren zenbateko osorako. Salbuespenez, langileak 63 urte bete eta 32 urteko antzinatasuna edo handiagoa duenean, antzinatasunaren muga %65era handituko da.

10. artikulua. Banakako aitorpen poltsa.

Zenbateko ekonomiko zehatz bat ezarri da (INSTALAZIOETAKO langileen soldata-masaren %1 eta %2 artekoa) banakako aitorpen poltsa bat sortzeko.

Poltsaren garapena eta funtzionamendua enpresa batzordearekin adostu eta aparteko dokumentu batean sinatuko da.

11. artikulua. Aparteko haborokinak.

Kontrakorik itundu ezean, hitzarmen honetako langileek eskubidea izanen dute hileko soldata gordineko bi aparteko paga izateko (uztailean eta abenduan), eta bi paga erdi baldintza berberetan, martxoaren 31n eta irailaren 30ean ordainduko direnak, hurrenez hurren. Ez dira deskontatuko langilea bajan egon den egunak.

Urte osoa egin gabe sozietatean baja hartzen duten langileek eskubidea izanen dute paga horien zati proportzionalak kobratzeko, sozietatean jardunean eman duten aldia kontuan harturik.

12. artikulua. Lanaldia eta ordutegiak.

Lanaldiak 38 ordu izanen ditu astean. Horietarik, egunero 20 minutu atsedenalditzat hartuko dira, eta horrek ez du ekarriko eguneroko lanaldi arruntean murrizketarik egitea. Urtean gehienez 1.702 orduz eginen da lan. Eguneko lanaldia gainditzen duten orduak apartekoak izanen dira, eta hogeita bat (21) euroko balioa izanen dute, edo 90 minutukoa, astelehenetik larunbatera egiten badira, eta hogeita sei (26) eurokoa edo 180 minutukoa, igandeetan eta jaiegunetan egiten badira.

Sozietateak erabakiko du, urte hasieran, zein izanen den lanaldiaren banaketa eta langile bakoitzaren ordutegi pertsonala. Era berean, langile horiek jaieguna izan behar dute, asteko atseden gisa, hain zuzen ere etenik gabeko egun eta erdiri dagokiona.

13. artikulua. Jaiegunak.

Ordaindu beharreko lanaldi gisa hartuko dira, eta 150 euro gordineko balio ekonomikoa izanen dute.

Instalazioetako langileen artean borondatez beteko da jaiegunetako lanaldia, betiere gutxienez bi pertsona izanen direla segurtatuz. Urte guztiko programazio egokia egiteko, boluntarioek martxoaren bata baino lehen eman beharko dute izena. Egun horretarako ez badira jaiegun guztiak bete gutxienez bi boluntariorekin, Amayak libreki izendatzen ahalko ditu langileak, eta markatutako jaiegunetan lan egitera beharturik egonen dira.

14. artikulua. Baimenak.

Hitzarmen honetako langileek honako baimen ordaindu hauek izateko eskubidea izaten dute:

a. Langilearen ezkontza edo izatezko bikotearen erregistroa: 18 egun natural.

b. Seme edo alaba baten jaiotza: 3 egun natural.

c. Gurasoen, seme-alaben eta anai-arreben eritasun larria: 5 egun.

d. Gurasoen, seme-alaben eta anai-arreben heriotza: 4 egun natural.

e. Ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen eritasun larria: 5 egun.

Inguruabar horiengatik joan-etorririk egin behar bada, langileak 4 egun natural izateko eskubidea izanen du, behar bezala justifikaturik.

f. Ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen heriotza: 5 egun natural.

g. Aiton-amonen, osaba-izeben, lehengusu propioen eta biloben heriotza: 2 egun.

h. Aita-amaginarreben, suhi-errainen, osaba-izeben ezkontidearen eta lehengusu propioen ezkontidearen heriotza: 2 egun natural.

i. Ohiko bizilekua aldatzea: 2 egun natural.

j. Norberaren aferetarako: egun bat urtean.

k. Ezinbesteko beharretarako behar den denbora, eta horretarako erabili den lan denbora itzuli egin behar da.

Aipatu ez diren beste baimenen kasuan, lan arloko indarreko legeriak adierazitakoari jarraituko zaio.

15. artikulua. Oporrak.

Urteko oporraldi ordainduak 23 lanegun izanen dira, eta bi alditan banatzen ahalko dira. Oporren ordez konpentsazio ekonomikoa hartzen ahalko da. Urteko edozein sasoitan hartzen ahalko dira oporrak, baldin eta une berean ez badaude oporretan antzeko jarduerako bi langile edo gehiago.

Programazio egokia egiteko, martxoaren bata baino lehen eskatu beharko dira oporrak. Bestela, Ciudad Deportiva Amayak libreki ezartzen ahalko ditu egunak.

16. artikulua. Uniformeak.

Lanerako behar duten arropa emanen die sozietateak langileei. Beren lana egiteko erabiliko dute arropa hori. Bulegoetako eta harrera-mahaiko langileei, arrazoi horrengatik, berrehun eta hamar euro (210) ordainduko zaizkie pertsona bakoitzeko, abenduan. Lanaldi osoa egiten ez duten langileen kasuan, kopuru hori proportzioan murriztuko da, bakoitzaren lanaldiaren arabera.

17. artikulua. Maila igoerak eta lanpostu berriak.

Aukera berdintasuna izanik eta betiere proba tekniko bat egin ondoren, plantillako langileek eskubidea izanen dute kategoria goragoko lanpostu hutsak betetzeko. Hala, eta aukera berdintasuna izanik, sor daitezkeen lanpostuak, finkoak nahiz behin-behinekoak, betetzeko lehentasunezko eskubidea onartuko zaie nominako eta plantillako langile finkoen ahaideei, salbu aginteko edo erantzukizun bereziko postuak.

18. artikulua. Urteko osasun azterketa.

Langileen edonolako eritasunari aurrea hartzeko, sozietateak konpromisoa hartzen du langileei osasun azterketa egiteko urtero, eta egiten diren proben kostua bere gain hartuko du.

19. artikulua. Istripuak eta eritasuna.

Hitzarmen honen indarraldian, eri dauden edo istripua izan duten langileei, betiere baja-agiria eta baja berresteko partea izanik, sozietateak benetako soldata gordinaren %100 ordainduko die honako kasu hauetan:

Langileak gutxienez bi urte izatea hitzarmenaren menpe, eta ondoko baldintzetako bat behintzat betetzea:

–Uneko urtearen aurreko bi urtean bajan ez egotea.

  • Urte horren aurreko 5 urteetatik 3 urtez bajarik gabe egotea.
  • Urte horren aurreko 7 urteetatik 4 urtez bajarik gabe egotea.
  • Urte horren aurreko 8 urteetatik 5 urtez bajarik gabe egotea.
  • Urte horren aurreko 10 urteetatik 6 urtez bajarik gabe egotea.

Baja egunen kopurua zenbatzeko, ez dira kontuan hartuko urte horretako lehenbiziko hiru baja-egunak, eta ez dira kontuan hartuko kirurgia handiagatiko baja egunak, ez laneko istripuagatiko bajak, ezta amatasunagatiko edo aitatasunagatiko bajak ere.

20. artikulua. Instalazioen erabilera.

Sozietateko langileek honako honetarako eskubidea izanen dute:

a. Instalazioak dohainik erabiltzea.

b. Bost urtez edo luzeago langile izan direnek, langile izateari uzten diotenean sozietateko kide egin daitezke, beren kategoriari dagokien mantentze-kuotak eta derramak pagatuta, ez badiote langile izateari utzi diziplina arrazoiengatik.

c. Sozietateko langileek eskubidea izanen dute beren ahaideek instalazioak doan erabiltzeko, honako baldintza hauekin:

1) Langilea ezkongabea bada, eskubidea gurasoek eta 18 urte arteko anai-arrebek izanen dute. Langileak familia badu, eskubidea ezkontideak eta 18 urte arteko seme-alabek izanen dute.

2) Langile baten seme-alabek edo anai-arrebek instalazioak dohainik erabiltzeko eskubidea badute, 18 urte betetzen dituztenean bazkide zenbakidun izatera pasatzen ahal dira, beren kategoriari dagozkion erabilera eta mantentze kuotak eta derramak ordaintzen badituzte.

3) Langile baten ezkontzagatik, edo antzeko inguruabarrengatik, langile baten ahaideek ezin dutenean instalazioak doan erabiltzen jarraitu, bazkide zenbakidun izatera pasatzen ahal dira, eta une horretan hasiko dira ordaintzen beren kategoriari dagozkion erabilera eta mantentze kuotak eta derramak.

2000ko abenduaren 31n dauden langileek eskubide hauek izanen dituzte:

a. Anai-arrebek eta lehen mailako ahaideek (gurasoak, ezkontidea eta seme-alabak) instalazioak dohainik erabiltzea.

b. Anai-arrebak eta lehen mailako ahaideak bazkide egitea noiznahi, kapitalizazio kuota ordaindu beharrik gabe.

21. artikulua. Erretiroa.

Hamar urteko antzinatasuna izanik sozietatean erretiroa hartzen duen langileak eskubidea izanen du aparteko paga bat jasotzeko erretiroa hartzean. Bi hileko soldata oso adinakoa izanen da.

Langileek, 60 urte beterik, eta laneko legeriak ahalbidetzen badu, erretiro partziala eskatzen ahalko dute, eta dagokien lanaldiaren banaketa enpresaren eskumena izanen da. Langile batek erretiroa hartutakoan, bazkide bihurtuko da, ezkontidearekin batera –halakorik bada–, eta hortik aurrera bere kategoriarako ezarritako erabilera, mantentze eta derramak ordainduko ditu.

22. artikulua. Aurrerakinak.

Sozietateko plantillako langile finkoek eskubidea izanen dute hilabeteko soldata adinako aurrerakina eskatzeko eta jasotzeko, hamabi hilabetetan jarraian itzuli beharrekoa; aurrerakin bat osorik ordaindu arte ez da besterik jasotzerik izanen.

23. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Gaueko lana egin behar duten langileek, baldin eta eguneko ordutegia badute, gaueko lanaren plusa jasoko dute, indarreko araudiarekin bat. Oinarrizko soldataren %33koa izanen da igoera.

24. artikulua. Aseguru bereziak.

Sozietateak istripu-aseguru kolektiboko poliza bat izenpetuko du langileentzat, eta zenbateko hauek estaliko dira: BERROGEITA BI MILA EURO, baliaezintasun iraunkorraren kasuan eta HOGEITA HAMAR MILA EURO, lan istripu batek ekarritako heriotzaren kasuan.

25. artikulua. Sozietateak lana bermatzen du.

Ordura arte egiten ari zen lanerako baliaezintasuna sortzen bada, sozietateak beste lanpostu bat izanen dela bermatzen du, ukitutako langileak egin ditzakeen eginkizunetarako egokiagoa, baldin eta lanpostu hutsik bada eta lan hori egiteko baldintzak betetzen baditu.

26. artikulua. Bilera sindikaletarako eskubidea.

Sozietateak bermatzen die langileei hilabetean gehienez ordubete izatea bilerak egiteko, betiere sozietateari baimena 48 ordu lehenago eskatzen bazaio.

27. artikulua. Hitzarmeneko baldintzak ez aplikatzea.

Enpresak, hitzarmen honen ez-aplikatzea erabili nahi badu Langileen Estatutuen 82.3 artikuluko prozedurari jarraikiz, lehenik kontsultatzeko aldi bati hasiera emanen dio, langileen ordezkariekin akordio bat lortzen saiatzeko.

Ezin bada akordiorik lortu, Nafarroako Lan Auzitegiak berezkoak dituen prozeduren menpe jarriko dira, ondoko paragrafoetan ezartzen den moduan.

Bi aldeek espresuki erabaki dute, desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko akordioaren adiskidetze eta bitartekaritza prozesuen menpe jarriko direla beti. Arbitraje-prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, haren menpe jartzeko bi aldeen arteko akordioa badago.

Orobat, gaia Aholku Batzorde Nazionalaren edo Autonomikoaren menpe jartzeko, alde bakoitzak gehiengoz erabaki beharko du.

28. artikulua. Aurerraeragina.

Behin 2023ko abenduaren 31n hitzarmena bukatuta, hitzarmena honetan jasotako itun guztiek lau urteko aurreraeragina izanen dute, eta indarrean egonen dira, gutxienez, 2027ko abenduaren 31ra arte.

29. artikulua. Gutxieneko zerbitzuak grebetan.

Langileek beren interesak defendatzeko greba egiteko duten eskubidea aitortzen bada ere, bermatuko da instalazioetan erabiltzaileen sarrera eta irteerak kontrolatzen dituztela Ciudad Deportiva Amayako langileek, noizean behin horrelako eginkizunak betetzen dituztenek.

Noizean behin horrelako eginkizunak betetzen dituzten langileek instalazioetara sartzeko eta bertatik irteteko kontrola baino ez dute eginen, eta ezin izanen dute harrera-postuko beste eginkizunik bete.

Klausula iragankorra.–Konpentsazioa.

2013ko urtarrilaren 1a baino lehen kontratutako langile guztien kasuan, orain arteko ordainsariak, urtean osotara zenbatuak, hitzarmen honen testuan ezarritakoak baino handiagoak badira, langilearen aldeko diferentzia ad personam osagarri gisa erantsiko da, "osagarri pertsonala" izenpean.

Osagarri hori ezin izanen da xurgatu edo konpentsatu eta soldataren osagarria bezala birbaloratuko da.

Azken klausula.

Hitzarmen honetako itunetan xedatu ez den orotan, indarra duen laneko legerian ezarritakoari jarraituko zaio.

Aldeak dokumentu honen edukian ados egonik, orri guztiak sinatzen dituzte, idazpuruan agertzen diren tokian eta egunean.

Langileen ordezkaritzaren aldetik,

Stua. Miguel Angel García Pueyo Stua. Javier Flamarique Ciriza

Stua. Emilia Bienzobas Lasheras Stua. Itziar Alcasena Gurupegui

Stua. Naiara Unzué Goñi

Sozietatearen aldetik,

Stua. José Ramón Azkoiti Azketa Stua. Pablo Navallas Santos

Iragarkiaren kodea: F2406109