Iragarkia
109. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
78C/2024 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Club Tenis Pamplona enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ikusirik Club Tenis Pamplona enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31008562012006), enpresako sindikatuek (UGT eta CCOO) sinatu zutena 2024ko martxoaren 18an eta erregistro honetan sartu zena 2024ko martxoaren 19an.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, laneko akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Club Tenis Pamplona enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31008562012006).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezan.
Hirugarrena. Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
CLUB TENIS PAMPLONA ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA,
2024-2026 URTEETARAKO, BIAK BARNE
1. artikulua. Eremua.
Hitzarmen kolektibo honek arautuko ditu Club Tenis Pamplona klubarekin besteren konturako lan-kontratua izanda zerbitzua ematen duten langile guztien lan-harremanak. Hitzarmen kolektibo hau itundu dute Club Tenis Pamplona enpresak eta langileen legezko ordezkariek, hots, enpresa batzordeko ordezkari sindikalen gehiengoak. Izan ere, enpresa batzordeko bost kideetatik lauk sinatu dute agiria: UGT sindikatuko hiruk eta Comisiones Obreras sindikatuko batek.
2. artikulua. Indarraldia.
Hitzarmen kolektibo honek 2024ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra ondorio guztietarako, eta 2026ko abenduaren 31n utziko dio indarra izateari.
Hitzarmen honen indarraldia amaitzean, eta beste hitzarmen batek ordezten ez duen bitartean, hitzarmenaren eduki arauemaileak indarrean jarraituko du harik eta beste hitzarmen bat sinatu arte. Salbuespenez, berariaz itun daiteke zenbait artikuluk eta manuk beste iraupen bat izatea.
3. artikulua. Salaketa.
Langileen Estatutuaren testu bateginaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen hau salatutzat jotzen da sinatzen den egunetik beretik.
4. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzea.
Hitzarmena ez aplikatzeko aukerei dagokienez , Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan xedatuari jarraikiko zaio. Ez aplikatzeko aukera aurkeztu baino lehen, klubak azalpenak emanen ditu eta saiatuko da irtenbideak bilatzen langileen ordezkariekin batera (enpresa batzordea) 15 eguneko epean; epe hori luzatzen ahalko da, kontsulta-aldian alderdiak ados egonez gero, eta, akordioan desadostasunik badago, Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekotza eskatuko da.
5. artikulua. Konpentsazioa.
2012ko urtarrilaren 1a baino lehen kontratutako langile guztien kasuan, baldin orain arteko ordainsariak, urtean osotara zenbatuak, hitzarmen honen testuan ezarritakoak baino handiagoak badira, langilearen aldeko diferentzia "ad personam" osagarri gisa erantsiko da, "osagarri pertsonala" izenpean.
Osagarri hori ezin izanen da xurgatu edo konpentsatu, eta gainerako kontzeptuak bezala birbaloratuko da.
6. artikulua. Berme pertsonalak.
Langileren batek, urte osoko kopurua harturik eta orokorrean neurturik, hitzarmen honetan ezarritakoak baino baldintza hobeak izanez gero, errespetatu eginen zaizkio.
7. artikulua. Probaldia.
Langileak klubean lanean hastean proba gisan arituko direla ulertuko da, idatziz horrela agertzen bada lan-kontratuan. Probaldia ez da, inondik ere, denbora hau baino luzeagoa izanen:
–6 hilabete, hitzarmen honen 9. artikuluan finkatutako langileen sailkapenean 1. lanbide taldean daudenentzat.
–2 hilabete, 2. lanbide taldeko langileentzat.
–Hilabete bat, 3., 4., 5. eta 6. lanbide taldeetako langileentzat.
Probaldian, bi aldeetako edozeinek lan-kontratua bertan behera uzten ahal du aurreabisurako eperik jarri gabe eta kalte-ordaina izateko eskubiderik izan gabe.
Probaldia bukatutakoan, lan-kontratuan atzera egin ez bada, kontratuak dagozkion ondorio guztiak sortuko ditu.
8. artikulua. Batzorde paritarioa.
Hitzarmen honetako batzorde paritarioa eratu da, hitzarmenaren aplikazioa interpretatu eta zaintzeko, bere edukiaren gainean sor daitezkeen desadostasunetan.
Bi aldeek espresuki adostu dutenez, zalantzarik edo desadostasunik sortuz gero, txostena eskatuko zaio batzorde paritarioari, jurisdikzio eskudunari edozein erreklamazio egin aurretik.
Batzordeak zortzi kide izanen ditu, gehienez ere: bi, zuzendaritza batzordearen ordezkariak; klubeko kudeatzailea; eta beste bostak, langileen ordezkari aritzeko aukeratuak. Kideek bi ordezkaritzen aholkulariak izaten ahalko dituzte, hitza izanen dutenak baina botorik ez.
Alderdietako batek eskatzen duenean bilduko da batzordea, gutxienez astebete lehenago jakinarazita, eta arazoak konpontzeko gehienez ere bi asteko epea izanen du.
Eztabaidatutako gaiak batzordea osatzen duten bi aldeetako bakoitzaren gehiengo soilaz onetsiko dira. Batzorde paritarioak hartzen dituen erabakiek itun honen baldintzak nabarmen aldatzen dituztenean edo alderdietako batek eskatzen duenean, langileen batzarrak eta klubeko zuzendaritza batzordeak berretsiko dituzte erabaki horiek.
Batzorde paritarioak hartzen dituen erabakiak hitzarmenaren testuari erantsiko zaizkio eta haren osagai izanen dira.
Langileen sailkapena.
9. artikulua. Lanbide sailkapena eta maila funtzionalak.
Hitzarmen honen aplikazio eremuan biltzen diren langileak sei maila funtzionaletan sailkatuko dira, "1. taldea", "2. taldea", "3. taldea", "4. taldea", "5. taldea" eta "6. taldea", bakoitzaren oinarrizko zereginen eta eginkizunen arabera eratuak, bai eta horietan jarduteko eskatutako prestakuntzaren edo espezializazioaren arabera ere.
1. taldea.
Irizpide orokorrak: Eginkizun konplexuak eta heterogeneoak burutzea, maila handieneko gaitasun profesionala eskatzen dutenak.
Laguntzaile talde batek egiten dituen lanak integratu, koordinatu eta gainbegiratzeko diren eginkizunak.
Prestakuntza: goi mailako edo erdi mailako unibertsitateko titulazioa edo frogatutako esperientzia.
Parekotzat jotzen direla, honako hauek sartzen dira talde horretan:
–Kudeatzailea.
2. taldea.
Irizpide orokorrak: zeregin heterogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko lanak, hala nola lankide talde baten lana antolatzeko ardura.
Multzo horretan sartzen dira, halaber, lan konplexuak eta aldi berean homogeneoak, aginte erantzukizunik izan gabe ere berariazko prestakuntza handia eskatzen dutenak.
Prestakuntza: goi mailako prestakuntza akademikoa edo lanpostuari dagokion titulazio berariazkoa, praktikaldi batez edo antzeko lanetan izandako esperientziaz osatua.
Parekotzat jotzen direla, honako hauek sartzen dira talde horretan:
Garbiketa eta mantentze-lanak:
–Mantentze-lanetako arduraduna.
Kirol profesionalak eta zuzendutako jardueretako profesionalak:
–Kirol arduraduna (kirol koordinatzailea).
Administrazioa eta atezaintza:
–Administrazioaren eta giza baliabideen arduraduna.
–Komunikazioaren eta giza jardueren arduraduna.
–Departamentuaren arduraduna.
3. taldea.
Irizpide orokorrak: diseinuan, programazioan, prestakuntzan eta exekuzioan autonomia handia eskatzen duten eginkizunak, eduki homogeneoko zereginak, lankide talde txiki batek eginak, integratu, koordinatu eta gainbegiratzea eska dezaketenak.
Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa izanen da edo bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II). Hori ordezka daiteke klub berean edo sektoreko beste klub batzuetan eite bereko lanetan gutxienez urtebetez izandako esperientziaz.
Parekotzat jotzen direla, honako hauek sartzen dira talde horretan:
Garbiketa eta mantentze-lanak:
–Arduraduna.
Kirol profesionalak eta zuzendutako jardueretako profesionalak:
–Kirol teknikaria (titulu ofiziala duten monitoreak).
4. taldea.
Irizpide orokorrak: zeregin homogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko diren eginkizunak, lankide talde txiki batek eginak, edo aginte erantzukizunik izan gabe ere, exekuzioan autonomia handia eskatzen dutenak.
Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa izanen da edo bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II). Hori ordezka daiteke klub berean edo sektoreko beste klub batzuetan eite bereko lanetan gutxienez urtebetez izandako esperientziaz.
Parekotzat jotzen direla, honako hauek sartzen dira talde horretan:
Garbiketa eta mantentze-lanak:
–Askotariko lanbideetako lehen mailako ofiziala.
Kirol profesionalak eta zuzendutako jardueretako profesionalak:
–Aretoko teknikariak, masajistak eta sorosleak.
Administrazioa eta atezaintza:
–Lehen mailako ofizial administraria, atezaintzako lehen mailako ofiziala.
5. taldea.
Irizpide orokorrak: eduki homogeneoko zereginak, autonomiaz eta jarraibide zehatzei lotuta jarraitzekoak.
Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa izanen da, edo lehen mailako lanbide heziketaren parekoa (LH I). Hori ordezka daiteke klub berean edo sektoreko beste klub batzuetan eite bereko lanetan gutxienez sei hilabetez izandako esperientziaz.
Parekotzat jotzen direla, honako hauek sartzen dira talde horretan:
Garbiketa eta mantentze-lanak:
–Zerbitzu orokorretako langilea.
Kirol profesionalak eta zuzendutako jardueretako profesionalak:
–Aisialdiko monitorea.
Administrazioa eta atezaintza:
–Administrari laguntzailea.
6. taldea.
Irizpide orokorrak: lan metodo zehatz, jakin eta aurrez ezarritakoari jarraikiz egiten diren lanak, lanbide-ezagupen oinarrizkoak eta egokitze aldi labur bat eskatzen dituztenak.
Prestakuntza: eskatzen den prestakuntza eskola graduatuaren parekoa da, eginkizun horietan izandako esperientziaz ordeztu daitekeena.
Parekotzat jotzen direla, honako hauek sartzen dira talde horretan:
Garbiketa eta mantentze-lanak:
–Peoia eta garbiketako peoia.
Administrazioa eta atezaintza.
–Atezaina, zerbitzaria.
10. artikulua. Balioaniztasuna.
Sektorean ematen diren zerbitzuen izaeragatik, denbora partzialean eta asko murriztutako lanaldietan ematen diren zerbitzu asko daudenez, eta horrek, besteak beste, sektorea profesionalizatzea zailtzen duenez, bi aldeen iritziz funtsezkoa da sektoreko langileen balioaniztasuna espresuki arautzea, mugigarritasun funtzionalaren mugak eta balioaniztasuna erregulatzekoak oztopo bihur ez daitezen sinatutako denbora partzialeko kontratuetan lanaldia luzatzeko eta hasieratik lanaldi luzeagoa kontratatzeko aukera izan dadin.
Aurreko horretan oinarrituz, erabaki da ezen, kontratu partzialetan lanaldi gehiago kontratatu ahal izateko edo ondoren luzatzeko, betiere ondotik adierazten diren kasuen mugen barnean, zilegi izanen dela klubaren eta langilearen artean ituntzea lanbide talde bati baino gehiagori dagozkien eginkizunak egitea, aldeek espresuki adosten eta idatziz jasotzen badute hasierako lan-kontratuan edo hasierako kontratu horretako lanaldia luzatzen duen kontratu berrituan.
Zehazki, balioaniztasun kasu hauek ezarri dira:
a) Kirol jardueretako teknikaria (3. taldea) eta kirol koordinatzailea (2. taldea).
b) 3. eta 4. taldeak.
c) Kirol jardueretako teknikaria (3. taldea) eta zerbitzu orokorretako langilea (5. taldea).
d) Soroslea (4. taldea) eta zerbitzu orokorretako langilea (5. taldea).
Artikulu honetan aipatutako kasuetan eta mugen barnean, eta balioaniztasun sistema honek ahalbidetzen duen kontratazioa edo lanaldi luzapena ahalbidetze aldera, berariaz itundu da ezen, kasu bakoitzean lehentasunezkoak jotzen ahal diren eginkizunak gorabehera, kasu bakoitzean ordainduko den ordainsaria izanen dela lanbide talde bakoitzarentzat ezarritakoa, talde bakoitzeko eginkizunetan benetan emandako denboraren arabera, betiere lanbide-taldearen soldata altuenak gordeta.
Artikulu honetan aipatutako inguruabarrak gertatzen ez direnean, legeria orokorrean balioaniztasunaren eta mugikortasun funtzionalaren kasuetarako xedatutakoa aplikatuko da.
11. artikulua. Lanpostuen analisia.
Klubak konpromisoa hartzen du plantillaren lanpostuekiko egokitzapena aztertzeko eta, orobat, kategoriak, eginkizunak eta lanpostu bakoitzaren erantzukizunak.
Baldintza ekonomikoak.
12. artikulua. Soldatak.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek I. eranskineko soldaten taulan lanbide talde bakoitzarentzat ezarritako ordainsariak jasoko dituzte. Ordainsari horiek zerbitzuak lanaldi osoan emateari dagozkio, eta urtero eguneratuko dira.
2024an, %3,85eko igoera aplikatuko da. 2025. eta 2026. urteetan, soldata igoera hau aplikatuko da: Nafarroako KPIa –ekitaldi horietako urte bakoitzaren amaieran argitaratua– gehi %0,50. Nolanahi ere, zeinahi dela ere KPIari %0,50 gehitzearen ondoriozko ehunekoa, urte bakoitzeko gutxieneko igoera %2,5ekoa izanen da, eta gehienekoa %4,5ekoa.
2024rako, 2025erako eta 2026rako soldata igoerak hitzarmen honetan aipatzen diren kontzeptu guztietan aplikatuko dira (aparteko ordainsariak, antzinatasuna, igande eta jaiegunetako plusak, eskolarako laguntzak, kilometrajea eta abar).
13. artikulua. Aparteko haborokinak.
Urtean aparteko hiru ordainsari izanen dira: bat uztailean jasoko da, beste bat abenduaren 15ean, eta hirugarrena bi zati berdinetan emanen da: bat, martxoaren 15ean eta bestea, urriaren 15ean, hurrenez hurren; horietan honako hauek sartuko dira: oinarrizko soldata, antzinatasuna eta trebakuntza, kasua bada, eta langile bakoitzak une horretan jasotzen duen osagarri pertsonala.
Horrez gain, ordainsari bat emanen da urtero, urtarrilean, zenbateko finko bat eta zenbateko aldakor bat batuta, honela kalkulatuta:
2024rako, zenbateko finkoa 683,71 eurokoa da (behin-behineko zenbatekoa), hitzarmen honen 12. artikuluan adierazten den bezala urtero eguneratuko dena; eta zenbateko aldakorra (aurreko zenbatekora artekoa) absentismoaren araberakoa, zeina neurtuko baita aurreko urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte, eta taula honi jarraikiz kalkulatua:
ABSENTISMOA | ZENBATEKOA |
<%5 | %100 |
%5 - %10 | %75 |
%10 - %15 | %55 |
%15 - 20 | %30 |
%20 - %25 | %10 |
>%25 | %0 |
2012ko urtarrilaren 1etik aurrera kontratatutako langileek lanaldiaren araberako absentismo-ordainsaria izanen dute. Klubak data horren aurretik eta lanaldi partzialez kontratatu dituen langileek ordainsariaren %100 jasoko dute, eta ez lanaldiaren araberako portzentajea, aurreko eskubide finkatutzat jotzen baita.
Haborokin horren zenbatekoa urtero eguneratuko da, gainerako kontzeptuekin bat.
Artikulu honen ondorioetarako, ez da absentismo moduan zenbatuko lanera joan ez izana honako arrazoi hauengatik: legezko greba, grebak iraun besteko denboran; langileen legezko ordezkaritzako jarduerak gauzatzea; laneko istripua, edo amatasun, lizentzia eta oporrak; ez eta gaixotasun edo lanetik kanpoko istripuagatik egindako bajak ere. Genero indarkeriak ekarritako egoera fisikoaren edo psikologikoaren ondorioz lanera ez agertzea ere ez da absentismotzat hartuko, betiere gizarte zerbitzuek edo osasun zerbitzuek egiaztatzen badute egoera hori.
14. artikulua. Antzinatasuna.
Betetako hirurteko bakoitzeko, langileak eskubidea izanen du lansari tauletan adierazten diren diru zenbateko finkoak jasotzeko, betiere bere lanaldiarekiko proportzionaltasunari jarraikiz. Antzinatasun osagarria hileko 15 ordainsaritan ordainduko da. Hirurteko bakoitzari dagokion zenbateko osoa hirurteko hori bete eta hurrengo hilabeteko nominan ordainduko da.
Antzinatasuna langilea enpresan sartzen den egunetik hasiko da kontatzen.
Antzinatasun kontzeptuagatik, 2012tik aurrera lanean hasi diren aldizkako langile finkoek eta langile finkoek hirurtekoak jasoko dituzte, zerbitzua ematen hasten diren egunetik hasita, taula honen arabera, gehienez 5 hirurtekora arte:
ANTZINATASUN URTEAK | LANALDIAREKIKO PROPORTZIOAREN ARABERA |
3 | 65,02 euro hilabeteko |
6 | 130,02 euro hilabeteko |
9 | 195,03 euro hilabeteko |
12 | 260,04 euro hilabeteko |
15 | 325,05 euro hilabeteko |
Antzinatasun osagarri hori ezin da inola ere konpentsatu edo xurgatu, baina kontuan hartuko da aldi baterako ezintasun egoeretan ordaintzen den osagarria ordaintzeko.
15. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
22:00etatik 06:00ak bitarte egiten dena da gaueko lana.
Gauez lan egiten duten langileek osagarri bat jasoko dute gaueko ordutegian lan egindako ordu bakoitzeko eta "Gaueko lanaren plusa" esanen zaio. Plus hori gaueko ordutegian egindako zerbitzuekiko proportzionala izanen da, eta ordua honela kalkulatuko da: kategoria bakoitzaren orduaren prezioa gehi %25.
Ordu bakoitzaren prezioa kalkulatzeko, kasu bakoitzean langilearen urteko soldata gordina (oinarrizko soldata, gehi osagarri pertsonala, gehi antzinatasuna) zati urteko ordu kopurua eginen da.
Gaueko lanaren plus hori jasoko da, bakar-bakarrik, benetan lan egindako ordu bakoitzeko.
Nolanahi ere, gaueko lanaldia duen lanpostua betetzeagatik soldata berezia duten langileen kasuan –dagoeneko egoera hori aintzat hartzen delako–, ez zaie aplikatuko gaueko lanaren plusari buruz adierazitakoa.
Gainera, langile batek ohiko bere bizilekutik kanpo lo egin behar badu, gau bakoitzeko 20 euroko dieta kobratzeko eskubidea izanen duela ezartzen da.
16. artikulua. Igande eta jaiegunetako plusa.
Igandeetan eta jaiegunetan lan egin behar duten langile guztiek –esanbidez asteburuetan edo jaiegunetan lan egiteko kontratatu direnek izan ezik– plus bat kobratuko dute lan egindako igande eta jaiegun bakoitzeko, lan egindako egunaren konpentsazioz jaiegun bat hartzeaz gainera, zeina hilabeteko epean hartu beharko baita egun hartatik aurrera.
Langile guztiek hilean bi igandez izanen dute jai, berariaz asteburu eta jaiegunetan lan egiteko kontratatutakoek izan ezik.
Zenbateko hauek ezartzen dira:
–Igandeak: 41,71 euro 2024rako; hurrengo urteetan, urtero eguneratuko da, hitzarmen honen 12. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.
–Jaiegunak: 63,40 euro 2024rako; hurrengo urteetan, urtero eguneratuko da, hitzarmen honen 12. artikuluan adierazitakoari jarraikiz. Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, jaiegun izanen dira urterako ezarritako 14 jaiegun ofizialak; horiexek besterik ez.
Plus hori benetan lan egindako egun bakoitzarengatik baizik ez denez kobratzen, oporretako ordainsarietatik kanpora gelditzen da espresuki.
Plus horien zenbatekoa urtero eguneratuko da, gainerako kontzeptuekin bat.
17. artikulua. Eskolarako laguntza.
Laguntza bat ezartzen da ikasketek eragindako gastuen zati bat ordaintzeko, Nafarroako PFEZaren aitorpenean seme-alabengatiko kenkaria eragiten duten seme-alabak dituzten langile guztientzat.
2024rako behin-behineko zenbatekoak taula honetan laburbiltzen dira. Hitzarmenaren gainerako indarraldirako, hitzarmen honen 12. artikuluan adierazitakoaren arabera eguneratuko dira horiek urtero.
KONTZEPTUA | ZENBATEKOA | HIRITIK KANPO | ATZERRIAN |
Haur Hezkuntza | 179,77 euro | 179,77 euro | - |
Lehen Hezkuntza | 198,78 euro | 198,78 euro | - |
DBH, Batxilergoa eta LH | 208,90 euro | 208,90 euro | 313,35 euro |
Unibertsitateko karrerak | 287,40 euro | 508,98 euro | 763,47 euro |
Karrera teknikoak. Erdi maila | 287,40 euro | 508,98 euro | 763,47 euro |
Karrera teknikoak. Goi maila | 287,40 euro | 508,98 euro | 763,47 euro |
"Hiritik kanpo" izeneko kontzeptua Iruñetik 90 km baino gehiagoko erradio baterako ezarri da.
Langileek baldin badute atzerrian ikasturte oso bat egiten ari den seme-alabarik, %50eko plusa izanen dute dagokien laguntzaren gainean. Horretarako, aipatutako baldintzak betetzen dituztela erakusten duten agiriak aurkeztu beharko dituzte aldez aurretik.
Taula honetan jasotzen ez diren ikasketak banan-banan aztertuko dira.
Ordainsari horren zenbatekoa urtero eguneratuko da, gainerako kontzeptuekin bat.
Paragrafo honetan aipatzen den aparteko ordainsaria, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera kontratatutako langileentzat dena, eskola-laguntzagatikoa, daukaten lanaldiarekiko proportzionala izanen da. Klubak data horren aurretik kontratatuta lanaldi partzialak dituzten langileek ordainsariaren %100 jasoko dute, eta ez lanaldiaren araberako portzentajea, aurreko eskubide finkatutzat jotzen baita.
18. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasunaren eta haurdunaldiko arriskuaren osagarria.
a) Langile bat aldi baterako ezintasun egoeran baldin badago istripu baten edo gaixotasun baten ondorioz, beharrezkoa den osagarria jasoko du harik eta bajan egon gabe jasoko lukeen soldataren %100era iritsi arte, kanpoan direla gaueko lanaren, jaiegunen eta igandeen osagarriak. Lan harremana amaitzen baldin bada eskubidea iraungiko da.
b) Haurdunaldiko arriskua: Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emakumezko langile bat haurdunaldiko arriskuan dagoela aitortzen duen kasuetan, klubak aldi baterako ezintasunaren prestazioak osatuko ditu harik eta hilabete horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %100era iritsi arte, salbu gaueko lanaren, jaieguneko lanaren edo igandeko lanaren osagarriak.
c) Mutualitatearen kontrola aldi baterako ezintasunaren kudeaketari buruz.
–Mutua Navarrak soilik ikuskatuko du aldi baterako ezintasuna, edo bestela ere, klubak zer mutuarekin kontratatu dituen kontingentzia arruntak, horrek.
–Eritasunaren edo istripuaren ondoriozko bajen kasuetan, aldi baterako ezintasunen egiaztapenak langilearen bizilekuan egiteko, langilearen baimena beharko da.
–Langileak mutualitatera joaterik ez badu, aski izanen da familiako medikuaren egiaztagiria.
–Mutualitateak Ikuskatzailetza Medikoari alta ematea proposatzen dionean, altaren proposamenaren edukiaren berri emanen dio aldez aurretik ukitutako pertsonari.
–Langileei eta horien ordezkariei mutualitatearen eta klubaren artean dituzten osasun datuen konfidentzialtasuna bermatzeko mekanismoen berri emanen zaie.
–Mutualitateak aldian-aldian ondoren zehazten den informazioa emanen die prebentzioko delegatuei, langile bakoitzaren datuen konfidentzialtasuna gordez.
–Lan istripuaren nahiz eritasun arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran dauden pertsonen kopurua (adina, sexua, kategoria, atala, etab. zehaztuz).
–Baja hartzeko arrazoien zerrenda (bajen iraupena eta aplikatutako tratamendua).
–Ikuskatzailetza Medikoari aurkeztutako altaren proposamenak, onartu direnak eta ukatutakoak.
–Urteko memoria, informazio guztiarekin.
–Klubak langileen esku uzten du, arduraz jokatuko dutelakoan, klubari behar besteko aurrerapenaz jakinaraztea lanera agertuko ez direla, salbu eta ezinezkoa badute ageriko arrazoiengatik.
19. artikulua. Kilometrajea.
Erabaki da 0,33 euroan finkatzea, 2024rako, klubaren zerbitzuan auto partikularrean egindako kilometro bakoitza. Hitzarmenaren gainerako indarraldirako, zenbateko hori urtero eguneratuko da hitzarmen honen 12. artikuluan adierazitakoaren arabera.
Lanaldia, atsedenaldiak, baimenak, eszedentziak eta oporrak
20. artikulua. Lanaldia.
Urteko lanaldia 1.692 ordukoa izanen da.
Lanaldiaren barnean 15 minutuko atsedena izanen dute lanaldi jarraituko langile guztiek, eta denbora hori ez da kontatuko eguneko benetako lanaldiaren murriztapen gisa.
Atsedenaldiok hartzeko txandak klubaren arduradunen eta langileen artean adostuko dira, zerbitzuaren beharrak kontuan hartuta.
Urteko lanorduak klubak prestatzen duen egutegiaren arabera banatuko dira, kontuan hartuta urteko egun guztietan irekia behar duela izan. Lanaldia aplikatzean behar baino ordu gehiago edo gutxiago ematen badira klubaren eta ukitutako langileen artean ados jarrita konpentsatuko dira.
Lan denbora kontatzeko, langileak, hala eguneroko lanaldiaren hasieran nola bukaeran, lanpostuan egon behar du.
Aldez aurretik sindikatuen ordezkariekin negoziatuta urteko lanaldia klubak ezartzen duen lan egutegiaren arabera banatuko da, , eta langileei aurreko urteko abenduaren 15a baino lehen emanen zaie. Langileek dagozkien alegazioak egiten ahalko dituzte banaka.
21. artikulua. Asteko atsedena.
Asteko atseden etengabea, bi egunekoa, gehienez hamalau eguneko tartean metatzen ahal da, eta horrelakoetan bost eguneko atsedenaldia har daiteke hamalau eguneko tartean.
22. artikulua. Oporrak.
Urtean 30 egun naturaleko oporraldi ordaindua ezarri da, eta horren egutegia urtero ezarriko da.
Langileek besterik adosten ez badute, oporrak errotatiboak izanen direla ituntzen da. Nolanahi ere, zerbitzu bakoitzeko egutegietan itundutakoari jarraituko zaio.
Sortutako oporrak hartzeko eskubidea hori sortu ondoko urteko urtarrilaren 31n amaituko da.
Klubak hala behar badu eta aldez aurretik langilearekin adostuta aurretik itundutako oporren egutegia aldatzen bada, langileari atseden egun bat emanen zaio aldatutako 8 eguneko. Konpentsazio hori oporrak benetan hartuz gero gehituko litzateke, eta ez, ordea, oporren likidazioa egitea egokitzen denean.
23. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko ordu bakoitzeko ordu eta hiru ordu laurdeneko konpentsazioa izanen da, atsedenaldiekin konpentsatu nahiz dirutan, eta Gizarte Segurantzan kotizatuko dute.
Klubaren beharrengatik langile batek txanda bat bere borondatez bete eta asteko atsedena galtzen badu, aparteko ordutzat hartuko dira, edo lan egindako egun bakoitzagatik bi jaiegun izanen ditu. Azken kasu horretan, klubak atsedena hartzeko dataren oniritzia eman beharko du.
Konpentsazioaldia 3 hilabetekoa izanen da, aparteko orduak egiten direnetik. Aparteko orduak borondatezkoak dira.
24. artikulua. Lizentzia ordainduak.
Lizentzia eta baimen ordaindu hauek ezarri dira:
Honako egoera hauetan, langileak baimena izanen du denbora batez lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe, betiere aldez aurretik abisatu eta ondotik justifikatzen badu:
a) Langilearen ezkontzagatik edo izatezko bikotearen erregistroagatik: 20 egun natural.
Ez da bi lizentzia hartzeko eskubiderik izanen langilea pertsona berarekin izatezko bikote egin eta ezkontzen denean.
b) Ondoko hauen heriotzagatik:
–Ezkontidea, izatezko bikotekidea, semea, alaba, aita edo ama: 8 egun.
–Aitaginarreba, amaginarreba, bilobak, anai-arrebak, koinatu-koinatak, aitona-amonak: 2 egun.
–Osaba-izebak, lehengusu-lehengusinak eta ilobak: egun bat.
c) Istripu edo eritasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo ospitaleratzerik behar ez, baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntzagatik:
–Ezkontidea edo izatezko bikotekidea, edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideak, izatezko bikotekidearen odol bereko ahaidea barne, bai eta aurrekoak ez diren pertsonak ere baldin eta langilearekin etxebizitza berean bizi badira eta haren benetako zaintza behar badute. 5 egun.
d) Ohiko etxebizitzaz aldatzeagatik (non ez den gertatzen ezkontza-baimenarekin edo izatezko bikotearen erregistroarekin batera): egun bat.
e) Gurasoen, seme-alaben edo anai-arreben ezkontzagatik: egun bat.
f) Nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonal bat betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.
Langileek urtean 4 laneguneko lizentzia ordaindua izanen dute (norberaren aferetarako). Egun horiek noiz hartu klubaren eta egun horiek hartu behar dituen langilearen artean adostuko dira, zerbitzuko beharrak beterik betiere. Horrez gain, lanaldi osoa dutenek 32 ordu izanen dituzte norberaren aferetarako; kontratu partziala, ordukakoa edo denboraldikoa dutenek, berriz, zer lanaldi duten, hainbeste. Ordaindutako lizentzia hori idatziz eskatuko da, 5 egun lehenago.
Ospitalizazioengatiko baimenak, klubari eskatu ondoren, langileak egoki irizten dionean hartuko dira, ospitalizazioaren lehenengo egunetik pazienteari alta ematen zaion egunera arte. Egiaztagiriak klubean aurkeztu beharko dira, pazienteari alta zein egunetan eman zaion adierazita. Baimena izateko eskubidea ematen duen gertakariaren iraupenaren arabera langileari dagozkion egun horien kopurua ezin izanen da handitu edo murriztu egiaztagiriak gorabehera.
Ordaindutako baimen eta lizentzia guztiak etenik gabe hartuko dira.
Urtean 15 orduko lizentzia bat ezartzen da, lanaldiarekiko proportzionala izanen dena, lehen mailako senideei kontsulta medikoetara laguntzeko, baldin eta tratamendu hori lanorduetan hartzekoa badute. Horrelakoetan, medikuak artatu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.
Era berean, urtean 16 orduko baimena ezartzen da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat. Ordu horiek aldez aurretik abisatuta eta beharren arabera hartzen ahalko dira.
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako baimen berreskuragarria eta ordaindu gabea: Aldez aurretik abisatuta, lanaldia malgutzeko aukera izanen dute, beren egoeraren ondoriozko kudeaketak egiteko.
25. artikulua. Borondatezko eszedentzia.
Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez. Eszedentzia horretan lanpostua erreserbatzen da baina ez da zenbatzen antzinatasunerako.
Langileek borondatezko eszedentzia hartzeko erabakiaren berri emanen diote enpresari, idatziz eta gutxienez 15 egun aurretik.
Eszedentzian dagoen langileak ez du zilegi eszedentzian dagoen bitartean antzeko beste klub batzuetan lan egitea, adibidez gimnasioetan edo kirol klubetan.
Langile batek eskubide hori berriro baliatu ahal izateko, lau urte igaro beharko dira aurreko eszedentzia bukatu zuenetik.
26. artikulua. Adingabe bat zaintzeko lanaldi murrizketa.
Legepeko zaintza dela-eta, langileren batek bere kargu baldin badu adingaberen bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen eta desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen pertsona bat, eskubidea izanen du ohiko lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, soldata ere hein berean murriztuta. Lanaldia murrizteko eskubideak haurrak 12 urte bete bitarte iraunen du, eta semeak edo alabak adin hori betetzen duen urteko ikasturtea amaitu arte (ekaina) luzatzen ahalko da.
27. artikulua. Bularra emateko baimena.
Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ezarritako edoskitze-baimenerako eskubidea duten langileek artikulu horretan ezarritako baldintzetan hartu ahal izanen dute baimen hori.
Ordaindutako baimenaren iraupena 15 egun naturalekoa izanen da, eta amatasun baimena bukatu baino hamabost egun lehenago gutxienez eskatu beharko da. Langilea ez bada klubean jardunean aritzen adingabeak 9 hilabete egin arte, ez du edoskitzaroa metatzeko eskubiderik izanen.
28. artikulua. Aldizkako kontratu finkoak.
Kontratazio-modalitate hori Langileen Estatutuaren 16. artikuluak arautzen du. Lanerako deia langileen antzinatasunaren eta lanpostuaren espezializazioaren arabera eginen da.
29. artikulua. Iraupen mugatuko kontratuak.
Iraupen mugatuko kontratuak Langileen Estatutuaren 15.1 artikuluan ezarritakoaren arabera arautuko dira.
30. artikulua. Lanpostu uzteak eta aurreabisuak.
Langileek lanpostua euren borondatez uzteko erabakiaren berri emanen diote klubari, idatziz eta gutxienez 15 egun aurretik. Aurrez abisatzen ez bada, klubak ahalmena izanen du azken likidazioan abisatu gabe utzitako egun kopurua kentzeko.
Era berean, klubak kontratuaren amaiera idatziz eta gutxienez 15 egun lehenago jakinaraziko dio langileari, salbu eta langilearekin bitarteko kontratua itundua duenean eta ez dagoenean jakiterik ordezkatzearen arrazoia noiz bukatuko den, kontratuaren iraupena 15 egun baino gutxiagokoa denean eta diziplinazko kaleratze kasuetan ere.
Bestelakoak.
31. artikulua. Nominen ordainketa.
Hileko nomina hura sortu eta hurrengo hileko lehen bost egun baliodunen barnean ordainduko da.
32. artikulua. Lan osasuna.
Hitzarmen hau sinatzean, segurtasun eta osasun batzordea eratuko da, langileen bi ordezkarik eta klubeko beste bik osatuko dutena; bertan proposatu eta definituko dira lan osasunaren arloan garatu beharreko balizko jarduketak.
Urtero osasun azterketa bat eginen da, borondatezkoa, klubaren kargura. Bakoitzaren informazio medikoa medikuen eta langilearen eskura bakarrik egonen da, eta edozein kasutan, Datuak Babesteko Lege Organikoan edo hori ordezteko legerian ezartzen dena aplikatuko da.
Klubak lanbide kategoria edo lanpostu bakoitzerako behar dituzten arropa egokia eta oinetako bereziak banatuko dizkie langileei.
Laneko arropa hori jasotzen duten langileek hori jantzi beharko dute beren lana gauzatzeko orduan.
Segurtasun eta Osasun Batzordeari kontsulta egin ondoren, eman beharreko arropa mota eta banatu beharreko jantzi kopurua ezarriko ditu klubak.
33. artikulua. Ordu sindikalak metatzeko aukera.
Langileen Estatutuaren 68. e) artikuluan ezarritakoaren arabera, enpresa batzordeetako kideek edo langileen delegatuek hilean daukaten ordu kreditua langileen ordezkari bakar batek edo batzuek metatzen ahal dute, hauteskunde gune bereko ordezkariak gai horretan ados jarriz gero, betiere.
Itun hori gauzatzen bada, idatziz jakinaraziko zaio klubeko zuzendaritzari.
34. artikulua. Eguberrietako egun bereziak.
Enplegatuek Eguberriko eta Urteberriko jaiak euren familiekin pasa ditzaten, egun horietan kluba ixtea erabaki da, kontuan izanda jaiegun horiek ez direla urteko jaiegunen egutegiarekin metatuko.
35. artikulua. Erretiroak.
Nahi duten langile guztiak erretiro plan batean sartzen ahal dira errelebo kontratuaren bidez, legeak bide ematen badu betiere.
36. artikulua. Lanpostu hutsak.
Langile finko guztiek lehentasuna dute hutsik gerta daitezkeen lanpostuak edo sortzen ahal diren lanpostu berriak betetzeko, klubaren ustez gai baldin badira lanpostu huts horiek betetzeko. Klubak departamentuetan sor daitezkeen aldaketa edo lanpostu huts guztien berri emanen du.
37. artikulua. Prestakuntza.
Kluba eta langileak ohartu baitira klubaren ibilbidea hobetzeko prestakuntzak duen garrantziaz, enplegatuen lanbide prestakuntza sustatuko dute Club Tenisen eman daitezkeen programen bidez edo erakunde eskudunek kanpoan garatzen dituzten programen edo ikastaroen bidez.
Horretarako, bi alderdiek elkarrekin erabaki dute Prestakuntza Beharrei buruzko Plana egitea, langile guztientzako prestakuntza planak sorraraziko dituena.
Hitzarmen honen azterketa arloan sar daitekeen edozein ikastaro egiteko, departamentu bakoitzeko arduradunak behar den baimena eman beharko du aurretik, eta hark izanen du zerbitzuak betetzearen ardura eta eskatutako ikastaroa egokia den edo ez erabakiko du.
Lanordutzat hartuko dira langileek ikastaroetan emandako orduak, baldin eta ikastaro horiek klubak langileari eskatzen eta proposatzen badizkio. Langileak bere borondatez eta klubeko zuzendaritzak proposatu gabe egindako ikastaroak edo prestakuntza ez dira lanordutzat hartuko.
Prestakuntza ematen duen enpresak klubak langileei proposatutako ikastaroengatik fakturatzen dituen kostuak klubaren konturakoak izanen dira, aurrekontu-kontsignazioetan ezarritako mugen barnean.
Klubaren interesak direla-eta edo legearen aginduz beharrezkoa bada prestakuntza ikastaroak edo jarduerak egitea, horiek derrigorrezkoak izanen dira langilearentzat, urtean 30 orduz gehienez.
38. artikulua. Maileguak ematea.
Klubak gehienez ere 6.000 euroko maileguak emanen dizkie hala eskatzen duten langileei, aparteko eta egiaztatutako beharrizanetarako erabil ditzaten.
Kopuru hori lanaldi osoan dihardutenentzat da. Kontratazio partzialen edo ordukako kontratazioen kasuan, zer lanaldi izan edo zenbat ordu lan egin, horren araberakoa izanen da ematen ahal den mailegua.
Betiere, baldintza hauek beharko dira bete:
–Enplegatu batek ezin du mailegu bat baino gehiago hartu aldi berean.
–Mailegatutako dirua 24 hilabetetan itzuliko da gehienez, ematen denetik aitzina, enplegatuaren nominatik zuzenean eta zenbateko berdinetan deskontatuz. Mailegua itzuli baino lehen kontratua amaitzen bada eta likidazioa egindakoan enplegatuak itzuli beharreko diru kopururik badago, horrek ordaindu gabe dagoen zenbateko nagusia itzuli beharko du astebeteko epean, iraungipenak ondorioak sortzen dituen egunetik aurrera zenbatuta. Ordainketa eta itzulketa egin ezean, klubak ordaindu gabe dagoen zenbateko nagusia eta interes bat erreklamatzen ahalko ditu: diruaren legezko interesak gehi bi puntu.
–Iraupen jakineko kontratua duten langileen kasuan, zerbitzuan denbora gutxi ematen dutenez, kontratuaren iraupenaren araberako zenbateko proportzionala emanen zaie, urtebeteko lanaldiarekin alderatuta. Zenbateko horren banku-fidantzamendua eskatuko da, eta kontratua amaitzean itzuli beharko da.
–Mailegua ez dute aldi berean hamar langilek baino gehiagok izanen.
–Hamar eskaera baino gehiago aldi berean eginez gero, klubaren iritziz premia handiena egiaztatzen duten langileek izanen dute lehentasuna, eta, premiaren aldetik berdinketa gertatzen bada, eskaera zaharrenak lehenetsiko dira.
39. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Honako hauek dira falta arinak:
a) Hogeita hamar egunean lanera behin berandu iristea.
b) Lanetik bidezko arrazoirik gabe alde egitea, nahiz eta denbora gutxirako izan, baldin eta klubarentzako, erabiltzaileentzako edo lankideentzako kalteak direla-eta falta astun edo oso astuntzat hartzerik ez badago.
c) Fitxatzeko eginbeharra ez betetzea.
d) Zabarkeriaz jokatzea arauei edo jasotako aginduei dagokienez.
e) Helbide eta etxe aldaketak eta, oro har, egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen datuak ez jakinaraztea horretarako ezarritako epean.
f) Laneko segurtasun eta higiene arauak ez betetzea, horren inguruabar edo ondorioengatik astuntzat edo oso astuntzat kalifikatzerik ez badago.
Falta astunak honako hauek dira:
a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz berandu iristea.
b) Lanorduetan eta lantokian erretzea.
c) Hogeita hamar egunean behin lanera ez joatea justifikatu gabe.
d) Agindutako lanetan behar den arreta ez jartzea eta goragokoen jarraibideei jaramonik ez egitea, zerbitzuei dagokienez, klubaren edo erabiltzaileen kalterako.
e) Hirurogei egunean falta arin bera errepikatzea edo beste falta arin bat egitea.
f) Hirurogei egunean falta arin bera errepikatzea edo beste falta arin bat egitea, nahiz eta beste mota batekoa izan, idatzizko zehapena egon den kasuetan.
g) Beste langile baten partez fitxatzea.
h) Laneko segurtasun eta higiene arauak ez betetzea, horren inguruabar edo ondorioengatik oso astuntzat kalifikatzerik ez badago.
Falta oso astunak honako hauek dira:
a) Hamabi hilabeteko aldian 20 aldiz baino gehiagotan berandu iristea.
b) Hogeita hamar egunean hirutan lanera ez joatea justifikatu gabe.
c) Eritasuna edo istripua simulatzea.
d) Lana uztea edo zabarkeriaz jardutea, baldin eta klubari edo erabiltzaileei kalte larria egiten bazaie edo egin badakieke.
e) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea erabiltzaileei, nagusiei edo lankideei.
f) Iruzurra, leialtasun eza edo konfiantza-abusua agindu zaion lanean.
g) Klubari edo beste edozein pertsonari ebastea, lapurtzea edo jokabide horren konplize gisa aritzea, klubean berean edo jardueraren kokaleku den lantokian.
h) Agintekeria.
i) Lanerako bajan dagoen bitartean langileak norbere zein besteren kontura lan egitea, bai eta baja egoera sortu edo luzatze aldera iruzur egitea ere.
j) Laurogeita hamar egunean falta astun bera errepikatzea edo beste falta astun bat egitea, nahiz eta beste mota batekoa izan.
k) Aurreko artikuluetako falten zerrenda adierazpen gisa eman da.
Zehapenak:
Klubak zehapenak jartzeko ahalmena du. Zehapenak idatziz komunikatuko zaizkio langileari; gertakariak, faltaren gradua eta ezarritako zehapena adieraziko dira.
Falta astunak eta oso astunak lehenbizi langileen ordezkariei komunikatuko zaizkie, eta haien iritziak entzunen ditu klubak zehapena jarri aitzin. Dena den, zehapenak jartzeko ahalmena enpresak izanen du beti.
Klubak, falten astuntasuna eta inguruabarrak kontuan hartuta, gehienez zehapen hauek jartzen ahal ditu:
a) Falta arinak: idatzizko kargu-hartzea.
Enplegu eta soldatarik gabe uztea gehienez bi egunez.
b) Falta astunak: Idatzizko kargu hartzea.
3 egunetik 15era bitartean enplegu eta soldatarik gabe uztea.
c) Falta oso astunak: Enplegu eta soldata gabe uztea 16 egunetik 60 egunera bitarte.
Kaleratzea.
40. artikulua. Falten preskripzioa.
Graduaren arabera, falta arinek hamar egunen buruan preskribatuko dute, astunek hogei egunetan eta oso astunek hirurogei egunetan.
Horiek guztiak klubak gertaeren berri izaten duenetik eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.
41. artikulua. Legezko berrikuspena.
Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, Langileen Estatutuan eta aplikatzekoa den gainerako legerian xedatutakoari jarraituko zaio.
42. artikulua. Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren mende jartzea.
1. Bi aldeek erabaki dute lan hitzarmen hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren liskarrak konpontzeko, adiskidetze eta bitartekotza aldietan, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren iritziaren menpe jarriko direla.
Era berean, adierazten dute ahaleginak eginen dituztela ukituriko alderdiak auzitegi horren arbitraje prozeduraren esanetara jar daitezen.
Beraz, artikulu honek balio du alderdiak gatazkak konpontzeko arbitraje-organo horri berariaz atxikitzeko, eraginkortasun osoa duela, eta ondorioz, itunak enpresaburuak, sindikatuen ordezkariak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak aipatu organoaren bitartekaritza- eta adiskidetze-prozeduretan azaltzera epaiketara jo aitzin. Hortaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu berariazkoa eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.
2. Era berean, hitzarmen kolektibo honen sinatzaileek hitzematen dute ahaleginak eginen dituztela langileen eta enpresaburuen artean sor daitezkeen gatazka indibidualak Nafarroako Lan Gatazkak konpontzeko Auzitegiaren aurrean adiskidetze, bitartekotza eta arbitraje prozeduren mendean borondatez eta espresuki jar daitezen, Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko Lanbidearteko Akordioaren bigarren xedapen gehigarrian adierazten diren gaietan.
43. artikulua. Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna sustatzea lan arloan.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna Espainiako Konstituzioan aitortutako oinarrizko eskubidea da, eta giza eskubideei buruzko nazioarteko hainbat testutan jasotako printzipio juridiko unibertsala; horien artean, diskriminazio mota guztiak ezabatzeari buruzko Konbentzioa nabarmentzen da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak onetsia.
Era berean, Europar Batasunaren barruan, sexuen arteko berdintasunari buruzko jardunbide, erabaki eta irizpide ugari garatu dira: Erromako Tratatua, Amsterdamgo Tratatua, EBko Oinarrizko Eskubideen Gutuna. Zehazki, enpleguaren arloan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 2006/54/EE Zuzentaraua dugu, enplegu eta okupazio gaietan gizonen eta emakumeen arteko aukera eta tratu berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa.
Genero-mainstreamingaren edo -zeharkakotasunaren printzipioa Espainiako araudian txertatu da Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren bidez. Horren helburua da emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren printzipioa gauzatzea, bereziki, emakumeen diskriminazio oro ezabatuta, zuzena izan zein zeharkakoa izan. Lege horren IV. titulua pertsonek laneko aukera-berdintasunerako duten eskubideari buruzkoa da, eta 45. artikuluan zehazten da enpresa guztiek edozein lan-diskriminazio mota saihesteko duten betebeharra.
Martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuak, enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriei buruzkoak, funtsezko aldaketak egin zituen zenbait arautan, hala 3/2007 Lege Organikoan nola Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginean, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitakoan.
Araudi hori betez, eta entitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna zeharka, eraginkortasunez eta efizientziaz txertatze aldera, Club Tenis Pamplona klubak emakumeen eta gizonen arteko I. Berdintasun Plana egitea sustatu zuen, eta Nafarroako Gobernuan erregistratu, 2021eko urtarrilaren 9an, 31100902112020 kodearekin.
Sinadura:
Joaquin Arbeloa, kudeatzailea.
Asier Purroy, presidentea.
Edurne Buzunariz, langileen arduraduna.
Beatriz Garayoa, batzordekidea.
Silvia López, batzordekidea.
César Valencia, batzordekidea.
Álvaro Ortuño, idazkaria.
Iruñean, 2024ko martxoaren 12an.
I. ERANSKINA.–Soldata taulak
Jarraian adierazten da zein den 2024rako soldata taula. Hitzarmen hau indarrean den gainerako urteetan, urtero eguneratuko da taula, 12. artikuluan adierazitakoaren arabera.
2024. URTEA | ||||
Lanbide kategoria | Oinarrizko soldata | Aparteko | Guztira urtean | Soldata ordua gordina |
1. taldea | 2.855,96 euro | 2.855,96 euro | 42.839,37 euro | 25,32 euro |
2. taldea | 2.356,40 euro | 2.356,40 euro | 35.345,97 euro | 20,89 euro |
3. taldea | 1.979,36 euro | 1.979,36 euro | 29.690,40 euro | 17,55 euro |
4. taldea | 1.715,72 euro | 1.715,72 euro | 25.735,74 euro | 15,21 euro |
5. taldea | 1.581,71 euro | 1.581,71 euro | 23.725,62 euro | 14,02 euro |
6. taldea | 1.468,08 euro | 1.468,08 euro | 22.021,13 euro | 13,01 euro |
Iragarkiaren kodea: F2406085
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
