Iragarkia
108. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
339E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena egiten baita Artaxoan SAT Olagorriak sustatzen duen "Biometano ekoizteko behi-azienden gorozkiak prozesatzeko instalazioa" proiekturako.
2023ko urriaren 6an, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari hasiera emateko eskaera helarazi zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Artaxoan, Olagorria behi-azienden ustiategian ekoizten diren simaurretatik biometanoa sortzeko instalazio bat proiektatu da. Ustiategi horrek baditu ingurumen baimen integratua eta aldeko ingurumen eraginaren adierazpena, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 10eko 330E/2019 Ebazpenaren bidez emana. Proposamenak jardueraren funtsezko aldaketa bat dakar. Txosten honen I. eranskinean laburturik ageri dira instalazio berrien proiektuaren eta ingurumen dokumentuaren funtsezko datuak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Lege horren 7.2 c) artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaie I. eranskineko edo II. eranskineko jardueren aldaketa ekartzen duten jarduerei, zenbait irizpide betetzen badituzte, hala nola, izaten ahal diren zenbait inpaktu gainditzea. Kasu horretan, hondakin gehiago kudeatu behar dira eta, beraz, tramitatzen ari den proiektuari ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.
–Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.
Aurkeztutako ingurumen agiriak betetzen du Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehaztutako edukia. Lege horren beraren 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Ikus txosten honen II. eranskina.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta pasa behar duen edo ingurumenaren gaineko eragin kaltegarri adierazgarririk ez duen, ingurumen eraginaren txostenean ezarritako moduan.
–Proiektuaren analisia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak aintzat hartuta:
Proiektuak egungo abeltzaintza ustiategiaren ingurumen hobekuntza ekarriko du, haren ingurumen jasangarritasunarentzat lagungarria baita, emisioak murriztuz, energia berriztagarria lortuz eta sortutako simaurren balorizazioa ahalbidetuz. Ingurumen kalitatearekin lotutako eraginak minimizatu, ezabatu edo kontrolatu eginen dira, jardueraren aldaketaren gaineko ingurumen baimen integratuak ezartzen dituen baldintzak betetzearekin.
Proiektuko lurzatia Nafarroako Ubidearen ureztalurren zati bat da, Artaxoan. Proiektuko eremuan, presiopeko ureztaketan dauden lurzatien artean, tarteka ageri dira sakan mediterraneoak eta gaziak, ureztalurren hustubideak, eta harri gaineko larre-muino txikiak eta sastrakadiak. Proposamenak ez dakar landaredi naturalez estalitako eremuak okupatzea, eta, printzipioz, ez du eraginik sortzen proiektuaren eremuko natur ingurunearen balioetan. Ez da zuzkidura edo sarbide berririk behar, eta sortzen den gasa kamioi berezietan ebakuatuko da; beraz, instalazioaren inguruan ez da zuzeneko eraginik izanen ingurune naturalean.
Digestatoak banatzeko plana bat dator ustiategiko simaurrak banatzeko egungo planarekin. Planaren arabera ongarritu beharreko lurzatien zerrendan ez da ageri "Nekazaritza jatorriko nitratoz kutsatzeko arriskua duen eremuen" barneko lurzatirik; horiek deklaratu ziren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduan.
Digestatoak banatzeko planaren barruan daude Tafallako lursail pare bat, El Juncal aintziraren (KBE eta Erreserba Naturala 23) arroaren barruan, eta Faltzesko lurzati bat, muga egiten duena "Aragoi eta Argaren beheko aldeak" Kontserbazio Bereziko Eremuarekin (KBE). Gainera, planak zenbait lursail ditu estepako hegaztiak kontserbatzeko eremu kritikoen barruan. Azken urteetan egiaztatu da basoilo txikia (Tetrax tetrax) eta basoilo handia (Otis tarda) daudela, galtzeko arriskuan daudenak, estatu mailan eta Nafarroan, hurrenez hurren.
Saihesten ahalko da banaketa planak Natura 2000 Sareko habitat naturaletan zeharkako eraginak eta estepako hegaztien eta haien habitaten gaineko eraginak sortzea, El Juncal inguruko lursailak alde batera uzten badira, eta betetzen bada "Abeltzaintzako ustiategietako mindak, digestatoak eta/edo simaurrak modu egokian kudeatzeko protokoloa", Biodibertsitate eta Arrantzaren Kudeaketarako Zerbitzuak (III. eranskina) emana.
Halaber, esan behar da egiaztatu dela bete gabe daudela 2019ko ingurumen eraginaren adierazpenean landaredia berritzeko jasotako neurri gehienak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proposamenaren ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, zehazten du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela egokia proiektuari pasaraztea ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta eta proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira, hondakinen kudeatzailea izateko baimenaren ebazpenean jasotzen direnez gain; azken agiri horretan, funtzionamendurako behar diren baldintza guztiak jasoko dira, eta horiek integratuko dira proiektuaren Baimen nagusian. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.
Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua; eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua–, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Artaxoan SAT Olagorriak sustatzen duen "Biometano ekoizteko behi-azienden deiekzioak prozesatzeko instalazioa" proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan ezarritako moduan, eta beraz, ez du behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean ezartzen den ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik.
2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du honako baldintza hauek betetzea:
–2019tik bete gabe dauden ingurumeneko integrazio neurriak gauzatu eginen dira: mendebaldeko ezponda ongi eratu, lurrak egokitu eta hidroereintza eman; hegoaldeko ezponda landarez berritzea eta ekialdeko ezponda egokitu, landareztatu eta hidroereintza eman.
–Landaredia berritzeko dokumentazioan jasotzen den proposamena gauzatuko da, alegia, biometanizazio instalazioa kokatzen den zabaldia inguratzen duten ezpondak ereitea edo hidroereintza ematea; eta ezponda horietan landatzea tamariz edo/eta zuhaixka autoktonoen osatutako landare-hesi bat (aleak elkarrengandik 2,5 metrora jarriko dira); eta ereintza edo hidroereintza eginen da, orobat, biometanizazio instalazioen elementuen eta bideen artean sortuko diren bazter-eremuetan.
–Erauzitako pinuen lerro bikoitza berrezarriko da errepidetik sartzen den bidearen ondoan eta tramitatzen ari den proiektuak ukitutako eremuaren inguruan.
–Landaketetan espezie hauek erabiliko dira lehentasunez: baheak (Tamarix canariensis edo Tamarix africana) landareztatu beharreko lurzatien behealdean, eta areka edo hustubideen inguruetan, halakorik sortzen bada, eta halaber, proiektuko lurzatiaren hegoaldeko zerrendan eta hego-ekialdeko zabaldiaren inguruan zurzuria (Populus alba), intsusa (Sambucus nigra), erkametza (Quercus fagínea), elorri zuria (Crataegus monogyna), espirea (Spiraea hypericifolia) edo elorri beltza (Prunus spinosa). Landaketa horiek ureztaketaz hornituko dira jardueraren bizitza baliagarrian zehar.
–Jarduerak hartzen duen zabaldegiaren mendebaldean dauden zaborrak eta hondakinak beren izaeraren arabera kendu eta kudeatuko dira, hondakinen arloan indarrean dagoen legeriaren arabera. Era berean, beren izaeraren arabera kudeatuko dira, indarrean dagoen legediaren arabera, biometanizazio instalazio berriko hondeaketatik sortzen diren lur soberakinak, lur horien erabilera egokia baimendutako beste obra bat baita, edo proiektuaren inguru hurbileko eremu degradaturen bat lehengoratzea.
–Obra egiten ari den bitartean hondakin arkeologikoren bat agertzen bada, legezko betebeharra da aurkikuntzaren berri berehala ematea Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, ondare historikoaren arloan indarrean dagoen araudiari jarraikiz.
–Proiektuak jasotzen duen bezala, jarduerari une honetan energia ematen dion aireko linea elektrikoaren euskarrietan (deribazioa), metro bateko isolamendua lortuko da haien lokailuetan, eta euskarri horietan tentsioan dauden elementuak (konektoreak, balbulak, tximistorratzak, etab.) babestuko dira, zorroak, osagai aurreformatuak, txanoak eta abar erabiliz.
–El Juncal aintziraren kutsadura lausoak saihesteko (23. Erreserba Naturala eta Kontserbazio Eremu Berezia), banaketa planetik kanpo geratuko dira Tafallako 7. poligonoko 247. eta 246. lurzatiak; izan ere, aintzira horretara isurtzen duen terrazan daude partzela horiek, terrazatik sortu eta, neurri batean, hezegunea elikatzen duen iturburutik oso gertu.
–Natura 2000 Sarearen barruko habitat naturaletan eta digestatoen banaketan katalogatutako estepako hegaztien populazioetan eta habitatean ahal den kalte gutxien eragiteko, "Abeltzaintzako ustiategietako mindak, digestatoa eta/edo simaurrak modu egokian kudeatzeko protokoloa" jarraituko da planeko lursailetan: Faltzesko 13. poligonoko 956. partzela, Arga ibaiaren ertzaren ondoan, ("Aragoiko eta Argako beheko zatiak" KBE); Oteitzako 4. poligonoko lurzatiak, estepako hegaztiak kontserbatzeko eremu kritikoaren barruan, 1. EK "Aberin, Larraga, Morentin, Oteitza eta Villatuerta"; eta 11. EK "Miranda Arga, Tafalla eta Erriberri" eremuaren barneko partzelak (Tafallako 13. poligonoko 357. partzela eta 9. poligonoko 97. partzela, eta Miranda Argako 1. poligonoko 306., 309., 311., eta 314. eta 2. poligonoko 794. partzela).
–Txosten honen ondoren, zuzkidura berrien edo sortutako gasa eramateko hodiaren edozein proposamen aurkeztuko da haren ingurumen ukipenak ebaluatu daitezen, Ingurumen Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean eta Foru Lege horren Erregelamendua garatzen duen martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuan ezarritako baldintzetan.
–Biometanizazio instalazioa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten bat aurkeztu beharko du (memoria eta dokumentazio grafikoa), ingurumen eraginaren txosten honetan landaredia berritzeko jasotzen diren neurriak betetzen direla eta egindako landare-berritzeen egoera erakusteko.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau helaraztea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Artaxoako Udalari, Basozaintzari (10. barrutia, "Tafalla-Zangoza") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN ETA AURKEZTUTAKO INGURUMEN AGIRIAREN LABURPENA
Proiektuaren helburua da Artaxoako Olagorriko oraingo esne-behien ustiategia aldatzea; 2019an baimendu zen, 1.200 behi heldu, 3 hilabetetik beherako 239 txahal eta aurrerako 15 hilabetetik gorako 45 bigantxa zituela. Aldaketa da etxaldearen hegoaldean instalatzea biogasa sortzeko planta bat, sortzen diren simaur guztien digestio anaerobiotik abiatuta (26.100 t/urte). Ustiategia eta etorkizuneko instalazioa Artaxoako 12. poligonoko 569. lurzatian daude (128.000 m² inguru). Gaur egun, nabeak, minda-putzua eta ustiategiko gainerako elementuak 98.600 m²-ko zabaldi baten gainean daude, inguruan betegaiez egindako ezpondak dituztela.
2019ko baimenean aurreikusi gabeko jarduketak egin dira, horietako batzuk ingurumenean eragina dutenak: nabeen hego-mendebaldean kanpoko parke handi bat dago; zabaldi edo aparkaleku bat egin da landabide batean, ustiategiaren hego-ekialdean, sarbidearen inguruan, ia erabat kenduta 20 urte baino gehiago landatutako bi pinu-ilara; eta lubaki bertikal bat sortu da, ingurumen aldetik integratzeko zaila dena, kendu ez diren lau pinuen ondoan; azkenean, finkatu eta zabaldu da, 5 metroko zabaleraino, landabide baten 300 metro, jardueraren ekialdeko partzela batean, eta horretarako, belardi-bazkaleku bat okupatu da.
Biogas instalazioak 3000 m² inguru okupatuko ditu, Artaxoako 12. poligonoko 569 G azpilurzatiari dagokion labore ureztatuaren ekialdeko muturrean. 300 m³-ko edukiera duen harrera-baltsa zilindriko bat izanen du (10,42 m-ko diametroa, 4 m-ko altuera), elikatzeko modulu bat (tobera, simaur solidoetarako nahastea eta homogeneizatzea), digestore anaerobio zilindrikoa (3.138 m³-ko diametroa eta 6,3 m-ko altuera), altzairu herdoilgaitz duplex-ekoa, diafragma bikoitzeko estalkiarekin; biogasa lortzeko gunea (kondentsazioa, arazketa eta bereizketa), up-grading gunea (biogasa iragazi eta purifikatzea eta biometanoaren konpresioa) tubetrailer kamoia kargatzeko gunea eta, azkenik, zolatutako plataforma batean, instalazioaren zerbitzu eta funtzinamendurako behar diren bestelako elementu eta eraikinak.
Horiek jartzeko, lekua berdinduko da, eta goiko alderantz utziko dira, iparraldean, lur-erauzketako ezponda bertikalak edo 1H:1V-koak, 4 edo 5 m-ko altuerakoak, eta hegoaldean, lubeta-ezponda txikiagoak. Euri-uren sareak kutsatu gabeko euri-urak isurbide naturaleraino eramatea aurreikusten da. Proiektuaren arabera, ustiategiko simaurrak biltzeko sarea aldatu behar da, eta gaur egungo simaurren baltsa bi zatitan banatu: bat 1.428 m³-koa, landetxeko simaurrak instalazioan sartu aurretik biltzeko, eta, bestea, 10.571 m³-koa, sortutako digestatoak biltzeko.
Instalazioak esnea ekoizteko jarduerarekin batera funtzionatuko du modu jarraituan, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan. Hondakin likidoak hormigoizko hobi lurperatuetan deskargatuko dira. Hondakin solidoak nahasi eta zanpatu egiten dira, 10 mm-ko tamainara arte, eta homogeneizatu egiten dira, digestorera ponpatu aurretik. Ustiategian simaurrak biltegiratzeko ahalmen osoa 17.238 m³-koa izanen da. 682.001 Nm³/urte biometano (7.340,68 MWh/urte, sarera injektatutako energia) eta 789,45 kWt-ko biometano potentzia lortuko dira. Biometanoa tubetrailerretan garraiatuko da gas naturala banatzeko sareko injekzio punturaino.
Sortzen diren digestatoak nekazaritzako ongarri gisa banatuko dira, simaurrak kudeatzeko ustiategiak gaur egun duen planari jarraikiz. Planaren arabera, ongarri hori 266 lursailetan erabiltzen da (lehorreko lurra eta ureztalurra), Añorbe, Artaxoa, Berbintzana, Faltzes, Larraga, Mendigorria, Miranda Arga, Erriberri, Oteitza eta Tafallan.
Ingurumen dokumentuak alternatiben azterketa bat ere badu, ez gauzatzeko aukera baztertuta, instalazioa ustiategiko ingurumen neurrien hobekuntza dela aintzat hartzen baitu; bertan zehazten da instalazioaren kokapena, landetxetik hurbil edo ondoan geratzen delako, lur mugimendu gutxiago egin behar direlako, irisgarritasuna egokia delako eta abar. Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostena gehitu da, ustiategia handitzeko aurreko proposamen bati buruzkoa, oraingoa ez dena. Ez da jaso proposameneko hondeaketatik ateratzen diren lur-soberakinen kudeaketari buruzko azterketarik, eta sortzen den lur soberakinen bolumena edo haien behin betiko kudeaketa ere ez dira azaltzen.
Ingurumen kalitatea babesteko neurrien zerrendaz gain, dokumentuak instalazioaren perimetroa berriro landarez hornitzeko hainbat proposamen biltzen ditu: instalazio berriaren inguruko landaketa, tamariz aleak (Tamarix canariensis) landatuz 2,5 metroko tartearekin; landare-hesia, espezie autoktonoekin (marmaratila, txorbeltza, intsusa, ahuntz-sahatsa, serbal edo jasmin), edo basoko ipuru edo arte-motza landare handiak, ezponda soildua estaltzeko, ereindako belarrekin batera, edo, azkenik, lur-erauzketatik sortutako ezponda eta lubetetan hidroereintza egitea, instalazioa ezartzeko sortutako zelaigunean. Kanpoko argiteria araudian ezarritakoari egokituko zaio, ikusizko kutsadura gutxitzeko eta basa faunaren portaera aldatzea saihesteko. Babestuko dira, edo, behar bada, esekita jarriko dira hornidura linea airetik lurpera ekartzeko euskarrian eta ebakigailuaren euskarrian dauden eta tentsioa duten elementuak, konektoreak, etab., euskarri horietan elektrokuzio arriskua murrizteko. Azkenik, berehala jakinaraziko zaio ondare arkeologikoaren babesaz arduratzen den Nafarroako Gobernuko organismoari obretan ager litekeen edozein aurkikuntza.
II. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITZEN DITUEN ADMINISTRAZIOEI ETA PERTSONA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTA TRAMITEAREN LABURPENA
Artaxoan SAT Olagorriak duen esne-behien ustiategian abeltzaintzako gorozkiak biometanizatzeko instalazio bat jartzeko proposamenaren ingurumen eraginare ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioan, Biodibertsitate Zerbitzuak, 2023ko urriaren 26an, proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zuen, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta. Izapide horretan, kontsulta egin zaie Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakin Atalari, eta elkarte hauei ere bai: Iruñeko Ekologistak Martxan, GURELUR-Ingurune naturala babesteko Nafarroako Funtsa, Lurraren defentsarako Lurra elkartea, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria.
Hondakinen Atalak aditzera eman du eskatutako instalazioa bat datorrela Nafarroako egungo Hondakin Planarekin.
Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiarek Atalak aditzera eman duenez, "lursail horretan ez dago katalogatuta aztarnategi arkeologikorik, eta proiektuak ukitutako lurzatiaren eremua Santsoain V aztarnategiaren babes eremutik kanpo geratzen da, 2. mailarekin katalogatua, Artaxoako udalerriko 12. poligonoko 545. lurzatian. Beraz, eragozpenik ez dago kontsultaren tramitaziorako, katalogatutako Ondare Arkeologikoari dagokionez, Nafarroako Ondare Kulturalari buruzko 14/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde antolamenduko eta hirigintza plangintzako tresnen inguruan, eta "obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legezko betebeharra da horren berri ematea berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (email: arqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak).
Kontsultari erantzunez, Sustrai Erakuntza Fundazioak idazki bat bidali du alegazio zenbait eginez; haien edukian nagusiki biltzen dira jardueraren definizioarekin, partzela desafektatzeko ustezko beharrarekin, izapide motarekin eta abarrekin lotutako gaiak, eta beste gai batzuk ere bai, jardueraren ingurumen baimen bateratuan kontrolatzen direnak.
III. ERANSKINA.–ABELTZAINTZAKO USTIATEGIETAKO MINDAK, DIGESTATOA
ETA/EDO GOROZKIAK MODU EGOKIAN KUDEATZEKO PROTOKOLOA
Abeltzaintzako ustiategi bateko mindak, digestatoa edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua duen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak, Natura 2000 sarearen barruko lekuak, eta Nafarroako Foru Komunitatean estepako hegaztien kontserbaziorako eremu kritikoak), kasu horretan, bermatu beharko da nekazaritza jarduera eta txandakako lehorreko laborantza mantentzen direla, mesedegarriak izan daitezen faunaren kontserbaziorako, eta ondoko ingurumen baldintza hauek ere bermatu beharko dira:
–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.
–Debeku da urak kutsa ditzaketen edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo gorozkiak, obrako hondakinak edo substantziak bertan uztea.
–Lehorreko zereal alorretan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.
–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, lugorriak estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko garrantzitsuak direla ikusirik, gorozkien planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea saihestu behar da.
–Debeku da presio baxuko aspertsiozko ureztapen lokalizatuko banaketa sistema (fertirrigazioa). Leku horietan hodi esekiak dituzten tangen bidezko banaketa lokalizatua baimentzen da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta egiten bada: dosifikazioak estepako hegaztien babes egutegia errespetatu beharko du, eta intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen ur putzurik edo isuririk ez dela sortuko bermatu beharko du.
–Otalur edo alfer lur iraunkorrez okupatutako lursailetan ez da simaur, minda edo horietatik eratorritako produkturik aplikatzen ahalko nekazaritzarako (bat etorriz Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko 8.5 artikuluarekin). Gainera, alfer-lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira –KBEaren barrukoak zein kanpokoak–, ez zaie zeharkako ukipenik ere eraginen mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo putzuen ondorioz.
–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metro baino gutxiagoko distantziara, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa baldintzetan kontuan hartuko dira Estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).
–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi batekoak izan edo etengabeak izan, berdin. Errekak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxonak), habitat horiek KBEaren barnean sartuak egon edo ez. Nolanahi ere, ez da hustubideetara edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.
–Erreka zuloen eta hezegune gazien arro hidrografikoan kontuan hartu beharko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokien Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak (kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen).
Iragarkiaren kodea: F2407400
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
