Iragarkia
108. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
338E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez formulatzen da ingurumen eraginaren adierazpena Agropecuaria 2011 SL enpresak Mendazan duen zerri azienden ustiategia handitzeko proiekturako; 2.582 zerrama ugaltzaile, aurrerako 850 zerri eta 4.968 zerrikume izanen lituzke.
Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, Agropecuaria 2011 SLk, 2022ko martxoaren 14an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan aurkeztu zuen Mendazako zerri ustiategia handitzeko proiektua, 2.582 zerrama, aurrerako 850 zerri eta 4.968 zerrikume plaza hartzeko gaitasuna izan dezan.
Proiektuaren ezaugarrien arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, 1. taldeko A) 4 epigrafean sartzen da proiektua. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du proiektuak.
Ingurumen ebaluazioaren prozeduraren laburpena.
Aurretik, ingurumen dokumentua aurkeztu zen Biodibertsitate Zerbitzuan, Mendazako zerri haztegiaren proiektuaren irismen txostena eskatuz, ingurumen eraginaren azterketarako. Proiektu horretan jasotzen ziren orain tramitatzen den instalazioa osatzen duten elementuak, ur hornidurako baltsa izan ezik.
Biodibertsitate Zerbitzuak irismen txostena bidali zion sustatzaileari, barne zuela Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak emandako erantzuna (Kulturako Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundea). Txosten horretarako, ukitutako bederatzi administrazio publikori eta bederatzi pertsona interesaturi egin zitzaien kontsulta, eta erantzunak jaso ziren Abere Ekoizpenaren Ataletik (Abeltzaintza Zerbitzua), Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Erregistro Ataletik (Kulturako Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundea) eta Lurraldearen Antolamenduko Ataletik. Irismenaren epea 2021eko martxoaren 11n bukatu ondoren jaso zen Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren erantzuna.
Irismenari buruzko tramitearen emaitzaren laburpena ebazpen honen I. eranskinean dago.
2022ko martxoaren 24an, titularrak ingurumen baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta, horrekin batera, ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen.
2022ko apirilaren 26an (76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen), Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen espedientean jasotako dokumentazioa 30 egunez, eta kontsulta tramitea ireki zuen proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoentzat eta interesdunentzat, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoarekin. Ez da alegaziorik jaso, baina espedientean jaso dira kontsultatutako administrazio hauen erantzunak: Ingurumen Eraginaren Atala, Kutsaduraren Prebentziorako Atala, Lurraldearen Antolamendu Atala, Animalia Ekoizpenaren Atala eta Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Erregistroaren Atala. Horiez gain, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni, baina ez da haien erantzunik jaso.
Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioaren tramitearen emaitzen laburpena ebazpen honen II. eranskinean jaso da.
2023ko martxoaren 3an, proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egiteko eskaera aurkeztu zuen titularrak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. 2023ko martxoaren 7an, zerbitzu horrek Biodibertsitatearen Zerbitzura helarazi zuen espedientea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, azterketa teknikoa egin eta ingurumen eraginaren adierazpen arrunta eman zezan.
2023ko maiatzaren 26an, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak errekerimendu bat bidali zuen, Vasco Navarro trenaren bide berdearen babesari buruzko azterlanaren informazioa zabaltzeko, eta bestetik, zuzenketak eransteko proiektuari, instalazioa behar bezala eginen dela ziurtatzeko.
2023ko irailaren 7an, errekerimenduari erantzunez, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen. Neurri horiek indartu egin ziren urte bereko urriaren 27an aurkeztutako dokumentazio gehigarrian.
Analisi teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa.
Proiektuaren asmoa da zerri ustiategia handitzea, 1050 zerrama izatetik 2450 arte izatera, eta gehitzen dira, orobat, zerrikume eta aurrerako zerriendako plazak. Instalazioa Mendazako 5. poligonoko 50. lurzatian dago, Antzingo herritik 1500en bat metrora, mendebaldera, mendi magal baten pean, Ega ibaiaren kanpoko terrazatik igarotzen den Vasco Navarro trenaren bide berdearen ondoan. Proiektuaren laburpena ebazpen honen III. eranskinean dago.
Proiektuak ukitzen ahal dituen natur intereseko alderdien artean daude, besteak beste, laborantza lurrek osatzen duten landare-mosaikoa, alde batetik ES2200022 KBE "Lokiz mendilerroa" Kontserbazio Bereziko Eremuko mazeletako artadi gaztelar-kantauriarrak, eta bestetik, ES2200024 KBE "Ega-Urederra ibaiak" eremuan Egaren ibilbidean aurkitzen diren ibai-formazioak lotzen dituena. Eremu horri eransten zaio Vasco Navarro trenaren bide Bide Berdea, korridore biologikoa den eta balio soziokultural eta paisajistikoa duen aldetik.
Ur erauzketak izaten ahal duen ondorioa kontuan hartuta, baliabide hori udan Ega ibaiaren ibarrean urria baita, proiektuak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena aurkeztu du, lur azpitik hartu ahal izateko, eta hori indartzeko, Jurramendiko Mankomunitatearen hornidura gehigarri baten bidez.
Mendi-hegalaren morfologiara egokitzeko irtenbide gisa, proiektuan aurreikusi da nabeak zelaigune mailakatu batean eraikitzea, zeharkako nabeen ardatza maldaren noranzko berean orientatuta. Irtenbide horretatik kanpo geratu da aurrerako zerrien nabea, haren kokapena maldarekin lerraturik egonik, espazio faltak baldintzatuta, eta kontuan hartu da beste ustiategi batzuekiko gorde beharreko osasun distantzia.
Ondorengo fase batean konpondu beharreko baldintzatzaile gisa seinalatu da "Granada IV" aztarnategi arkeologiko katalogatua hor izatea; 3. mailako ondare-babeseko kategoria du, eta instalazioen ekialdean du eragina. Beste alternatibarik ezean, aztarnategi hori babesteko, proiektuak kautelazko neurriak jasotzen ditu, esaterako, jarraipen arkeologikoa egiteko betebeharra, eta obrak egin aurretik Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimena lortzea; beraz, egitura arkeologikoren bat agertu eta "Interes Kulturaleko Ondasun" edo "Ondasun Inbentariatua" izaera lortuko balu, bertan behera utziko lirateke obrak, eta proiektatutakoa ondoriorik gabe utziko litzateke.
Era berean, proiektuan Vasco Navarro trenaren bide habitatak eta berezko erabilerak babesteko neurriak jaso dira, turismo, ekologia eta kirol ibilbide den aldetik, haren erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza aintzat hartuta. Proiektuarekin batera, habitatei kalterik ez egiteko hainbat neurri jaso dira, hornidura proiektuak bide berdearekin muga egiten duen zerrendetan, eta sarbide planean aurreikusi da bide berdea ez ukitzea, ibilgailuak instalazioetara sartzeko edo mindak banatzeko partzeletara, gurutzatzeko ez bada, eta beste ibilbide batzuk proposatu dira, haientzat ere aurreikusiz habitatak babesteko neurriak, azkenean horiek egokitzen diren kasurako.
Kontuan hartu behar da instalazioak hartzen duen eremua sartzen dela hegaztiak linea elektrikoa jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua Nafarroan aplikatzeko mugatutako eremuaren barruan. Beraz, hori aintzat hartuta, baloratu da neurri zuzentzaileak berritzea, aukera bat zelako egungo hornidura elektrikoko linea aldatzea eta indartzea; aukera hori baztertu egin da, eta hautua egin da eguzki-panelen bidez autohornitzearen alde; hala ere, aukera hori irekia geratu da, aurrera begira.
Ingurumen eraginaren azterketa eta ingurumen ebaluazioko azterketa hau aztertuta, ikusi dugu, baliabideen kontsumoaz, sortutako usainen kontrolaz eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolaz gain –alderdi horiek aztertu dira ingurumen baimen integratuaren espedientean–, kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak direla: faunaren eta habitaten gaineko eraginak, sistema hidrologikoaren gainekoak, ondare arkeologikoen gainekoak, instalazioen ingurumen integrazioa, Vasco Navarro trenaren bide berdearen balioak, eta argiaren igorpena zerurantz gauean; izan ere, ukipenak sortzen ahal dituzte gizakien erabileretan, pertzepzio ingurunean, azaleko uretan, fauna espezieetan eta habitatetan.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazioaren Atalak, proiektuaren ingurumen eraginaren azterketa teknikoa egin ondotik, ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura behar bezala egin dela, eta ados agertu da aztertutako lau aukeren artean hautatu den irtenbidearekin. Hala, irizten da proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik; beraz, ingurumen eraginaren adierazpena egitea proposatzen da, eta zehazten da, ingurumen eraginei soilik dagokienez, proiektua egitea zilegi dela, ingurumen eraginaren azterketak ezarritako neurri zuzentzaileak eta ebazpen honetan jasotzen direnak aplikatuta.
Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak–, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Agropecuaria 2011SL enpresak sustatuta Mendazan dagoen zerri ustiategia handitzeko proiektuaren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Helburua da 2.582 zerrama, 850 aurrerako zerri eta 4.968 zerrikume plaza izatea.
2. Adieraztea jarduera horiek aurrera eramateko bete beharreko baldintzak goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoan jasotzen direla, eta, horiez gain, honako baldintza hauek:
–Obrek irauten duten bitartean, beharrezko neurriak hartuko dira proiektuaren eremuan dagoen zurezko landaredia babesteko, barne direla instalazioaren ekialdeko sarbiderako aurreikusi den bidean dagoena, ustiategia hegoaldetik mugatzen duen egungo beheko lerroan dagoena, eta hidrolisi-edukiontziak jarriko diren eremuaren hego-mendebaldean dagoena.
–Instalazioak ingurumen eraginaren azterketan eta dokumentazioko 2., 3. eta 4. eranskinetan ezarritakoaren arabera eginen dira. Haietan deskribatzen da topografiari nola egokitzen zaizkion nabeak, zelaigune mailakatu bat eratuz, eta deskribatutako lur-erauzketako ezponden bertikaltasuna eta altuera ez handitzen saiatuz, ondoren ingurumena lehengoratuko dela ziurtatzeko.
Era berean, proiektuak jasotzen duen bezala, neurriak hartuko dira ur-baltsan faunaren ihesbidea errazteko, haren ertz bat oso etzana eginez, eta sare plastikoaren gainean sare zurrun bat jarrita, ezbeharrez putzura erortzen ahal diren animaliak errazago atera daitezen.
–Hala badagokio, jarraipen arkeologikoaren emaitzaren ondorioz proiektuan egiten diren aldaketak, eragina badute instalazioak hegalaren morfologian integratzeko konponbidean, Biodibertsitatearen eta Arrantzaren Kudeaketaren Zerbitzuari jakinarazi eta hark txostena eman beharko du, ingurumen eraginaren adierazpen honen baldintzetatik gehiegi aldentzen ez dela ziurtatzeko.
–Simaurrak banatzeko lurralde-planak kontuan hartuko ditu,Lokizko akuiferoko kareharri karstifikatuen egoera ahulak ezartzen dituen mugez gain, Ega ibaiaren ibilguarekiko hurbiltasunak eta haren ibarrean Ega-Urederra KBE eremuaren barneko habitatak izateak ezartzen dituzten mugapenak ere.
Bereziki, planak koherentea izan behar du ingurune hartzailearen ingurumen balorazioarekin, "Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Espainia aldeko Plan Hidrologikoaren arau-xedapenen XII. eranskinaren" arabera jabari publiko hidraulikoa babesteko, eta biodibertsitatea babesteko ebazpen honen V. eranskinean erantsitako protokoloarekin.
–Ustiategia zabaldu ondoren jarduera hasten denean, Vasco Navarro trenaren bide berdea ibilgailu motordunen zirkulaziotik kanpo utziko da, non ez den hura gurutzatzeko, instalazioko sarbideetara iristeko; horrek barne hartzen ditu, bai instalazioko langileen ibilgailuak, bai produktuak hornitu edo bidaltzekoak, bai finketara mindak banatzekoak; horiek guztiek proiektuak ezarritako bide eta sarbide alternatiboen planari jarraituko diote.
–Dokumentazioa osatzen duen eranskinean jasotakoaren arabera, ur hornidura indartzeko hodia, Acedoko hartunetik instalazioraino, Vasco Navarro trenaren bide berdetik egiten bada, bide horren plataformaren erditik eramanen da, ertzetako landarediaren gaineko ukipenik eragin gabe, eta behar diren baimenak lortuko dira horretarako.
–Panel fotovoltaikoak jarri arren, elektrizitate horniduraren linea aldatu behar bada, linea berriak ingurumen ukipenen ebaluazioa beharko du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Legearen arabera.
–"Granada IV" aztarnategi katalogatua hor izateak ezartzen dituen baldintzatzaileei dagokienez, zabaltze-eremuaren ekialdean eragiten du eta, kontuan hartuko dira Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Erregistroaren Atalak (Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundea) 2020ko urriaren 29an egindako txostenaren baldintzak. Txosten hori VI. eranskin gisa erantsi da hurrengo txostenean.
–Orain handituko den instalazioaren argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina murrizteko, bete beharrekoa izanen da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa eta, zehazki, honako hau:
- Argi puntuetako goiko hemisferioak igortzen dituen gehieneko argi fluxuak % 5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 apartatua. Argi emisioen mugak.
Argi zuri-urdinkara duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurruneko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar (argi zuri-horia), edo 440 nm-tik beherako uhin luzeren erradiazioa iragaztea (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.2 apartatua-Argi iturriak). Aurreko hori posible ez denean (argi zuri-urdinkarak dituzten lanparak ekiditea), kanpoko argiak lanorduetan edo behar diren lanetan erabiliko dira, eta gainerako orduetan itzalita egon beharko dute.
–Obrak hasten direnean, landare lurra aterako da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra), eta gainerako hondeaketa lurretatik bereiz pilatuko da, ondoren, ezpondetan eta obrek ukitutako eremuak lehengoratzeko erabili ahal izateko.
–Aurreikusitakoaren arabera, kendutako landaredia lehengoratu eginen da sortzen diren muga berrietan, baltsaren hegoaldeko ezpondan eta ustiategia eta aurrerako azienden nabearen mugako betelaneko ezponden azalean.
Landaketetarako, eremuko baldintzetara egokitutako espezieak erabiliko dira, hala nola: karraskak (Quercus rotundifolia), abaritza (Q. coccifera) eta ipuruak (Juniperus oxicedrus).
Era berean, landaretza berritzeko tratamendua emanen zaie ondoz ondoko zelaiguneen artean sortutako ezponda berriei eta putzuak betetzeko ezpondei (landalurreko ereintza), eta zelaigunearen eta aurrerako azienden nabearen iparraldeko mugan sortzen diren lur-erauzketako ezpondei ere bai (hidroereintza).
–Lanak hasi baino lehen, gutxienez 48 ordu lehenago, Lizarra hegoaldeko (gmaestellasur@navarra.es) eta Lizarra iparraldeko (gmaestellanorte@navarra.es) barrutietako basozainei jakinarazi beharko zaie, deklarazio honen baldintzak betezeko eraz solasteko.
–Jardueraren ingurumen zaintza: instalazioaren aldaketa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu titularrak:
- Txosten bat, memoriaz eta agiri grafikoez osatua, ezponden akabera leheneratzeko ingurumen jarduketak, eta proiektuan aurreikusitako landaketak nola gauzatu diren erakusteko.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42 artikuluan ezarritakoari jarraiki.
5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Mendazako Udalari, Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalari (Lizarra Iparraldea eta Lizarra Hegoaldea barrutiak) eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–INGURUMEN EBALUAZIOKO KONTSULTAK
Irismen txosteneko kontsulten laburpena
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34.1 artikuluak araututako tramitean kontsultatutako erakundeen eta pertsona interesdunen erantzunen zerrenda (irismen txostena).
Lurraldearen Antolamenduaren Atala | X |
Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atala | X |
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia | X |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa | X |
Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala | |
Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala | |
Mendazako Udala | |
Antzingo Udala | |
Legariako Udala | |
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa | |
Nafarroako Unibertsitatea | |
Nafarroako Unibertsitate Publikoa | |
Ekologistak Martxan Iruña | |
Gurelur | |
Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea. | |
Sustrai Erakuntza Fundazioa | |
UAGN (Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Batasuna) | |
EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna) |
Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren eremua ingurumenaren eta paisaiaren aldetik balioa duen eremutzat jotzen du, Lokiz mendilerroko hegaletako landare-mosaikoaren eta Ega ibaiaren korridorea osatzen duten eremuaren barruan. Eremu horrek "Lokiz mendilerroa" ES2200022 KBE eta "Ega eta Urederra ibaiak" ES2200024 KBE lotzen ditu, eta gainera Vasco Navarro trenaren Bide Berdea du, korridore biologikoa eta balio soziokultural handiko eremua.
Txostenak azaltzen ditu instalazioaren ingurumen integrazioak izanen dituen baldintzatzaileak, proiektuaren hedadura handiagatik eta instalazioa mendi-magal batean duen posizio fisiografikoagatik, eta eransten du beharrezkoa izanen dela kiratsaren eragina ebaluatzea, emisio-iturri berririk ezartzen bada, Antzingo industrialdearen hurbiltasunagatik. Horrez gain, adierazten du ebaluazioan jaso beharko direla hornidurako, hornidura elektrikorako eta konektibitaterako azpiegituretan egin beharreko aldaketak, haien zerbitzuen eskaera handitu eginen baita etorkizunean. Txostenean jakinarazten da linea elektrikoa kokatzen dela abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren aplikazio eremuaren barnean (dekretu horren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren).
Oso garrantzitsutzat jotzen du simaurrak banatzeko planak lurraldean duen eraginari lotutako alderdiak baloratzea, Ega ibaira isurketak egiteko arriskua baitago.
Gainera, adierazten du Vasco Navarro trenaren Bide Berdea babesteko behar diren neurriak hartu beharko direla, harekin muga egiten baitu ustiategiak, eta handik du sarbidea; gainera, ingurumena lehengoratzeko neurriak hartu beharko dira, eta aintzat hartu beharko da gaueko zerua kanpoko argiteriatik babesteko araudia.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak txostena bidali du ingurumenaren ikuspegitik eta ingurune hidrikoan izan ditzakeen eraginei buruz. Txostenean, gainazaleko hidrologian, erreferentea da "Ega ibaia I Istora errekatik Urederra ibairaino" isurtze-arroa eta, lurpeko hidrologian, berriz, "Lokiz mendilerroa" ur masa, haren gainean kokatzen baita instalazioa. Bi masek "egoera ona" erakusten dute, eta ingurumen helburua da haien kontserbazio egoerari eustea.
Esparrua ez dago sailkatuta nitratoen bidezko kutsadurarekiko zaurgarri gisa, baina Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ohartarazi du lur gaineko eta lur azpiko ur-masak kutsatzeko eta degradatzeko arriskua dagoela, presio handia eragiten baitu eremu horretan bildu eta kudeatu behar diren abere gorozkien kantitateak, lurreko nitrogenoaren karga handituko baita eta arrastatze edo lixibiazio bidez, ur masa horien kutsadura lausoan eragin dezake.
Laburbilduz, eta dauden presioak aintzat hartuta, eta Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren 2016/2021eko Planean planteatutako ingurumen helburuak kontuan hartuta, proiektatutakoaren bideragarritasunari dagokionez, Nafarroako Gobernuari instalazio horrek dakarren arrisku bereziaz ohartarazten dio, nitratoen kutsadura ikuskatzeko duen eskumena egikaritu dezan. Beste alde batetik, ingurumen eraginaren azterketak garatu beharko lituzkeen baldintzak aipatzen ditu, ingurune hidrikoa, inpaktuak, hartu beharreko neurri zuzentzaileak eta jardueraren gaineko zaintza deskribatuz eta, bereziki, simaurrak kudeatzeko plana prestatzeari dagokionez. Plan horrek espresuki jaso beharko ditu ureztalurretako partzela jabeen baimenak.
Lurraldearen Antolamenduaren Atalak informazio soil modura eman ditu lurralde eta hirigintza plangintzari buruzko zenbait ohar, "Erdialdeko Eremuak" 4. LAPak (Lurralde Antolamenduko Planak) –hor kokatuta dago udalerria– horien gaineko bateraezintasuna edo mugapenak ezartzen ahal dituelako. Lurzoruaren sailkapenaren arabera, mugapen horiek Babes Bereziko Eremuei eta Arrisku Naturaletatik Babesteko Lurzoruei lotuta egonen lirateke, bai eta Faunarentzako Interes Bereziko Eremuak bezalako kategoriei ere, eta beste figura batzuei ere bai, kasua bada, lurralde konektibitateari, paisaiari edo bide historikoei lotuak. Udalez gaindiko plan eta/edo proiektu sektorialekin bat etortzeari eta ukipen sektorialei dagokienez, jarduera baldintzatu dezaketen organo eskudunen txostenak eskatzeko betebeharra orokorra dela adierazten da.
Mendazako Udalaren hirigintza plangintzari dagokionez, txostenak dio partzela lur urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela, larreen eta nekazaritza eta abeltzaintza produktibitate ertaineko laboreen artean, eta, lurzoruaren babes araubidearen arabera, abeltzaintza intentsiboari lotutako eraikuntzak baimentzen ahal direla. Abeltzaintza intentsibo eta estentsiboko eraikuntzen ezarpenerako hirigintza araudian eta eraikuntzari buruzko ordenantzetan ezarritakoaren arabera aplikatu beharreko baldintzak azaltzen ditu, eta azpimarratzen ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginetik aplikatu beharreko baldintzak, "ingurunera egokitzeko betebeharrari", eraikinen "altuerei" eta "bide publikoekiko" mugei buruzkoak.
Azkenik, proiektuak hirigintzako tramitazioan bete beharko dituen baldintzak aurreratzen dira, bai eta beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak, eta adierazten da titularrak behar diren txostenak eskatu beharko dituela, ukipen sektorialak direla-eta.
Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion sektore mailako araudiaren berri eman dio titularrari, kontsulta egin den tramitazio fasean. Haren arabera, abeltzaintza ustiategien arteko distantziak aplikatu dira. Beraz, bete da martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretua, abeltzaintzako ustiategiek eta haien instalazioek Nafarroan bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituena, eta ez dago une honetan proiektu hau galarazten duen elementurik.
Kontsulta fase honen ondorioz ikusi denaren arabera, proiektua bat dator antolamendu arautegiarekin eta aldeko txostena eman da, ez baitago deskribaturiko jarduera proiektuan azaltzen den tokian egitea galarazten duen elementurik.
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aditzera eman du, Granada IV aztarnategi arkeologiko katalogatua, 3. mailako ondare babes kategoria duena, proiektuaren esparruaren barnean egoteari dagokionez, litekeena dela proiektuak ukimena eragitea haren gainean. Hori dela eta, obren jarraipen arkeologikoa egin beharra eta jarraipen hori egiteko baldintzak adierazi ditu.
Segimendu arkeologiko hori, legeak hala aginduta, sektoreko arkeologo batek edo enpresa espezializatu batek egin beharko du, proiektuaren sustatzailearen kontura; Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aldez aurreko baimena beharko du, eta aipatutako esku-hartzea Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari dagokio. Horretarako, sustatzaileak idatziz eta behar den denboraz jakinarazi beharko du baimendu beharreko lanen hasiera.
Ohartarazten duenez, jarraipen horretan, Kultura Zuzendaritza Nagusiak hala erabakita, "Interes Kulturaleko Ondasun" edo "Inbentariatutako Ondasun" izaera lortuko luketen egitura arkeologikoak azaleratzen badira, obrak bertan behera utzi beharko dira, eta proiektatutakoa ondoriorik gabe utzi.
II. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA PERTSONA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN ETA INFORMAZIO PUBLIKOAREN IZAPIDEAREN LABURPENA
Hona hemen abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluak arautzen duen tramitean kontsultatutako erakundeen laburpena eta jasotako erantzunak:
Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda:
Ingurumen Eraginaren Atala | X |
Lurraldearen Antolamenduaren Atala | X |
Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala | X |
Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atala | X |
Vianako Printzea Erakundea | |
Mendazako Udala | |
Greenpeace Espainia | |
Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea. | |
Ekologistak | |
Martxan Iruña | |
Gurelur | |
Sustrai Erakuntza Fundazioa |
Ingurumen Eraginaren Atalak adierazten du aurretik egin zela irismen txostena, non esaten den sustatutako ustiategiak diferentzia gutxi aurkezten dituela; Proiektuari buruzko alderdi erabakigarriekin, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena gehitu da, "Granada IV" aztarnategia identifikatuz, proiektuaren esku-hartze eremuaren barruan. Espedientean Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostena ageri da, ur masak nitratoen kutsaduratik babesteari buruzkoa.
Atalaren txostenak berritu egiten ditu aurreko eranskineko irismen txostenean adierazitako ezarpen eremuko ingurumen balio eta baldintzatzaileei buruzko gogoetak, eta honako baldintza hauek ezartzen ditu, ingurumen eraginaren azterketa prestatzen denean sartu edo indartu beharrekoak: ustiategia hornitzeko akuiferotik ateratzen den ura ebaluatzea; jarduerak Vasco Navarro trenaren bide berdearen gainean eragiten duen trafikoaren ondorioa; instalazioa erliebearen formen arabera egokitzeko lurren mugimenduaren konponbidea; paisaia integraziorako neurriak eta gorozkiak kudeatu eta banatzeko plana aurkeztea, ingurune hartzailearen ezaugarrietara egokitua eta eguneratua, ur masen eta habitaten babeserako arau arloko eskakizunen arabera.
Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txosten bat egin du, aurreko eranskinean jasotako irismen-tramitean emandakoarekin bat datorrena.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du proiektuak betetzen dituela ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako kokapen baldintzak (haren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan abeltzaintzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoak), eta hiriguneekiko distantzia ere bai, otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuaren arabera (zerri haztegi intentsiboak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituena).
Adierazi du proiektuak justifikatu behar duela Teknika Erabilgarri Onenak betetzen direla, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera, eta Batzorderen erabakia, hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiboari buruz.
Azkenik, otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretua betetzearen ondorioetarako, ohartarazi du zenbait teknika edo tekniken konbinazio baliatu beharko direla zerritokiko eta mindak biltzeko baltsaren amonio isurketak %60 eta %80 murrizteko, hurrenez hurren. Azken horretan, xafla malgu batez estali behar da. Azkenik, simaurrak kudeatzeko planak eremu zaurgarrian dagoen partzelarik aurreikusten ez badu ere, berrikusi egin beharko da, minda likidoaren banaketatik kentzeko minden esklusio-eremu batean kokatzen diren partzelak.
Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikatu beharreko araudi sektorialaren berri eman dio titularrari, eta proiektuan egin beharreko egokitzapenak erantsi ditu animaliek argiaren esposizioan egin beharreko denbora eta intentsitate minimoari dagokionez, eta aurreratzen du zerrien babesari buruz 2025eko martxoaren 8tik aurrera indarra hartuko duen arau berria, sustatzaileak tramitatzen ari den proiektuan jasotzeko aukera baloratu nahi balu ere. Ondorio gisa, aldeko txosten baldintzatua ematen du proiekturako.
III. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Ugaltzeko zerri instalazio bat handitzea proiektatu da, 1.050 plazatik 2.450 arteko zerrama hartzeko (titia kentzeko zerrikumeekin), gizentze-aurreko zerrikumeen plazak 3.300tik 4.968ra gehitzea, eta aurrerako zerrien 210 plazatik 720 plazara (361,8tik 812 AzLU) gehitzea. Horretarako erantsiko dira, dauden instalazioen iparraldean, beste bost nabe sartuko dira, bata erditze plazak handitzeko, beste bi ernaldi plazetarako, bat ustiategiko aurrerako emeak hazi eta gordetzeko, eta beste bat gizendu aurreko aldirako.
Gainera, lehendik dauden minda baltsak kenduko dira, eta mindak tratatzeko eremuaren espazioa hobeki aprobetxatu eta handitu eginen da. Bertan izanen dira minda gordina hartzeko hobi bat, minda berezituen baltsa, bereizgailuaren zolata eta frakzio solidoa biltegiratzeko simaurtegia. Ur baltsa bat jarriko da lurzatiaren iparraldean eta sarrerako lokal bat hegoaldean, bulego eta aldageletarako.
Nabeak zabalera eta luzera diferentetakoak dira, eta paraleloan jarriko dira bosgarrenetik zortzigarrenera, luzerako ardatza ipar-mendebalde hego-ekialde orientazioan, zelai mailakatu bat eratuz partzelaren ipar-ekialdean, mendi hegalaren maldara egokitzeko. Aurrealdean eta atzeko aldean maniobra eremu zolatu bat geratuko da, haien arteko konexioa egiteko. 9. nabea, aurrerako azienden hazkuntzakoa, beste nabeen ekialdera orientatuko da, malda ebakiz, eta iparraldean ur-baltsa baterako tokia utziko da.
Instalazioak handitzearekin, elementu osagarri hauek erantsiko zaizkie: hildako animaliak kudeatzeko hidrolisi edukiontziak, eguzki panelak 5. eta 6. nabeetako estalkietan, Acedorekiko hornidura hodi bat eta simaurrak bereizteko eremu bat, iragazketa bidezko bereizketa ekipo batekin, minda gordina erabiltzeko aukera emanen duena, fase likido eta solidoan.
Instalazioa osotara elementu hauek osatuko dute:
Azienda gordetzeko nabeak:
Lehendik daudenak: 1. nabea (1.482,3 m²), 2. nabea (2.285,1 m²), 2. nabearen eranskina (204,5 m²); 1-2 nabearen eranskina (146,9 m²); 3. nabea (962,2 m²); eta 4. nabea (225,5 m²).
Berriak: 5. nabea, 6. nabea, 7. eta 8. nabeak (2.000 m²/nabea) eta 9. nabea: (1437,3 m²).
Beste elementu eta eraikuntza batzuk: sorgailuaren etxola, pellet erregai biltegia, sarrerako lokala, panel fotovoltaikoak, gasolio biltegiak eta sorgailuaren etxola, hidrolisi biltegiak eta beste batzuk: siloak, elikadura korridoreak.
Hornidurak ura hartzeko putzua du, 6.960 m³-ko ur hornidurako emakida duena, eta batez besteko emari baliokidea, kontsumo handieneko hilabetean, 0,24 l/s-koa; hornidurako hodia Acedo eta instalazioaren artean, 3.500 ml-koa (Jurramendiko Mankomunitatearen kontzesioa) eta ura biltzeko 2.389 m³-ko baltsa, lurrean zulatua eta xafla plastikoz iragazgaiztua. 3H:2V ezponda, zati batean izan ezik, non 3H:1V den, faunak aterabidea izan dezan egokitua eta sare zimurtsuarekin sendotua.
Simaurren kudeaketa: bereizketa eremuaren zolata (1.850 m²), minda gordinaren hobia (900 m³) eta simaurtegia (2.000 m³), eta baltsa erdi induskatu bat, bereiztutako mindarentzat, 22.795 m³-ko edukiera erabilgarrikoa, xafla plastikoz irazgaiztutako estalki malguarekin eta piramide-enborreko profilarekin eta 2H:1V ezpondekin, kontrolerako hainbat kutxetaz hornitua.
Okupazioei dagokienez, itxitura sanitarioaren barruan 54.935 m² inguru daudela zenbatetsi da. Horietatik 9.215 m² zabaldi zolatuek eta bideek okupatzen dituzte, eta 22.891 m², berriz, azalera iragazgaiztuek (14.436 m² eraikinen estalkiei dagozkie, eta 8.455 m² zolaten zoladurei eta baltsen azalerari). Ekimenak 5. poligonoko 50. lurzatiaren muga katastralak aldatu ditu, ondoko 5. poligonoko 126. lurzatiari utzita 6.385,4 m², eta azalera berdina erantsiz 5. poligonoko 168. lurzatiaren hegoaldetik.
Kalkuluen arabera, 18.133 tona simaur ekoitziko dira. Balorizatuko dira nutrigai gisa, labore finketan banatua, 129 ekoizpen hektareatan, Lokiz mendilerroko eta buztin-hondoetako lehorreko zerealak, eta zerealak eta barazkiak Ega ibarreko errekako lurretan.
Ugaltzeko zerri-jarduera intentsiboa, kume arrak (6 kg-koak) gizentzeko ateratzekoa, eta kumeak egiteko 20 kiloko zerramak (gizentzeko zerrikumeak) beste ustiategi batzuetarako, edo bertan aurrerako uzteko. Urtean 78.760 zerrikume ekoitziko direla kalkulatzen da. Horietatik ia erdiak gizentzeko izanen dira, eta 2.058 bertan aurrerako uzteko. Aurreikuspenen arabera, jarduerak kontsumituko ditu: 4.304 tona pentsu, 31.850 m³ ur eta 1,2 m³ gasolio urteko, 725 Mw/h elektrizitate eta 105 berogailuko pellet, eta honako hauek isuriko dira atmosferara: amoniakoa, CO2, oxido nitrosoa eta metanoa (berotegi efektuko gasak).
V. ERANSKINA.–ABELTZAINTZAKO USTIATEGIETAKO MINDEN, DIGESTATOAREN ETA/EDO SIMAURREN KUDEAKETA EGOKIRAKO PROTOKOLOA
Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak, Natura 2000 sarearen barruko lekuak), kontserbazioari mesede egiten dion nekazaritza jarduera eta ingurumen baldintza hauek betetzen direla bermatu beharko dira:
–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.
–Debeku da urak kutsatzen ahal dituzten edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra hondakinak edo substantziak bertan uztea.
–Eremu alfer iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik banatzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko abeltegien ingurumen baldintza teknikoak). Gainera, alfer lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira (KBEaren barruan zein kanpo egon), ez zaie zeharkako ukipenik eraginen mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sortzen ahal diren isuri edo putzuen ondorioz.
–Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa baldintzetan kontuan hartuko dira Estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).
–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi batekoak izan edo etengabeak. Errekak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxonak), habitat horiek KBEaren barnean sartuak egon edo ez. Nolanahi ere, ez da hustubideetara edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.
Iragarkiaren kodea: F2407437
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
