107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Udal ordenantza, arautzen dituena udal igerilekuen kudeaketa eta funtzionamendua. Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2024ko martxoaren 12an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, arautzen dituena udal igerilekuen kudeaketa eta funtzionamendua.

Jendaurrean egoteko epea iragan da, eta jaso dira alegazio batzuk; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 325. artikulua aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Valtierrako Udalak, 2024ko maiatzaren 2an egindako osoko bilkuran, baietsi egin zituen aurkeztutako alegazioak, eta behin betiko onetsi zuen ordenantza. Haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Valtierran, 2024ko maiatzaren 3an.–Jarduneko alkatea, Alfonso Pérez Hualde.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA VALTIERRAKO UDAL IGERILEKUEN KUDEAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA, BAI ETA ABONATUEI ETA ERABILTZAILEEI DAGOZKIENAK ERE

1. artikulua.

Valtierrako udal igerilekuak Landazuria kalean daude (zenbakirik gabe), eta honako hauek ditu: kanpoaldeko igerilekuak (jostatzeko igerilekuak eta haurren igerilekua), aldagelak, tenis pistak, erretegiak, terrazak, taberna eta zabuak.

Espazio horiek abonatuek eta erabiltzaileek erabiltzen ahal dituzte, eta lehentasuna izanen dute abonatu zenbakidunek, aldez aurretik ordainduta Valtierrako Udalak urtero finkatzen dituen tarifak. Tarifa horiek ordenantza fiskal honetan arautzen dira.

2. artikulua.

Abonatuak dira mantentze-kuoten ordainketa arruntaren araubidea dutenak, Udalaren kirol instalazioak erabili ala ez.

Ezartzen dira jarraian ezartzen diren denboraldiko abonu hauek eta eguneko sarrera hauek, adin tarteen arabera. Behar diren aldaketak izanen dituzte, jarraikiz Valtierrako Udaleko tasetan eta prezioetan ekitaldi bakoitzean onesten denari.

–Denboraldiko abonuak:

ADIN TARTEAK

PREZIOAK

65 urtetik gorakoak

50,00 euro

19tik 64 urtera bitarte

70,00 euro

16tik 18 urtera bitarte

55,00 euro

9tik 15 urtera bitarte

40,00 euro

4 eta 8 urte bitartekoak

15,00 euro

4 urtetik beherakoak

0,00 euro

–Eguneko sarrera.

ADIN TARTEAK

EGUN OSOA

ARRATSALDEA

16 urtetik gorakoak

6,00 euro

3,50 euro

4 eta 15 urte bitartekoak

4,00 euro

2,50 euro

Arratsaldeko sarrera 16:00etatik aurrera izanen da.

3. artikulua.

Ondoren azaltzen diren abonuei eta prezioei aplikatuko zaie %25eko deskontua familia ugariei eta %65tik gorako desgaitasuna dutenei.

4. artikulua.

Udal igerilekuko erabiltzaileak dira instalazioak erabiltzen dituztenak dagokion diru-kopurua ordaindu eta gero, indarrean dauden tarifekin bat. Valtierrako Udalak ezarriko ditu tarifa horiek. Langileek eskatzen ahal dute erakustea nortasun-agiri nazionala edo antzeko beste agiriren bat, erabiltzailearen adina egiaztatzeko.

II. KAPITULUA.–ABONATUAK ETA ERABILTZAILEAK ONARTZEA

5. artikulua.

Abonatuen kopuruak ez du mugarik. Inguruabarrek hala gomendatzen dutenean, Valtierrako Udalak abonatuen onarpena eteten edo mugatzen ahal du.

6. artikulua.

Onartzen ahal diren erabiltzaileen kopuruak ez du mugarik. Hala ere, instalazioetako langileek, edo instalazioko txandako arduradunak, erabaki dezakete erabiltzaile gehiago ez onartzea denbora baterako, honako zergati hauen arabera:

–Instalazioa jendez beterik egotea.

–Aurretik iskanbilak sortu izana sartzeko eskatzen duenak, edo aurretik gogaitu izana beste abonatu edo erabiltzaile batzuk edo instalazioetako langileak.

–Sartzeko eskatzen duena mozkor egotea, edo zikin, edo egoera fisiko eta mental desegokia izatea.

–Arestian aipatutako karguetan ari direnek aski justifikatutzat jotzen dituzten bestelako arrazoiak egotea.

–Valtierrako Udalak uste duenean ez dela komeni erabiltzaileak sartzea, matxurengatik, istripuengatik, erabiltzeko baldintzengatik edo beste arrazoi batzuengatik.

7. artikulua.

Valtierrako Udalak une oro du eskubidea instalazio-esparrurako sarrera ukatzeko, egoki jotzen dituen zergatiak aztertuta.

8. artikulua.

Abonatu berriak onartzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Nortasun-agiri nazionala aurkeztea.

–Familia-liburua aurkeztea, baldin eta 14 urtetik beherakoak inskribatu nahi badira.

–Urtero indarrean dauden tarifak ordaintzea.

9. artikulua.

Haurren abonuaren kasuan, nahitaezkoa izanen da abonatua izatea ama, aita edo legezko tutorea ere.

Haurren abonuetan, ordainagirien ondorioetarako, 4 urtetik aurrera hasiko da kuotak ordaintzen. Alta emanez gero 4 urte bete eta biharamunean, ordaindu beharko da dagokion kategoriari dagokion sarrera-kuota.

10. artikulua.

Valtierrako Udalak ekitaldi bakoitzean ezarriko ditu erabiltzaile mota bakoitzarentzako tarifak. Valtierrako Udaleko dagokion ordenantza fiskalean arautuko dira zenbatekoak.

11. artikulua.

Abonua edo aldi baterako txartela eskuratuta sartzen ahal dira erabiltzaileak instalazioetan. Horretarako, ordaindu beharko dute kategoria bakoitzerako indarrean dagoen udal tarifa.

Abonu horrek ez die eskubidea ematen beste instalazio edo zerbitzu batzuk erabiltzeko; izan ere, horiek kuota independenteak dauzkate.

Abonuak eskuratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Nortasun Agiri Nazionala edo antzeko beste agiri bat aurkeztea.

–Urtero indarrean dauden tarifak ordaintzea.

Abonu horien titular ez direnek honako bide hauek bakarrik dauzkate kirol instalazioak erabiltzeko:

–Eguneko sarrera.

–Kirol jarduera edo ikastaro batean izena ematea.

–Alkatetzaren berariazko baimena edukitzea, behar bezala justifikatua.

12. artikulua.

Abonatuek baja eman badute –ez ordaintzeagatik edo norberak hala erabakita– eskatzen ahalko dute berriz onar ditzaten. Horretarako, behar den kuota ordaindu beharko dute, eta zorrik izanez gero, horiek ordaindu.

13. artikulua.

Valtierrako Udalak eskubidea du onartzeko edo ez onartzeko kaleratzeagatik baja emandako norbait.

III. KAPITULUA.–KUOTAK

14. artikulua.

Abonatuek eta erabiltzaileek ordaindu beharreko zenbatekoak prezio publiko izanen dira, eta zenbateko horiek ordainduko dute zerbitzua ematea, prezio berezien araubidean. Mantentze-kuota gisa ordainduko dira, erabiltzeko eskubidearengatik, zerbitzua erabili ala ez.

15. artikulua.

Kuoten gutxienezko zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira abonu guztiak, bai eta erabiltzaileen kopurua ere, eta bermatuko da honako gastu hauek ematen direla:

–Mantentze-gastu arruntak, igerilekuen esparrukoak eta langileei dagozkienak.

–Igerilekuen esparruko aurreko ekitaldietako defizita, halakorik badago.

16. artikulua.

Valtierrako Udalak urtero kalkulatuko eta doituko du abonatuen eta erabiltzaileen kuoten zenbatekoa, kategoria bakoitzerako, aurrekontu arruntak formalizatzean, kontuan harturik zerbitzu berriak eta mantentze-lanen garestitzea.

17. artikulua.

Udalak ez dizkie kuotak itzuliko abonatuei eta erabiltzaileei behin fakturatu ondoren edo behin ordaindu ondoren (Udalak ezarritako tarifen arabera), arrazoiak edozein direla ere, salbu eta Administrazioak akatsik egin badu.

18. artikulua.

Igerilekuetarako abonatuen eta erabiltzaileen kuotak ordaintzeak ez du eskubiderik ematen Valtierrako Udalak kudeatzen dituen beste kirol instalazio batzuetara sartzeko.

19. artikulua.

Abonatuek Valtierrako Udaleko bulegoetan ordaindu behar dituzte kuotak.

Erabiltzaileek igerilekuetako atarian ordaindu beharko dituzte sarrerak.

IV. KAPITULUA.–ABONATUAREN IZAERA GALTZEA

20. artikulua.

Abonatu izaera galduko da honako inguruabar hauetakoren bat gertatuz gero:

a) Abonatuak berak eskatuta, horretarako eskaera idatziz aurkeztuta.

b) Abonatua hiltzea.

c) Zehapen baten ondorioz kanporatzea. Zehapenaren berri ematen den unetik aurrera izanen ditu ondorioak.

V. KAPITULUA.–ESKUBIDEAK

21. artikulua.

Hona hemen abonatu eta erabiltzaile guztien eskubideak:

a) Gozatzea igerilekuen esparruaren barnean dauden instalazioez, altzariez, tresnez eta materialez.

b) Iradokizunak eta arrazoitutako kexak idatziz aurkeztea Valtierrako Udalean.

c) Valtierrako Udalari galdegitea bete dezala ordenantza honetan ezarritakoa, abonatuei eta erabiltzaileei buruz.

d) Entzunak izatea eta errekurtsoak aurkeztea, baldin eta zehapen-espedienteak abiarazten badira beren kontra edo familiakoen edo igerilekuko lagunen kontra.

22. artikulua.

Abonatuak zigortzen badituzte, eta zigor horren ondorioz ezin badituzte instalazioak erabili aldi batez, beren eskubideak galduko dituzte zigorrak irauten duen bitartean.

23. artikulua.

20. artikuluan azaldutako arrazoiren batengatik igerilekuetako abonatu gisa baja ematen duten abonatuek beren eskubideak galduko dituzte automatikoki.

VI. KAPITULUA.–BETEBEHARRAK

24. artikulua.

Hona hemen abonatu eta erabiltzaile guztien betebeharrak:

a) Ordenantza honetan abonatuei eta erabiltzaileei ezarritako nahitaezko arauak betetzea.

b) Errespetuz tratatzea gainerako abonatu eta erabiltzaileak, behar den jokabidea izanez elkarrenganako harremanetan.

c) Men egitea Valtierrako Udaleko edozein langilek eta kanpoko langile kontratatuek egiten dizkieten ohartarazpenei, kargu-hartzeei, aholkuei edo antzekoei.

d) Valtierrako Udalak ematen dituen xedapen guztiak betetzea, bai eta erregelamendua guztiz betetzea ere.

e) Errespetatzea igerilekuetako abonatuen eta erabiltzaileen duintasuna, baita Valtierrako Udaleko langileena eta kanpoko langile kontratatuena ere.

f) Ezarritako kuotak garaiz ordaintzea.

g) Udal langileek eskatzen dieten aldiro erakustea karneta edo nortasun agiri nazionala.

VII. KAPITULUA.–ETENALDIAK ZERBITZUAN

25. artikulua.

Ordenantza honen arabera (ordenantza, arautzen dituena udal igerilekuen kudeaketa eta funtzionamendua, bai eta abonatuei eta erabiltzaileei dagozkienak ere), Valtierrako Udalak erabiltzaileei edo abonatuei ezartzen ahal dizkie instalazioak erabiltzeko edo horietaz gozatzeko mugak edo aldi baterako debekuak, modu partikularrean edo indibidualizatuan. Horretaz gain, Valtierrako Udalak erabakitzen ahal du instalazioak aldi batez ixtea, baldin eta honelako inguruabarrak gertatzen badira: izurritea, osasun-babes eskasa, kalte material larriak instalazioetan, larri eragitea bizikidetzari esparruaren barnean, istripu hilgarria edo antzeko beste arrazoi batzuk.

26. artikulua.

Valtierrako Udalak erabakiko ditu instalazioen irekitze ordutegia eta egutegia, eta interesdunen esku geldituko dira bulegoetan eta Valtierrako Udalaren web-orrian.

Valtierrako Udalak erabaki dezake instalazioez gozatzeko ordutegia murriztea.

27. artikulua.

Valtierrako Udalak erabaki dezake, udako denboraldirako, instalazioen irekiera edo itxiera egunak atzeratzea nahiz aurreratzea.

28. artikulua.

Baldin instalazioak irekitzea edo ixtea eteteko erabakiak kalterik eragiten badie abonua dutenei, Valtierrako Udalak ez du erantzukizunik izanen.

VIII. KAPITULUA.–INSTALAZIOEN ARAUDIA

29. artikulua.

–Instalazioen araudi orokorra.

1.–Funtsezkoa da erabiltzaileen eta Valtierrako Udaleko langileen artean eustea "elkarrenganako errespetuaren" kontzeptuari. Hain zuzen, men egin beharko zaie langileek –sorosleak eta kirol monitoreak barne– emandako jarraibide guztiei.

2.–Ez da onartuko 10 urtetik beherakoak sartzea, baldin 16 urtetik gorako batekin ez bada, hura izanen baita egiten duten guztiaren erantzule, esparruaren barnean dauden bitartean. Aktiboki zaindu beharko dituzte, etengabe.

3.–10 urtetik beherako haurrek 16 urtetik gorakoen zaintzapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihesteko eta gainerako erabiltzaileei eragozpenik ez sortzeko.

Antolatutako haur-taldeen kasuan (ikastetxeak, kanpaldiak eta abar), honako hauek, gutxienez, eskatuko dira:

–10 urtetik beherako haurrak: adin nagusiko pertsona bat 8 haurreko.

–10 eta 14 urteko arteko haurrak: adin nagusiko pertsona bat 15 haurreko.

Bi kasuetan, arduradunek aktiboki zaindu beharko dute taldea.

4.–Valtierrako Udalak ez du erantzukizunik izanen instalazioetan desagertzen diren gauzen gainean. Bi astez gordeko dira instalazioaren eguneroko garbiketan aurkitutako objektuak, edo atezaintzan edo beste langile batzuei entregatutakoak, eta, denbora hori igarota, Udaltzaingoari eramanen zaizkio, legez ezarritako izapidea bete dadin.

–Igerilekuen araudi orokorra.

1.–Ur bazterrera eta igeri-ontzira sartzeko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aurretik nahitaez dutxatu behar da.

2.–Ur bazterrean oinutsik ibili beharko da, edo txankletak jantzita.

Ur bazterrera ezin da oinetakoak jantzirik sartu, salbu eta Valtierrako Udaleko langileak, garbitze, mantentze edo zaintza lanetan ari badira.

3.–Debeku da ur bazterretan eta igeri-ontzietan erretzea, jatea edo hondakinak sortzen dituen beste zernahi egitea.

4.–Igerilekuen esparruan ezin da sartu beirazko elementurik edo bereziki hauskorra den objekturik.

5.–Debeku da igerilekuen esparruan sartzea beste erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozer (koltxoi puzgarriak, pilotak, ur pistolak, jostailuak, baloiak eta abar), salbu eta Valtierrako Udalak horretarako espresuki izendatzen dituen egun, ordu eta guneetan.

Debeku horretatik kanpo gelditzen dira igeriketako betaurrekoak eta haurrentzako mahukak edo burbuilak. Plisti-plastako guneetara jostailuak eramaten ahalko dira, betiere gainerako erabiltzaileei enbarazurik eragiten ez badiete.

Igeriketako entrenamenduaren berezko elementuak erabiltzeko, hala nola hegatsak, palak eta antzeko beste batzuk, sorosleen berariazko baimena beharko da, egunero. Baimen hori emateko, segurtasun- eta erosotasun-irizpideak hartuko dituzte kontuan, gainerako erabiltzaileei kalterik ez eragiteko.

6.–Ur bazterrean eta igeri-ontzian, debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Ezin da lasterka ibili, baloiekin jostatu, joko bortitzetan aritu edo uretan modu zakarrean murgildu. Hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei molestia eragiten dien deus edo uraren kalitateari eragiten dion deus.

7.–Legez ezarrita dago bainulari kopuru mugatua egon daitekeela igeri-ontzi bakoitzean (urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuaren 26. artikulua). Kopuru horretara iritsiz gero, igerilekuan jende gehiagori sartzea galarazten ahal zaio denbora batean.

8.–Sorosleek, igerilekuen esparruan, eskumena dute edozeini arreta deitzeko eta arauak betetzen ez dituztenen kontrako zehapenak jartzeko. Gorabehera horien berri eman beharko diete beti Valtierrako Udaleko langileei. Arau-haustea zer egunetan gertatu den, egun horretara mugatuko da zehapena. Baldin arau-haustea badago ordenantza honetako IX. kapituluan tipifikatutakoen artean (diziplina-araubidea arautzen da kapitulu horretan), dagozkien artikuluak aplikatuko dira.

9.–Udalaren ardura da igerilekuetako erabilerak antolatzea, eta aldez aurretik eman beharko die horien berri abonatuei eta erabiltzaileei, abisu egokien bidez.

Sorosleek ahalmena dute kaleetan igeriketa librea antolatzeko, une bakoitzeko igeriketa-mailen arabera, eta, aparteko egoeretan, ahalmena dute, orobat, igerilekuen esparruko erabilerak eta sarbideak antolatzeko.

10.–Jantziak: baimenduta daude gorputz osoa estaltzen duten jantziak, baldin eta bainatzeko soilik badira, eta egokiak.

–Berdegunearen araudi orokorra.

1.–Debekatuta dago jatea, horretarako berariaz mugatutako tokietatik kanpo (taberna, terrazak eta erretegiak).

2.–Berdeguneetara ezin da sartu botilarik, beirazko ontzirik edo antzeko hauskortasuna duen beste edozein objektu.

3.–Ezin da itzalkinik erabili. Hamakak, aldiz, erabil daitezke.

4.–Ez da ekintzarik onartzen baldin jendearen lasaitasuna eragozten ahal badu edo arriskua ekartzen ahal badie gainerako erabiltzaileei. Hortaz, ezin izanen da kirolik egin (horretarako prestatutako guneetatik kanpo), ez eta jostaketa bortitzik edo lasterketarik ere, eta ezin izanen da musika-aparaturik erabili, ez eta gainerako erabiltzaileei enbarazu egiten ahal dien deus ere edo zerbitzuaren kalitatean eragina izan dezakeen deus ere.

30. artikulua.

Jostaketa ontzia.

Ez zaie sartzen utziko 120 zentimetrotik beherako haurrei.

31. artikulua.

Erretegiak.

1.–Valtierrako Udalak, salbuespenez, mahaiak eta sutegiak erreserbatzen ahal ditu interesgarritzat jotzen dituen ekitaldiak antolatzeko.

2.–Inork ezin ditu mahaiak hustu, instalazioko langileek baizik.

3.–Mahaiak eta erretegiak erabili eta gero, nahitaezkoa da dena jasotzea eta tokia garbi uztea.

4.–Ezin dira sartu erretegia ongi erabiltzeko egokiak ez diren objektuak (adibidez: paletak, butanoa, gasolina, oholak eta abar).

5.–21:00etatik aurrera, ezin da sartu kanpoko egurrik.

6.–Debeku da musika erreproduzitzeko aparatuak erabiltzea edo gainerako erabiltzaileei traba eragiten dien bestelako gailurik erabiltzea. Horiek erabili ahal izateko, beharko da Valtierrako Udalaren berariazko baimena.

32. artikulua.

Hamakak.

1.–Udako denboraldian, Valtierrako Udalak zenbait gune prestatuko ditu abonatuek hamakak utz ditzaten.

2.–Valtierrako Udalak zehaztuko ditu datak.

3.–Ezarritako epean hamakak jasotzen ez badira, Udalak aukera izanen du horiek erretiratzeko, beharrezko baliabideak erabiliz, eta ez da beharturik egonen horiek biltegiratzeko eta zaintzeko.

33. artikulua.

Aldageletan eta beste toki batzuetan bete beharreko arauak.

1.–Erabiltzaileak aldageletan aldatuko dira arropaz beti, debekatuta baitago haietatik kanpo arropak jantzi edo eranztea.

2.–Aldageletan armairuak erabil daitezke.

3.–Debeku da armairu bat erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako. Arau hori betetzen ez duenari isuna ezarriko zaio, eta dagokion tarifa ordaindu beharko du. Orobat, armairuan gorde duen materiala handik aterako da eta jantzitegian edo bulegoetan utziko, isuna harreragunean ordaintzen den arte.

4.–Ez dira Valtierrako Udalaren erantzukizuna aldageletan edo armairuetan utzitako objektuak.

5.–Aldageletan eta komunetan ezin da bizarra egin, jan edo hondakinik utzi.

34. artikulua.

Istripuak.

Valtierrako Udalak ez du erantzukizunik izanen instalazioetako erabiltzaileek dituzten istripuen gainean, eragilea instalazioko akats bat izan ezean. Halakoetan, Udalaren erantzukizuna izanen da aurreikusita dagoena harpidetuta duen erantzukizun zibileko aseguru-polizan.

IX. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

35. artikulua.

Zehapenak nahitaez lotu beharko zaizkio prozedurari, eta horiek jartzerakoan kapitulu honetan xedatutakoari jarraitu beharko zaio.

36. artikulua.

Edozein kategoriatako abonatuek edo erabiltzaileek egin ditzaketen arau-hausteak izan daitezke arinak, astunak edo oso astunak.

Hurrengo artikuluetan azalduta daude talde bakoitzari dagozkion arau-hausteak. Dena den, adibideak baino ez dira, eta horrek ez du esan nahi beste batzuk egon ezin direnik, zeinak kalifikatuko baitira adibide horiekin duten analogiaren arabera.

37. artikulua.

Arau-hauste arinak dira Valtierrako udal igerilekuetako arauak eta erregelamenduak urratzen dituzten gertakari txikiak, arinki eragiten dietenak gizarte-bizikidetzari eta/edo gizarte-usadioei eta eragiten dutenak tratu desegokia ematea Valtierrako Udaleko langileei.

Zehazki, honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Instalazioak eta zerbitzuak behar ez bezala erabiltzea.

b) Eremu bakoitzaren berariazko araudia ez errespetatzea.

c) Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

d) Erretzeko guneetatik kanpo erretzea.

e) Kalte txikiak eragitea instalazioetan, edo hirugarren pertsonen material edo ondasunetan, ardurarik edo zuhurtziarik gabe jokatzeagatik.

f) Aldaketak egitea, baimenik gabe, altzarietan, iragarki-tauletan edo karteletan.

g) Gaizki tratatzea gainerako erabiltzaileak edo Valtierrako Udaleko edo kanpoko enpresetako langileak.

h) Ez biltzea eta ez garbitzea erretegiko mahaiak, terrazak eta ospakizunetarako aretoa, ez eta sutegiak ere, horiek erabili eta gero.

i) Antzeko beste edozein arau-hauste.

38. artikulua.

Arau-hauste astunak dira eragin handia dutenak gizarte-bizikidetzan eta gizarte-usadioetan, larriki hausten dituztenak indarrean dauden xedapenak, errespetu-falta dakartenak Valtierrako Udaleko instalazioetako langileengana, edo kalte larria eragiten dietenak bertako instalazioei edo materialei eta haien interes orokorrei.

Era berean, astuntzat hartuko dira abonatuek edo erabiltzaileek egindako arau-hauste arinak, baldin eta aurretik ere zehapena jasoa badute.

Zehazki, honako hauek dira arau-hauste astunak:

a) Arau-hauste arintzat jotakoak, baldin eta Valtierrako Udalaren interesei nabarmen egiten badiete kalte edo bizikidetza baketsua kolokan jartzen badute. Orobat, arau-hauste arinak behin eta berriro eginez gero, astuntzat joko dira, igarotako denbora edozein dela ere.

b) Iraintzea eta errespeturik gabe tratatzea Valtierrako Udalean ari diren langileak, bertakoak zein kanpoko enpresetakoak.

c) Ordena publikoko eskandaluak edo liskarrak sustatzea edo horietan parte hartzea adiskidetzari lagundu gabe.

d) Zuhurtziagabekeriak egitea, baldin arrisku fisikoa eragiten ahal badiete beste batzuei edo matxurak eragiten ahal badituzte Valtierrako Udalaren instalazioetan.

e) Kalte larriak eragitea, nahita, Udalaren edo hirugarren pertsona baten ondasunetan.

f) Uko egitea Valtierrako Udaleko langileei emateari beharrezko datuak eta edozein arau-hauste argitzeko beharrezkoa den dokumentazio pertsonala.

g) Men ez egitea Valtierrako Udalean ari diren langileek egindako ohartarazpenei (bertakoek nahiz kanpoko enpresetakoek).

h) Besteei enbarazu egiten dien mozkorra.

i) Legez baimenduta ez dauden substantziak erabiltzea, toxikomaniak eragiten dituztenak.

j) Edozein motatako pintadak egitea.

k) Irain, laido edo mehatxu larriak egitea abonatuei, langileei edo erabiltzaileei.

l) Eskandalu publikoa sor ditzaketenak.

m) Antzeko beste edozein arau-hauste.

39. artikulua.

Arau-hauste oso astunak dira aurreko artikuluan adierazitako gertakariak, baldin eta oso nabarmen kalte egiten badiete Udalaren interesei, edo oso kalte larriak eragiten badituzte gizarte-bizikidetzan edo instalazioetako langileei zor zaien errespetuan.

Era berean, arau-hauste bat oso astuntzat joko da, baldin arau-hausleak aurretik egin badu beste arau-hauste astun bat edo oso astun bat, eta preskribatu ez badu.

Zehazki, honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Arau-hauste astun gisa jotakoak, baldin eta oso nabarmen egiten badiete kaltea Udalaren interesei, bizikidetza baketsua oso larriki jartzen badute kolokan edo behin eta berriz egiten badira.

b) Ohartarazi ondoren, falta astun bat egiten jarraitzea.

c) Edozein pertsonari eraso fisikoa egitea.

d) Enplegatu bati mehatxu egitea, enplegatua Udalekoa izan edo kanpoko enpresa batekoa izan.

e) Istilu larriak sortzea gizarte edo kirol ekintza batean, edozein bitartekoren bidez.

f) Modu bidegabean jabetzea igerilekuen esparruko edozein objektuz edo gainerako erabiltzaileen edozein objektuz.

g) Igerilekuetako erabiltzaileentzat eta instalazioetarako ondorio larriak izan ditzakeen ekintza edo zuhurtziagabekeria oro.

h) Mozkor bortitza edo eskandaluzkoa izatea.

i) Legez baimenduta ez dauden substantziak banatzea, toxikomaniak eragiten dituztenak.

j) Kalte larriak eragitea, nahita, igerilekuen esparruko objektuetan eta instalazioetan.

k) Instalazioetako langileek hala eskatuta, instalaziotik irteteari uko egitea.

l) Banaka edo taldean men ez egitea enplegatuei, Udalekoei nahiz kanpoko enpresetakoei.

m) Antzeko beste edozein arau-hauste.

40. artikulua.

Arau-hausteek beren kalifikazioaren araberako zehapena izanen dute.

a) Falta arinek zehapen ekarriko dute instalazioa denbora batean erabili ezina: egun batetik 14 egunera bitarte.

b) Falta astunek zehapen ekarriko dute instalazioa denbora batean erabili ezina: 15 egunetik hilabete batera bitarte.

c) Falta oso astunak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko zaizkio, kasu bakoitza azter dezan eta behar den zehapena ezar dezan: instalazioa erabili ezina ekarriko du: hilabete batetik betiko erabili ezinera bitarte. Dena den, horretaz gain, Udalak legezko egintzak abiarazten ahal ditu arau-hauslearen aurka. Zehapen horrek ekarritako kanporatzeak ondorioak izanen ditu komunikazioa egiten den unetik.

41. artikulua.

Arau-hausteek honako preskripzio-epe hauek izanen dituzte:

–Arinak: hiru hilabete.

–Astunak: sei hilabete.

–Oso astunak: urtebete.

42. artikulua.

Zehapenak mailakatzeko, kontuan hartuko dira arau-hauslearen inguruabarrak, hala nola adina edo intentzionalitatea, egindako arau-haustearen garrantzia eta ondorioa, edo antzeko beste edozein inguruabar.

43. artikulua.

Ezarritako zehapena gorabehera, arau-hausleak kalteren bat eragiten baldin badu instalazioetan edo beste ondasun material batzuetan, ordaindu beharko du konpontzeak, ordezteak edo beste bat erosteak dakarren kostua.

44. artikulua.

Betebehar eta obligazio dute Udalak, kirol-koordinatzaileak, instalazioen arduradunak eta langileek, zehaztutako lehentasun-ordenari jarraituz, gertatutako edozein egitate zehagarri ikertzea, zer gertatu den argitzeko eta dagokion instrukzioa egiteko.

45. artikulua.

Valtierrako Udalak bere langile bati edo batzuei ahalmena emanen die arau-haustea lehen instantzian zehazteko eta zehapena kautelazko neurri gisa tipifikatzeko.

Zenbatuko da ustezko arau-haustea egin denetik dagokion zehapena ezarri arte igarotako denbora, zehapenaren ondorioetarako, baldin eta aldi horretan zehapena bete bada.

Kautelazko neurri gisa, eta gehienez 72 orduz, Udaleko edo Udaltzaingoko langileek instalaziotik kanporatzen ahal dute erabiltzailea edo abonatua, baldin eta hark jaramonik egiten ez badie esandakoei edo ahozko ohartarazpenei, eta desgaiturik uzten ahal dute, arduradunari gertatutakoaren berri eman arte.

46. artikulua.

Inkulpatuak egitateei buruzko deskargu-plegua aurkezten ahalko du, bere burua defendatzeko:

a) Baldin enplegatuak hasiera batez falta arin gisa tipifikatu badu, 24 orduko epean, zenbatzen hasita enplegatuari arau-haustea behin-behinean tipifikatu dela jakinarazten zaion unetik.

b) Falta astunen eta oso astunen kasuan, gehienez 72 orduko epean, instrukzio-organoaren zehapen-proposamena jakinarazten den unetik aurrera.

47. artikulua.

Zehapen-espedientea ebazteko eskumena duen administrazio organoa honako hau da:

–Arau-hauste arin eta astunen kasuan: Valtierrako Udaleko alkatea edo, hala badagokio, zinegotzi ordezkaria. Aldez aurretik, dagokion zehapen-espedientea instruituko du Kirol Arloak edo haren ordezkoak.

–Arau-hauste oso astunen kasuan: Valtierrako Udaleko Gobernu Batzarra. Aldez aurretik, dagokion zehapen-espedientea instruituko du Kirol Arloko Gerentziak edo haren ordezkoak.

48. artikulua.

Zehapen-espedientearen ondorioz egiten diren komunikazioak eta jakinarazpenak bidaliko dira abonatuen fitxetan agertzen diren helbideetara, edo, erabiltzaileen kasuan, NANean agertzen den helbidera.

Abonatuak haurrak badira, haren ordezko gisa agertzen denari igorriko zaio jakinarazpena.

49. artikulua.

Orobat, honako errekurtso hauek jar daitezke zehapenaren aurka:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legeari, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik hasita;

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik hasita.

c) Arestian aipatutako errekurtsoen aurretik, aukeran: berraztertzeko errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio jakinarazten den egintza eman duen udal organoari, hilabeteko epean, jakinarazpen honen biharamunetik hasita.

50. artikulua.

Ordenantza hau indarrean sartuko da behin betiko onetsitakoan udalekotze espedientea, eta aplikatuko ditu, behar denean, une horretan abonuetarako eta eguneko sarreretarako ezarritako zenbatekoak, eta betiere ekitaldi honetan.

Iragarkiaren kodea: L2407315