107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URDAIZKO KONTZEJUA

Aldaketa, honako honetan: Ordenantza, arautzen dituena Urdaizko Kontzejuko
herri-larreen aprobetxamenduak. Behin betiko onespena

Urdaizko Kontzejuak, 2024ko otsailaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Herri-larreetako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza (2024ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 19an).

Jendaurrean egoteko epea iraganik eta garaiz eta behar bezala aurkeztutako alegazioak ebatzirik, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz Nafarroako uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; 325. artikulua aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Urdaitz, 2024ko maiatzaren 7a.–Lehendakaria, Sofía Vega García.

HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Lehena.–Urdaizko Kontzejuaren larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

Aprobetxamenduen epea hamar urtekoa da, behin betiko adjudikaziotik kontatzen hasita, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren kasuan; adjudikazioa enkante publiko bidezkoa bada, berriz, zortzi urtekoa. Lehen urtekotik aurrera, KPIaren arabera eguneratuko dira, erakunde eskudunak Nafarroarako onesten dituen indizeei jarraituz.

Bigarrena.–Orokorrean, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez, familia-unitateak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduen onuradun, baldin haien titularrak honako baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusi izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua, edota legez eratutako pertsona juridikoa izatea.

b) Biztanleen udal-erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, bi urteko antzinatasunarekin, eta Urdaitzen benetan bizitzea gutxienez bederatzi hilabetez urtean.

c) Esteribarko Udalarekiko eta Urdaizko Kontzejuarekiko zerga-arloko beharkizunak beteak izatea.

d) Abeltzaintzan jardutea. Lanbide hori behar bezala frogatu beharko du Udal honen iritzirako; orobat, azienda bertan erroldaturik eduki beharko du eta/edo indarreko abeltzain-kartilla eduki beharko du, aditzera emanik zenbat abelburu dauzkan, bai eta aziendaren osasun-ziurtagiria ere, zeina urtero berrituko baita abelburu-kopurua aldatzen bada.

e) Erabilera zuzenean eta pertsonalki egitea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien aprobetxamendua zenbaiten artean egitea hartuko da zuzeneko aprobetxamendu pertsonaltzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan, edo pertsona juridikoa eratzen badute, eta, betiere –aukera horietako edozeinetan– kide guzti-guztiek betetzen badituzte artikuluan adierazitako baldintzak.

Zuzeneko aprobetxamendurik ez dagoela iritziko zaio, baldin adjudikaziodunak baja ematen badio bere aziendari edo abeltzain-jarduerari, ez badu aitortzen abeltzaintzako etekinik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, azken hori egitera beharturik egonik, eta eskatzen zaizkion agiriak aurkezten ez baditu horretarako emaniko epean, zuzeneko aprobetxamendua justifikatzeko agiriak eskatzen zaizkionean (abeltzainen gizarte segurantzako frogagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo beste).

Urdaizko Kontzejuak noiznahi eskatzen ahalko ditu agiri horiek, adjudikazioa indarrean den bitartean, eta adjudikaziodunak hamabost eguneko epean aurkeztu beharko ditu agiriok.

Herri-larreen zuzeneko aprobetxamendua ez konplitzeak berekin ekarriko du adjudikazioa bertan behera gelditzea eta galtzea; arau-hausleak ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izanen, eta erabilitako denbora ordaindu beharko du.

Hirugarrena.–Ordaindu beharreko saria ez da abelburu-kopuruaren araberakoa izanen, baizik eta lurzati hauek biltzen dituen larratzeko eremu bakar bat ezartzen duen balorazioaren araberakoa: 306, 307, 309, 310 eta 338aren zati bat (herri-lurretako alanbre-hesiak mugatua).

Adjudikatu nahi den azalera (lurzatiak, mendia eta 2024an eraikitzeko proiektatutako abeltzaintzarako baltsa barne, eta itxituren egungo egoerarekin) 56 hektarea ingurukoa da, eta larreetarako bakarrik erabiliko dira. Prezioa urteko laurehun eta hogei eurokoa (420 euro) izanen da, eta Nafarroako prezioen indizearekin bat handituko da urtero, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeari jarraikiz. Epea hamar urtekoa izanen da (behin betiko adjudikazioa egin eta biharamunetik aurrera), herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez eginez gero, edo zortzi urtekoa, enkante publikoaren bidez eginez gero.

Ordainketa urtean behin eginen da, urte bakoitzeko ekainaren hogeita hamarra baino lehen.

Laugarrena.–Larreetan hobekuntzak egiten badira edo beste eremu batzuk gehitzen bazaizkie, horien balorazioa egin eta errentamenduaren prezioa handituko da. Kontrara, edozein inguruabar dela-eta larreen azalera gutxitzen bada, errentamenduaren kuota jaisten ahalko da.

Bosgarrena.–Adjudikazio-prozedura ediktua kontzejuko iragarki-taulan argitaratuz hasiko da. Beren burua eskubideduntzat jotzen dutenek hamar egun baliodun izanen dituzte behar den eskabidea egiteko.

Seigarrena.–Baldin zuzeneko adjudikazioa izateko eskubidea duten zenbait herritarrek herri-basoan interesik badute, Kontzejuak eskatzaile guztiei adjudikatuko die saroia, bideragarri irizten badio. Herritar horiek kanona proportzioan ordainduko dute, kontuan harturik bakoitzak daukan abelburu-kopurua, onar daitekeen gehieneko abelburu-kopurura iritsi arte.

Herritar batek baino gehiagok badu zuzeneko adjudikaziorako eskubidea eta Kontzejuak ikusten badu ez dela posible baterako adjudikazioa, toki-erakundeak ezarritako irizpideak bilduko dituen baremo baten bidez eginen da adjudikazioa. Irizpide horiek izan daitezke, esaterako, ogibide nagusia nekazaritza izatea, abeltzain gaztea izatea, abelburu-kopurua, finken hurbiltasuna eta abar.

Kontzejuak, eskabideak ikusirik, onartutakoen zerrenda eginen du, eta beste bost eguneko epea irekiko erreklamazioetarako. Epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko zerrenda behin betikoa izanen da. Erreklamaziorik aurkezten bada, Kontzejuak hamar eguneko epean ebatziko du, eta, gero, behin betiko zerrenda onetsi eta jendaurrean jarriko du Kontzejuko iragarki-taulan. Behin betiko esleipenaren erabakia banan-banan jakinaraziko zaio onuradun bakoitzari.

Zazpigarrena.–Baldin eta zuzeneko adjudikazioa hutsik gelditzen bada, enkante publikoaren bidez esleituko dira, zortzi urterako, jarraikiz indarrean dagoen araudiari eta ordenantza honetatik aplikatzekoa denari. Enkantea egin ondotik esleitu gabe gelratzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

Zortzigarrena.–Adjudikaziodunek mantendu eta zaindu beharko dituzte herri-lurretako itxiturak eta azpiegiturak (putzua, askak eta ganaduarentzako ura hornitzeko gainerako ekipamendua). Errentamendua bukatutakoan, instalazioetan egindako hobekuntzak Kontzejuarendako izanen dira. Adjudikaziodunak egin beharreko gutxieneko mantentze-jarduketen zerrenda erantsiko da adjudikazioaren unean.

Bederatzigarrena.–Esleipen hartzaileek egungo ataka eta zerrakurak errespetatuko dituzte, eta ataka gehiago paratu edo egungoak aldatu behar badira, baimena eskatu beharko diote Kontzejuari.

Hamargarrena.–Adjudikaziodunek baldintzaren bat betetzen ez badute, Kontzejuak eskubidea izanen du errentamendua desegiteko, eta, orduan, Kontzejuaren interesen kontrako kalte-galeren ordain guztiak adjudikaziodunaren kontura izanen dira.

Hamaikagarrena.–Adjudikaziodunen eta Urdaizko Kontzejuaren artean sortzen diren gorabehera guztiak Kontzejuak ebatziko ditu lehenik, eta Toki Entitateen Ondasunei buruzko Legeak eta Erregelamenduak eta indarra duen gainerako legeriak ezartzen duten bezala.

Iragarkiaren kodea: L2407408