107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Aldaketa udalaren kirol-eskolen erregelamenduan. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2024ko otsailaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa egitea Uharteko Udalaren kirol-eskolen erregelamenduan. (544/2019 espedientea).

2024ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 19an, baita udalaren iragarki-taulan ere, eta legezko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, testu osoa argitara ematen da honen ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean indarra har dezan.

UHARTEKO UDALAREN KIROL-ESKOLEN ERREGELAMENDUA

Udalaren kirol-eskoletako kirol-sistema

1. Haurren jarduera fisikoa sustatzea da Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren xedeetako bat; horretarako, sustapen horren plangintzaz, kontrolaz eta ebaluazioaz arduratuko da udalaren Kirol Eskoletako programaren bidez.

2. Udalaren kirol-eskolen parte izanen dira Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak urtero maiatzean argitaratzen duen udalaren kirol-programan izen horren barruan jasotako eta Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak kudeatutako kirol-modalitateak.

Modalitate horietatik kanpo gelditzen dira izotz-diziplinak (hockey eta artistikoa), beren araudi propioak izanen baitituzte, baita ikastaroen izendapena jasotzen duten kirol-jarduerak ere.

3. Udalaren kirol-eskolak sei urterekin hasiko dira eta, oro har, 14 urterekin amaituko dira. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak eskolen hasiera- eta amaiera-data aldatzen ahalko du, interes publikoko arrazoiengatik.

4. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak, egoki deritzonean, lankidetza-hitzarmenak izenpetuko ditu kirolaren alorreko klub, federazio edo beste entitate batzuekin, udalaren kirol-eskolen modalitateen zuzendaritza teknikoa, antolaketa, garapena eta kontrola egiteko, betiere eskola horien udal-titulartasuna mantenduz.

5. Lankidetza-hitzarmenek kirol-denboraldi bateko indarraldia izanen dute (urritik maiatzera), eta automatikoki luzatuko dira urtetik urtera, alderdietako batek ez badu salaketa jartzen urte bakoitzeko apirilaren 30ren aurretik edo udalaren kirol-eskolen kirol-sisteman ez badago funtsezko aldaketarik. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak bestelako indarraldiak ezartzen ahalko ditu udalaren kirol-eskoletarako, federazio-baldintzak kontuan hartuta hala komeni denean.

6. Hitzarmena suntsiaraztea. Hitzarmena bertan behera utziko da arrazoi hauetakoren bat jasoz gero:

–Araudi honetan eta haren ondoko garapenetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

–Legezko betebeharrak ez betetzea.

–Kirolaren alorreko klub, federazio edo entitate izenpetzailearen azkentzea edo desegitea.

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak eraginik gabe uzten ahalko ditu lankidetza-hitzarmenak, epemuga baino lehen, interes publikoko arrazoiek hala justifikatzen badute.

–Hitzarmena betetzea galarazten duten ezinbesteko arrazoiak izatea eta haiek behar bezala justifikatuta egotea.

7. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuarekin Udalaren kirol-eskoletako lankidetza-hitzarmena, indarrean betiere, duten kirolaren alorreko klub, federazio edo entitateek eta/edo haren laguntzak jasotzen dituztenek sistema hori errespetatu beharko dute, eta konpromisoa hartuko dute bai araudi honekin bat jarduteko, bai eta kirol-sistema honetan ezarritako egituren paralelo, kontrako edo ordezko den bestelako egiturarik ez eratzeko ere.

8. Araudi honetan berariaz islatzen ez diren gaiak, baita udalaren kirol-eskola zehatz batek izan ditzakeen berezitasunak ere, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak ebatziko ditu, Zuzendaritza Batzordearen edo haren ardura hartzen duenaren eskutik.

Udalaren kirol-eskolen xedeak

9. Hona hemen udalaren kirol-eskolen xede orokorrak, entrenamenduen, lehiaketen eta bestelakoen gainerako irizpideen orientagarri izanen direnak:

–Kirolaren eta jarduera fisikoaren irakaskuntzaren bidez ikasleen heziketa integralean laguntzea, betiere kirolaren errendimendua ulertuta prozesuan laguntzen ahal duen baliabide gisa eta ez xede berariazko gisa.

–Irakaskuntza-prozesuaren lehentasunezko xedetzat hartzea, kirolaren eta jarduera fisikoaren garapenaz gainera, gainerako kirolariak, teknikariak, epaileak, ikusleak eta kirol-instalazioetako langileak errespetatzea, bai eta kirol-espazioak eta -materialak behar bezala erabiltzea ere.

–Kirolaren irakaskuntzaren prozesua ikasleen ongizate pertsonala eta haien gizarte-harremanen sustapena eta hobekuntza bermatuko dituen giroaz hornitzea.

–Kirol- eta garbitasun-ohiturak sortzea, etorkizunean beren kasa garatu daitezen, eta helduaren ongizate fisiko, mental eta sozialaren zutarri izan daitezen.

–Eskura diren baliabideen arabera, ikasle guztiei bermatzea haiek nahieran hautatzen duten kirola ikasteko eta hartan aritzeko aukera, eta haien kirol-gaitasunak ingurune osasuntsu eta seguruan garatu ahal izatea.

–Ahalegin- eta ardura-gogoa bultzatzea, bestea errespetatuz eta harekin lankidetzan.

–Uharteko bizilagunei erraztasunak ematea kirola egiten ikasi eta praktikatzeko, bazterkeriarik gabe kirol-gaitasuna, sexua, kondizio soziala eta abar direla-eta.

–Ikasleen indibidualtasuna errespetatzea, bereziki adin biologikoari, ezaugarri psikomotorrei, kirol-errendimenduko mailari eta norberaren lehentasunei edo kirol-arlokoei dagokienez, aurrerapen logikoari jarraituz entrenamenduaren eta lehiaren kargetan.

–Ikasleak beren adinaren eta garapen-mailaren araberako kontzeptu tekniko eta taktikoez hornitzea.

–Gorputz-hezkuntzaren berezko printzipio metodologikoen arabera jokatzea, azpimarra jarriz josteta-eta hezkuntza-kutsuan eta kirolaren balioak sustatzean.

Udalaren kirol-eskoletako kirol-egitura

10. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak denboraldi bakoitzerako ezarriko ditu udalaren kirol-eskolak eratzen dituzten espezialitateetako bakoitzerako kirol-egiturak. Kirol egitura ezartzeko, alderdi hauek hartuko dira kontuan:

Baliabide espazialak, erabileraren efizientzia eta eskuragarritasuna aintzat hartuta.

Baliabide ekonomikoak, erabileraren efizientzia eta eskuragarritasuna aintzat hartuta.

Baliabide pertsonalak, erabileraren efizientzia eta eskuragarritasuna aintzat hartuta.

Etorkizuneko esku-hartzeak, arestian aipatu baliabideetan.

Jarduera fisikoaren zientziei eta pedagogiari buruzko irizpide formalak.

Federazioen araudiak.

11. Egitura bakar bat ezarriko da kirol-modalitate bakoitzerako. Udalaren eskola beste kirol-erakunde edo -klub batekin lankidetzan antolatzen den kasuetan, kirol-modalitateko erakunde edo klub bakar batek jardunen du lankidetzan, interes publikoko arrazoiak daudenean salbu.

12. Kirol-modalitate bakoitzaren egitura (taldeak, adinak, kategoriak, plaza hutsak, etab.) urtero zehaztuko da, udalaren kirol-jardueretan izena emateko argitaratzen den kirol-jardueren liburuxkan.

13. Kirol-modalitate bakoitzeko udalaren kirol-eskola zatituko da, taldeka, adinaren arabera eta/edo lortutako maila teknikoen arabera, eta hauxe ezarriko da irizpide orokor gisa:

13.1. Banakako kirolak.–gutxienez: 8-10 - gehienez ere: 20.

13.2. Talde-kirolak.–gutxienez: 10 - gehienez ere: kirolaren arabera alda daiteke.

Talde bakoitzeko gutxienekoak eta gehienekoak aldatzen ahalko ditu Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak, interes publikoko arrazoiak edo genero-ikuspegiko irizpideak direla eta.

14. Udalaren kirol-eskolen etapa amaituta, kirol-jarduera bideratuko da legez eratutako kirol-klub eta -entitateen bidez. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak jarduera horiek babesteko hitzarmenak eta deialdiak ezartzen ahalko ditu.

15. Udalaren Kirol Zerbitzuko zuzendaritza-batzordeak onesten du urtero udalaren kirol-eskolen egutegia, kirol-denboraldia hasi aurretik. Batzordeak ez badu onesten, irizpide hauek aplikatuko dira oro har:

–Egutegia Virgen Blanca ikastetxe publikoaren eskola-egutegiari egokituko zaio; beraz, oporretan, zubietan eta jaiegunetan pausa eginen du, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak arrazoi teknikoengatik eta/edo lehiaketengatik kontrakoa baimentzen ez duenean salbu.

–Ezartzen da jardueraren hasiera urriaren lehenengo laneguna izanen dela eta jardueraren amaiera lanegun den maiatzeko azken ostiralean izanen dela.

16. Hitzarturiko kirol-eskoletan, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak baimena ematen ahalko die kirolaren alorreko klub, federazio eta entitateei entrenamendu-egun osagarriak egiteko (denboraldiaurrean edo luzapenak denboraldiaren amaieran); horretarako, arrazoiak azaldu beharko dituzte erakunde horiek aldez aurretik. Kasu horretan, hitzarturiko entitateak soilik izanen dira jardunaldi horien erantzuleak.

Hitzarturiko entitateen betebeharrak

17. Udalaren kirol-eskolekin lankidetza-hitzarmena, indarrean betiere, duten kirol-klub, federazio eta entitateek honako eginkizun hauek izanen dituzte nahitaez:

Araudi hau betetzea eta betearaztea, bai eta indarrean den kirolari, berdintasunari, lanari eta datuen babesari nahiz tributuen arloko betebeharrei buruzko legeetan eta aplikagarri gerta daitekeen beste edozeinetan ezarritakoa betetzea eta betearaztea ere.

Udalaren kirol-eskolen irizpide teknikoak, didaktikoak eta metodologikoak ezartzea eta kontrolatzea, araudi honetan jasotako xede eta gainerako arauekin bat. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak beretzat gordetzen du araudi honi kontra egiten dioten alderdiak aztertu eta zuzentzeko eskubidea.

Ikasleak eskolako taldeetara edo eskoletara joaten direla gainbegiratzea, eta Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak baimendutako ikasleei soilik baimentzea sarbidea.

–Alderdi teknikoari eta giza baliabideei dagokienez kirol-eskolako taldeak artatzeko eta koordinatzeko gai den lantalde bat proposatzea Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuari. Alderdi hauek bete beharko ditu gutxienez talde horrek:

–18/2019 Foru Arauan eta haren erregelamenduzko xedapenetan Nafarroako kirol-lanbideetan aritzeari eta haietarako irispidea izateari buruz eskatzen den kualifikazioa.

–Lehen laguntzei buruzko prestakuntza, 63/2022 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.

–Denboraldi bakoitza hasi aurretik, monitore guztien Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izatea, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babesteari buruzko 8/2021 Lege Organikoari jarraikiz.

–Monitoreentzako trebakuntza-planak ezartzea, haien kirol-prestakuntza espezifikoa osatzeko eta kirol-irakaskuntzako gaikuntza hobetzeko; diziplina anitzeko trebakuntza ere ezarri beharko da alor hauetan, besteak beste: berdintasuna, sexu-indarkeriaren eta jazarpenaren prebentzioa eta gatazkak konpontzea.

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuari aholku ematea kirol-egitura ezartzean, bai eta Udalaren kirol-eskolari lotutako beste edozein kirol-aferatan ere.

–Aldizkako bilerak izatea Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuetako koordinatzailearekin.

–Araudi honetan espresuki jasotzen ez diren aferen eta/edo, aparteko arrazoiak medio, arauaren salbuespen direnen berri ematea Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuari. Mota horretako neurriak hartu ahal izateko, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren berariazko baimena beharko da.

–Beharrezkotzat jotzen dituen goiti-beheiti, kexa edo eskaera guztiak igortzea Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzura.

–Monitoreen jarduketak koordinatu eta kontrolatzea eta udalaren kirol-eskolako taldeen jarraipena egitea.

–Kirol-instalazioetan eta ekipamenduan ikusitako kalteen berri ematea Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuko koordinatzaileari.

–Adingabeekin lotutako edozein gorabeheraren berri ematea (eraso fisikoak edo hitzezkoak, jazarpen-egoeren zantzuak, edozein motatako sexu-erasoen zantzuak, etab.) Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuari.

–Ikasleek baimendutako eta federatutako lehiaketetan parte hartzeko federazioek ezarritako federazio-eskakizunak izapidetzea (fitxak, kuotak, aseguruak, etab.).

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea, eskolako taldeen entrenamenduen eta lehiaketen ordutegiak esleitzean, ezarritako kirol-egiturarekin bat.

–Udalaren kirol-eskolari buruzko alderdi adierazgarririk bada, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuari idatziz aurkeztea honako agiri hauek:

  • Zuzendaritza Batzordearen bileren aktak eta deialdiak.
  • Aita, ama eta/edo legezko tutoreei emandako agirien kopia (36. artikulua).

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak informazioa eskatzen duenean, eskaerari erantzutea.

–Udalaren kirol-eskolaren aurrekontua, kirol-memoria (datuak sexuka bereizita) eta memoria ekonomikoa aurkeztea, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak ezarritako irizpideekin bat (57. eta 60. artikuluak), udalaren kirol-eskolaren aurrekontua kontrolatzeko.

–Monitore, koordinatzaile eta zuzendariei ezagutaraztea udalaren kirol-eskolen araudia, bai eta instalazioak erabiltzeari buruzkoa ere. Arauok lantalde teknikoari eta zuzendaritza-taldeari emanen zaizkie, paperean eta/edo euskarri informatikoan.

–Ikasleen aitak, amak eta/edo legezko tutoreak informatuta edukitzea, gutxienez ere, araudi honetan ezarritakoaren gainean.

–Ikasleen aita, ama eta/edo legezko tutoreei arreta ematea.

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren anagrama-armarria sartzea udalaren kirol-eskolako lehiaketa-jantzietan, bai eta karteletan, liburuxketan, webgunean eta bestelako zabalkunde publikorako bitartekoetan ere.

–Entitateko web-plataformetan islatzea udalaren kirol-eskoletako taldeak edo entrenamendu-taldeak Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren titulartasunekoak direla eta udalaren kirol-eskolen araudiak eraenduta daudela.

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea udal-eskolarekin lotutako kirol-ekitaldien antolakuntzan, baita Ugarrandia udal-aldizkaria egiten ere.

Monitoreen betebeharrak

18. Monitore-lanetan diharduten langile guztiek lehen sorospenei buruzko hasierako trebakuntza teoriko eta praktiko bat izan behar dute egina, ekainaren 15eko 63/2022 Foru Dekretuan edo indarreko kirol-araudian ezarritakoari jarraikiz. Lehen sorospenei buruzko hasierako trebakuntza teoriko eta praktikoa eguneratzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartu beharko dute aldian behin.

19. Monitore-lanetan diharduten langile guztiek horretarako behar den kualifikazioa edo gaikuntza izan beharko dute, Nafarroako kirol-legedian zehaztutakoarekin bat.

20. Monitore-lanetan aritzen diren langile guztiek, kirol-denboraldia hasi aurretik, frogatu beharko dute Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa dutela, bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoarekin.

21. Monitoreen eginkizunak, gutxienez ere, hauek dira:

–Taldearen jardueraz zuzenean arduratzea, entrenamendu- eta lehiaketa-orduetan.

–Entrenamendu- eta lehiaketa-saioetan garatzea udalaren kirol-eskolako koordinatzaileak bere talderako ezarritako irizpide tekniko, didaktiko eta metodologikoak, udalaren kirol-eskolen helburuak lor daitezen.

–Udalaren kirol-eskolen araudia eta federazioen kirol-instalazioak erabiltzeari buruzko arauak ezagutzea, aplikatzea eta errespetaraztea.

–Ikasleen jokabidea zaintzea kirol-esparruaren barnean eta kanpoan, entrenamendu- eta lehiaketa-orduetan, kirol-esparruetan eta aldageletan sartzen direnetik haiek erabiltzeari uzten dioten arte.

–Kirol-instalazioa (kirol-esparrua, aldagelak...), ekipamendua eta materiala behar bezala erabili eta zaintzen ote den ikustea.

–Une oro betetzea udalaren kirol-instalazioetako langileen adierazpenak.

–Ikasleek kirola modu osasungarrian eta seguruan egin dezaten bermatzea, eta kirol-instalazio, ekipamendu- edo -materialetan antzemandako kalteen berri ematea udalaren kirol-eskolari.

–Klubak edo Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak aldian behin deituko dituen bileretara joatea eta betiere jarraitzea hark finkatutako irizpideak.

–Bere taldeari dagozkion jarraipen-fitxak betetzea.

–Ikasleak entrenamenduetara eta lehiaketetara joaten diren kontrolatzea egunero; saioetako huts-egiteak kontrolatu eta erregistratu beharko dituzte, eta Udalaren kirol-eskolako koordinatzaileari adierazi gaiaren inguruko edozein gorabeheraren berri.

–Bere taldeko ikasleen aita, ama eta/edo legezko tutoreei lehenengo arreta ematea. Aurkeztu beharreko informazioa hitzarturiko entitateak zehaztutako jarduketa-eremura mugatuko da.

–Entrenamendua eta lehiaketa bukatutakoan, 10 urtez azpiko ikasleak zaintzea, aitek, amek eta/edo legezko tutoreek hartu arte. Betebehar hori bertan behera gelditu daiteke ikaslearen aitaren, amaren eta/edo legezko tutorearen baimen idatzia jasoz gero.

–Dagozkion udalaren kirol-eskoletan, ikasleen artean jantziak banatzea denboraldi-hasieran, eta jantzi horiek jasotzea denboraldi-amaieran; erakundearen koordinatzaileari eta Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuari jakinaraziko zaie zer ikaslek ez dituzten itzuli.

–Udal-zerbitzuek antolaturiko prestakuntza-jardueretan parte hartzea ahal duten neurrian, alderdi hauetan hobetzeko: adingabeen arreta, neskato eta mutikoen berdintasuna sustatzea, hezkidetza, jazarpenaren prebentzioa, sexu-indarkeriaren prebentzioa, LGTBI-komunitatearen aurkako jokabideen prebentzioa, gatazkak konpontzea, indarkeriarik gabeko komunikazioa, etab.

Aita, ama eta/edo legezko tutoreen betebeharrak

22. Ikaslearen aitaren, amaren eta/edo legezko tutorearen eginkizunak hauek dira:

–Araudi hau ezagutzea eta betetzea, bai eta udalaren kirol-instalazioen erabilerari buruzkoa ere.

–Berritzeen, izen-emateen eta ordainketen epeak betetzea, bai eta dokumentazioa aurkeztekoak ere.

–Informazio-bileretara joatea, antolatzen direnean.

–Jakinarazpenak egiteko aukera ematen duten harremanetarako bide eskuragarriak erraztea eta eguneratuta edukitzea (telefono finkoa, telefono mugikorra, posta elektronikoa...).

–Ikaslea garaiz eramatea entrenamendu eta lehiaketetara, eta ziurtatzea monitorearen tutoretzapean gelditzen dela, eta ikaslea garaiz hartzea haiek amaitzean.

–Ikasleei kirol-praktika egiteko behar duten kirol-ekipamendua ematea, eta ekipamendu hori ongi eta garbi mantentzen dela zaintzea. Gauza bera eginen da udalaren kirol-eskolak jantziak ematen dituenean; kasu horretan, denboraldi-amaieran entregatu beharko dira nahitaez.

–Jokabide eredugarria mantentzea kirol-instalazioetako langileekin, bai eta kirolari, epaile, monitore, koordinatzaile eta ikusleekin ere.

–Ahalik eta lankidetzarik handiena izatea hitzartutako entitatearekin eta Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuarekin.

Ikasleak

23. Zein hartzen den ikasletzat: udalaren kirol-eskoletako ikasletzat hartuko dira behin betiko plaza izanik, eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu duten guztiak, baldin eta nahitaezko kuota ordaindu badute horretarako epeetan.

24. Ikasle izateari eustea: ikasle-izaerari eutsiko zaio ikaslea sartzen denetik udalaren kirol-eskola bakoitzaren adin-mugara iritsi bitartean, alde batera utzita ikaslearen kirol-errendimendua eta bestelako inguruabar guztiak. Hona hemen izaera hori galtzeko arrazoiak:

–Araudi honetan jasotako zehapen-araubidea eta udalaren kirol-eskola bakoitzak gerora eginen dituen araudi-garapenak aplikatzea.

–Nahitaezko kuota ordaintzeko epeak ez betetzea, edo eskatutako agiriak ez aurkeztea plaza berritzean edo ikasle berriaren izen-ematea egitean.

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak dagokion kategoriaren edo adinen araberako kirol-talderik ezin eratu ahal izatea.

–Udalaren kirol-eskoletara modu ezohikoan sartuz gero, ikasle-izaera indarraldi edo bestelako inguruabar jakin batzuei lotuta egotearen ondorioz.

–Eskoletara (entrenamenduak) edo lehiaketetara behin eta berriro ez joatea.

Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuko zuzendaritza-batzordeak erabakiko du ikasleak zerbitzuan jarraituko duen, ikaslearen aitari edo amari entzun ondotik, eta Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak edo hitzarturiko entitateak ondorio horretarako egindako txostena baloratu ondotik. Kontuan hartuko da huts-egiteen izaera (justifikatuak ala ez-justifikatuak), jardueraren edo taldearen funtzionamenduan eragin ditzakeen kalteak eta taldean sartzeko itxarote-zerrenda.

Adin horietan kirolak egiteak dituen onurak direla-eta, ez dira modu negatiboan baloratuko ikasleek Uharteko beste kirol-eskolaren batean parte hartzeko egindako huts-egiteak.

Arrazoi horren ondorioz ikasle-izaera galtzen bada, ez dira itzuliko ordaindutako kuotak.

25. Ikasleen eskubideak: ikasle guztiek eskubide eta betebehar berak izanen dituzte Udalaren kirol-eskolaren barruan, inolako bazterkeriarik gabe. Honako eskubide hauek dituzte:

–Entrenamenduetan edo eskoletan ikaslearen heldutasunari eta gaitasunari dagokion mailan aritzea, betiere udalaren kirol-eskolako kirol-egiturarekin bat.

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak udalaren kirol-eskolen esparrurako aintzatetsitako lehiaketa ofizialetan eta/edo ez-ofizialetan parte hartzea, beren heldutasunari eta gaitasunari dagokion mailan, betiere hitzarturiko erakundearen eta Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren irizpide teknikoak kontuan hartuta, arau honen 34. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

–Aski kalifikatutako kirol-monitoreak eta -koordinatzaileak izatea, ahal bada.

–Duintasunez hartuak izatea.

–Gainerako kideek dituzten aukera berdinak edukitzea.

–Ingurumen osasuntsu eta seguruan parte hartzea. Monitoreen eta udalaren kirol-eskoletako arduradunen arreta izatea eta iritziak eta iradokizunak emanez udalaren kirol-eskolak hobetzen parte hartu ahal izatea.

26. Ikasleen betebeharrak: udalaren kirol-eskoletako ikasle izateak honako betebehar hauek dakartza berekin:

–Zuzen jokatzea, uneoro, gainerako ikasleekin, kideekin, monitoreekin, hitzartutako entitateko arduradunekin, epaileekin, aurkariekin, ikusleekin, kirol-instalazioetako langileekin eta abarrekin.

–Monitoreak eta hitzartutako entitateko arduradunek, baita kirol-instalazioetako langileek ere ematen dituzten jarraibide teknikoak eta jokaerari lotutakoak errespetatzea.

–Uharteko udal-instalazioak eta jarduera egiten den beste instalazio batzuk erabiltzeko araudia errespetatzea.

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak eta/edo hitzartutako entitateak ezarritako entrenamenduetan eta lehiaketetan parte hartzea erregulartasunez, araudi honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

–Ordainketak egitea eta nahitaezko dokumentazioa aurkeztea agindutako epeetan.

Zehapen-araubidea

27. Zehapen-araubidea: zehapen-araubide hau udalaren kirol-eskola guztietan ezarriko da, eta Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak hainbat garapen egiten ahalko dizkio ondotik.

28. Ahalmenak: Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuko Zuzendaritza Batzordeari dagokio ikasleak zehatzeko neurriak hartzea, araudi hau betetzen dela bermatzeko.

Monitoreak, kirol-koordinatzaileak eta hitzartutako entitateko arduradunek ahalmena dute ikasleei ahoz kargu hartzeko eta baita entrenamendutik eta/edo lehiaketatik kanporatzeko ere, ahozko kargu-hartzeari kasurik egiten ez dietenean, aparte utzirik arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena. Kanporatuz gero, ikaslea zaintzapean egonen da saioa amaitu arte.

29. Falten tipifikazioa: faltak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahalko dira.

29.1. Falta arinak:

–Kirol-eremu bakoitzeko araudi berariazkoa ez errespetatzea.

–Kirol-instalazioak, -ekipamendua edo -materiala behar bezala ez erabiltzea.

–Janaria, edariak edo kirol-instalazioak hondatzen edo zikintzen dituen beste edozein elementu sartzea.

–Monitoreen, kirol-koordinatzaileen eta hitzartutako entitateko arduradunen jarraibideei kasurik ez egitea.

–Instalazioen ardura duten langileen esanei kasurik ez egitea.

29.2. Falta astunak:

–Hiru falta arin egitea.

–Liskarrak eta/edo eraso fisikoak eta/edo hitzezko erasoak sortzea eta/edo haietan parte hartzea; udalaren kirol-erakundeetako partaideren bat jazartzea edo jazarpenean parte hartzea, barne dela ziberjazarpena.

–Gorrotozko irainak esatea edozein kolektibo sozialen aurka edo kutsu arrazista, LGTBI-komunitatearen aurkakoa edo sexista duten irainak esatea.

–Udalaren kirol-eskoletako edozein kideren irudi intimoak zabaltzea haren baimenik gabe.

–Kirol-instalazioak, -ekipamendua edo -materiala nahita zikintzea edo hondatzea.

–Udalaren kirol-eskolak lehiaketetarako lagatako jantziak gaizki zaindu eta/edo garbitzea.

–Beste ikasleen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein ez-betetze.

–Kirol-instalazioen barnean edo udalaren kirol-eskolako jardueran parte hartzen ari delarik ordena larriki nahastea dakarren edozein egite edo ez-egite.

29.3. Hona hemen falta oso astunak:

–Falta astun bat hiru aldiz egitea.

–Urtebetean hiru falta astun egitea.

–Kirol-materiala edo hirugarrenen gauzak ebastea.

–Fisikoki edo ahoz erasotzea, edo hirugarren pertsonak ez errespetatzea udalaren kirol-eskolako jardueran parte hartzen ari delarik.

–Instalazioen barrenean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten jarduketak, udalaren kirol-eskolako jardueran parte hartzen ari delarik.

–Udalaren kirol-eskolaren funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

–Kirol-instalazioak, -ekipamendua edo -materiala modu larri eta nabarmenean hondatzea.

30. Zehapenak.

30.1. Falta arinen zehapena hau izanen da: entrenamendu eta partidetan denbora batean (3tik 5 egunera bitarte) parte hartu ezina. Orobat, 25 eta 60 euro arteko isuna ekartzen ahalko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

Falta arinen preskripzio-epea sei hilabetekoa izanen da, eta falta arinengatik ezarritako zehapenena, urtebetekoa.

30.2. Falta astunen zehapena hau izanen da: entrenamendu eta partidetan denbora batez (15 egunetik hilabete 1era bitarte) parte hartu ezina. Orobat, 61 eta 300 euro arteko isuna ekartzen ahalko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

Falta astunen preskripzio-epea bi urtekoa izanen da, bai eta falta astunengatik ezarritako zehapenena ere.

30.3. Falta oso larrien zehapena hau izanen da: entrenamendu eta partidetan denbora batean (hilabete) parte hartu ezina, baita udalaren kirol-eskolatik behin betiko kentzea ere, aparte utzita Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak arau-hauslearen aurka abiarazten ahal dituen legezko egintzak. Orobat, 301 eta 600 euro arteko isuna ekartzen ahalko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

Falta oso astunen preskripzio-epea hiru urtekoa izanen da, bai eta falta oso astunengatik ezarritako zehapenena ere.

31. Zehapen-prozedura.

31.1. Araudi honetan ezarritakoaren edozein ez-betetzek ekartzen ahalko du edozein monitorek edo kirol-koordinatzaileak edota hitzartutako entitatearen arduradunak ikaslea udalaren kirol-eskolatik prebentzioz kanporatzea.

Kanporatze hori falta egiten den egunean berean aplikatuko da, eta ikaslearen tutoretza zainduko da entrenamendu-saioa amaitzen den arte, eta berehala jakinaraziko zaio entitateko kirol-koordinatzaileari (edo, bestela, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuari) bai eta aitari, amari eta/edo legezko tutoreari ere.

32.2. Udalaren kirol-eskolaren hitzartutako entitatearen kirol-koordinatzaileak txostena eta faltaren datuak igorriko dizkio Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuari, bidezko zehapen-neurriak har ditzan, araudi honetan ezarritakoari jarraikiz.

Lehiaketa

32. Udalaren kirol-eskolen esparruko lehiaketak irakaskuntza-prozesuko elementu garrantzitsuak dira, baina ez erabakigarriak, eta bitarteko gisa tratatu beharrekoak, eta ez udalaren kirol-eskolako monitoreen eta kirol-koordinatzailearen xede gisa.

33. Oro har, hitzarturiko entitateak kudeatuko du lehiaketaren esparrua edo, bestela, Udalaren Kirol Zerbitzuak. Hala ere, hitzartutako entitateak ezartzen dituen irizpideek araudi honen 9. artikuluan adierazitako xedeak bete behar dituzte, eta haiekin koherente izan, bai eta araudi horren gainerako arauekin ere. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak beretzat gordetzen du irizpideok berrikusteko eta birdoitzeko eskubidea, baldin eta bateraezintasunik hautematen bada.

34. Udalaren kirol-eskoletako ikasle-izaerak araudi honen 55. artikuluan aipatutako lehiaketetan parte hartzeko eskubidea ematen du. Hala ere, hitzartutako entitateen irizpideak kontuan hartuta erabakiko da ikasleek lehiaketetan gehiago edo gutxiago parte hartuko duten (partidak jokatzeko deialdiak).

Salbuespenez, ikasleen segurtasun fisikoa edo psikikoa bermatzeko, hitzartutako entitateak aldi baterako mugatzen ahalko du ikasleek lehiaketetan parte hartzeko duten eskubidea.

35. Ikasleak bere borondatez uko egiten ahalko dio lehiaketa ofizialetan parte-hartzeari, eta soilik entrenamenduetan parte hartu. Halere, horrek ez dakar murrizketarik nahitaezko kuotan. Talde-kirolen kasuan, ukoa idatziz aurkeztu beharko da Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren bulegoetan denboraldi-hasiera baino lehen. Lehiaketetan berriro parte hartu ahal izateko, eskaera aurkeztu beharko da idatziz Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren bulegoetan, eta ezezkoa ematen ahalko zaio hurrengo denboraldia arte.

Aita, ama edo legezko tutoreentzako informazioa

36. Hasierako bilera: hitzartutako entitate kolaboratzaileak edo/eta Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak, denboraldi-hasieran, bilera batera deitzen ahalko die aitei, amei eta/edo legezko tutoreei Udalaren kirol-eskolaren araudiaren eta funtzionamenduaren berri emateko, beharrezkotzat jotzen den taldeetan (bereziki, eskolako lehenengo urteko taldeetan).

36.1. Aldia: Denboraldia hasi, eta lehenengo lau asteen barruan.

36.2. Edukiak: alderdi hauei buruzko informazioa emanen da batez ere:

–Entrenamendu-saioetan aplikatu beharreko irizpide tekniko, didaktiko eta metodologikoak.

–Lehiaketetan aplikatu beharreko irizpide tekniko, didaktiko eta metodologikoak.

–Ikaslearen eskubide eta betebeharrak, eta zehapen-araubidea.

–Aiten, amen eta/edo legezko tutoreen eginkizunak eta betebeharrak.

–Entitatearen eta, aiten, amen eta/edo legezko tutoreen arteko harremanetarako prozedura eta bideak.

–Osasun-laguntzaren aurrean jokatzeko prozedura.

–Hurrengo denboraldietarako plazak berritzeko prozedura.

–Borondatezko ekarpenaren (zenbatekoa eta xedeak) azalpena eta justifikazioa, halakorik izanez gero.

–Udalaren kirol-eskolen araudia kontsultatzeko webgunearen esteka.

36.3. Informaziorako baliabideak: bileretan, ahoz eta dokumentazio idatzia aurkeztuz; dokumentazioa helbide elektronikoz igorriko da edo, halakorik izan ezean, paperean.

37. Etengabeko komunikazioa: entitateak ezarriko du zein diren harremanetarako bideak (posta elektronikoa, WhatsApp-a, testu-mezuak...), lehiaketei, entrenamenduak bertan behera uzteari edo aurrez jakinarazi gabeko hutsegiteei buruzko informazioa helarazteko, nahiz intereseko beste edozein albisteren edo inguruabarren berri emateko.

Inskripzioak

38. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren bidez eginen dira Udalaren kirol-eskoletan parte hartzeko inskripzioak. Ez dira baliozkotzat joko hortik kanpoko inskripzioak.

39. Udalaren kirol-jardueretan izena emateko, honako udal-ordenantza hauek bete beharko dira: "Udalaren zerbitzuetan izena ematea arautzen duen ordenantza"; eta "Denboraldiko udalaren kirol-jardueretan izena ematea arautzen duen ordenantza".

40. Izena emateko urratsak.

Ordenantza hauetan jasotako parte hartzeko lehentasunezko irizpideekin bat, urrats hauek planteatzen dira izena emateko:

–Aitzineko denboraldian parte hartu zuten ikasleen izen-emateak berritzea (plazak berritzea).

–Ikasle berrien izen-emateak egitea.

40.1. Aitzineko denboraldian parte hartu zuten ikasleen izen-emateak berritzea.

40.1.1 Izena mateko organoa:

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzua.

40.1.2. Datak: martxoaren 1aren eta apirilaren 30aren artean eginen dira.

40.1.3. Prozedura:

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak automatikoki eta behin-behinekoz berrituko du Udalaren kirol-eskolen parte diren haur guztien matrikula, dagokien kirol-modalitatean. Beraz, ez da beharrezkoa izanen matrikula berritzeko izapiderik egiterik.

–Hurrengo denboraldian kirol-eskolan jarraitu nahi ez duten haurrek bakarrik aurkeztu beharko dute idatziz baja-eskaera Udalaren Kirol Zerbitzuan; bestela, posta elektronikoz bidali beharko dute eskaera, ondorio horietarako argitaratutako epean.

–Behin matrikula behin-behinekoz berritu ondotik, kirol-zerbitzuak datorren ikasturterako dagokien entrenamendu-taldean jarriko ditu ikasleak, irizpide teknikoei jarraikiz.

–Hurrengo denboraldirako kirol-eskaintzan argitaratuko dira kirol-jarduera bakoitza zer egunetan eta zer ordutan eginen den (40.2.3 apartatua). Matrikula behin-behinekoz berritu ondotik izena emanda daukan norbaitek baja eman nahi badu ordutegi horietan ez delako joaten ahalko, idatziz eskatu beharko du Udalaren Kirol Zerbitzuan, ondorio horietarako ezarritako epean. Bestela, matrikula behin betiko berritutzat joko da, eta jardueraren zenbatekoa ordaindu beharko da.

40.1.4. Publizitatea: Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak ez du publizitaterik eginen Uharteko biztanleen artean, ikasleak dagoeneko udalaren kirol-eskoletan baitaude.

Honako baliabide hauen bidez eginen da berritzeko prozeduraren publizitatea eta hedapena udalaren kirol-eskoletako parte-hartzaileen artean:

–Uharteko Udalaren webgunean argitaratzea.

–Ugarrandiko kirol-instalazioetako informazio-taulan erakustea.

–Monitoreak ikasleei banatuko dien ohar informatibo baten bidez, edo posta elektroniko bidez.

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuek egokitzat jotzen dituzten gainerako baliabideen bitartez.

Udalaren webgunean jarritako informazioan eta Ugarrandiko kirol-instalazioetako informazio-panelean honako datu hauek jasoko dira gutxienez:

–Berritzeko prozedura.

–Berritzeari lotutako epeak.

–Nahitaezko kuota, ordaintzeko modua eta errenta-aitorpena aurkezteko epea.

40.1.5. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak matrikula berritzeko prozedura aldatzen ahalko du, interes publikoko arrazoiak direla eta.

40.1.6. Berritzeei buruzko beste inguruabar eta argibide batzuk (berriz ere izen ematea):

–Izen-ematea behin betikoa izanen da ikasleak izena eman ondotik nahitaezko kuota ordaintzen duenean. Kuota hori banku-helbideratzearen bidez ordainduko da.

–Oro har, ordaintzeko epeak betetzen ez badira eta/edo eskatzen ahal den dokumentazioa aurkezten ez bada, plazaren erreserba bertan behera geldituko da automatikoki. Ikasleak Udalaren kirol-eskolan berriro sartu nahi badu, ikasle berrien inskripzio-faseari heldu beharko dio.

–Ikasle guztiei emanen zaie berritze guztien berri, beren kirolerako gaitasuna, errendimendua edo bestelako ezaugarriak edozein izanik ere. Guztiz debekatuta dago ikaslea "kanporatzea" edo plaza berritzea eragoztea Udalaren kirol-eskolen aldian eta arrazoi horiengatik.

–Ezin da ikasle berrien inskripziorik egin, eta guztiz debekatuta dago "fitxaketak" edo "sarbide-probak" egitea, bai eta araudi honi kontra egiten dioten bestelako jarduketak gauzatzea ere.

–Berritzeko eskaria handiagoa bada kirol-egituraren edukiera eta Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak diruaren aldetik eta kirol-instalazioen aldetik dituen baliabideak baino, irizpide hauek erabiliko dira hurrengo denboraldian plaza eskuragarria duten ikasleak hautatzeko:

–Lehenengoa: Uharten erroldatua eta/edo Ugarrandiko kirol-instalazioetan abonatua izatea.

–Bigarrena: zozketa.

–"Matrikula berritzea"ren (berriz ere izena ematea) ondorioz urtero argitaratzen den berariazko araudiaren bidez araututako gai guztiak ezarriko dira.

40.2. Ikasle berrien izen-emateak egitea.

40.2.1 Izena emateko organoak: Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak hartuko du ikasle berrien izen-emateak egiteko ardura.

40.2.2. Datak: ekainean eginen dira, data-aldaketa justifikatzen duten kirol-izaerako edo maila teknikoko arrazoiak daudenean salbu.

40.2.3. Publizitatea: Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak publizitatea eginen du, Uharteko herritarrek informazioa izan dezaten ikasle berriak udalaren kirol-eskoletan parte hartzeko datei, prozedurari, plaza eskuragarriei eta nahitaezko kuotari buruz.

Gutxienez ere, postontzietan banatzeko informazio idatzia eta Uharteko Udalaren webgunea erabiliko dira.

40.2.4. Prozedura: Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak epea irekiko du interesdunek aurretiaz izena eman dezaten web bidez. Izena web bidez eman ezin dutenek (ez beste inork), Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuko bulegoetan eska dezakete haien aurreinskripzioa tramitatzea, horretarako ezarri den aurreinskripziorako epearen barnean.

Epe hori igarota, talde bakoitzeko plaza eskuragarrien arabera esleituko dira plazak; horretarako, zozketa informatizatu bat eginen da. (Ikusi Udalaren denboraldiko kirol-jardueretan izena emateko ordenantza).

Behin plazak esleitzeko prozesua eskuratuta, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak hitzartutako entitate kolaboratzaileei emanen die onartutakoen zerrenda, gainerako kudeaketak egiteko.

40.2.5. Ikasle berrien inskripzioen gaineko bestelako inguruabarrak eta argibideak:

–Izen-ematea behin betikotzat joko da ikasleak nahitaezko kuota ordaintzen duenean eta eskatzen den dokumentazioa, halakorik izanez gero, aurkezten duenean. Nahitaezko kuota banku-helbideratzearen bidez ordainduko da.

–Ordaintzeko epeak betetzen ez badira eta/edo dokumentazioa aurkezten ez bada, plazaren erreserba bertan behera geldituko da automatikoki.

–Ikasle berriak plaza libreen eskuragarritasunaren arabera sartuko dira. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak plaza-kopurua handitzen ahalko du interes publikoko arrazoiak direla eta, betiere eskolaren funtzionamendurako kalterik sortzen ez badu.

–Berariaz debekatzen da "sarbide-probak", "fitxaketak" edo araudi honen aurkako beste edozer jarduera egitea.

–Udalaren kirol-eskoletako edozeinetan aurreinskripzioa egiteak esan nahi du adin txikiko ikaslearen amak, aitak eta tutoreek badakitela zein diren jardueraren ezaugarriak eta zein haren eskakizun fisikoa; halaber, esan nahi du aitortzen dutela adin txikikoak horretarako baldintza fisikoak dituela eta ez dagoela, osasunaren aldetik, jardueran aritzeko inolako eragozpenik.

–Ez da onartuko ikasle berririk otsailaren 1etik aurrera indarreko denboraldirako, interes publikoko arrazoiak izan ezean; arrazoi horiek Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak balioetsiko ditu.

–"Ikasle berrien izen-ematea"-ren ondorioz urtero argitaratzen den berariazko araudiaren bidez araututako gai guztiak ezarriko dira.

–Sor litezkeen ezohiko egoerak Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuko zuzendaritza-batzordeak ebatziko ditu.

Udalaren kirol-eskolen publizitatea

41. Informazio-baliabideak: hona hemen herritarrari udalaren kirol-eskolekin zerikusia duten alderdien berri emateko baliabideak:

–Udalaren kirol-eskolen araudia.

–Idatzizko publizitatea kirol-instalazioetan.

–Postontzietan banatzeko publizitate idatzia.

–Publizitatea Udalaren webgunean.

–Sare sozialen bidez.

42. Publizitate epea: izen-emateak hasteko eguna baino gutxienez 7 egun lehenago, ikasle berriek izena emateko publizitate idatzia emanen da aditzera (webgunean, postontzietan eta instalazioetan).

Nahitaezko kuota udalaren kirol-eskoletan

43. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak ezarriko du udalaren kirol-eskoletan parte hartzeko ordaindu beharreko nahitaezko kuota, Uharteko Udalak urte horretarako onetsitako prezio publikoekin bat etorriz. Nahitaezko kuota ordaintzean, ikasleak araudi honen 25. artikuluan adierazitako eskubideez baliatzen ahalko da.

44. Nahitaezko kuota osorik pagatu beharko dute parte-hartzaile guztiek; hori ez da inola ere aldatzen ahalko. Arau honi salbuespenak ezarri edo aldaketak egiteko, hura garatu eta onetsi beharko du Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak.

45. Nahitaezko kuota ordaintzeak ez dakar berez udalaren kirol-eskoletan izena emanda egotea; aldiz, izena emateko prozesuko nahitaezko alderdia da, baina ez loteslea.

46. Ordainketa-epeak, baja emateko epeak eta errenta-aitorpena aurkezteko epeak denboraldi bakoitzean argitaratuko dira udalaren kirol-programan kokatzen den araudian, zeina maiatzean argitaratzen baita udalaren denboraldiko kirol-jardueretan izena emateko.

47. Nahitaezko kuotaren kalkulua: "Errentaren gaineko tarteak kalkulatzea arautzen duen ordenantza" betetzeko eginen da jardueren kobrantzaren kudeaketa.

Borondatezko ekarpena udalaren kirol-eskoletan

48. Hitzartutako entitateek udalaren kirol-eskolako parte-hartzaileei "borondatezko ekarpena" izeneko borondatezko zenbateko osagarria ordaintzeko eskatzen ahalko diete.

"Borondatezko ekarpen"ean barne hartzen da ikasleak kasu hauetan egindako zuzeneko diru-ekarpena:

Txartel, kamiseta eta abarren salmentatik ateratakoak, bai eta klubaren diru-sarrerak handitzea dakarten ikasleek gauzatutako beste edozein ekintzatatik eskuratutakoak ere.

Udalaren kirol-eskolako ikasleei "kirol-trebakuntza osagarria" proposatzea. Trebakuntza hori Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak baimendu behar du lehenik. Inola ere ez da baimenduko udalaren kirol-eskolen egitura paralelorik ezartzerik, ez eta "kirol-trebakuntza osagarri" horrek 9. artikuluan jasotako xedeak ez betetzerik.

Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuek aldez aurretik baimendutako beste kasu batzuk.

49. Araudi honetan jasotako eta urtero kirol-egituran zehaztutako zerbitzuak eta ikasleen eskubideak eta betebeharrak ez dira inola ere aldatuko, eta ez dute inolako loturarik borondatezko ekarpenaren kontzeptuarekin.

50. Hitzartutako entitateak eskatu beharreko borondatezko ekarpenaren berri emanen die, nahitaez eta idatziz, parte-hartzaileei eta Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuari, alderdi hauek argi eta garbi aipaturik:

–Ordainketaren borondatezko izaera.

–Udalaren kirol-eskoletako zerbitzu eta eskubideekiko loturarik ez duela.

–Zenbateko ekonomikoa, eta nahitaezko kuotarekin duen desberdintasun argia.

–Zer denboralditan aplikatuko den.

–Ekarpen boluntarioaren tipologia: ekarpen horiek eskuratutako diru-sarreren xede den norakoa.

51. Borondatezko ekarpenaren bidez eskuratutako diru-sarrerak erakundearen kirol-arloetara zuzenduko dira hertsiki nahitaez.

52. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzua araudi honetan jasotakoaz haratago gelditzen da, borondatezko ekarpenaren arautze eta kudeaketatik guztiz bereizia, ulertzen baita entitatearen jarduketa-eremu pribatuaren barnean dagoela eta ez udalaren kirol-eskolen kudeaketarekin loturik, 45. apartatuan xedatutakoaren kalterik gabe.

Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak hitzartutako entitateei eginen dizkien ekarpenak

53. Udalaren udal-eskoletako lankidetza-hitzarmena indarrean duten entitateei laguntza eta aholkularitza teknikoa emanen die Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak, bai eta dirulaguntzak ere, denboraldi bakoitzean dituen baliabide ekonomikoen eskuragarritasunaren arabera, eta bere kirol-egiturarekin bat.

54. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren dirulaguntza bateragarria izanen da beste entitate publiko edo pribatuen beste dirulaguntza eta ekarpenekin; hala ere, ekarpen guztien baturak ez du entitatearen superabita ekartzen ahalko.

55. Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak udalaren kirol-eskoletako dirulaguntzen bidez egiten dituen ekarpenak lehiaketa ofizial hauek prestatzeko eta haietan parte hartzeko jarduketak eta haien ondorio diren gastuak estaltzera mugatzen da:

–Nafarroako Kirol Jokoak.

–Bestelako lehiaketak, ofizialki aitortuak Nafarroako Kirol Jokoetan sartzen ez diren diziplina eta/edo kategorietarako, aurrez Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren adostasuna izanik.

56. Ekarpen horiek jasotzeko, hitzartutako entitateak araudi hau errespetatu eta beharrezko memoriak eta justifikazioak aurkeztu beharko ditu.

57. Aurrekontuak prestatzea:

Denboraldi-hasieran (iraila/urria), hitzartutako entitateek Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak ondorio horietarako ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko diete udal-zerbitzu horri, Udalaren kirol-eskolaren kudeaketari dagokionez. Dokumentazio hori alderdi hauei buruzkoa izaten ahalko da:

–Eskolako monitoreen profila (titulazioa, esperientzia, euskaraz jakitea, etab.).

–Eskolaren aurrekontua (gastuak eta sarrerak, kontzeptuen arabera xehekatuak).

–Udalaren kirol-eskolaren kudeaketari dagokionez egokitzat jotzen dituen alderdi oro.

Hitzartutako entitateak aurkeztutako dokumentazioa eta hitzarmen arauemailean ondorio horietarako ezarritakoa oinarritzat hartuta eta Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak eskainitako kirol-egitura eta Uharteko Udalaren aurrekontuan udalaren kirol-eskoletarako xedatutako aurrekontu-esleipena kontuan izanda diseinatuko da hitzartutako klubari dirulaguntza emateko proposamena, zeina Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuetako Zuzendaritza Batzordeak onetsi beharko baitu.

58. UKE bat kudeatzeko lankidetzarako dirulaguntzak honako atal hauek izaten ahalko ditu kontuan:

58.1. Giza baliabideetarako dirulaguntza: partida honetan aurreikusten dira udalaren kirol-eskolaren koordinaziorako eta monitoreentzako gastuak.

58.1.1 Koordinaziorako dirulaguntza:

Xedea: Udalaren kirol-eskolaren zuzendaritza teknikorako eta kirol-zuzendaritzarako kopuru bat ematea behar adina talde eta ikasle federatu izatea ziurtatzen duten entitateentzat, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak ezarritako irizpideekin bat.

58.1.2. Monitoreentzako dirulaguntza:

Xedea: entrenamenduari, prestakuntza fisikoari eta kirola egiteari eta irakasteari zuzenean lotutako bestelako gastu batzuk ordaintzeko zenbateko bat ematea talde edo entrenamendu-talde bakoitzeko, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak ezarritako irizpideekin bat.

58.2. Federazio-gastuetarako dirulaguntza:

–Xedea: Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak ezarritako lehiaketa federatuetan (federazio-zergak) edo ez-federatuetan taldeak inskribatzeari lotutako gastuak ordaintzea. Beste erakunde batzuek diruz laguntzen ahal dituzten edo itzultzen diren kontzeptuak (bermeak) ez dira diruz lagunduko.

Hauek dira gastu diruz lagungarriak:

–Udalaren kirol-eskolako ikasle eta monitoreen lizentziak.

–Mutualitateak.

–Taldeen izen-emateak lehiaketetan.

–Federazio-isunak, baldin Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuari egozten ahal bazaio haien erantzukizuna.

–Lehiaketa ofizialetako epaileak.

–Parte hartu ahal izateko ezinbesteko beste federazio-kontzeptu batzuk.

–Baztertutako gastuak: honako hauek ez dira gastu diruz lagungarriak:

  • Baimenak eta mutualitateak, baldin eta 55. artikuluan aipatu lehiaketetan parte hartu ahal izateko beharrezkoak baino gehiago badira.
  • Fidantzak, abalak eta antzekoak.
  • Klubaren federazio-altak.
  • Federazio-isunak, baldin haien erantzukizuna ezin bazaio Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuari egotzi.
  • Lagunarteko partidetako epaileak.

58.3. Baliabide materialetarako dirulaguntza: partida honetan bulegoko materialerako, kirol-materialerako eta kirol-ekipamenduetarako gastuak aurreikusten dira.

58.3.1 Bulegoko materialerako dirulaguntza:

–Xedea: paper-gauzetarako, fotokopietarako, telefonorako, Interneterako eta udalaren kirol-eskola kudeatzeko bestelako horniketetarako gastuetarako zenbateko bat ematea.

–Kalkulurako irizpidea: ekarpen finkoa ikasle-kopuruko. Hitzartutako erakundearen ekarpena balioesteko unean Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren datu-basean agertzen dena izanen da ikasle-kopuru hori.

58.3.2. Kirol-materialetarako dirulaguntza:

–Xedea: zenbateko bat ematea kirol-materiala erosteko, udalaren kirol-eskolako entrenamenduetarako eta lehiaketetarako.

–Arau orokor gisa, udalaren kirol-eskoletarako kirol-materialaren erosketaz Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzua arduratuko da, eta "Kirol-jardueretarako materiala" aurrekontu-partidaren kontura eginen da, eta ez dirulaguntza bidez. Udalaren kirol-eskolaren funtzionamenduak hala justifikatzen duenean baino ez da kontuan hartuko kontzeptu horretarako dirulaguntza ematea.

58.3.3. Kirol-jantzietarako dirulaguntza:

–Xedea: zenbateko bat ematea lehiaketarako kirol-jantzia erosteko (Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren irizpideen arabera diruz lagundu daitekeena).

–Arau orokor moduan, udalaren kirol-eskoletarako jantziak erosteaz Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzua arduratuko da, eta "Kirol-jardueren materiala" aurrekontu-partidaren kontura eginen da, eta ez dirulaguntza bidez. Udalaren kirol-eskolaren funtzionamenduak hala justifikatzen duenean baino ez da kontuan hartuko kontzeptu horretarako dirulaguntza ematea.

–Udalaren kirol-eskoletako lehiakortasun-ezaugarriak askotarikoak direnez, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak kasu bakoitzean balioetsiko du ekipamenduak erosteko egokitasuna.

–Baztertutako gastuak: ez dira dirulaguntza honen xede izanen lehiaketarako ezinbesteko kirol-jantzietarako (txandala, poltsa, berokia...) beharrezko gastuak gainditzen dituztenak; ulertzen da haiek hitzartutako entitateak, eta/edo aitek, amek eta/edo legezko tutoreek hartuko dituztela beren gain.

58.4. Joan-etorriak: arau orokor moduan, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak ez ditu diruz lagunduko lehiaketetarako joan-etorriak. Aitek, amek eta/edo legezko tutoreek arduratu beharko dute beren seme-alaben joan-etorriez. Hitzartutako entitateak joan-etorri horiek kudeatzen ahalko ditu, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kirol Jolasen lehiaketetarako hitzartutako autobusen bidez.

–Joan-etorria beste era batera ordaindu ezin denean eta Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak interes handiko joan-etorria dela balioesten duenean soilik laguntzen ahalko da diruz. Kasu horiek aurrez baimenduko dira, eta garraio publikoaren bidez edo garraio-enpresen bidez eginen dira.

–Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak eta hitzartutako entitateak ez dute inolako erantzukizunik hartuko ikasleen garraioaren gainean.

58.5. Trebakuntzarako laguntza: Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak ekonomikoki laguntzen ahalko die hitzartutako erakundeei, monitoreei eta Udalaren kirol-eskoletako koordinatzaileari trebakuntza emateko. Kasu horretan, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuko Zuzendaritza Batzordeak onetsiko du ekarpen horren araudia eta araubidea, eta ondorio horietarako helaraziko zaie hitzartutako entitateei.

–Xedea: entitate publikoek edo kirol-federazioek antolatutako trebakuntza-ekintzetan edo ikastaro ofizialetan izena emateko gastuak.

59. Erakundeak aurkeztutako gastuen aurrekontua diruz lagungarria den gehienezko gastutzat hartzen da; ondorioz, defizitik sortuko balitz, Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuak ez du defizit hori ordainduko.

60. Gastuen justifikazioa eta kirol-memoria: kirol-denboraldi bakoitzaren amaieran, urte bakoitzeko urriaren 1a baino lehen, udalaren kirol-eskoletako lankidetza-hitzarmena indarrean duten entitateek Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuari aurkeztuko dizkiote bukatu berri den denboraldiari dagozkion kirol-memoria eta memoria ekonomikoa.

60.1. Memoria ekonomikoa: ondorio horietarako zehaztutako inprimakiak betez. Justifikazioak emandako dirulaguntza osoa frogatu beharko du eta, behar izatera, azken ordainketan pagatu beharreko zenbatekoa murriztuko da, justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren proportzioan.

60.2. Kirol-memoria: honako datu hauek jasoko ditu gutxienez:

–Udalaren kirol-eskolaren funtzionamendu orokorra.

–Partaidetza eta emaitzarik esanguratsuenak.

–Funtzionamenduari, instalazioei eta kirol-materialei lotutako gabezia nagusiak.

–Hurrengo denboraldirako hobekuntza-proposamenak.

–Jakinarazi nahi den beste edozer.

61. Deskontuak: behar bezala justifikatu gabeko edo araudi honetan ezarritako xede eta/edo irizpideak betetzen ez dituzten zenbatekoak deskontatuko dira.

62. Dirulaguntza ekonomikoaren ordainketa: emandako dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da honako epe hauetan:

–Emandako dirulaguntzaren %50 urtarrilaren 31 baino lehen.

–Emandako dirulaguntzaren %25 otsailaren 28 baino lehen.

–Gainerako %25a gastuen justifikazioa eta kirol-memoria balioetsi ondotik.

Uharten, 2024ko maiatzaren 7an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

Iragarkiaren kodea: L2407365