107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Udal-ordenantza, Burlatako Udalak antolatutako jarduera fisikoetan izen-ematea eta haien funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2024ko otsailaren 29an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Burlatako Udalak antolatutako jarduera fisikoetan izen-ematea eta haien funtzionamendua arautzen dituen udal-ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hura behin betiko onesten da eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (foru-lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzuen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak.

Burlatan, 2024ko maiatzaren 7an.–Alkatea, Berta Arizkun González.

UDAL-ORDENANTZA, BURLATAKO UDALAK ANTOLATUTAKO JARDUERA FISIKOETAN IZEN-EMATEA ETA HAIEN FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1.–Araudiaren xedea.

1.1. Araudi honen xedea da Burlatako Udaleko kirol-arloak antolatutako jarduera fisikoei lotutako izen-emateak eta kudeaketak eta haien funtzionamendua arautzea. Udalaren kirol-eskoletarako izen-emateak eta funtzionamendua ondorio horretarako onetsitako araudi espezifikoan arautuko dira.

2.–Jardueren publizitatea.

2.1. Izena emateko prozesua hasi baino gutxienez bost egun natural lehenago zabaldu beharko da.

2.2. Aurreinskripzioa egiteko epeen hasierari buruzko informazio orokorra, gutxienez, baliabide hauen bidez zabalduko da:

2.2.1 Burlatako Udalaren webgunean.

2.2.2. Burlatako Udalaren sare sozialak.

2.2.3. Posta elektronikoa, kirol-arloaren aplikazio informatikoaren bidez. Baliabide hau udal-igerilekuetako harpidedunei eta aurreko ikasturteko ikasleei bakarrik aplikatuko zaie.

2.2.4. Kartelak udalaren kirol-instalazioetan.

2.2.5. Udal-bandoa.

2.3. Kirol-jarduerei buruzko informazio osoa Burlatako Udalaren webgunean argitaratuko da eta, gutxienez, apartatu hauek jaso beharko ditu:

2.3.1 Jardueren zerrenda; alderdi hauek adierazi beharko dira: egunak, ordutegia, instalazio, biztanleriaren zer sektoreri zuzentzen zaion eta gutxieneko eta gehieneko partaide-kopuruak.

2.3.2. Jarduerak hasteko eta bukatzeko data.

2.3.3. Jardueren prezioa eta hobaria duten kuotei eta dirulaguntza posibleei buruzko informazioa.

2.3.4. Epeak, aurreinskripzio-sistema eta ordainketa.

3.–Kirol-eskaintza.

3.1. Kirol-jardueren eskaintzak aldatzen eta bertan behera uzten ahalko dira, eta haien berri emanen zaie ukitutako pertsonei.

3.2. Gutxieneko eta gehieneko plaza-kopuru bat ezarriko da jarduera-talde bakoitzeko; kopuru horiek ezartzeko, kontuan hartuko dira jardueraren ezaugarriak, zer pertsonari zuzentzen zaien eta hura egiteko erabiliko den espazioa eta ekipamendua. Ikasle-ratio horiek webgunean argitaratutako informazioan zehaztuko dira.

3.3. Jarduera-talde bakoitzerako ezarritako gutxieneko plaza-kopurua betetzen ez bada, ez da bermatzen taldeak sortuko direnik. Kasu hauetan baliogabetzen ahal dira taldeak:

3.3.1 Aurreinskripzio-epea amaitzean, kirol-arloa ukitutako pertsonekin jarriko da harremanetan, beste talde batzuetan egin ahal izan dezaten aurreinskripzioa; epearen barnean egindako aurreinskripzioen eskubide berdinak izanen dituzte.

3.3.2. Plaza formalizatzeko/ordaintzeko epea amaitzean, taldeak baliogabetzen ahalko dira, baldin eta formalizatutako plazen kopurua ez bada iristen zehaztutako gutxieneko kopurura. Kirol-arloa ukitutako pertsonekin harremanetan jarriko da, behin betiko osatu diren taldeetan parte hartzeko aukera emateko, plaza librerik gelditzen bada. Plaza eskuragarriak eskainiko dira zozketaren emaitzarekin eta 6. artikuluan ezarritako lehentasun-ordenekin bat.

3.3.3. 3.3.1. eta 3.3.2. apartatuei lotutako komunikazioak aplikazio informatikoaren bidez eginen dira, eta muga-data bat jarriko da ukitutako pertsonaren erantzuna jasotzeko.

3.4. Behar adinako eskaririk ez duten taldeak mantentzen ahalko dira, baldin eta kirol-arloak egokitzat jotzen badu udalaren kirol-eskaintza guztia kontuan hartuta.

4.–Ohiko jarduera-programa

4.1. Kirol-arloak jarduera fisikoen programa bat antolatuko du, urria eta maiatza artean eginen dena, gutxi gorabehera. Programa horrek herritarrei aukera emanen die jarduera fisikoa modu jarraituan egiteko.

4.2. Kirol-arloak ezarriko du jardueren hasiera- eta amaiera-data, eta egutegi bat zehaztuko du jarduerak zer egunetan eginen diren zehazteko. Oro har, beste aukera batzuk baztertu gabe, jarduera-mota hauek ezartzen dira, iraupenaren arabera zehaztuak:

4.2.1 Ikasturte osoko jarduerak: urritik maiatzera, gutxi gorabehera.

4.2.2. Lau hilabeteko jarduerak: urritik urtarrilera eta otsailetik maiatzera, gutxi gorabehera.

4.2.3. Udako ur-jarduerak: uztailaren erdialdetik abuztu-hasierara eta abuztu-hasieratik abuztu-amaierara, gutxi gorabehera.

4.3. Adinak: kirol-arloak ezarriko ditu jardueretan parte hartzeko adin-tarteak. Salbuespenak egiten ahalko dira ezarritako adin-tarteetan, plazak esleitu ondotik plaza libreak badaude eta kirol-arloko kirol-koordinatzailearen iritzian ez badu kalterik eragiten jardueraren garapen normalean.

4.4. Jarduera lasaiak: intentsitate baxu eta ertaineko jarduerak eskainiko ditu Burlatako Udalak, hirurogeita bost urtetik gorakoei eta muga eta/edo patologia fisikoak izanik intentsitate ertain-altuko jarduera fisikorik egin ezin dituzten pertsona gazteagoei zuzenduak.

Hirurogeita bost urtetik gorako pertsonek ez dute mota horretako jardueretan parte hartzeko betebeharrik.

4.5. Taldeen arteko zirkulazioa: jarduera-mota bereko gainerako taldeetara joateko aukera izanen dute erabiltzaileek, betiere eskola hasteko unean tokia badago libre. Iriste-ordenaren arabera sartuko dira eskoletan, monitoreak ikuskatuta. Izena emandako talderako plaza soilik bermatzen da.

Arau hau ez zaie aplikatuko jarduera "lasai"etan parte hartzen duten pertsonei. Izena emanda dauden taldean baino ez dira aritzen ahalko.

4.6. Bertaratzea: kirol-arloak baja ematen ahalko die jarraian sei saiotara joaten ez diren pertsonei eta/edo hirugarren hilabetetik aurrera guztira ehuneko berrogeita hamarretik beherako bertaratzea dutenei. Kirol-arloa harremanetan jarriko da egoera horretan dagoen pertsonarekin, bere argudioak azaldu ditzan eta jardueran duen parte-hartze baxuaren arrazoia behar bezala arrazoitzeko.

5.–Jarduera fisiko osagarrien programa:

5.1. Burlatako Udalak jarduera osagarrien programa bat antolatzen ahalko du, helburu hauekin:

5.1.1 Ikasturte osoko ohiko programako jarduera fisikoaren eskaintza osatzea eta aberastea.

5.1.2. Jarduera puntualak eskaintzea ohiko jarduera-programan ohiko moduan parte hartu ezin duten edo nahi ez duten pertsonentzat.

5.2. Kirol-arloko kirol-koordinatzaileak astero aldatzen ahalko du jarduera-eskaintza, eskari errealaren, zerbitzu-premien eta kirol-arloarentzat interesekoak diren bestelako inguruabar eta arrazoi batzuen arabera.

5.3. Programa herritar guztiei zuzentzen zaie, eta lehentasuna izanen dute ikasturte osoko jardueren ohiko programako parte-hartzaileek, bai aretokoek, bai ur-jardueretakoek.

5.4. Izen-emateak.

5.4.1 Astero eginen da, aplikazio informatikoaren bidez edo ondorio horietarako gaitutako kirol-instalazioetara joanda.

5.4.2. Izena emateko erabilitako baliabideek aukera ematen duten neurrian, izena emateko epe desberdina ezarriko da ikasturte osoko jardueren ohiko programan parte hartzen dutenentzat eta gainerako interesdunentzat.

5.4.3. Plaza zuzenean esleituko da, inskripzio-ordenaren arabera.

5.4.4. Kirol-arloak gehieneko inskripzio-kopuru bat ezartzen ahalko du pertsonako eta asteko.

5.5. Prezioa: Burlatako Udalak prezio bereizia ezarriko du ikasturte osoko jardueren ohiko programan parte hartzen duten pertsonentzat eta gainerako interesdunentzat.

5.6. Kirol-arloak ezarriko du jarduera osagarriak zer datatan hasiko eta amaituko diren; ahal den neurrian, data horiek bat etorriko dira ikasturte osoko jardueren ohiko programarako ezarritako datekin eta egutegiarekin.

5.7. Kirol-arloak jardueretan parte hartzeko adin-tarteak ezarriko ditu.

5.8. Bertaratzea: izen eman ondotik, jardueretara ez joateak berekin ekartzen ahalko du hurrengo bi asteetan erreserba gehiago ezin egin ahal izatea.

6.–Kudeatzeko tresnak.

6.1. Kirol-arloak aplikazio informatiko bat jarriko du arau honetan araututako kirol-jardueretan parte hartu nahi duten pertsonen eskura.

6.2. Aurreinskripzioa egiteko eta plaza formalizatzeko gestio guztiak eta kirol-arloaren komunikazioak, izen-emateei eta jardueren funtzionamenduari lotuak, tresna horren bidez eginen dira.

6.3. Salbuespen gisa, kirol-arloko administrariek egokitzat jotzen badute eta betiere ezarritako epeen barruan, gestioak presentzialki, telefonoz edo posta elektroniko bidez egiten ahalko dira.

7.–Ohiko programa. Izen-emateen prozesua. Aurreinskripzioa.

7.1. Kirol-arloak aurreinskripzio-epe bat ezarriko du interesdunek aurreinskripzioa egin ahal izan dezaten eskainitako kirol-jardueretan, ondorio horietarako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez.

7.2. Aurreinskripzioa ezinbesteko izapidea da plaza baterako aukera izateko. Aurreinskripzioa egiteak ez du esan nahi plaza esleitzen denik, publizitatean hala zehazten den kasuetan izan ezik.

7.3. Interesdun bakoitzeko gehieneko aurreinskripzio-kopuru bat izanen da. Kirol-alorreko kirol-koordinatzaileak ezarriko du gehieneko kopuru hori aurreinskripzio-aldi bakoitzean.

Onartutakoak baino aurreinskripzio gehiago egiten badira, baja emanen zaie ezarritako muga gainditzen duten aurreinskripzioei, aurreinskripzio-ordenari jarraikiz. Lehenak mantenduko dira, eta sobran dauden azkenak ezabatuko dira.

7.4. Pertsona bakoitza ikaskuntza motorreko maila bakarrean aurreinskribatzen ahalko da. Adibide gisa, ez da onartzen pertsona bat haurrentzako igeriketa-maila batean baino gehiagotan aurreinskribatzea.

Maila desberdinetan egiten badira aurreinskripzioak, maila altueneko aurreinskripzioak baztertuko dira.

Kirol-arloak probaldi bat ezarri eta jendaurrean jarriko du jarduera jakin batzuetan interesa duten pertsonentzat, ikaskuntza motorreko zer maila duten jakiteko, dagokien mailan egin dezaten aurreinskripzioa. Izapide hori ez da nahitaezkoa, baina bai oso gomendagarria, aurreinskripzioan hautatutako maila ez bada egokia, ez baita bermatzen ahalko mailaz eta taldez aldatzen ahalko denik.

7.5. Pertsona bakoitza eskakizun fisikoko maila berean aurreinskribatzen ahalko da. Adibide gisa, ez da onartzen pertsona bat helduentzako jardueretan eta jarduera lasaietan aurreinskribatzea.

Maila desberdinetan egiten badira aurreinskripzioak, eskakizun fisiko altueneko aurreinskripzioak baztertuko dira.

7.6. Zenbait aurreinskripzio egiten badira, haietako bakoitzaren lehentasun-ordena adierazi beharko du interesdunak. Lehentasunak zehaztuko du parte hartzeko interesa pertsona berak egindako aurreinskripzioen artean. Plazak esleitzeko garaian, ez du inolako prebalentziarik izanen beste pertsona batzuek zehaztutako lehentasunen aldean.

Zenbait plaza eskuratuz gero, lehentasunak zehaztuko du zer plaza gordeko den eta zein baztertu.

Ez bada adierazi lehentasun-ordena edo akatsen bat izan bada, aurreinskripzio-ordenaren arabera esleituko da lehentasuna. "1" lehentasuna emanen zaio lehenengo egindako aurreinskripzioari, "2" lehentasuna bigarrenari, eta abar.

7.7. Ezarritako epeetatik kanpoko aurreinskripzioak, kirol-arloko administrariek baimendutako salbuespenetan izan ezik, posta elektroniko bidez eginen dira. Honako tratamendu hau izanen dute aurreinskripzio horiek:

7.7.1 Itxarote-zerrendan sartuko dira, eskaera kirol-arloan entregatu den ordenaren arabera.

7.7.2. Epez kanpo egindako aurreinskripzioen itxarote-zerrenda aldatu eginen da: udalerrian erroldatutako eta/edo udal-igerilekuetako harpidedunak gainerako eskatzaileen aurretik jarriko dira, 8. artikuluan adierazitako lehentasunekin bat.

7.7.3. Ez dira kontuan hartuko zozketarako. Lehentasuna izanen dute epe barnean egindakoek.

8.–Ohiko programa. Izen-emateen prozesua. Plazen esleipena.

8.1. Kirol-arloak zozketa eginen du eskaria plaza eskuragarriak baino handiagoa den jardueretan. Zozketa egiten den unean, kirol-koordinatzailearen deialdia jaso ondotik, hala nahi badute, udalbatzako talde politiko bakoitzeko ordezkari bat egoten ahalko da.

8.2. Plazak esleitzeko eta itxarote-zerrendaren ordena ezartzeko, jarduera-mota bakoitzerako lehentasunen arabera doituko da zozketaren emaitza (8.3.-8.8. artikuluan jasoak daude lehentasunak) eta 8.9. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz aplikatuko dira lehentasunak.

8.3. Ikasturte osoko areto-jardueretarako lehentasun-ordena:

8.3.1 Aurreko ikasturtean jarduera eta ordutegi berean parte hartu zuten pertsonak. Burlatan erroldatuta dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren pertsonei bakarrik aplikatuko zaie lehentasun hau.

8.3.2. Aurreko ikasturtean beste jarduera edo ordutegi batean parte hartu zuten pertsonak. Burlatan erroldatuta dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren pertsonei bakarrik aplikatuko zaie lehentasun hau.

8.3.3. Burlatan erroldatutako ikasle berriak eta/edo Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren ikasle berriak.

8.3.4. Burlatan erroldatuta ez dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun ez diren ikasle berriak.

8.3.5. Itxarote-zerrendako pertsonak.

8.3.6. Dagoeneko beste areto-jarduera batean plaza duten eta espresuki bigarren jarduera batean parte hartzea eskatzen duten pertsonak.

8.4. Ikasturte osoko ur-jardueretarako lehentasun-ordena:

8.4.1 Aurreko ikasturtean jarduera eta ordutegi berean parte hartu zuten pertsonak. Burlatan erroldatuta dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren pertsonei bakarrik aplikatuko zaie lehentasun hau.

8.4.2. Aurreko ikasturtean beste jarduera edo ordutegi batean parte hartu zuten pertsonak. Burlatan erroldatuta dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren pertsonei bakarrik aplikatuko zaie lehentasun hau.

8.4.3. Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren ikasle berriak.

8.4.4. Burlatan erroldatutako ikasle berriak.

8.4.5. Burlatan erroldatuta ez dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun ez diren ikasle berriak.

8.4.6. Itxarote-zerrendako pertsonak.

8.4.7. Dagoeneko beste ur-jarduera batean plaza duten eta espresuki bigarren jarduera batean parte hartzea eskatzen duten pertsonak.

8.5. Lau hilabeteko ur-jardueren lehen txandarako lehentasun-ordena:

8.5.1 Aurreko udako igeriketa-ikastaroetako bi txandetakoren batean ikasturte-amaiera arte aritu diren parte-hartzaileak. Burlatan erroldatuta dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren pertsonei bakarrik aplikatuko zaie lehentasun hau.

8.5.2. Aurreko lau hilabeteko ur-jardueren bigarren txandan ikasturte-amaiera arte aritu diren parte-hartzaileak. Burlatan erroldatuta dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren pertsonei bakarrik aplikatuko zaie lehentasun hau.

8.5.3. Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren ikasle berriak.

8.5.4. Burlatan erroldatutako ikasle berriak.

8.5.5. Burlatan erroldatuta ez dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun ez diren ikasle berriak.

8.5.6. Itxarote-zerrendako pertsonak.

Lehentasun-egoera bereko pertsonen eskaria plaza-eskaintza baino handiagoa bada, harpidedunek lehentasuna izanen dute erroldatuen aldean.

8.6. Lau hilabeteko ur-jardueren bigarren txandarako lehentasun-ordena:

8.6.1 Aurreko lau hilabeteko ur-jardueren lehen txandan ikasturte-amaiera arte aritu diren parte-hartzaileak, kontuan hartu gabe Burlatan erroldatuta dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren.

8.6.2. Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren ikasle berriak.

8.6.3. Burlatan erroldatutako ikasle berriak.

8.6.4. Burlatan erroldatuta ez dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun ez diren ikasle berriak.

8.6.5. Itxarote-zerrendako pertsonak.

Lehentasun-egoera bereko pertsonen eskaria plaza-eskaintza baino handiagoa bada, talde berean jarraitzen dutenek izanen dute lehentasuna. Lehentasun-egoerak berdin jarraitzen badu, harpidetuta dagoen pertsonak izanen du lehentasuna erroldatutakoaren aldean, eta erroldatutakoek izanen dute lehentasuna erroldatu gabe daudenen eta harpidedun ez direnen aldean.

8.7. Udako ur-jardueren lehen txandarako lehentasun-ordena:

8.7.1 Aurreko lau hilabeteko ur-jardueren bigarren txandan ikasturte-amaiera arte aritu diren parte-hartzaileak. Burlatan erroldatuta dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren pertsonei bakarrik aplikatuko zaie lehentasun hau.

8.7.2. Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren ikasle berriak. 8.7.3. Burlatan erroldatutako ikasle berriak.

8.7.4. Burlatan erroldatuta ez dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun ez diren ikasle berriak.

8.7.5. Itxarote-zerrendako pertsonak.

Lehentasun-egoera bereko pertsonen eskaria plaza-eskaintza baino handiagoa bada, harpidedunek lehentasuna izanen dute erroldatuen aldean.

8.8. Udako ur-jardueren bigarren txandarako lehentasun-ordena:

8.8.1 Aurreko udako ur-jardueren lehen txandan ikasturte-amaiera arte aritu diren parte-hartzaileak, kontuan hartu gabe Burlatan erroldatuta dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren.

8.8.2. Aurreko lau hilabeteko ur-jardueren bigarren txandan ikasturte-amaiera arte aritu diren parte-hartzaileak. Burlatan erroldatuta dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren pertsonei bakarrik aplikatuko zaie lehentasun hau.

8.8.3. Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun diren ikasle berriak.

8.8.4. Burlatan erroldatutako ikasle berriak.

8.8.5. Burlatan erroldatuta ez dauden eta Burlatako udal-igerilekuetako harpidedun ez diren ikasle berriak.

8.8.6. Itxarote-zerrendako pertsonak.

Lehentasun-egoera bereko pertsonen eskaria plaza-eskaintza baino handiagoa bada, talde berean jarraitzen dutenek izanen dute lehentasuna. Lehentasun-egoerak berdin jarraitzen badu, harpidetuta dagoen pertsonak izanen du lehentasuna erroldatutakoaren aldean, eta erroldatutakoek izanen dute lehentasuna erroldatu gabe daudenen eta harpidedun ez direnen aldean.

8.9. Lehentasunak aplikatzeko modua: areto-jardueren multzotik jarduera bakar bat egin daitekeenez pertsonako eta halaber ur-jarduera bakar bat egin daitekeenez pertsonako, plaza libreak daudenean salbu, lehentasunak honela aplikatuko dira:

8.9.1 Plaza lortu den jardueran ezarritakoa baino lehentasun txikiagoa duten aurreinskripzioak baliogabetuko dira, bai dagoeneko plaza esleitu bazen, bai itxarote-zerrendan bazen.

8.9.2. Itxarote-zerrendan dauden aurreinskripzioak mantenduko dira, betiere plaza lortu den jarduerak baino lehentasun handiagoa bazuten.

8.10. Plazen esleipena amaitu ondotik, pertsona bakoitzak bere aurreinskripzio guztien egoera kontsultatzen ahalko du aplikazio informatikoaren bidez; ikusten ahalko du plazarik baduen, baja eman zaion edo itxarote-zerrendako zer postutan dagoen. Aukera izanen da, halaber, presentzialki, telefonoz edo posta elektronikoz artatua izateko, 6.3. artikuluan jasotakoarekin bat.

Kirol-sailak plaza esleitu denean soilik jakinaraziko du, aplikazio informatikoaren bidez; eskaera-orria ere erantsiko du, ordaindu ahal izateko.

8.11. Kirol-arloak beretzat gordetzen du edozein unetan plazen esleipena eta itxarote-zerrenda aldatzeko, alde batera utzita interesdunak dagoeneko ordaindu duen, baldin eta akatsen bat detektatzen bada aurreinskripzioan, zozketan edo plazen esleipenean.

Kirol-arloak ez du plazen esleipena edo itxarote-zerrenda aldatzeko betebeharrik interesdunak, aurreinskripzioa kudeatzean, datuak oker jarri baditu.

9.–Ohiko programa. Izen-emateen prozesua. Plaza formalizatzea.

9.1. Burlatako Udalak epe bat ezarriko du plaza formalizatzeko. Udalak ezarritako tasa ordaindu beharko da plaza formalizatzeko. Ondorio horietarako gaitutako aplikazio informatikoa erabili beharko da horretarako.

9.2. Jarduera ordaintzea funtsezko izapidea da plaza formalizatzeko. Ezarritako epean ez bada tasa ordaintzen, plaza galduko da.

10.–Ohiko programa. Itxarote-zerrendaren kudeaketa.

10.1. Kirol-jarduera bakoitzeko itxarote-zerrenda osatuko dute epearen barruan egindako aurreinskripzioek eta epez kanpo egindako aurreinskripzioek.

10.2. Itxarote-zerrendako pertsonei eskainiko zaizkie plaza libreak, bertan jasotako ordenari jarraikiz.

10.3. Burlatako Udalak, kirol-koordinatzailearen iritziaren arabera, beretzat gordetzen du plaza libreak itxarote-zerrendan dauden pertsonei ez eskaintzeko eskubidea, betiere taldearen ezaugarriak, artean egindako saio-kopurua eta beste inguruabar batzuk direla-eta ez bada gomendagarria ikasle berriak sartzea.

10.4. Itxarote-zerrendako pertsonei mezu bat bidaliko zaie aplikazio informatikoaren bidez. Mezu horretan adieraziko zaie zer jardueratan esleitu zaion plaza, ordaindu beharreko zenbatekoa eta plaza formalizatzeko epea. Horrez gainera, interesdunekin telefonoz harremanetan jartzeko ahalegina eginen da. Gehienez ere hiru saiakera eginen dira ordu desberdinetan, bi eguneko epean, edo mezua utziko da ahots-postontzian.

10.5. Jarduera baten itxarote-zerrendan egonik plaza bat ukatzen dutenak itxaron zerrendatik kanporatuko dira.

10.6. Plazaren esleipena baliogabetu eta interesduna itxarote-zerrendatik kenduko da kasu hauetan:

10.6.1 Plaza ez bada ordaintzen ezarritako epean.

10.6.2. Erantzunik ez bada jasotzen mezua ahots-postontzian utzi eta hogeita lau orduko epean.

10.6.3. Interesdunak ez postontzirik ez posta elektronikorik ez badu, bi eguneko epean ordu zenbaitetan hiru aldiz deituta pertsona horrekin harremanik ezin bada izan.

10.7. Pertsona jardueran hasten denetik ikastaroa amaitu arte egiteke dauden saio-kopuruaren arabera kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa.

11.–Bajak eta itzulketak.

11.1. Jardueran baja emateko eta ordaindutako zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da. Eskaera idatziz egin beharko da, Burlatako Udalaren eskabide orokor bidez edo posta elektroniko bidez; kirol-arloaren helbide elektronikora bidali beharko da mezua. Eskaeraren sarrera-data hartuko da oinarritzat kalkulu ekonomikoak egiteko.

11.2. Ez dira aurreikusten aldi baterako bajak jardueran; behin betiko bajatzat joko dira kasu guztietan.

11.3. Jardueran baja emanez gero, 11.6. artikuluan jasotako kasua gertatzen denean salbu, aurreko edizioko partaideei ematen zaien lehentasuna galduko da ondotiko inskripzio-prozesuetan.

11.4. Baja ematea eta dirua itzultzea aurreikusten da, interesdunak jarduerari uko egiten badio jarduera hasten den datatik hamabost egun natural igaro aurretik, betiere ukoa garaiz eta modu egokian aurkezten bada.

Apartatu hau aplikatuko da, halaber, jardueraren ezaugarriak modu esanguratsuan aldatzen badira modu jarraituan. Adibidez, jarduera ematen duen monitorea aldatzea modu iraunkorrean. Honako kalkulu hauetatik lortutako zenbatekoa itzuliko da:

11.4.1 Eskaera-datatik ikastaroaren amaierara egiteke dauden saioei dagokien zenbatekoaren kalkulua.

11.4.2. Ehuneko hamarreko murriztapena aplikatuko zaio 11.4.1 apartatuan lortutako emaitzari. Beharrezkoa denean, zifra dezimal batekin kalkulatuko da, beherantz biribilduta.

11.5. Baja ematea eta dirua itzultzea aurreikusten da 30 egun natural baino gehiagoan jarduera modu jarraituan egitea galarazten duen edozein kausa medikoren ondorioz egin bazaio uko jarduerari.

Beharrezkoa izanen da egoera hori ziurtatzen duen txosten medikoa aurkeztea. Baja onartu ahal izateko, jarduera egitea galarazten duen osasun-arrazoiak ordainketa egin ondotik sortua izan beharko du.

Honako kalkulu hauetatik lortutako zenbatekoa itzuliko da:

11.5.1 Eskaera-datatik ikastaroaren amaierara egiteke dauden saioei dagokien zenbatekoaren kalkulua.

11.5.2. Ehuneko hogeita hamarreko murriztapena aplikatuko zaio 11.5.1 apartatuan lortutako emaitzari. Beharrezkoa denean, zifra dezimal batekin kalkulatuko da, beherantz biribilduta.

11.6. Zerbitzua modu jarraituan eteten bada; egoera hori hamabost egun baino gehiagoan etenik gabe gertatzen bada joko da zerbitzua modu jarraituan eten dela.

Honako kalkulu hauetatik lortutako zenbatekoa itzuliko da:

11.6.1 Eskaera-datatik ikastaroaren amaierara egiteke dauden saioei dagokien zenbatekoaren kalkulua.

11.7. Zerbitzua puntualki eteten bada, denboraldi-amaieran berreskuratuko dira eman gabeko saioak. Ezin badira saioak berreskuratu eta/edo ukitutako pertsonaren batek eman gabeko saioen dirua itzultzeko eskatzen badu, honako kalkulu hauetatik lortutako zenbatekoa itzuliko da:

11.7.1 Berreskuratzeke dauden saioei dagokien zenbatekoa kalkulatzea.

11.8. Partaideren bat jardueratik kanporatzen bada 4.6. artikuluan zehaztutako gutxieneko asistentzia ez betetzeagatik, eskaera egin ondotik, dirua itzuliko zaio, 11.6. artikuluan zehaztutako kalkuluen arabera.

12.–Hobaria duten kuotak edo dirulaguntzak.

Burlatako Udalak, bertako biztanleen artean kirol-jarduera sustatzeko, kuota hobaridunak ezartzen ahalko ditu, baita herritarrentzako laguntzen deialdi bat ere, haien egoera ekonomikoa kontuan hartuta.

13.–Erroldatzearen aldaketa eta ordainketa.

13.1. Erabiltzaile batek jarduera batean alta ematen duen unean bete beharko dira araudian jasotako betekizunak; adibidez, harpideduna izatea. Egoera horiek jarduera gauzatzen den artean aldatzen badira (adibidez, harpidedun izatea edo Burlatan erroldatzea), ez dute eraginen inolako aldaketarik egiteko eskubiderik.

13.2. Burlatako Udalak aukera izanen du plazaren esleipena, ordaindu beharreko zenbatekoa, kuota hobaridunaren aplikazioa eta erroldatuta egoteagatiko eta udal-igerilekuetako harpidedun izateagatiko bestelako edozein abantaila ez aplikatzeko, aldatzeko eta baliogabetzeko, ikusten bada baldintza horien abantailez baliatzeko egin direla erroldako edo harpidetzaren aldaketak.

14.–Aseguruak eta osasun-azterketa.

14.1. Herritarrek araudi honetan araututako jarduera fisikoetan parte hartzetik eratorritako osasun-laguntza sektore publikoaren eta/edo herritarrek borondatez izan dezaketen aseguru pribatuaren aseguru-araubide arrunteko prestazioan sartzen da, eta Burlatako Udalak ez ditu bere gain hartuko osasun-laguntza horrek sor ditzakeen balizko gastuak.

14.2. Burlatako Udalak gomendatuko du, informazioa zabalduz, mediku-azterketa bat egitea aldez aurretik, eta azterketa horren emaitza nork bere medikuari jakinaraztea eta hartaz kontsultatzea.

14.3. Saioak diseinatzeko garaian kontuan izan beharreko gaitz eta patologia guztien berri eman behar diote parte-hartzaileek kirol-arloari.

15.–Burlatako Udaleko langileak.

15.1. Burlatako Udalaren zerbitzura dauden administrazioaren alorreko funtzionario eta langile kontratatu administrarientzako enplegu-baldintzei buruzko erabakiaren 24. artikuluarekin bat, Udaleko langileak erroldatutako pertsonatzat joko dira ondorio guztietarako. Hitzarmena aldatzen bada, han jasotakoari jarraituko zaio.

15.2. Ezinbesteko baldintza izanen da, aplikatzeko, interesdunak berariaz jakinaraztea kirol-arloari, aurreinskripzio-epean.

16.–Ohiz kanpoko bestelako egoera batzuk.

16.1. Araudi honetan jasotzen ez diren alderdiak eta jarduera jakin batek izan ditzakeen berezitasunak Burlatako Udaleko kirol-arloaren erantzukizuna duen zinegotziak erabakiko ditu behin-behinean, edo hark eskuordetzen duen pertsonak. Behin betiko arautzearen erantzukizuna Burlatako Udaleko osoko bilkurarena izanen da; arau hau aldatu edo inplementatu beharko du horretarako.

Iragarkiaren kodea: L2407372