107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

44/2024 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baita aurretiazko administrazio-baimena energia elektrikoa ekoizteko "Serena Solar 3" izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoa jartzeko.

1. 2020ko urriaren 9ko eskaera.

2020ko urriaren 9an, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuz, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen 50 MWp-eko "Serena Solar 3" energia elektrikoa ekoizteko instalazio fotovoltaikorako eta horren ebakuazio-azpiegituretarako, Adiosko, Enerizko, Ukarko, Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteetan.

2. Aurreproiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzea, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egitea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 2021eko 241. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 18koan, eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean.

Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien administrazio publikoei eta interesdunei.

Separatak bidali ziren, halaber, erakunde publikoetara eta zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresetara, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.

3. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramiteetan jasotako txostenak eta alegazioak bidali zizkion.

Jasotako txostenei eta alegazioei erantzuteko, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk beste agiri batzuk aurkeztu zituen lurzoru urbanizaezineko jardueretako baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena eskatzeko. Horrenbestez, Zerbitzuak ulertu du jendaurreko informazioaren eta kontsulten beste izapide bat abiarazi behar dela.

4. Jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko bigarren izapidea.

Eskaera berria jendaurrean jartzeko bigarren izapidea egin zen, iragarkia argitaratuz 2023ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 13koan, eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean. Gainera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien administrazio publikoei eta interesdunei.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurreko informazioaren eta kontsulten bigarren izapidean jasotako txostenak eta alegazioak igorri zizkion Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri.

5. Lurzoru urbanizaezineko jarduerak eta erabilerak baimentzea.

Espedientearen azterketa teknikoa egin eta gero, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena egin zuen, ondorio hauekin:

–Ebakuazio linea abiadura handiko trenerako aurreikusitako azpiegituretarako lurzoru urbanizaezinarekin –kategoria hori du Tebas-Muru Artederretako Udal Planean– gurutzatzea bateraezina da plan horren Hirigintza Araudiko 57. artikuluko 6. atalean ezarritako babes araubidearekin, non eraikuntza-jarduera baimengarritzat jotzen baitira "espazio horretan aurreikusitako azpiegitura edo instalazioa egiteko lanak, baita gauzatzeko, mantentzeko eta funtzionatzeko beharrezkoak diren eraikuntzak eta instalazioak ere" eta gainerakoak debekatzen.

–2023ko maiatzaren 25ean ADIFek etorkizuneko abiadura handiko trenbideak Tebas-Muru Artederreta udal-mugartean izanen duen inpaktuari buruz emandako txostenaren arabera, ebakuazio linearen proiektuak ez du indarreko araudia betetzen, zehazki, ebakuazio linearen eta etorkizuneko trenbidearen arteko gurutzaketetan.

–Azken proposamena 123 hektarearaino txikitu den arren, ez da nahikoa paisaiaren gaineko ukipena onargarritzat jotzeko ingurune horretan. Izan ere, Zerbitzu honen irizpidearen aurkakoa da –jardueren osagarritasuna eta orotarikoak izatea bermatzea–, Adiosko udalerriko lurzoru goldagarriaren %10 gainditzen duelako, kokatzen den udalerrietako etorkizuneko garapena mugatzen duelako eta, azkenik, nekazaritza erabilerak gutxitzen dituelako, ekoizpen-erregionalizatze indize altuko lurzoruetan (4,1 Tn/ha).

–Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalaren 2023ko ekainaren 26ko txostenaren arabera, "Serena Solar 1" proiektu fotovoltaikoa neurriz kanpokoa da ibarrak har dezakeenerako, eta Adiosko eta Muruzabalgo herrietatik hurbilegi dago. Horrek arbuio nabarmena eragiten du gizartean.

–Aurkeztu den ordezko aukeren azterlana ez da onargarria: ordezko aukera bakarra ezin da halakotzat hartu ez duelako gutxieneko bideragarritasun teknikorik Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren otsailaren 24ko 64/2006 Foru Aginduari dagokionez, zeinak ezartzen baititu lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak.

–Adiosko transformazio azpiestazio elektrikoaren kokapena desegokitzat jotzen da, paisaiari ahalik eta ukipenik txikiena eragiteko irizpideari jarraikiz. Izan ere, inguratzaile fotovoltaikoarekin batera jarri beharrean, bereizita jartzea proposatzen da, 620 metro ingurura, eta, gainera, Mendi eta labore mosaikoa delako 7. Ingurumen Unitateari eragiten dio.

Aurrekoa ikusita, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak uztailaren 6an emandako 282E/2023 Ebazpenaren bidez, ukatu egin zen lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabileretarako baimena Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk sustatutako Amaya Solar 1 eguzki instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren proiekturako.

6. Aurretiazko administrazio-baimena ukatzeko proposamena.

Lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzeko eskaera ukatu egin dela ikusirik eta eta espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura modu egokian egin dela, eta espedientea ebaztea proposatu du, eskatutako aurretiazko administrazio-baimena ukatuta.

Bestalde, 2024ko martxoaren 7an, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk eskatu du instalazioaren sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzultzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ukatzea aurretiazko administrazio-baimen bat, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk eskatu duena energia elektrikoa ekoizteko "Serena Solar 1" izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoa jartzeko, 50 MWp-ekoa, Adiosko, Enerizko, Ukarko, Biurrun-Olkozko eta Tebas-Muru Artederretako udal-mugarteetan.

2. Agintzea Diruzaintza Atalari sarbide- eta konexio-prozedurari lotutako 2.000.000 euroko bermea itzul dezala; Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk jarri zuen berme hori 2021eko martxoaren 8an eta 5020000084 CFNA 2021 erregistro zenbakia du (Av-NAV-0275–C).

3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura; Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura; Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura; Lurralde eta Paisaia Zerbitzura; Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura; Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea honako hauei: Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SL; Ebroko Konfederazio Hidrografikoa; Compañía Logística de Hidrocarburos (CLH); Endesa Energía, Endesa SA; Trenbide Azpiegituren Administratzailea - ADIF; AUDENASA; Enagas; I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU; Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa; Telefónica de España SA eta Red Eléctrica de España SAUko Sarbide Departamentua; eta horiek guztiak ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, espediente zenbakia adierazita (goiburuan agertzen dena).

6. Ebazpen hau Adiosko, Enerizko, Ukarko, Biurrun-Olkozko, Muruzabalgo eta Tebas-Muru Artederretako udalei jakinaraztea, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen jurisdikzioari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, horrek galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 22an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2406520