107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1170E/2024 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresei Gizarte Segurantzako enpresa-kuota eta soldatetarako dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak. Oinarri horiek azaroaren 28ko 3021/2018 Ebazpenaren bidez onetsi ziren. DDBN identifikazioa: 722600.

Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuak, abenduaren 27ko 340/2019 Foru Dekretuaren bidez aldatuak, xede du, gizarte bazterketaren kontrako politika publikoen esparruan, laneratze eta gizarteratze enpresen araubide juridikoa arautzea, bai eta enpresa horientzako laguntzen araubide orokorra ere (foru dekretuaren III. kapituluan xedatuta dago).

Foru dekretu horren 3. artikuluak xedatzen du laneratze eta gizarteratze enpresa bakoitzak izan beharreko teknikarien gutxieneko kopurua laneratze egoeran dauden langile kopuruaren araberakoa izanen dela, hala ezartzen baita 20.1 artikuluan, 25.2 artikuluan dagoen taularekin lotuta. Halaber, zehazten du, betiere, esku hartzeko eta laneratzeko lanak eginen dituen teknikari bat izanen dela gutxienez enpresa bakoitzean; eta izan beharreko teknikari kopuru jakin batean oinarrituta, horiek banatzeko irizpide proportzional batzuk ezartzen ditu, esku hartzeko eta laneratzeko lan horietan arituko diren teknikari kopurua finkatzeko.

Laneratze enpresek laguntza, jarraipen eta akonpainamendu sozialeko esku-hartzeak egiten dituzte, eta, horiei esker, errazten dute gizarterako eta lanerako ohiturak hartzea, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzen dutenak, eta lan merkatuan sartzeko ezinbesteko direnak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 28ko 3021/2018 Ebazpenaren bidez, deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresei Gizarte Segurantzako enpresa-kuota eta soldatetarako dirulaguntzak emateko.

Aldaketa honen helburua da aurkeztu beharreko dokumentazioa eguneratzea eta espedienteen tramitazioan gertatzen ahal diren egoerak argitzea.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 28ko 3021/2018 Ebazpenaren 9.1 eta 14.4 oinarriak aldatzea. Honela idatzita geldiko dira oinarri horiek:

9. Dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko justifikazioa.

"9.1. Hilero eman eta ordainduko dira soldatengatiko dirulaguntzak, laneratze enpresa bakoitzak aurkeztutako justifikazioaren arabera, dokumentazio hau aurkeztuta:

a) Soldaten hilabetekako laburpena, horretarako gaituko den dokumentuan, laneratze prozesuetan dauden langileen zerrenda gehituta.

b) Nominen eta ordainagirien kopia. Kasua bada, aurrerakinak justifikatzeko dokumentazioa.

c) Aldi baterako ezintasuna izanez gero, ABE bakoitzaren FIE fitxategiak erantsi behar dira.

d) IDC Kotizaziorako datuen txostena.

e) Plantillan izandako aldaketen inprimakia (halakorik baldin badago eta horretarako gaitutako agirian) eta inprimaki horretan zehazten den dokumentazioa".

15. Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.

"15.4. Enpresak ez badu betetzen gutxienez eskatzen den teknikari kopurua izateko betebeharra –urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 20.1 artikuluak ezarri bezala, eta 25.2 artikuluak ezartzen duen lanaldiaren portzentajean–, teknikaria ordezteko daukan hilabeteaz haratago –otsailaren 24ko 476/2017 Ebazpenaren 4.a) oinarriak xedatzen duen bezala–, ez du Gizarte Segurantzako enpresa-kuota eta soldatetarako dirulaguntzarik jasoko baldintza hori betetzen ez duen denboran.

Era berean, baldin laguntzako teknikari batek baja medikoa hilabete baino gehiago luzatzen bada, eta hura ez bada beste teknikari batekin ordezten gehienez ere 15 egun naturaleko epean –urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuak ezartzen duenari jarraikiz–, enpresak ez du Gizarte Segurantzako enpresa-kuota eta soldatetarako dirulaguntzarik jasoko baldintza hori betetzen ez duen denboran.

Gainera, ordeztu gabeko teknikariaren bajatik jasotako kopuruak itzuli beharko ditu enpresak, egoki diren berandutze-interesekin. Kasu honetan, organo kudeatzaileak behar den ebazpena emanen du".

2 Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2024ko apirilaren 23an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2406743