107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

40E/2024 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita 2024rako, txikizkako merkatarien taldeak sustatu eta kudeatzeko. DDBN identifikazioa: 756416.

Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planaren (2022-2025) 3. helburu estrategikoak Nafarroako merkataritzaren irudia indartzea eta haren eskaintza sendotzea planteatzen du, tokiko merkataritzan konfiantza irudia areagotze aldera.

Bestalde, "Tokiko merkataritza eta sektorearen irudia indartzea" izeneko L.3.2 ildo estrategikoaren barruan, 3.2.2 neurriak tokiko merkataritzako eta bezeroen fidelizazio kanpainak egiteko laguntza aurreikusten du.

Dirulaguntzen deialdi honen bidez merkatarien elkarteen bitartez egindako merkataritza jardueraren garapena sustatu nahi da, enpresen integrazioa eta sektoreko prestakuntza espezializatua sustatuz, hurbileko txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetze aldera.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak zehazten dira portzentaje bat aplikatuz jarduketa diruz lagungarrien zenbatekoari, oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen arabera. Aurrekontuan dagoen dirua ez bada aski portzentaje horren ondoriozko dirulaguntzen guztirakoa ordaintzeko, onetsiriko jarduketen artean hainbanatuko da.

Adierazitakoarekin bat, eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 250/2023 Foru Dekretuak ezarritakoaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. Txikizkako merkatarien taldeak sustatu eta kudeatzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 620.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako partida hauen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDAK

ZENBATEKOA

830001 83100 4819 431400 Merkataritzako dirulaguntzak. Taldeak sustatu eta kudeatzea

600.000

830001 83100 7819 431400 Merkataritzako dirulaguntzak. Taldeentzat, inbertsio berritzaileetarako

20.000

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 23an.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.

I. ERANSKINA.–TXIKIZKAKO MERKATARIEN TALDEAK SUSTATU ETA KUDEATZEKO DIRULAGUNTZEN 2024KO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko araubidea erregulatzea, sektoreko enpresa txiki eta ertainen (ETEak) enpresa integrazioa eta haien arteko lankidetza sustatzearren. Helburua da hiriko eta hurbileko merkataritzarekin konprometiturik dagoen merkataritza ehuna bultzatzea.

Dirulaguntza honek dakarren onura publikoa da txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea, eta horretarako, laguntza ekonomikoa emanen zaie merkataritza elkarteei berariazko jarduera batzuk egin ditzaten, helburu hauekin:

–Merkatarien elkarteek hurbileko merkataritza dinamizatzeko eta sustatzeko garatzen dituzten jarduketak bultzatzea taldeko estrategiak garatzea posible den udalerrietan eta merkataritza zonetan.

–Txikizkako merkataritzako ETEen elkartegintza handitzea, elkartegintza horrek lehiakortasunean dituen abantailak indartzearren.

–Laguntza ematea merkatarien elkarteen kudeaketa profesionalizatzeko, proiektu komunak sortzeko eta enpresa elkartuei eta bezeroei ematen zaien zerbitzua hobetzeko.

–Teknologia berrien sarrera eta erabilera sustatzea, horien bidez hobetzearren txikizkako ETEen transakzio komertzialak eta berrikuntza digitalerako beste inbertsio batzuk.

–Txikizkako merkataritzako langileen gaikuntza hobetu dadila sustatzea, prestakuntza espezializatuko jarduketen bidez.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 620.000 eurokoa da, honela zehaztuta, programa motaren arabera:

PROGRAMA MOTA

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO PARTIDA

1) Merkataritza elkarteen egiturak sustatzea

600.000

830001 83100 4819 431400 Merkataritzako dirulaguntzak. Taldeak sustatu eta kudeatzea

2) Merkataritza jarduketa

3) Prestakuntza jarduerak antolatzea

4) Online saltzeko plataforma teknologikoak bultzatzea

5) Web-orriak sortu eta garatzeko inbertsioak

20.000

830001 83100 7819 431400 Merkataritzako dirulaguntzak. Taldeentzat, inbertsio berritzaileetarako

3. oinarria. Jarduketak gauzatzeko epea.

1. Diruz lagungarriak diren gastu eta inbertsioak 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarte (biak barne) egin eta fakturatu beharko dira.

2 Ordainagiriek 2023ko azaroaren 1etik 2024ko azaroaren 8ra artekoak izan behar dute, bi egunak barne.

3. Gizarte aseguruei dagozkien 2024ko urriko gastuak onartu eginen dira baldin eta 2024ko azaroaren 30a baino lehen egiten badira dagozkien ordainketak, egun hori barne.

4. PFEZa dela bide egindako atxikipenei dagozkien 2024ko urriko gastuak onartu eginen dira baldin eta 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen egiten badira dagozkien ordainketak, egun hori barne.

5. Ulertuko da jarduketak gauzatuta daudela adierazitako epeen barnean egin, fakturatu eta ordaindu direnean.

4. oinarria. Entitate onuradunak.

1. Onuradun izaten ahalko dira merkatarien elkarteak, merkatarien elkarte mistoak (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak) eta merkatarien elkarteen batasunak, baldin honako baldintza orokor hauek betetzen badituzte:

1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak merkataritza eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio eremuan sartzen diren subjektu baino ez direnean, ez dira onuradun edo entitate laguntzaile izaten ahalko lege horretan xedatutako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak.

Egoera hori erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko dute kontabilitate araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten sozietateek, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Araudiaren (887/2006 Errege Dekretua) 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Kontabilitate araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ordaintzeko legezko epeak bete izana ziurtagiri bidez frogatzeko beharra ezarri da. Ziurtagiri hori Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda duen auditore batek eman beharko du, enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere. Debeku hori automatikoki hartuko da aintzat, eta indarrean jarraituko du hura eragin duten inguruabarrek segitzen duten bitartean.

Halaber, eskatzaileak ez badu jarduera independente ekonomiko edo profesionalik egiten eta, beraz, ez bazaio lehen aipatutako 3/2004 Legea aplikatu behar, inguruabar hori adierazi beharko da.

1.4. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

2 Eskatzaileek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte eskaera aurkezten duten egunean:

2.1. Beharrezkoa da eskatzailea 2024ko azaroaren 8rako, egun hori barne, inskribaturik egotea (edo ordurako inskribatzeko tramiteak hasiak izatea behintzat) bi erregistro hauetakoren batean: Sindikatuen eta Enpresaburuen Elkarteen Erregistroa (Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentukoa) edo Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Erregistroa (Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentukoa).

2.2. Helbidea Nafarroan duten merkatarien elkarteek eta merkatarien elkarte mistoek (betiere irabazi-asmorik gabeak) honako bi baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez 20 saltoki elkartu izatea, kasu hauetan izan ezik (entitate eskatzailearen jarduketa esparruaren arabera):

–5 saltoki elkartu izatea, jarduketa esparrua udal azoka bat bada.

–15 saltoki elkartu izatea, jarduketa esparrua udalekoa eta hurbilekoa bada (II. eranskinekoak), eta gremioetako elkarteen kasuan ere bai.

Ondorio horietarako, saltoki elkartutzat hartuko dira jarduera nagusia 641. taldetik 659. taldera bitartean (biak barne) eta ekonomia jardueren gaineko zergaren 661. taldetik 662. taldera bitartean duten txikizkako merkataritza jarduerak erregulartasunez egiteko bideraturik dauden saltegiak, eskabidea aurkezten den egunean. Ondorio horietarako, bazterturik daude 654. eta 655. taldeak, salbu 6542., 6545. eta 6546. epigrafeak.

b) Merkatarien elkarte mistoetan (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak), merkatari diren bazkideek, gutxienez, elkarteko kideen %35 izan behar dute. Ondorio horietarako, halakotzat hartuko dira arestian aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetan alta emanda dauden bazkideak.

2.3. Merkatarien elkarteen batasunak, helbidea Nafarroan dutenak eta irabazi-asmorik gabeak: gutxienez ere 4 merkatari elkartek (mistoak edo ez) osatuta egon beharko dute, eta horiek aurreko b) atalean ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.

2.4. Organo kudeatzaileak egiaztatu eginen du lehen betekizun espezifikoa betetzen dela, eskaeraren inprimakian aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenean oinarrituta, eta, gainerako betekizun espezifikoak egiaztatzeko, 8. oinarrian ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5. oinarria. Diruz lagungarriak diren programa, jarduketa eta kontzeptu motak.

Honela sailkatzen dira programa diruz lagungarriak:

1. Merkataritza elkarteen egiturak sustatzeko programak.

Diruz lagungarriak izanen dira helburu hauek dituzten programak: merkatarien elkarteen, merkatarien elkarte mistoen edo merkatarien elkarteen batasunen antolamenduzko egiturak sendotu eta garatzea –sektoreko ETEen arteko lankidetza enpresariala areagotzearren–, egitura horien kudeaketa profesionalizatzea, barne funtzionamendua hobetzea eta enpresa elkartuei zein bezeroei zerbitzuak emateko gaitasuna indartzea.

Jarduera mota hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

a) ETE elkartuei zerbitzuak ematea.

a.1) Diruz lagungarriak izanen dira enpresaburuen elkartea modu profesionalizatuan kudeatzeko eta administratzeko egiten diren gastuak, helburu dutenak enpresaren egitura sendotzea eta ETE elkartuei zerbitzu gehiago ematea, bai eta beste zeregin batzuetarako gastuak ere, hala nola diseinu lan guztiak gauzatzekoak, plangintzakoak, antolaketakoak, koordinaziokoak, kudeaketakoak, abian jartzekoak, jarraipenekoak, gauzatzearen kontrola egitekoak, emaitzak aztertzekoak, aholkularitza teknikoa eta merkataritzakoa ematekoak, nahiz bestelakoak, zerikusia badute deialdiko edozein programatan sartutako jarduerekin.

Zeregin horiek jarduera hori betetzeko kualifikatuta dauden entitateek, enpresek edo profesionalek egin beharko dituzte, eta ez da horrelako gasturik onartuko baldin eta kasuan kasuko entitateak, enpresak edo profesionalak ezin badu inguruabar hori dokumentu bidez frogatu.

Enpresaburuen elkartearen kudeaketa eta administrazio arruntean zeregin hauek sartu behar dira, gutxienez:

–Enpresaburuen elkartearen organoen (zuzendaritza-batzordea, batzar nagusia) bilerak deitzea eta dinamizatzea (ohikoak eta bereziak) eta kasuan kasuko aktak egitea, entitatearen estatutuei jarraikiz.

–Dirulaguntzetarako eskaerak enpresaburuen elkartearen izenean kudeatzea, eta hala badagokio, ETE elkartuen dirulaguntzetarako eskaera partikularrak ere bai.

–Enpresaburuen elkartearen gastuen eta diru-sarreren aurrekontuen kudeaketa eta kontabilitate arrunta eramatea.

–Kuotak eta derramak kobratzea eta enpresaburuen elkartearen Diruzaintza kudeatzea, ahalmen hori eskuordetua baldin badu.

–Enpresaburuen elkarteak Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusitik edo bestelako administrazio edo entitate batzuetatik jasotzen dituen komunikazio guztiak kudeatzea, baita entitateak berak sortutako barne oharrak ere, eta horiek ETE elkartuei jakinaraztea eta helaraztea.

–ETE elkartuei informazioa eta aholkularitza ematea merkataritzako araudiari buruz, bezeroen kexa eta erreklamazioei buruz, sektorerako laguntza publikoei buruz, datuak babesteko lege organikoari buruz, saltokiak irekitzeari buruz eta abarrei buruz.

–Enpresa elkartea dagokion erregistroan inskribatzeko erregularizazioa.

Enpresaren edo profesionalaren eta elkartearen artean eginiko kontratuan jaso behar da egin beharreko lanen zerrenda zehatza, haien kostua eta zer epetan eginen diren.

a.2) Pertsonal-gastuak: onartzen dira kanpoko langile espezifikoak kontratatzeari dagozkion gastu guztiak edo bertako langileei edo, hala badagokio, kudeatzeari dagozkionak, baldin eta beharrezkoak badira aurreko atalean adierazitako zereginen bat gauzatzeko eta ezinbestekoak badira dirulaguntzaren xede diren jarduerak garatzeko.

b) Bezeroei zerbitzuak ematea.

Diruz lagungarriak dira saltoki elkartuetako bezeroei zenbait zerbitzu emateko xedez egindako kanpoko gastuak, baldin eta helburu badute bezeroak fidelizatzea, merkataritza zonako bezeroen fluxua areagotzea eta produktuak banatzeko prozesuari balio erantsia ematea. Elkarteak zerbitzua kudeatu besterik ez badu egiten (hots, bitartekari soila bada), kontzeptu hori ez da diruz lagungarria izanen.

Elkarte gisa balio erantsi bat ematen dela ulertuko da, eta, beraz, kontzeptu diruz lagungarria dela, baldin eta frogatzen bada elkarte horrek bere enpresa elkartuei eskaintzen dizkien zerbitzuak baldintza onuragarriagoetan eskaintzen zaizkiela banaka eskainiz gero baino, badelako zerbitzua ematen duen entitatearen eta elkartearen artean aldez aurreko kontratu bat, non eskaintzaren alderdi guztiak argi geratuko baitira.

Zehazki, honako gastu eta jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

–Merkataritza zonaren irisgarritasuna.

–Bezeroentzako aparkalekua.

–Erosketa etxera eramateko zerbitzuak edo antzekoak.

–Balio erantsia ekartzen duten bestelako zerbitzuak, jarduketak eta prestazioak.

2 Merkataritza jarduketarako programak (PAC).

Diruz lagungarriak izanen dira hiriko eta hurbileko txikizkako merkataritzaren banaketa komertzialaren prozesuak dinamizatzeko programak, bai eta jarduera eremu edo sektore jakin batzuetan merkataritza suspertzekoak ere, baldin eta komunikazio kanpaina eta ekintza komertzialak, publizitatea, marketin digitala, salmenta sustapenak, aukera-azokak, erakusleihoekin lotutako jarduerak eta kontsumoa bultzatzeko bestelako ekintzak baliatuz egiten badira.

Merkataritza jarduketarako programa horiek sustatzen dituzten merkatarien elkarteentzat beharkizun hau izanen da: programa zer eremu edo gremiotan garatuko den, eremu horretan jardun behar dute.

2.1. Merkataritza jarduketarako programak, aplikazio-eremuaren arabera, honela sailkatzen dira:

a) Zonako programak. Kontuan harturik zer ahalmen duen zona bakoitzak taldeko estrategiak jarraitzeko, zein den jarduketa esparruaren hedadura, zer erakarpen eta eragin duten entitateek egiten dituzten jarduerek, eta zenbat saltoki dauden Nafarroako toki erakundeetan, honela sailkatuko dira:

–Eskualdez gaindiko merkataritza zonak: Iruñeko erdialdea.

–Eskualdeko merkataritza zonak: Lizarra, Tafalla, Sakana.

–Tarteko eremuak hartzen dituzten merkataritza zonak: Altsasu, Zangoza.

–Udalerriko eta hurbileko merkataritza-zonak: II. eranskineko zerrendan ageri dira.

Zonako programa diruz lagungarriak dira atal honetan ezarritako udalerrietan edo udalerrietako hiriguneetan egiten direnak.

b) Udal azoketan garatzen diren programak.

c) Gremioen programak, merkataritzako jardueraren sektore baterako, Nafarroa osoan.

d) Merkatarien elkarteen batasunek garatutako programak.

2.2. Jarduera mota hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

a) Merkataritza dinamizatzeko kanpainak antolatzea.

Xedetzat salmentak sustatzea duten jarduketak edo dinamizazio kanpainak kontsumoa pizteko proiektu baten barnean garatu behar dira, non erakutsiko baita saltoki elkartuek zuzenean parte hartu dutela.

Dirulaguntza eskatzen duen entitateak antolatu eta sustatu behar ditu merkataritza dinamizatzeko jarduketa guztiak, eta horietan parte hartzeko aukera izan behar dute jarduketa eremuan dauden saltokiek, elkartekoak ez badira ere. Nolanahi ere, entitate antolatzaileak parte hartzeko baldintza ezberdinak jartzen ahal ditu kanpaina horietan parte-hartzaile motaren arabera.

Ez dira onartuko merkataritza dinamizatzeko gastuak baldin eta beste administrazio publiko edo toki erakunde batzuek antolatuak eta sustatuak badira.

Salbuespenez, onar litezke merkataritza animatzeko jarduketetan parte hartzeagatik entitate eskatzaileak egindako gastuak, nahiz eta jarduketa horiek aurretik aipatutakoak ez diren beste entitate batzuek antolatu eta sustatu, baina, horretarako, ezinbestekoa da jarduketa horiek kanpaina bereki bat indartu eta sendotzeko balio izatea, edo merkataritza-ardatz nagusietan eginak izatea eta merkataritza jarduera sustatzea modu argian, zuzenekoan eta egiaztatzeko modukoan.

Diruz lagungarriak dira hurbileko txikizkako merkataritza sustatu eta indartzen duten jarduketak egiteko beharrezkoak eta ezinbestekoak diren gastuak, bai eta hainbat hirigune edo jarduera sektoreren merkataritza bizkortzekoak ere, horretarako merkataritza sustatzeko jarduketa hauek egiten badira:

a.1) Salmentak sustatzeko kanpaina espezifikoak, berekin dakartenak aldez aurretik bezeroek erosketak egitea, parte hartzen duten saltokietan egin ere, baita honelakoak lortzea ere: zuzeneko deskontuak, deskontuetarako txartelak, zuzeneko sariak, opariak, promozio-opariak edo zozketetan parte hartzeko txartelak.

Gehienbat txikizkako eta hurbileko saltokietan kontsumoa sustatzeko helburua izanen dute, baita bezero eta kontsumitzaileen fidelizazioa sendotzekoa ere.

Poltsak sustapen opari gisa ematea onartzen da, soilik horiek biodegradagarriak edo berrerabilgarriak direnean eta plastikozko poltsen kontsumoa murrizteari buruzko eta Ekoizleen Erregistroa sortzeko maiatzaren 18ko 293/2018 Errege Dekretuarekin bat datozenean.

Ez dira entitate eskatzailearen jarduketak onartuko baldin eta horiek elkarlan edo babes lan hutsa edo bigarren mailako jarduera osagarria badira.

Enpresarien elkarte mistoen kasuan, merkataritza dinamizatzen duten jarduketak bideratu behar dira merkataritza enpresa elkartu guztiak sustatzera, eta ez da merkataritza dinamizatzeko jarduketa bakar bat ere onartuko, baldin txikizkako merkataritzako enpresak ez diren bazkideentzat soilik egiten bada.

Kanpainen xedea baldin bada zuzeneko deskontuak aplikatzea banku erakundeen txartelekin edo bestelako ordainbideekin eta kobrantza-bideekin ordaintzen duten bezeroei, horrelako kanpainak onargarriak izanen dira baldin eta ez bazaizkie bakar-bakarrik aplikatzen finantza erakunde bakar batek luzatutakoei; hots, beste banku erakunde batzuetako ordainbideak eta kobrantza-bideak dituzten bezeroek ere parte hartzen ahalko dute. Finantza erakunde bakar batek luzaturiko txartelen kanpainak onartuko dira soilik baldin eta Nafarroako merkataritza txartelaren erabilera esklusiboa xede badute.

Publizitate helburua duten zozketak dituzten merkataritza sustatzeko kanpaina espezifikoen gastuak onartzeko, honako agiri hauek aurkeztu behar dira, Nafarroako Foru Komunitatean Jokoaren gaineko Tributuak arautzen dituen abenduaren 28ko 27/2016 Foru Legean ezarritakoaren arabera:

–Zerga-oinarria 1.800 eurotik gorakoa bada: Nafarroako Foru Ogasunean (Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atala) aurkeztutako eskaeraren kopia, jokoaren gaineko zerga tasa likida dadila eskatzeko, eta, gainera, egoki den ordainketa-gutuna.

–Zerga-oinarria 1.800 eurokoa edo hortik beherakoa bada: Nafarroako Foru Ogasunean (Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atala) aurkeztutako eskaeraren kopia, tasa horren salbuespena eskatzeko.

a.2) Merkataritzako beste sustapen kanpaina batzuk (hala nola merkataritzaren eguna, erakusleihoen lehiaketak, stock azokak, liburu azokak eta antzekoak). Jarduketa hauen barnean sartuko dira, besteak beste, gremioko elkarteek egindako jardunaldiak, azokak edo ekitaldi tematikoak.

a.3) Zuzeneko marketina, bezeroen fidelizazio sistemen bidezkoa, helburu duena harreman komertzialak mantentzea bezero hoberenekin eta estrategiak garatzea bezero errentagarrienei eusteko.

a.4) Informazio, komunikazio eta marketin digitaleko ekintzak.

a.5) Sentsibilizazio kanpainak, agerian jartzen dutenak zein garrantzitsua den hurbileko merkataritza, edo prestigioa ematen diotenak merkatariek jarduera ekonomikoan duten rolari.

b) Elkartegintza sustatzea.

Diruz laguntzen ahalko dira enpresen egitura hedatu eta sustatzeko gastuak, bai eta jarduketa horretarako bakarrik kontratatutako langileengatiko gastuak ere, baldin eta egitura zabaltzea eta enpresa elkartu berriak erakartzea badute xede, baita haien protagonismoa indartu edo beren tamaina eta ordezkagarritasuna handitzeko helburu hori duten kanpaina espezifikoak gauzatzeko behar diren gastuak ere, salbu eta gastu horiek jardunaldi tekniko bati edo prestakuntza ikastaro bati badagozkie.

3. Prestakuntza jarduerak antolatzeko programak.

Diruz lagunduko da honako hauek antolatzea: prestakuntza espezializatuko ikastaroak, jardunaldi teknikoak, biltzarrak edo mintegi monografikoak, sakon aztertzen dituztenak txikizkako merkataritzarako interes berezia duten gaiak (belaunaldi erreleboa, ekintzailetza, trantsizio digitala, joera berriak, etab.), edo banaketa komertzialaren funtsezko alderdiak lantzen dituztenak.

Diruz lagungarriak izanen dira prestakuntza espezializatua emateko –aurrez aurre zein online– beharrezkoak diren gastuak, eta, zehazki, honako hauek:

–Irakasleen, prestatzaileen eta hizlarien ordainsariak.

–Koordinatzaileen ordainsariak, online prestakuntzaren kasuan.

–Irakasleen joan-etorriak eta ostatua.

–Irakasleen mantenua, Nafarroako administrazio publikoetako langileentzat aurreikusitako mugekin.

–Jardueraren sustapena, publizitatea eta kanpo hedapena.

–Prestakuntza ekintzetan erabiltzen diren ondasun suntsigarriak.

–Jardueretan erabiltzen diren ikasmateriala eta bestelako materialak editatu edo erostea.

–Ikasgelak alokatzea (fisikoak nahiz birtualak), baita tailerrak edo antzeko instalazioak ere, prestakuntzan erabiltzen badira. Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala xehakatuta aurkeztuko dira eta ekintzak dirauen aldirako egotziko dira.

Jardunaldi teknikoek, biltzarrek edo mintegi monografikoek gutxienez 4 orduko iraupena izan behar dute, eta egun bakar batean egin behar dira.

Prestakuntza espezializatuko ikastaroek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Haien edukia txikizkako merkataritzako enpresen kudeaketari edo sektoreko profesionalen espezializazioari lotuta egonen da berariaz, eta bultzatu behar du Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren esparruan ematen den lanerako eta etengabeko prestakuntzaren osagarria den prestakuntza.

–Ez dira onartuko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza eskaintzaren parte diren edo izan diren ikastaroak (deialdia kudeatzen duen organoak ofizioz kontsultatuko du inguruabar hori), ezta enpresaburuen oinarrizko prestakuntzaren gai edo alderdiei buruzko ikastaroak ere, edozein enpresa sektoretan ematen baitira.

–Jardunean dauden 8 langilek, gutxienez, parte hartu behar dute. Txikizkako merkataritzaren sektoreko merkatariak beraiek edo besteren konturako langileak izan daitezke.

–Ikastaroaren iraupena 10 ordukoa izanen da, gutxienez.

–Salbuespenez, parte-hartzaile gutxiagoko eta/edo iraupen laburragoko ikastaroak edo jardunaldiak onartzen ahalko dira, gutxieneko kopuru horietara iristea galarazten duten arrazoi objektiboak daudenean. Arrazoi horiek laguntza eskaeran zehaztu eta azaldu beharko dira eta, betiere, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak onartu beharko ditu.

–Prestakuntza espezializatuko ikastaroek eta jardunaldi teknikoek irekiak izan behar dute, hau da, prestakuntza ekintzak sustatzen dituen entitate eskatzailearen bazkideez gain, txikizkako merkataritzako langileek ere parte hartzen ahalko dute, baldin entitate eskatzailearen jarduketa esparruko saltokietan jardunean badaude eta gaietan interesa badute.

–Nolanahi ere, prestakuntza jarduerak antolatzen dituen entitate eskatzaileak parte hartzeko baldintza ezberdinak jartzen ahalko ditu parte-hartzaile motaren arabera. Jarduera irekia dela frogatu beharko da jarduketaren justifikazio memorian.

4. Online saltzeko plataforma teknologikoak bultzatzeko programak.

Diruz lagunduko dira market place direlakoak sustatzeko, sendotzeko eta horien garapen estrategikorako jarduketak, enpresarien elkarteetako txikizkako merkataritzako ETEek merkatuan duten lehiakortasun-gaitasuna handitu ahal izateko.

a) Market place-en funtzionamendurako gastuak.

Laguntza-eskaera aurkezten den egunean operatibo eta jardunean dauden online salmentako plataformen mantentze-lanetarako eta aholkularitza teknikorako gastuak diruz lagunduko dira.

Kontzeptu honengatik dirulaguntza eskuratu ahal izateko, gutxienez 30 establezimendu egon behar dira atxikita.

Baldintza hori betetzen dela honela egiaztatuko da:

–Laguntza-eskaerarekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuz, adieraziko duena, 2023ko azaroaren 1etik 2024ko apirilaren 30era bitarteko aldian, zenbat kide dauden market place delakoan aldi horretako hilabete bakoitzeko lehen egunean.

–Eskaera aurkeztu ondoren, zerbitzu kudeatzaileak zuzenean egiaztatuko du eskakizun hori online salmentako plataforman bertan.

b) Market place-en inguruko sustapen, publizitate, zabalkunde eta sentsibilizazio kanpainen gastuak. Gastu mota horiek a.4 ataleko jarduketatzat hartzen dira (Informazioko, komunikazioko eta marketin digitaleko ekintzak) gehieneko dirulaguntza kontuan hartzeko.

5. Web-orriak sortu eta garatzeko inbertsioak.

5.1. Diruz lagungarriak izanen dira web-orriak sortzeko edo lehendik dauden web-orrien funtzionalitateak hobetzeko eta nabarmen garatzeko inbertsioak.

Dirulaguntzak, zehazki, jarduketa hauetarako izanen dira:

a) Web-orri berriak diseinatzea, sortzea eta ezartzea.

b) Lehendik dauden web-orriak eguneratzea eta egokitzea, baldin eta jarduketa horiek berrikuntza edo hobekuntza nabarmenen bat badakarte eta balio esanguratsua ematen badute egungo funtzionaltasunen gainean. Funtzionalitate horiek, adibidez, honako jarduketa hauek izan daitezke:

–Irudia hobetzea bideo edo argazki berrien bidez, eduki digitalak sortzea.

–Segurtasun eta irisgarritasun baldintzetara egokitzea: web-orria irisgarri egitea desgaitasuna dutenentzat (entzuteko desgaitasuna, ikusteko desgaitasuna...), cookien tratamendua, jabetza intelektuala, aholkularitza juridikoa eta abar.

–Web-orriari bilatzaileetan kokapen hobea emateko planak (SEO, SEM ekintzak).

–Web-orria itzultzea.

5.2. Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.

Eguneratzeak eta egokitzapenak ezin dira funtzionamendu-gastu soiltzat hartu, eta bilakaera-garapen nabarmenekin bat etorri behar dute.

Gutxieneko inbertsio diruz lagungarria 2.000 eurokoa da.

6. oinarria. Gastu eta inbertsio diruz lagungarriak.

1. Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:

1.1. Publizitate espezifikoa eta publizitate materiala egitea, zabaltzea eta banatzea (merkataritza dinamizatzeko edo sentsibilizatzeko helburua dutenak eta arestian ezarritako jarduketei dagozkienak), bakar-bakarrik entitate eskatzaileak antolatzen dituenean jarduketa horiek. Ez da onartuko publizitate finkoa sartzea edozein euskarritan, baldin entitatearen izena eta logoa bakarrik agertzen badira, aipatu egin behar baitira merkataritza dinamizatzeko jarduketa eta kanpaina zehatzak eta jarduketa eremu bakoitzean entitateak egiten duen sustapen generikoa ere.

1.2. Fidelizazio sistemen bidezko zuzeneko marketina: laguntza jaso dezakete puntuak trukatuz edo zozketen bidez ematen diren sariek, sistemako txartelak emateak eta sistema horien bezeroekin egiten diren komunikazio eta marketin ekintzek.

1.3. Informazio eta komunikazio ekintzak: diruz lagungarriak dira entitate eskatzaileak sustatzen dituen argitalpenak diseinatu, prestatu eta banatzeko gastuak, hala nola buletinak, aldizkariak, kartelak, eta abar, eta dibulgazioko antzeko beste edozein material edo iragarki tarteak argitalpen edo komunikabideetan, bezeroei zuzendurikoak, helburu dutenak entitate eskatzaileak hiri merkataritza sustatzea. Ez dira onartuko barne aldizkariak edo antzekoak, ezta enpresa elkartuen arteko komunikaziorako buletinak ere.

1.4. Marketin digitala: online publizitatearekin, sare sozialekin, telefonia mugikorrarekin edo komunikaziorako tresna digitalekin lotutako ekintzen ondoriozko gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

1.5. Animazio komertziala: diruz lagungarriak dira merkataritza dinamizatzeko jarduketak garatzeko behar den animazio komertzialaren gastuak –a1), a2) eta a5) ataletan ezarritako jarduketak–, baldin eta jarduketak salmenta orduetan egiten badira, merkataritzarako kale, gune edo zonetan betiere.

Animazio komertzialak hura osatu eta indartzen duen jarduera izan behar du, merkataritza sustatzeko kanpaina espezifiko baten barrenean, eta ez dira diruz lagungarriak funtsean horrelako jarduerak edo haiek bakarrik kontuan dituzten merkataritza sustatzeko kanpainak.

1.6. Merkataritza dinamizatzeko jarduerei dagozkien zuzeneko sariak, deskontuak, zozketak, opariak, sustapen-opariak, edo deskontu-txartelak –a1) eta a3) ataletan ezarritako merkataritza dinamizatzeko jarduketei dagozkienak–, eta erakusleihoak atontzeko lehiaketei dagozkien sariak. Azken kasu honetan, ez dira onartzen saltoki irabazleentzako sariak, baizik eta saltoki irabazleak hautatzeko prozesuan parte hartu duten pertsonek lortutakoak.

2 Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Entitate eskatzailearen funtzionamendurako eta mantentze-lanetako gastu arruntak.

–Diruz lagungarriak diren jarduerei osorik zuzenean egotzi ezin zaien bulegoko materiala.

–Higiezinen ekipamendua, eta ekipamendu informatikoa eskuratzea.

–Langileentzako kalte-ordainak, dieta, mantenu edo garraio gastuetarako, salbu prestakuntza programetan jasotakoak.

–Higiezinak eta lokalak errentan hartzeko gastuak, salbu eta prestakuntza jardueretarako onarturikoak. Ez dira diruz lagungarriak inongo higiezin motaren amortizazioak.

–Web-orrien mantentze-lanetarako gastuak, domeinua edo hosting-a berritzekoak, etab.

–Edozein programa edo aplikazio informatiko mantentzeko lanetarako gastuak, bezeroen fidelizazio programak, etab., salbu eta online salmentako plataformetarako ezarritakoak.

–Dastaketei dagozkien gastuak, salbu eta merkataritza sustatzeko kanpaina espezifikoen sariei dagozkienean, edo gremioko ekitaldi bat gauzatzeko egindako jarduketen kasuan. Ez da inola ere dirulaguntzarik emanen gastu mota hori besterik ez duten kanpainetarako.

–Dinamizazio edo sustapen kanpainei edo beste edozein jarduketari dagozkien gastuak, baldin eta haien helburu bakarra bada jarduera ludiko edo turistikoei edo antzekoei sostengua edo laguntza ekonomikoa ematea (ekarpena dirutan, gauzatan, erosketa-txarteletan edo antzeko jarduketetan), jarduera komertziala zuzenean sustatu gabe, eta saltoki elkartuen zuzeneko parte-hartzerik gabe.

–Balio erantsiaren gaineko zergak eta jokoaren gaineko zerga tasak jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta entitate eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu ezin baditu eta berarentzat kostu erreala badira. Entitateak hainbanatze arauaren mende badaude, kostua oinarrituko da dirulaguntza eman aurretik amaitutako azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketan. Entitate eskatzaileak hainbanaketa hori frogatu beharko du.

3. Inbertsio diruz lagungarriak dira 5.5.1 oinarrian ezarritako jarduketak egiteko beharrezkoak direnak.

4. Diruz lagundutako jarduketen publizitate betebeharrak.

Nafarroako Gobernuaren logo ofiziala agertu beharko da diruz lagungarriak diren jarduketek sortzen dituzten publizitate eta marketin euskarrietan, poltsa, kamiseta, kartel, argitalpen, iragarki, ikastaroetako gai zerrenda, material didaktiko eta abarretan, honako aipamen honekin batera: "Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa".

Marka hori ezin izanen da jarri aldez aurretik baimenik ematen ez badu Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak. Baimen hori eskatzeko, laguntzaren fitxan horretarako egonen den esteka erabiliko da, eta laguntzaren fitxako erabileraren eskuliburua beteko da markaren aplikaziorako.

Irrati-iragarki, marketin digitaleko eta sare sozialetako jarduketa eta abarretan agertu beharko du "Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa" aipamenak.

Erreportajeen, prentsa oharren edo elkarrizketen kasuan, ez da aski izanen iragartzen duen kartela jartzea, eta espresuki aipatu beharko da Nafarroako Gobernuak jarduketa hori diruz laguntzen duela.

Nafarroako Gobernuaren beste jarduera edo zerbitzu batzuk hedatzen dituzten publizitate-kanpainen kasuan, publizitateak zerbitzu horien berariazko informazioa jaso beharko du, dagozkien web-estekak barne.

Informazio eta komunikazio ekintzen kasuan, ez dira onartuko edozein sustapen materialetan entitate eskatzailearen logoa sartu besterik egiten ez duten publizitate gastuak, edo iragarkiaren edukiak zuzeneko loturarik ez duenean merkataritza dinamizatzeko kanpaina espezifiko batekin edo entitate eskatzailearen jarduketa eremutik hurbileko hiri-merkataritzaren sustapenarekin. Ez da inongo kasutan onartuko hesi finkoetako publizitatea, ez eta antzeko egitura eta euskarrietakoa ere.

Merkataritza sustatzeko, prestakuntzako eta komunikazioko ekintzetan, bereziki zainduko da erabiltzen diren irudi eta mezuak lagungarriak direla generoko estereotipoak gainditzeko. Bestetik, testuak idaztean zainduko da hizkera inklusiboa erabiltzen dela.

Web-orrietan inbertsioak egiteko dirulaguntzen kasuan, 2024ko azaroaren 8rako eta data horretatik aurrera hurrengo bi urteetan, Nafarroako Gobernuaren merkataritza marka txertatu behar da, honako aipamen honekin batera: "Nafarroako Gobernuak diruz lagundu du webgune hau sortzea eta/edo garatzea".

7. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, jarraian adierazten diren portzentajeak aplikatuko dira gastu diruz lagungarrien gainean, deialdian ezarritako jardueretako bakoitzean.

1. Merkataritza elkarteen egiturak sustatzeko programak.

Dirulaguntzaren ehunekoak eta gehieneko dirulaguntzak honako hauek dira:

a) ETE elkartuei zerbitzuak ematea:

MERKATARIEN ELKARTEAK:

ELKARTEKO ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEN
KOPURUAREN ARABERA

DIRULAGUNTZA
(%)

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA
ENTITATE ONURADUN
BAKOITZEKO

20 gehienez

70

5.500

21 - 40 artean

6.000

41 - 60 artean

6.500

61 - 80 artean

7.000

80 baino gehiago

7.500

Merkatarien elkarteen batasunak

70

11.000

Kontzeptu honengatik lortutako eta ordaindutako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa ezin izanen da, inola ere, merkataritza jarduketarako programetarako (NPB) eta prestakuntza-jarduerak antolatzeko programetarako emandako eta ordaindutako dirulaguntzaren %60tik gorakoa.

b) Bezeroei zerbitzuak ematea:

ENTITATE ESKATZAILE MOTA

DIRULAGUNTZA
(%)

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA
JARDUKETA BAKOITZEKO

Merkatarien elkarte mistoak eta gremiokoak

70

7.000

Merkatarien elkarteen batasunak

9.000

2 Merkataritza jarduketarako programak (PAC).

a) Merkataritza dinamizatzeko kanpainak antolatzea.

Honako hau da dirulaguntzaren zenbatekoa eta gehieneko dirulaguntza entitate onuradun bakoitzeko, entitate eskatzailea eta haren jarduketa esparruaren arabera betiere:

ENTITATE ESKATZAILE MOTA

DIRULAGUNTZA
(%)

GEHIENEKO
DIRULAGUNTZA

Eskualdez gaindiko merkatarien elkarteak

70

70.500

Eskualdeko merkatarien elkarteak

48.000

Tarteko eremuak hartzen dituzten merkatarien elkarteak

34.500

Udalerriko eta hurbileko merkatarien elkarteak (deialdiaren II. eranskineko zerrendan ageri dira)

18.000

Udal azoketako merkatarien elkarteak

30.000

Gremioetako merkatarien elkarteak, 100 bazkidetik beherakoak

18.000

Gremioetako merkatarien elkarteak, 100 bazkidetik gorakoak

33.000

Merkatarien elkarteen batasunak

70

73.000

Kasu espezifiko batzuetan bereziki, hauek dira dirulaguntzaren portzentajeak:

KASU ESPEZIFIKOAK

DIRULAGUNTZA
(%)

Merkatarien bi elkartek edo gehiagok merkataritza sustatzeko elkarrekin antolatu eta egindako kanpaina espezifikoen kasuan

75

Salmentak sustatzeko kanpaina espezifikoei dagozkien zuzeneko sariak, deskontuak, zozketak, opariak, sustapen-opariak edo deskontu-txartelak (a1 atala), erakusleihoak atontzeko lehiaketen sariak (a2 atala) edo fidelizazio sistemetan aplikatutako deskontuak (a3 atala)

70

Gremio-elkarteen azokak, lehiaketak eta ekitaldiak, eta stock-azokak.

60

Gehieneko
dirulaguntza ekitaldi bakoitzeko:
9.000

Merkataritza animatzeko jarduketetan parte hartzeagatiko gastuak, baldintza hauek betetzen direnean: jarduketak ez izatea entitate eskatzaileak edo administrazio publiko edo toki erakundeek antolatuak; kanpaina bereki bat indartu eta sendotzeko balio izatea; merkataritza-ardatz nagusietan eginak izatea, eta merkataritza jarduera bat sustatzea modu argian, zuzenekoan eta egiaztatzeko modukoan

25

Kanpainetako bakoitzean, kanpaina horretako guztizko gastu diruz lagungarrien %60 izanen da honako hauetarako gehieneko gastu diruz lagungarria: salmentak sustatzeko kanpaina espezifikoen zuzeneko sariak, deskontuak, zozketak, opariak, sustapen-opariak, zozketak edo deskontu-txartelak, baita erakusleihoak atontzeko lehiaketen sariak edo fidelizazio sistemetako deskontuak ere.

b) Elkartegintza sustatzea.

Honako hau da dirulaguntzaren zenbatekoa eta gehieneko dirulaguntza entitate onuradun bakoitzeko, entitate eskatzaile motari begiratuta:

ENTITATE ESKATZAILE MOTA

DIRULAGUNTZA
(%)

GEHIENEKO
DIRULAGUNTZA

Merkatarien elkarteak

70

3.000

Merkatarien elkarteen batasunak

5.000

3. Prestakuntza jarduerak antolatzea:

Honako hau da dirulaguntzaren zenbatekoa eta gehieneko dirulaguntza:

JARDUKETA MOTA

DIRULAGUNTZA
(%)

GEHIENEKO
DIRULAGUNTZA
JARDUKETA BAKOITZEKO

Jardunaldi teknikoa, biltzarra edo mintegi monografikoa

70

3.000

Prestakuntza espezializatuko ikastaroak

4.000

4. Online salmentako plataforma teknologikoak bultzatzeko programak.

Honako hau da dirulaguntzaren zenbatekoa eta gehieneko dirulaguntza entitate onuradun bakoitzeko:

GASTU MOTA

DIRULAGUNTZA
(%)

GEHIENEKO
DIRULAGUNTZA

Komunikazio gastuak eta sustapenekoak

70

"Informazioko, komunikazioko eta marketin digitaleko ekintzak (a4)" delakoaren barruan sartuta daude

Market place deritzenen funtzionamendurako gastuak

70

5.000

5. Web-orriak sortu eta garatzeko inbertsioak.

Honako hau da dirulaguntzaren zenbatekoa eta gehieneko dirulaguntza entitate onuradun bakoitzeko:

INBERTSIO MOTA

DIRULAGUNTZA
(%)

GEHIENEKO
DIRULAGUNTZA

Webguneak sortzea edo eguneratzea

70

3.000

8. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2 Eskaerak aurkezteko modua.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/merkataritza-eta-artisautza/laguntzak-eta-diru-laguntzak (hemendik aurrera, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

3. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den inprimakia erabiliz eginen dira, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

4. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Agiriak eskaneatuta aurkeztu behar dira, behar bezala identifikatuta eta bereizita. Honako hauek dira:

4.1. Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskaera-orriak honako adierazpen hauek ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko betetzen direla 4.1 oinarrian eskatutako baldintza orokorrak.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta "de minimis" laguntzei buruzkoa (13. oinarrian aipatzen dira).

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, deialdian aurkeztutako jarduketei aplikatzen zaien BEZaren gainekoa. Hartan adieraziko da ea eskatzaileak BEZa berreskuratzen edo konpentsatzen ahal duen. Gainera, hainbanaketa eginez gero, inguruabar hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena betetzen duela 4.2 oinarrian aurreikusitako erregistroren batean inskribatuta edo inskripzioa erregularizatzeko tramiteetan egoteko baldintza.

e) Nortasuna egiaztatzen duten agiriak: merkatarien taldeak sustatu eta kudeatzeko dirulaguntzen deialdira lehen aldiz aurkezten diren entitateen kasuan, beren nortasuna frogatu beharko dute, gaurkotutako estatutuen kopia aurkeztuz.

f) Akta liburuaren kopia, behar bezala sinatua edo eginbidetua, non adieraziko baita batzarrak edo organo baliokideak honako dokumentu hauek onetsi dituela:

–Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa.

–Kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontua.

–Dirulaguntzaren xede den jarduketen plana.

g) Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa.

h) Uneko urteko aurrekontua.

i) ETE elkartu bakoitzeko ezarritako kuotak.

j) Berariazko baldintzak betetzen direla frogatzeko, entitate eskatzailea nolakoa den, honako hau aurkeztuko da:

–Merkatarien elkarteen kasuan (mistoak edo ez): eskaera aurkezteko datan elkartean dauden enpresa txiki eta ertain guztien zerrenda gaurkotua, ordenatuak jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafearen arabera.

–Merkatarien elkarteen batasunen kasuan: batasuna osatzen duten elkarte guztien zerrenda gaurkotua (eskaera aurkezten den egunean), elkarte motaren arabera ordenatuak (gremiokoa edo zonakoa).

Aipatu zerrendak aurkeztuko dira laguntzaren fitxaren ereduen arabera.

4.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

4.2.1. Merkataritza elkarteen egiturak sustatzeko programak:

ETE elkartuei ohiko zerbitzuak emateko laguntzarako eskatzen bada dirulaguntza.

–Enpresak berak edo entitate eskatzaileak kontratatutako profesional batek egindako edo egin asmo diren jarduketa guztien deskripzio-memoria, 5.1.a.1) oinarrian adierazitako zereginei dagokienez; informazioa emanen da aipatu zerrendan ageri diren baina egin ez diren jarduerei buruz, edo zerrendan jaso ez diren baina gauzatzen diren jarduerei buruz, baldin eta balio erantsia ekartzen badiete entitatearen kudeaketa eta administrazio zereginei.

–Zerbitzua ematen duen enpresaren edo profesionalaren identifikazioa.

–Kontratazio horren kostua, deialdian ezarritako aldi diruz lagungarrirako; laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera aurkeztuko da.

–Zeregin horietarako enpresa edo profesional espezializatuak kontratatzen badira: entitate eskatzailearen eta enpresa edo profesional horien artean formalizatutako kontratuen kopia.

–Zeregin horiek langile berekiekin edo kudeatzaileekin egiten baditu: erantzukizunpeko adierazpena, zehaztuta lanaldiaren zer portzentaje den eta zeregin horiek dakarten gastua.

4.2.2. Merkataritza jarduketarako programak (MJP):

a) Merkataritza jarduketarako programaren jarduketa plana, non deskripzio memoria bat izanen baita, honako hauei buruz: gastuen aldi diruz lagungarrian egin diren eta egitekoak diren jarduera guztiak, haien egoera, egutegia eta kostua eta aurreikusita dagoen finantzazioa, programako kontzeptu diruz lagungarri bakoitzeko.

b) Zerrenda bat, merkataritza jarduketarako programaren jarduketa planean aurreikusita dauden jarduera guztien laburpena jasotzen duena; laguntzaren fitxan dagoen ereduari jarraikiz aurkeztuko da.

c) Merkataritza sustatzeko jarduera eta kanpaina espezifiko bakoitzerako, bai egindakoetarako bai aurreikusietarako, dirulaguntza eskaeraren xede badira eta entitate eskatzaileak antolatu eta sustatu baditu, memoria xehakatu bat aurkeztuko da, eta honako atal hauei buruzko informazioa izanen du:

–Jardueraren izena.

–Jardueraren deskribapena.

–Jardueraren helburuak.

–Jarduera gauzatzeko datak eta zer egoeratan dagoen.

–Gastuen deskribapen xehakatua.

–Diru-sarreren deskribapen xehatua.

–Parte hartzeko oinarriak, hala badagokio.

–Kanpainak batera antolatzea eta egitea: jarduketak zenbait merkatari elkartek elkarrekin egitekoak badira edo egin badira, horren berri eman beharko da, eta argi zehaztuko da zer zeregin beteko edo bete dituen elkarte bakoitzak, eta zer gastu eta diru-sarrera izanen diren kanpainaren ondorioz, eta, bestetik, haietatik zer parte dagokion elkarte bakoitzari.

4.2.3. Prestakuntza jarduerak antolatzeko programak.

a) Laguntzaren xedeko prestakuntza plana, honako hauek adierazita: gastuen aldi diruz lagungarrian egin diren eta egitekoak diren prestakuntza jarduera guztien laburpena, jardueren gauzatze egoera, egutegia, jarduera bakoitzaren gastu eta diru-sarrerak, eta prestakuntza plan osoaren gastu eta diru-sarrerak.

b) Memoria xehakatu bat egindako edo aurreikusitako prestakuntza jarduera bakoitzeko, non atal hauek izanen baitira:

–Prestakuntza ekintzaren izena.

–Programa, deskribapena, edukiak eta helburuak.

–Iraupena.

–Bertaratutako kideen kopurua.

–Irakasleak, hizlariak eta koordinatzaileak, eta haien lanbide kualifikazioa.

–Jarduera gauzatzeko behar diren baliabide materialak edo tresna teknologikoak.

–Gastuen deskribapen xehakatua.

–Diru-sarreren deskribapen xehatua.

4.2.4. Online salmentako plataforma teknologikoak bultzatzeko programak.

–Proiektuaren memoria, honako hau zehaztuko duena: lortu beharreko helburuak, parte-hartze maila, atxikita dauden saltokien zerrenda, oraingo eta etorkizuneko eragina, ondorengo kudeaketaren aurreikuspena eta dirulaguntzaren xedeko jarduketen azalpen zehatza.

–Aurrekontua, diru-sarreren eta gastuen deskribapen zehatzarekin, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren arabera aurkeztuko dena.

–Epe labur eta ertainean jarduteko kronograma, eta finantzaketa koadroa.

4.2.4. Web-orriak sortu eta garatzeko inbertsioak.

–Inbertsio-proiektuaren memoria, lortu beharreko helburuak eta egin beharreko jarduketen deskribapen zehatza.

–Inbertsioen aurrekontuak eta horien zerrenda zehatza, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren arabera aurkeztuko dena.

4.3. Beste agiri batzuk.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek ekipamendu ondasunen hornidura edo zerbitzu emate bat egiten duten kasuetan, eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu, eta aukeratutako eskaintzaren hautaketa justifikatu beharko du eskaera-orriko "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" atalean.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu edo inbertsio diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua edo inbertsioa. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

5. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

9. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak eskaerak ebaluatuko ditu, eta, hurrengo puntuan adierazitakoari jarraikiz, organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak. Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko kudeaketa organo eskuduna.

2 Azkenean onartzen diren eskaerei dagokien dirulaguntza honela zehaztuko da:

a) Diruz lagungarria diren jarduerei dagokien dirulaguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira 7. oinarrian ezarritako gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak –deialdiaren ondoriozko konpromisoak egotzi beharreko aurrekontu partida bakoitzarekin finantzatu beharrekoak–.

b) Aurrekontuko bi partidetako bakoitzean, aurrekontu erabilgarria aurreko puntuaren arabera eman behar diren dirulaguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da.

Hori kalkulatzeko, dagokion partidan baimendutako gastuaren zenbatekoa a) atalean adierazi bezala kalkulatutako dirulaguntzaren zenbatekoaz zatituko da.

3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.

Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, jarduketa bakoitzeko, eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

4. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria. Jarduketen justifikazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Egindako jardueren justifikazioa epe hauetan aurkeztuko da:

a) Lehenengo justifikazioa: 2023ko azaroaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra bitartean (bi egunak barne) egindako, ordaindutako eta amaitutako jardueren justifikazioa dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztuko da.

2024ko martxoan egindako, ordaindutako eta amaitutako jarduketen justifikazioa lehen justifikazioan edo bigarren justifikazioan aurkezten ahalko da, eskatzaileak erabakita.

b) Bigarren justifikazioa: 2024ko martxoaren 1etik (edo 2024ko apirilaren 1etik, hala badagokio) 2024ko urriaren 31ra bitartean (bi egunak barne) egindako jardueren justifikazioa 2024ko azaroaren 8ra arte aurkeztuko da, egun hori barne.

c) Gizarte aseguruei eta PFEZa dela bide egindako atxikipenei dagozkien ordainketen justifikazioa –2024ko urrikoak biak– 2025eko otsailaren 10era arte aurkeztuko da, egun hori barne.

2 Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa telematika bidez aurkeztuko da, 8.2 oinarri arautzailean adierazitako moduan, laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Justifikazioa egiteko, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora joateko.

3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.

Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztu behar da, agiri bereizietan eta behar bezala identifikaturik. Hauxe da:

a) Azken memoria, egindako jarduera guztiak zehatz-mehatz deskribatzen dituena.

Elkarteko lehendakariak edo idazkariak sinatu behar ditu gauzatze memoriak; hark balioztatuko ditu eta ontzat emanen ditu egindako jarduketak.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, fakturak dataren arabera ordenatuta eta zenbakituta, eta datu hauek adierazita: fakturatutako gastuaren edo inbertsioaren kontzeptua, hornitzailearen identifikazioa eta IFZ edo IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta ordaintzeko eguna eta modua, zerbitzuen katalogoko fitxan eskura dagoen ereduari jarraituz.

c) Egindako gastuei edo inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira; ondorio horietarako, ordainagiriak ez dira onartuko.

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Ordainketa honako hauen bidez eginen da: banku-transferentzia, bankuaren ordainagiria edo entitate onuradunaren kreditu edo zordunketa txartela. Faktura bakoitza bere ordainketa-agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiak behar bezala ordenatuak aurkeztuko dira.

Eskudirutan ordaintzea onartuko da, baldin eta hornitzaileak sinatu eta zigilatutako hartu-agiri bat aurkezten badu entitate onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.

Eragiketaren batean parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta hango gastuak eskudirutan ordaindu badira, gastu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko 1.000 eurokoak edo hortik gorakoak badira, edo balio bera badute atzerriko moneta batean, urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz (lege hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzkoa da).

e) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: dirulaguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa adierazi behar dira; funts berekiak, bestelako baliabideak, derramak, kuotak, kuoten itzulketak, parte hartzen duten elkartekideei egotzitako funtsak, bestelako dirulaguntzak edo diruz lagundutako jarduketak edo babesletzek sortutako diru-sarrerak izan daitezke. Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

f) Merkataritza jarduketarako programako ekintzak justifikatzeko kasuan.

Merkataritza sustatzeko kanpaina espezifikoak:

–Erosketak egiten edo zerbitzuak kontratatzen bazaizkie saltoki elkartuei, horiek emandako fakturetan zehazki adierazi beharko da zer kanpainari dagozkion eta erositako produktuen edo kontratatutako zerbitzuen xehetasuna.

–Diruz lagundutako ekintza bakoitzari lotutako sustapen, publizitate eta komunikazio material guztien kopia bat: iragarkiak, irratiko iragarkiak, web-orrietan sartutako informazioaren estekak eta antzekoak, eta, oro har, egindako material edo komunikazio guztien lagin bat.

–Publizitatea helburu duten zozketak dituzten kanpainetan, baldin zerga-oinarria 1.800 eurotik gorakoa bada: jokoaren gaineko zerga tasa likidatzeko eskaeraren kopia, baita tasa horren ordainketa-gutunaren kopia ere.

–Publizitate helburua duten zozketak dituzten kanpainetan, baldin zerga-oinarria 1.800 eurotik beherakoa bada: jokoaren gaineko tasa ordaintzetik salbuesteko eskaeraren kopia.

–Diruz lagungarriak diren kontzeptuei dagozkien zerbitzuak ez dituenean zuzenean kontratatu entitate eskatzaileak berak, baizik eta agentzia antolatzaile baten bitartez kontratatu baditu, agentzia horrek kontzeptu horiengatik jasotako fakturak eta ordainketaren frogagiriak.

–Fidelizazio sistemen bidez egindako sustapen kanpainen kasuan, sistema ustiatzeari buruzko txostena, honako hauek adierazita justifikazio aldiari dagokionez: sistemari atxikitako saltokien kopurua, bezero kopurua, egindako eragiketen kopurua, salmenten zifra, egindako sustapenak, trukatutako puntuak, eta abar; gainera, aurkeztu den azken justifikazio aldiarekin konparatuko da.

–Entitate onuradunak sustatutako argitalpenak (aldizkariak, informazio-buletinak, saltokien planoak eta abar) prestatu diren kasuan, ale bat aurkeztuko da argitalpen bakoitzeko.

–Idatzizko hedabideetan egiten diren publizitate-iragarkietan, azalaren eta argitaratutako iragarkiaren kopia aurkeztuko dira.

–Informazio, komunikazio eta marketin digitaleko ekintzarik egiten bada, horretarako diseinatutako komunikazio eta publizitate planaren kopia bat, baita baliabideen planarena, pantaila-argazkiena eta abarrena ere.

g) ETE elkartuei zerbitzuak ematearen kontzeptuan egindako jarduketak justifikatuz gero, zerbitzuak bertako langileekin edo kudeatzaileen bidez egin badira:

Nominak eta Gizarte Segurantzako kotizazio dokumentuak (langileen izen zerrenda eta kotizazio likidazioen zerrenda).

h) Jarduketaren bat justifikatzen bada bezeroei zerbitzuak emateagatik:

Parte hartu duten saltokien zerrenda eta aurkezturiko gastuaren zenbatekoa, merkatariei egozten zaiena jarduketa hori dela eta.

Merkataritza zonaren irisgarritasuna:

–Zerrenda xehatua, besteak beste honako datu hauek jasoko dituena: zerbitzua ematen duen enpresa (saltokietarako zerbitzua soilik), bezeroak merkataritza zonara eramateagatik egunero jaulkitzen diren tiketak, ibilbideak, maiztasuna, etab.

–Saltoki bakoitzak hilean trukatu eta ordaindutako garraio txartelen zerrenda. Aipatu txartelak gorde behar dira, zerbitzu kudeatzaileak eskatzen ahalko baititu, ausaz eta noiznahi.

–"Merkataritza zonaren irisgarritasuna" izeneko kontzeptuaren azkeneko justifikazioan, zerbitzu horren erabiltzaileak saltoki elkartuen bezero bihurtzeari buruzko konbertsio-tasa agertu behar da, honako hauen gaineko balorazioekin batera: aurreikusitako helburuak, lortutako emaitzak, zerbitzua mantentzearen merkataritza-interesa eta hori ekonomikoki bideragarri egiteko baldintzak, inguruabarrak edo aurreikusitako finantzaketa.

Bezeroentzako aparkalekua:

Eremu urdinean aparkatzeko txanponak banatu dituzten establezimenduen zerrenda (saltoki besterik ez diren establezimenduak), hilerokoa, edo, kasua bada, saltoki bakoitzak bezeroei hilean egindako ordainketen zerrenda.

Saltoki horietan erostearen ordainean bezeroei txanpon urdinak ematea sortu zuten erosketen agiri eta faktura guztiak gorde behar ditu entitate onuradunak.

Saltoki horietan erostearen ordainean bezeroei aparkalekua ordaintzea sortu zuten erosketen agiri era faktura guztiak gorde behar ditu entitate onuradunak.

Bi kasuotan, zerbitzu kudeatzaileak erosketa-agiriak eta -fakturak eskatzen ahalko ditu, ausaz eta noiznahi.

Erosketa etxera eramateko zerbitzua:

Entitate onuraduna osatzen duten establezimenduek (saltoki besterik ez diren establezimenduak) hilean egindako eramateen zerrenda.

i) Jarduketaren bat justifikatzen bada prestakuntza jarduerak antolatzeagatik:

–Egindako prestakuntza jarduera bakoitzaren gauzatze memoria eta ebaluazioa.

–Parte-hartzaileei emandako ikasmaterialaren kopia bat.

–Diruz lagundutako ekintza bakoitzarekin lotura duen sustapeneko, publizitateko eta komunikazioko material guztiaren ale bat, irrati iragarkiak, bestelako iragarkiak, webguneetan txertatuta dagoen informaziorako loturak, eta antzekoak.

–Jardunaldi teknikoen, biltzarren edo mintegi monografikoen kasuan: bertaratutakoen zerrenda, adierazita zein elkarte, enpresa edo entitateren ordezkari edo parte diren.

–Ikastaroen kasuan, parte-hartzaileen zerrenda, laguntzaren fitxako ereduaren araberakoa.

j) Web-orrien garapenen kasuan, dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin aurreko eta ondorengo konparazio-memoria, eraginkortasun-mailari, irisgarritasunari, funtzionalitateei eta abarri dagokienez, ezarritako hobekuntzen irismena argi eta zehatz adierazita.

k) Hala badagokio, dagokion administrazioan aurkeztu izanaren frogagiriaren kopia, dagokion erregistroan inskripzioa erregularizatzeko tramitea hasi dela egiaztatzeko, 4.2 oinarriko baldintza betetzen dela egiaztatze aldera.

11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Justifikazio agiriak aztertuta, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintza guztiak.

Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoren emanen dira dirulaguntza ordaintzeko ebazpenak, justifikatzeko ezarritako bi epeetako bakoitzeko jarduketei dagozkienak, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.

Ordainketen ebazpenak 2024ko abenduaren 31 baino lehenago emanen dira.

12. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzaren fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).

b) Diruz laguntzen diren jarduketak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea honakoak, horren berri izaten den unetik eta, nolanahi ere, 2024ko irailaren 1era arte, egun hori barne:

–Emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, diruz lagundutako jardueraren bat ez bada egin behar aurreikusitako gauzatze aldian; jarduera egiteko aurreikusitako eguna baino lehen jakinarazi beharko da.

–Dirulaguntza jaso duten jarduketen beheranzko aldaketak, baldin eta azken gauzatze maila %75ekoa edo txikiagoa izanen dela aurreikusten bada.

d) Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen diren ekintzen helburuak.

Salbuespen gisa, merkataritza sustatzeko kanpaina espezifiko bat egitea onartzen ahalko da dirulaguntzaren xede izan den beste baten ordez, aldez aurretik ematen bazaio aldaketa horren berri Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, horrexek egiaztatuko baitu ea kanpaina berriak betetzen dituen eskatzen diren beharkizunak eta deialdiaren xedea, eta aldaketa onartuko baitu, zein den kasua.

Nolanahi ere, diruz lagundutako jarduketak gauzatzean, amaierako zenbatekoetan gertatzen diren desbideratzeak onartuko dira baldin eta dagozkien gauzatze memorietan arrazoituz frogatzen badira eta deialdiaren helburuak betetzen direla bermatzen bada.

e) Agerian jartzea, behar den bezala, dirulaguntza jaso dela, 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

f) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen dituen irudirik diruz lagundutako jarduketetan, publizitate euskarrietan eta jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2 Oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:

–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

–Informazioa epez kanpo aurkezten badu, baina 2024ko azaroaren 8ra arte (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza osoa %5 murriztuko da, eta, bestela, hura kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

b) Bigarren justifikazio epea justifikatzeko dokumentazioa 2024ko azaroaren 15era arte aurkezten bada (egun hori barne), aldi horretan ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da, eta, egun horri baino geroago aurkezten bada, aldi horri dagokion dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

c) Dirulaguntzaren azken ordainketa egin ondoren, egiaztatu eginen da diruz lagundutako jarduketak gauzatzen ote diren aurreikusitako eta eskatutako prezioan baino merkeago, edo diruz lagungarriak ez diren dirulaguntza ematea eragin zutenak ez izateagatik, eta murrizketa hauek eginen dira:

Programa baten exekuzioa, oro har, %75etik beherakoa izan bada, banaka egiaztatuko da programa osatzen duten jarduketak gauzatu diren ala ez.

–Jarduketa baten exekuzioa diruz lagundutako zenbatekoaren %50 eta %75 artekoa bada, jarduketa horren azken dirulaguntzaren ordainketa %50 murriztuko da.

–Jarduketa baten exekuzioa diruz lagundutako zenbatekoaren %50etik beherakoa bada, jarduketa horretarako emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko da.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat ez dela gauzatuko edo diruz lagundutakoa baino zenbateko txikiagoarekin gauzatuko dela jakinarazteko komunikazioa aurkezten bada, oinarri arautzaile honen 1.c) atalean adierazi bezala, jarduketa horiek ez dira kontuan hartuko exekuzio maila zehaztearen ondorioetarako.

Salbuespen gisa, 1.c) atalean adierazitako jakinarazpena ezarritako epeetatik kanpo aurkeztea onartzen ahalko da, baldin eta jakinarazpenaren atzerapena ez bada entitate onuradunaren erantzukizuna, eta uko egitea edo beheranzko aldaketa eragin duten inguruabarrak ezusteko edo ezinbesteko kasu baten ondorio badira eta entitate onuradunari egotzi ezin bazaizkio. Inguruabar horiek arrazoitu eta justifikatu egin beharko dira, hala badagokio, deialdia kudeatzen duen organoak onar ditzan.

Exekuzio maila zehazteko, diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa eta 2024ko azaroaren 8ra arte onartutako gastu justifikatuaren zenbatekoa alderatuko dira. Exekuzio maila bereiz aplikatuko da diruz lagundutako programa bakoitzean.

d) Publizitatearen eta marketinaren euskarri, iragarki, irrati-iragarki, kartel, argitalpen eta abarretan ez badira betetzen diruz lagundutako jarduketen publizitateari buruzko betebeharrak, komunikazio euskarri horietarako gastutik ez da batere onartuko. Betebehar hori partzialki ez betetzeak euskarri horri dagokion dirulaguntzaren ordainketa %5 murriztea ekarriko du.

e) Kanpaina edo jarduketa batean ez bada aipatzen Nafarroako Gobernuaren laguntza duela, 6. oinarrian ezarritako publizitateari buruzko betebeharra ez dela bete ulertuko da, eta ez da onartuko kanpaina edo jarduketa horri dagokion gastua, edo, bidezko bada, galduko da kanpaina edo jarduketa horretarako onetsitako dirulaguntza ordaintzeko eskubidea.

f) Gutxienez ere 30 saltoki atxikitzeko betebeharra betetzen ez bada, online salmentako plataformen kasuan (market place), baldin eta dirulaguntza funtzionamendu gastuengatik lortu badute, dagokion ordainketa murriztuko da, kontzeptu horrengatik emandako dirulaguntzaren %50 murriztu ere, edo, hala badagokio, kontzeptu horrengatik emandako dirulaguntzaren %50 itzuli beharko da, berandutze-interesekin batera.

g) 4. oinarri arautzailearen 2. zenbakian adierazitako erregistroetako batean inskripzioa 2024ko azaroaren 8rako (egun hori barne) erregularizatzeko izapideak hasi izanaren betebeharra ez betetzeak emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta, hala badagokio, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzultzea.

13. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta beste administrazio publiko batzuek jarduketa berberetarako ematen dituzten beste edozein dirulaguntzarekin.

2 Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.

Horretarako, laguntzen eskatzaileek eskaera-inprimakian deklaratuko dute hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntza, baldin eta erregelamendu horren edo "de minimis" beste erregelamendu batzuen mende badaude.

14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntza eta Laguntza Publikoen Publizitate Sistema Nazionalaren bitartez: https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/inicio.

Era berean, emandako dirulaguntzak laguntzaren fitxan argitaratuko dira eta honako hauek adieraziko dira: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, entitate onuradunak eta emandako diru kopurua.

15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

II. ERANSKINA.–ZONAKO PROGRAMAK, UDAL-EREMUKOAK ETA HURBILEKOAK

ANTSOAIN

AGOITZ

AZAGRA

BARAÑAIN

IRUÑEKO AUZOAK

TUTERAKO AUZOAK

BAZTAN

BERIAIN

BERRIOBEITI

BERRIOZAR

BURLATA

BERA

CAPARROSO

ZARRAKAZTELU

CASCANTE

CASTEJÓN

CINTRUÉNIGO

ZIZUR

CORELLA

CORTES

DONEZTEBE

EGUESIBAR

ETXARRI ARANATZ

UHARTE

IRURTZUN

LEITZA

LEKUNBERRI

LESAKA

LODOSA

LOS ARCOS

IRUNBERRI

MENDABIA

MILAGRO

MURCHANTE

NOAIN (ELORTZIBAR)

ERRIBERRI

ORKOIEN

AZKOIEN

GARES

RIBAFORADA

SAN ADRIÁN

VIANA

ATARRABIA

ZIZUR NAGUSIA

Iragarkiaren kodea: F2406579