107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

314E/2024 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2024. urterako, Lupus gaixotasunae duten pertsonen fotobabeserako. DDBN identifikazioa: 754509.

2024ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, badago partida bat izen hau duena: "Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako laguntzak", 511000 51100 4809 311108. 15.000 eurokoa da.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez, ezarri zen zer araubide orokor aplikatu behar zaien Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta argitaratu egin beharko dira, haiek eskuratzeko aukera izan dezaten dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek.

Aipatutako foru legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeseko tratamenduak egiteko, 2024. urtean.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago adostasuna eman duela Ogasunak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuak.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala).

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2024. urterako, Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako.

2. Onestea dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Baimena ematea 15.000 euroko gastua egiteko, gehienez, eta gastu hori egitea 2024ko gastu aurrekontuetako honako partidaren kargura: "Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako laguntzak", 511000 51100 4809 311108.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta, halaber, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

5. Agintzea ebazpen hau eta eranskina argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da honen aurka, Osasuneko kontseilariari zuzendua. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko apirilaren 12an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.

I. ERANSKINA.–HONAKO HONEN OINARRI ARAUTZAILEAK: DEIALDIA, DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2024. URTERAKO, LUPUS GAIXOTASUNA DUTEN PERTSONEN FOTOBABESERAKO

1. Dirulaguntzen xedea eta helburua.

Dirulaguntzak erabiliko dira osorik edo partez estaltzeko Lupus gaixotasuna diagnostikatua duten pertsonek egiten duten gastua, 2024. urtean, fotobabeseko tratamenduetan. Haien onura publikoko helburua da sostengua ematea ukitutako pertsonen fotobabes-behar berezietarako.

2. Deialdiaren zenbatekoa.

Deialdi honetara 15.000 euro bideratuko dira, 2024ko Gastuen Aurrekontuko honako partida honen kargura: "Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako laguntzak", 511000 51100 4809 311108.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.1 artikuluaren arabera, onuraduntzat joko da "jarduera egin behar duen pertsona, edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen dena", eta, 13.1 artikuluaren arabera, "dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoera duten pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdietan adierazitako egoera dutenak".

Horrenbestez, pertsona onuradun izan daitezke honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

–Lupus gaixotasuna izatea, medikuntzako profesional batek diagnostikatua.

–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hots, gaixoa Nafarroako Foru Komunitatean benetan bizi izana 2024ko deialdia argitaratu aurreko bi urtean. Onuraduna bi urtetik beherakoa bada, eskatuko da jaiotzetik beretik Nafarroan benetan bizitzea.

Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia-unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia zabaltzeagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Ez egotea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea).

4. Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

4.1. Deialdi honetan ezarritako laguntzak eska ditzakete Lupus gaixotasuna duten pertsonek, baita haien aitek, amek, tutoreek edo legezko ordezkariek ere, onuradunaren izenean, baldin eta hura adingabea bada edo ezintasuna badu.

4.2. Eskaerak onuradunaren izenean egon behar du beti. Baldin adingabea bada, edo tutoretzapeko adinez nagusia bada, eskaera aurkezten duena ordezkari gisa agertuko da.

4.3. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta hilabeteko epean bukatuko.

4.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak aurkeztu behar dira, lehentasunez, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa egokiaren bidez, eskaera izapidetzeko botoiaren bitartez.

Orobat, aurkezten ahal dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, edo Osasun Departamentuaren Erregistroaren bidez (Tutera kalea 20, 31002), galarazi gabe urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak ezarritakoa (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), eskabidea aurkeztuz Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuari. Eskaera-idazkiari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, igorri aurretik jar daitezen, lehen orrialdearen idazpuruan, aurkezpen datuak, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

4.5. Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, atal instrukzio-egileak interesdunari eskatuko dio zuzendu dezala, 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio hala egiten ez badu ulertuko dela eskaerari uko egiten diola, eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

4.6. Dirulaguntza eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

5.1. Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsi behar zaizkio:

a) Onuradunaren nortasun agiri nazionalaren edo identifikazio-agiriaren fotokopia.

b) Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasuna adierazita, edo, kasua bada, asiloa emateko ebazpena.

c) Medikuaren txostena, irizpen klinikoa jasoko duena.

6.2 oinarrian aipatutako instrukzio organoak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

d) Baldin Lupus gaixotasuna duen pertsona adingabea bada edo ezgaitua badago, pertsona horren legezko ordezkaria izatearen frogagiriak.

Aita edo ama bada, familia-liburuaren kopia eta guraso baten NANaren kopia.

Dibortzio kasuetan, baldin zaintza guraso bakar bati badagokio, dibortzioaren epaia eta/edo dibortzioaren hitzarmena eta NANa.

Tutorea bada, edo legezko beste ordezkari bat, horren frogagiria.

e) Gastuaren justifikazioa: fotobabeslearen/fotobabesleen faktura bakarra, non adieraziko baita ordaindutakoa eta honako datu hauek, gutxienez:

–Onuradunaren izena.

–Produktu kosmetikoaren izena, non zehaztuko baita eguzki-babesa dela.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera. Baldin Nafarroako Gobernuari lehenbiziko aldiz eskatzen bazaio dirulaguntza, edo aldatu bada aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua, erantsi beharko da "transferentzia bidez ordaintzeko eskaera" izeneko inprimakia. Eskura dago atal honetan: "Nafarroako Foru Administrazioaren inprimaki orokorrak":

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak

g) 6.4 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktorea aplikatzen ahal zaien onuradunek aurkeztu behar dute errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko Bulegoak emana, edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emana, bidezkoa bada.

h) Beste laguntza batzuei buruzko adierazpena, 9. oinarrian xedatutakoaren arabera.

i) Eskatzailearen adierazpena, edo aitarena, amarena, edo legezko tutore edo ordezkariarena, non baimena ematen baitu bere datu pertsonalak tratatzeko, jarraikiz deialdiaren 13. oinarriari, eta deklarazio bat, non adieraziko baitu betetzen dituela zerga arloko betebeharrak, dirua itzultzeko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Halaber, adierazi behar du baimena ematen duela Osasun Departamentuak informazioa eska diezaien Nafarroako Ogasun Publikoari eta Estatuko Administrazio Orokorrari, egiazta dezaten betebehar horiek betetzen dituela.

Kontsultarako baimen hori sinatu nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu behar diren ziurtagiriak, adierazten dutenak egunean dagoela aipatutako betebeharretan.

Ez dira aurkeztu beharko a), b), c), d) eta f) puntuetan aipatzen diren agiriak, baldin aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aldatu ez badira haietan zehaztutako datuak.

6. Antolamendua, instrukzioa eta dirulaguntza emateko irizpideak.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposatuta.

6.2. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Atalari esleitzen zaizkio ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozedura antolatzea eta instruitzea (atal hori dago Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuan). Oinarri hauetan instrukzio organoa aipatzen delarik, atal horri egiten zaio erreferentzia.

6.3. Instrukzio-organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, kontuan hartuz oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa, eta ebazpen proposamen bat emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak.

6.4. Instrukzio-organoak egiaztatuko du ea onuradunek eta eskatzaileek betetzen dituzten dirulaguntzak jasotzeko 3. oinarrian eskatzen diren betebeharrak, eta proposatuko ditu diruz lagundu beharreko zenbatekoak, irizpide hauei jarraikiz:

–Laguntzaren zenbateko unitarioa zehaztuko da aurrekontuko kredituaren eta eskaera kopuruaren arabera.

–Dirulaguntzaren banaketa orekatuagoa izan dadin, 2023. urtean eta/edo 2024. urtean eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izan baldin bada, edo gizarteratze-errenta / errenta bermatua jaso duen familia-unitate batekoa, zenbateko unitarioa bider 1,5 eginen da.

–Laguntza bakoitzaren zenbatekoa ez da 271 eurotik gorakoa izanen, ezta zenbateko unitarioa bider 1,5 egiten den kasuetan ere.

7. Ebazpena.

7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, aurretik proposamena eginda Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuak.

7.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela uler dezakete. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpen horretan azalduko da, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda (identifikatuz nortasun agiri nazionalaren zenbakiarekin edo dokumentu baliokidearen zenbakiarekin, anonimo bihurturik), eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira. Hori dena, jarraikiz azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluari (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea).

Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.nafarroa.es), deialdiari dagokion atalean.

8. Bateraezintasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira entitate publiko edo pribatuek xede bererako ematen duten beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin.

9. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, azaltzeko ez dutela jaso xede bererako beste laguntzarik. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Era berean, bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak.

10. Dirulaguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarrean pagatuko da dirulaguntza, laguntza emateari buruzko ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren, eskaera egiten den unean adierazten den ordainketa-kontuan.

11. Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin betetzen ez badira dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak, edo gertatzen badira azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea).

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da eskatzea berandutze-interesak ordaintzeko, hots, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak.

12. Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzen pertsona onuradunak egonen dira ezarritako zehapen araubidearen mende, hau da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak ezarriko dira jarraikiz erregelamendu bidez finkatzen den prozedurari, edo, halakorik izan ezean, jarraikiz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluari (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala).

13. Datuen babesa.

Eskaeran eta deialdi honi loturik eskatzaileak aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak tratatuko dira honako hauei jarraikiz: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (hizpide du pertsona fisikoak babestea, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez), eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa (hizpide du datu pertsonalak babestea eta eskubide digitalak bermatzea).

Tratamenduari buruzko informazioa webgune honetan dago: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Portal+de+la+Salud/Ciudadania/Participacion/Proteccion+de+datos/.

14. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, aplikatuko dira azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea).

15. Errekurtsoak.

Gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legeari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea) eta martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeari (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala).

Iragarkiaren kodea: F2406128