107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

50E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita kulturaren profesionalen elkarteentzako dirulaguntzen deialdia 2024rako. DDBN identifikazioa: 756459.

Kultur Ekintza Zerbitzuak egin duen txostenean proposatu du onets daitezela kulturaren profesionalen elkarteentzako dirulaguntzen 2024rako deialdia eta haren oinarri arautzaileak, baimendu dadila 65.000,00 euroko gastua eta, azkenik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila foru agindu hau; eta kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak eta baldintzak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Kulturaren profesionalen elkarteentzako dirulaguntzen deialdia onestea 2024rako.

2 Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4816-334103: Kulturaren profesionalen elkarteentzako dirulaguntza

2024

65.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko apirilaren 19an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

OINARRI ARAUTZAILEAK, KULTURAREN PROFESIONALEN ELKARTEENTZAKO DIRULAGUNTZEN 2024KO DEIALDIRAKO

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da oinarri arautzaileak ezartzea Nafarroan, kulturaren sektorean, irabazi-asmorik gabe diharduten profesionalen elkarteen egitura, funtzionamendu eta jarduera gastuak sostengatzeko.

1.2. Deialdiaren helburua da kulturaren arloko elkarte profesionalen funtzionamendua eta jarduna sustatzea, bai eta prestakuntza, berrikuntza eta hobekuntza profesionalerako proiektuak ere, hain zuzen ere 2023ko abenduaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarte egiten direnak.

Gastua eta ordainketa frogatzeko agiriek 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 8ra artekoak izan behar dute, biak barne.

1.3. Ez dira deialdi honen xede izanen ikuskizunen edo ikus-entzunezko obren produkzioa, ezta jaialdien edo programazio zirkuituen programazioa ere.

1.4. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

2 Eskatzaileek bete beharrekoak.

2.1. Oro har, hemen araututako laguntzak eskatzen ahalko dituzte aurreko klausulan aipatutako elkarteek, baldin eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Legez eraturik agertzea, gutxienez 2023ko urtarrilaren 1etik.

b) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

c) Kulturaren sektoreko pertsona fisikoen eta juridikoen asoziazionismoari lotutako helburu sozial bat izatea.

d) Jarduteko lurralde-eremua Nafarroako Foru Komunitate osoa izatea.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

f) Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden erakundeei.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan administrazio-zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ari diren erakundeak, edo zehapen eta kondena epai bat betetzeko zain daudenak, kondena jarri denean sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

2.3. Kanpoan geratzen dira Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretan partida izenduna duten erakundeak.

2.4. Kanpoan geratzen dira kluster erakundeak. Deialdi honen ondorioetarako, kluster erakundetzat jotzen da balio kate baten ezagutza entitate, erakunde eta enpresen multzoa, bere bazkideen lehiakortasuna hobetzea bilatzen duena elkarlanaren bitartez; balio kate hori izan daiteke S3-Nafarroa estrategiaren lehentasunezko arloetako merkatu batera edo merkatuaren segmentu batera orientatua, edo teknologia erraztailea eskaintzera.

3. Aurrekontu-egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (65.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, zehazki, A20002 A2500 4816 334103 partidaren kargura.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa, ez eta 25.000 eurotik gorakoa ere. Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duen aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien zenbatekoak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Erakunde bakoitzak proiektu global bakarra aurkezten ahalko du, non jasoko baitira sektorearen interesak defendatzearekin eta ordezkatzearekin lotutako ekintza guztiak. Proiektu hori 2023ko abenduaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitarte gauzatuko da, eta, besteak beste, honako hauek jasotzen ahalko ditu:

a) Elkartekideentzako prestakuntza jarduerak.

b) Elkartearen eremu profesionalean sustapen eta hedapen arloko jarduketak.

c) Sektorearen interes profesionalen aholkularitza, defentsa, ordezkaritza eta sustapena, eta elkartekideen intereseko informazioa.

d) Nafarroako herritarren artean sektore profesionala ezagutarazteko jarduketak.

e) Kulturaren profesionalen sektorearen errealitatea ezagutzeko eta lehiakortasuna hobetzeko behar diren azterketak, kontsultak eta txostenak.

f) Espainiako estatuan eta Europan dauden antzeko beste elkarte batzuekin elkarlanean aritzeko lagungarri diren proiektuak egitea edo horietan parte hartzea.

g) Sektorea zabaltzen laguntzen duten proiektu edo jardueretan parte hartzea.

4.2. Proiektuan honako hauek jasoko dira:

a) Egin asmo diren jardueren deskribapen zehatza: Atal honetan zehaztuko dira proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak, neurtzeko eta ebaluatzeko adierazleak, eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak.

b) Proiektuaren aurrekontu osoa, non argi gelditu beharko baita honako hauen arteko koherentzia: erakundeak proiektua aurrera eramateko dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak eta kontratatutako langileak) eta baliabide materialak (azpiegiturak). Aurrekontuaren deskribapena III. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izanen da, eta nahitaezko baldintza izanen da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve sistema eduki beharko da.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira; horiek guztiak tramiteen katalogoko fitxan egonen dira eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kulturaren-profesionalen-elkarteentzako-dirulaguntzak).

5.3. Eskabidearen berariazko inprimakiari erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Dokumentazio guztia eskaneatua aurkeztuko da, ongi bereizitako eta behar bezala identifikatutako agirietan:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Legez eratutako erakunde bat dela frogatzen duen agiria.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria (20 orrialde gehienez), II. eranskinean jasotako ereduaren arabera. Muga horiek gainditzen dituen informazioa ez da baloratuko.

e) Proiektuaren datu ekonomikoak laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen III. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza izanen da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

Aurreko urteetako deialdietan parte hartu duten kultur erakundeek ez dituzte aurkeztu beharko aurreko puntuko a, b eta c ataletan aipatutako agiriak, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

5.4. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola erakunde eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea 5. oinarrian adierazitako dokumentazioa.

5.5. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarritzat hartuko dira proiektuaren garapenean erakundeak egiten dituen honako gastu hauek: diruz lagundu den jardueraren izaerarekin bat datozenak, guztiz beharrezkoak direnak eta 2023ko abenduaren 1etik 2023ko urriaren 31ra arte, biak barne, egiten direnak. Gastua eta ordainketa frogatzeko agiriek 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 8ra artekoak izan behar dute, biak barne. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak egindako gastu hauek hartuko dira kontuan:

6.1.1. Zuzeneko kostuak:

a) Azterlanak, prestakuntza jarduerak eta jarduera esperimentalak egitekoak, betiere helburua izanik kulturaren sektorearen jarduera eta baldintza sozioekonomikoak sustatzea eta hobetzea.

b) Helburu dutenak beren elkartekideen jarduera sustatzea eta azokak eta beste kultur ekitaldi batzuk antolatzea edo/eta horietan parte hartzea, dela autonomia erkidegoen mailan, dela estatukoetan edo nazioartekoetan.

c) Elkartearen jarduerak eta bi sektoreekin lotutako albisteak zabaltzeko, digitalizatzeko eta komunikatzeko elementuetarako direnak.

d) Kontratatzen diren langileen soldata-kostuak eta gizarte segurantzakoak, hain zuzen, proiektua abian jartzeko behar diren sostengu eta koordinazio lanak egiten dituen erakunde onuradunak kontratatzen dituenak, betiere langile bakoitzaren arduraldiaren arabera. Kostu horiek ez dira izanen guztira onartzen diren gastuen %50 baino gehiago.

e) Prestatzaileen, aholkularien eta elkarteko batzordeko kideen ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietarako gastuak, proiektua gauzatzeko beharrezkoak badira.

Gastu horiek jarraian adierazten diren mugak izanen dituzte:

I.–Ostatua: Nafarroaz kanpotik etortzen direnenak soilik edo, behar bezala egiaztatuta, 4.1 oinarrian jasotako ekintzetarako Nafarroatik kanpora ateratzen diren elkarteko batzordeko kideenak.

II.–Mantenu gastuak: eguneko mantenu bakoitzeko (bazkaria eta afaria baino ez), 20 euro gehienez. Ez dira onartuko gosariak, kafeak, hamaiketakoak edo antzeko kontzeptuak.

III.–Joan-etorriak:

–Norberaren ibilgailua erabiliz gero, gehienez, 0,34 euro kilometro bakoitzeko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

–Ibilgailua alokatzen denean, alokairuaren kostua baino ez da diruz lagunduko.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

–Oinarri honetan araututakoa betetzen den baloratu ahal izateko, entitate onuradunak gastu horien xehetasunak aurkeztu beharko ditu justifikazio fasean, V. eranskinean horri buruz eskatutako informazioaren arabera.

f) Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondoriozko gastuak, hala nola lokalak, ekipoak eta baliabide materialak alokatzea.

g) Zerbitzu profesional independenteak, erakunde eskatzaileko organoetako kide ez direnek emandakoak.

h) Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretua).

i) Nafarroako kulturaren profesionalen elkarteen egitura, funtzionamendu eta jarduera gastuak sostengatzeko beharrekoak diren gastu finantzarioak.

6.1.2. Zeharkako kostuak:

Zeharkako kostuen barnean daude bai gastu aldakorrak, entitate onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak; bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

Proiektu bakoitzerako zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuak egon beharko dute, eta ezin dira izan proiekturako onartutako guztizko gastuen %15 baino gehiago.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ibilgetua eskuratzearekin, erabiltzearekin eta finantzatzearekin zerikusia duten guztiak. Azken kasu horretan, salbuespena da dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari dagokionez 6.1 oinarrian ezarritakoa.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Zeharkako zergak (BEZa, adibidez), berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

d) Erakundearen nominako langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino gehiago badira.

e) Ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak, ez baldin badira proiektua gauzatzeko bertaratu beharra justifikatuta duten pertsonenak, eta, halaber, gosariak, kafeak, hamaiketakoak eta antzeko beste kontzeptu batzuk.

f) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak.

g) Autobide-gastuak (bidesaria), aparkalekuak eta kilometraje-gastuak, ibilgailua alokatzen bada.

h) Diruzko sarien gastuak.

7. Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Ebazpen hori nafarroa.eus web-orrian argitaratuko da, eta honako hauek izanen dira batzordekideak:

a) Burua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe.

c) Batzordekideak: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, edo, hura izan ezean, Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko burua, eta Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. Batzordekideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte baloratzeko.

2 Batzordeak, edozein unetan, erakunde eskatzaileen agerraldia eska dezake, aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

3. Onartutako aurrekontuak ezarrita daudela, ebaluazio batzordeak proiektuen puntuazioa zehaztuko du, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

4. Batzordeak irizpen lotesle bat emanen du, lortutako emaitzekin.

5. Proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako mugak:

a) Unitate kudeatzaileak lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko ditu laguntzak proiektuen artean, bakoitzak lortzen duen puntuazioaren arabera, partidako diru erabilgarria agortu arte.

b) Prozedura honen arabera dirulaguntza lor lezakeen azken proiektuan, eskatutakoa handiagoa baldin bada hura finantzatzeko eskuragarri dagoen zenbatekoa baino, dirulaguntza proposatuko da baldin eta efizientea bada hura ematea. Kasu horretan, unitate kudeatzaileak hasieran aurkeztutako proiektua berregiteko eskatzen ahalko dio entitate eskatzaileari. Nolanahi ere, proiektua berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

7.4. Batzordeak irizpen lotesle bat emanen du, lortutako emaitzekin.

7.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8. Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskineko inprimakian beteko da (informazio ekonomikoari buruzko inprimakia).

Oinarri honetan ezarritako irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Dirulaguntza jasotzeko, eskaerek 50 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez, eta horietatik 25 puntu, gutxienez, "Proposamenaren kalitatea" atalean lortu behar dira.

Oker betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

Proiektuak baloratzeko, irizpide eta haztapen taula hauek erabiliko dira:

8.1. Proposamenaren kalitatea: 65 puntu.

a) Sektorearen asoziazionismo eta garapen arloetan proposatutako ildo orokorrak eta estrategiak (10 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

10 arte

Ongi

6,5 arte

Nahikoa

5 arte

Eskasa

3 arte

Oso eskasa

0

b) Sektorearen garapenerako ikastaro eta ikerketetan parte-hartzeen kopurua eta garrantzia (20 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

20 arte

Ongi

15 arte

Nahikoa

10 arte

Eskasa

5 arte

Oso eskasa

0

c) Lurraldean eta nazioartean sustatzeko ekintzak: jardunaldi, azoka eta lehiaketetan parte-hartzea (20 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

20 arte

Ongi

15 arte

Nahikoa

10 arte

Eskasa

5 arte

Oso eskasa

0

d) Elkartutako erakundeei emandako zerbitzuak (10 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

10 arte

Ongi

6,5 arte

Nahikoa

5 arte

Eskasa

3 arte

Oso eskasa

0

e) Jardueren digitalizazioa (5 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5 arte

Ongi

3,5 arte

Nahikoa

2,5 arte

Eskasa

1 arte

Oso eskasa

0

8.2. Proposamenaren eragina (zeharkako irizpideak): 15 puntu.

a) Euskararen presentzia proiektuan (5 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Handia

5 arte

Ertaina

2,5 arte

Oso eskasa

0 arte

b) Jarduera programaren helburu eta ekintzetan eta/edo erakundearen funtzionamenduan genero berdintasuna txertatzea (5 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5 arte

Ongi

3,5 arte

Nahikoa

2,5 arte

Eskasa

1 arte

Oso eskasa

0

c) Jarduera programaren helburu eta ekintzetan eta/edo erakundearen funtzionamenduan dibertsitate funtzionala dutenen irisgarritasuna txertatzea (5 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5 arte

Ongi

3,5 arte

Nahikoa

2,5 arte

Eskasa

1 arte

Oso eskasa

0

8.3. Proposamenaren kudeaketa (kaudimena eta bideragarritasun ekonomikoa): 20 puntu.

a) Elkartearen ibilbidea (5 puntu gehienez).

Erakundeak jardueran emandako urte osoak (2,5 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Altua (5 urte baino gehiago)

2,5 arte

Ertaina (4tik 5 urtera bitarte)

2 arte

Nahikoa (urte 1etik 3 urtera bitarte)

0,5 arte

Elkarteak sektorean duen ordezkaritza, bazkidetutako pertsonen edo enpresen kopuruaren arabera (2,5 puntu gehienez):

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Altua (30 bazkide baino gehiago)

2,5 arte

Ertaina (20tik 30 bazkidera bitarte)

2 arte

Nahikoa (10etik 19 bazkidera bitarte)

1 arte

b) Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa (15 puntu bitarte). Aurrekontuetan jasotako partidak egokiak eta zehatzak izatea baloratuko da, eta aurrekontua prestatua izatea ekonomia eta efizientzia irizpideei jarraikiz; horrez gainera, baloratuko da jarduera gauzatzeko behar diren partida guztiak ekonomikoki ongi mugatuak izatea, eta, azkenik, eskatutako dirulaguntzak zenbat egiten duen proiektuarentzat aurreikusitako guztizko gastuarekin alderatuta.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

15 arte

Ongi

10 arte

Nahikoa

7,5 arte

Eskasa

3 arte

Oso eskasa

0

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak tramiteen katalogoan eskuragarri dagoen deialdiaren fitxan argitaratuta eginen dira.

9.3. Eskaeren berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, helbide elektroniko honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuko 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina), deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak gizarte interesekotzat hartuko dira, baldin eta aipatu foru dekretuaren 25.f) artikuluan adierazten diren pertsonek egiten badituzte. Ondorio horietarako, IV. eranskina bete beharko dute pertsona edo entitate eskatzaileek.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek bukaerako memoria batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

11. Elkarte onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Tramiteen bilatzailean dagoen deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira gardentasun betebeharretarako ereduak (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kulturaren-profesionalen-elkarteentzako-dirulaguntzak).

Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

11.3. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

11.4. Entitate onuradunak diruz lagundutako proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektuak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren dirulaguntza jaso duela.

11.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak ez badu aldatzen dirulaguntza emateko helburua.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), eta diruz lagundua dela adierazten duen testu bat ("Diruz laguntzen du") agertu beharko da Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialarekin batera.

Proiektua dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko atalean deskribatutako baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

11.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

11.11. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaitutakoan. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotako adierazleekin alderatuta.

11.12. Entitateak konpromisoa hartu beharko du hizkuntza eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabiltzeko jardueraren komunikazioa eta zabalkundea egiteko publizitate- edo informazio-euskarrietan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: "El Género como prioridad" (http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

12. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Justifikazio hori proiektua bukatzean edo proiektuaren zati bat gauzatu ondoren egiten ahalko da (entitate bakoitzeko, ordainketa partzialeko 3 eskaera gehienez).

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du ordainketa (guztizkoa edo partziala) eskatzeko:

a) Eskaera, honako hauek adierazita: ordainketa mota (guztizkoa edo partziala) eta eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori V. eranskinean ageri den Excel txantiloian igorriko da, eredu horretan proposatzen den egitura aldatu gabe.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren edo zerbitzuaren xedea argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.

d) Egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. 100 euroko edo hortik gorako gastuen ordainketak banku-ordainagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiri hori banku-erakundeak emanen du, eta bertan identifikaturik ageriko dira jaulkitzailea, hartzailea, ordainketa-data eta zenbatekoa. Zenbateko hori baino txikiagoak badira, honako hauen bidez justifikatzen ahalko dira: banku-ordainagiriak, "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuta eta zigilatuta, edo dagokion faktura edo gastu-frogagiria ordaindu dela egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.

e) Jarduerak, deialdi honekin ez ezik, baliabide propioekin, kanpoko baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin ere finantzatu badira, diru-sarrerak egiaztatzen dituen frogagiria bidaliko da, eta V. eranskineko dagokion fitxan zenbakitutako zerrendan zehaztu beharko dira, funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten erabilera adierazita.

f) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuan sartuko dira, B ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

6.1 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruz V. eranskinean ezarritako informazioaren xehetasunak eman beharko ditu.

Dokumentazio hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Konturako ordainketa eskatzeko epea 2024ko urriaren 8ra artekoa izanen da, egun hori barne.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:

a) Eskaera, adierazita zer ordainketa mota den (konturako ordainketa) eta zer diru kopuru eskatzen den.

b) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda V. eranskinean ageri den Excel txantiloian igorriko da, eredu horretan proposatzen den egitura aldatu gabe.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian proiektua egiteko ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren edo zerbitzuaren xedea argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.

d) Jarduerak, deialdi honekin ez ezik, baliabide propioekin, kanpoko baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin ere finantzatu badira, diru-sarrerak egiaztatzen dituen frogagiria bidaliko da, eta V. eranskineko dagokion fitxan zenbakitutako zerrendan zehaztu beharko dira, funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten erabilera adierazita.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Faktura guztiak PDF formatuan sartuko dira, b ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

6.1 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruz V. eranskinean ezarritako informazioaren xehetasunak eman beharko ditu.

Dokumentazio hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

12.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, aurrerakin gisa, eta gehienez esleitutako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, ordainketa mota (aurrerakina) eta eskatutako zenbatekoa adierazita, eta dirulaguntzaren xedeak betetzeko beharrezkoa dela frogatuta. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, banketxeak emandako banku-ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, aurrerakina eskatu zen egunean erabilgarri zeuden funtsak egiaztatzen dituena, bai eta data horretatik aurrera jaso edo egin gabe dauden kobrantzen eta ordainketen zerrenda ere, hilabeteka banakatuta.

Aurrerakina eskatzeko epea hilabetekoa da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

13. Justifikatzeko epea eta modua.

V. eranskina betetzea eranskin horretako jarraibide-orriaren arabera.

13.1. Nolanahi ere, edozein dela aurreko ataleko aukeren artean hautatzen den ordainketa modua, dirulaguntza likidatzeko, entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dituzte jarraian adierazten diren justifikazio-agiriak.

Entitate onuradunek, diruz lagundutako proiektua amaitu ondoren aurkeztu beharko dute justifikazioa, eta betiere 2024ko azaroaren 8ra arte (egun hori barne), hori baita azken eguna honako dokumentazio hau aurkezteko:

a) Azken likidazioaren eskaera eta eskatutako kopurua.

b) 12.1 oinarriko b), c), d) eta e) letretan eskatutako dokumentazioa.

c) Proiektuaren bukaerako memoria.

d) Proiektuan egindako jardueren ebaluazio txostena, 11.11 oinarrian zehaztutakoaren arabera.

e) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 8ra artekoak izan behar dute, biak barne.

Gastu diruz lagungarrien barruan 2024ko laugarren hiruhilekoko faktura eta nominen PFEZaren atxikipenak sartu badira, bai eta 2024ko urriko nominen Gizarte Segurantza ere, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta gastu diruz lagungarri horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, entitate onuradunak, beranduenez 2025eko otsailaren 15ean, dagozkion likidazioak eta egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

V. eranskinean jakinarazi behar da balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu edo konpentsatu daitekeen, eta hainbanatuz gero, hainbanaketaren ehunekoa adieraziko da.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Ordainketa partzialen bat edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Justifikazio-kontua ematea entitate onuradunak nahitaez bete beharreko egintza da, eta 13. oinarri honetan eskatutako dokumentazioa sartu behar da bertan, entitate deklaratzailearen erantzukizunpean eta deialdian ezarritako epean.

Ezarritako epean hala justifikatu ezik, justifikatu ez diren gastuei dagokien dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea 13. oinarrian adierazitako dokumentazioa.

13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

Dirulaguntzaren espedientea kudeatzen duen unitateak argibideak eskatzeko jarduketaren bat egiten badu, jarduketa horrek ezin du ekarri dokumentu batzuk beste batzuekin ordezkatzea, ez eta, oro har, gerora sortutako dokumentuak aurkeztea ere.

14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Nolanahi ere, bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako enpresa sektore publikoak emandako beste edozein dirulaguntzarekin, baldin eta laguntza horrek jarduera bera eta kostu bera estaltzen ez baditu.

14.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.

Pertsona edo entitate onuradunak ez baditu betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

Justifikazio-betebeharra 13.1 oinarrian aurreikusitako epearen barruan betetzen ez bada, honako mailakatze-irizpide hau hartuko da kontuan bereziki:

–Egiaztagiriak azaroaren 8a baino geroago baina azaroaren 18a bitarte (egun hori barne) aurkezten badira, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da gehienez, epez kanpo aurkeztu arte igaro diren egunen kopuruaren proportzioan.

–Egiaztagiriak azaroaren 18a baino geroago aurkezten badira, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

16. Hornitzaileak kontratatzea.

Ekipamenduko ondasunen horniduren edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela, baldin eta gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo).

Baldintza hori betetzat joko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu badira eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hornidura hori egiten edo zerbitzu hori ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

17. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan.

18. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

19. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

20. Eredu edo txantiloien zerrenda.

Dokumentu hauek deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri:

Eskaera aurkezteko fasea:

  • I. eranskina.–Eskabide eredua.
  • II. eranskina.–Proiektuaren deskripzio-memoria.
  • III. eranskina.–Eskaeraren datu ekonomikoak.

Laguntzak emateko fasea. (laguntza esleitzen denetik hilabeteko epean, entitate onuradunek soilik):

  • IV. eranskina.–Kultur mezenasgoa.

Gardentasunari buruzko adierazpena.

Justifikazio fasea (entitate onuradunek):

  • V. eranskina.–Justifikazioen informazio ekonomikoa.

Iragarkiaren kodea: F2406877