107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39/2024 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2024ko Saria" Celia Carrasco Gili ematea xedatzen duena.

Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren otsailaren 15eko 16/2024 Foru Aginduaren bidez, Talentu Artistikoa Sustatzeko Sariaren 2024ko deialdia egin zen. Sari horrek helburu du artearen eta kulturaren arloan gazte ekintzaileen ekimena bultzatzea eta babestea, gazteentzako erreferentea izatea, eta laguntzea Nafarroan sortzen ari den talentua ikusarazten eta profesionalizatzen.

Aurkeztu diren hautagaitzak aztertu eta horiek deialdiko oinarrien arabera baloratu ondoren, epaimahaiak erabaki du Celia Carrasco Gil proposatzea "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2024ko Saria" eman dakion.

Celia Carrasco Gil (Tutera, 2000) Humanitateetako Batxilergoko ikasketak egin zituen Tuterako Benjamín de Tudela BHIn (2016-2018). Ohorezko matrikula eta Nafarroako Batxilergoko Sari Berezia eskuratu zituen.

Gero, Filologia Hispanikoa ikasi zuen Zaragozako unibertsitatean (2018-2022). Graduatzean, Gregorio García Arista saria eman zioten ikasketa-espedienteagatik; haren gradu amaierako lanak aipamen berezia eskuratu zuen eta Gizarte Kontseiluak Ikaslearen Saria (Prestakuntza eta Balioak Unibertsitatean) eman zion Arte eta Humanitateen arloan.

Ondoren, "Espainiako eta Latinoamerikako literatura, literaturaren teoria eta literatura konparatua" deritzon masterra egin zuen Salamancako unibertsitatean (2022-2023).

Gaur egun, Ramón Areces fundazioko bekaduna da, eta doktoretza egiten ari da Western University delakoan (Hispanic Studies) eta Zaragozako unibertsitatean (Hizkuntzalaritza Hispanikoak). Halaber, irakasle laguntzailea da Western Universityn (London, Ontario).

Poeta da, eta honako poema-bilduma hauek argitaratu ditu: Entre temporal y frente (Olifante, 2020 - Finalista Gazteentzako "Miguel Hernández" Poesiako Sari Nazionalean), Selvación (Torremozas, 2021 - Gazteentzako Gloria Fuertes Poesiako XXII Saria), Limos del cielo. Poesía 2016-2022 (Ediciones del 4 de agosto, 2022) eta Rupestre (Olifante, 2023).

Haren poema batzuk aurki daitezke antologia honetan: Todos los dioses. Antología panhispánica de poetas jóvenes del siglo XXI (Casa Bukowski, 2021 - Ultramarina, 2022). Halaber, poema batzuk itzuli dizkiote frantsesera eta bulgarierara.

Poeten topaketetan, errezitaldietan eta jaialdietan parte hartu du Espainian eta nazioartean, eta literatura eta kultur arloko erakunde entzutetsuen gonbidapenak eta babesa jaso ditu.

Saria Celia Carrasco Gili emateko orduan, epaimahaiak honako alderdi hauek hartu ditu kontuan: lengoaia poetikoarekin egiten duen lan zorrotza; silaba bakoitzak haren obran daukan soinuzko indarra (hain zuzen, hitzak arazki eta modu sortzailean lantzen dituela antzematen zaio); haren poesiak duen indarra (edertasunarekin konprometitua dago, baino ez dio uko egiten egunerokotasuneko gai arantzatsuez hitz egiteari); haren ibilbidearen koherentzia eta, gaztea izan arren, sendotasuna; haren poesiaren heldutasuna eta kalitatea, ezohikoa adin horretako poeta batean; eta, azkenik, hitza erabiltzea indar eraldatzaile gisa.

Orobat, epaimahaiak aintzat hartu du haren obrak literatur kritika espezializatuan piztu duen interesa. Izan ere, iruditeria poetiko eta kultural aberats eta askotariko bat du, eragin klasikoak eta garaikideak dauzkana.

Horregatik guztiagatik, epaimahaiaren proposamena ikusirik, bidezko da "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2024ko Saria" Celia Carrasco Gili ematea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Celia Carrasco Gili ematea "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2024ko Saria".

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Celia Carrasco Gili jakinaraztea.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 8an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2407693